Ohartu orduko, heldu den martxoaren 19tik 29ra, 19. Korrikak Euskal Herriko bazterrak ibiliko ditu Iparraldea eta Hegoaldea lasterka uztartuz. Urepeletik Bilbora ehundaka kilometro eginen dituen euskararen maratoiak aurten 50 urte beteko dituen Durangoko Azoka omenduko du eta lelo nagusia Euskahaldundu! izanen du. Lasterketaren koordinatzailea den Asier Biurrunek azaldu dizkigu xehetasun guztiak.

2015. urtearekin batera Korrikaren 19. edizioa helduko da martxo aldean. Aurkezpena jada egin zenuten eta prestaketa lanekin ere hasiko zineten, ezta? Zer moduz?

Bai, aurkezpena egin genuenerako urte bat generaman edizio honen inguruan lanean.

Momentu honetan, matrikulazio kanpaina egin ondoren, herriz herri eta auzoz auzo Korrika Batzordeak osatzen ari gara, batzorde horiek baitira Korrikaren motorra. Korrikak dituen lan guztiek horietan baitute fruitu.

Abiadura onean ari gara. Prestaketa guztiak martxan dira eta hori 19. Korrikaren arrakastaren isla izan daitekeela uste dut.

Urtero saiatzen zarete lelo esanguratsu bat lotzen. Aurtengoa Euskahaldun. Zergatik? Zer adierazi nahi izan duzue?

Urtean zehar, urtero, Euskal Herria euskalduntzen ari gara. Bi urterik behin, lan horri Korrikakoa gehitzen diogu. Testuinguru horretan Korrikaren nondik norakoak pentsatzen ditugu. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. Beraz, jendartearengana iritsiko den mezua eta leloa pentsatzen saiatzen gara. Aurten EUSKAHALDUN izanen da leloa.

Euskahalduna da bere ibilbide indibidual nahiz ekimen kolektiboen bitartez, euskararen alde jarduteko ahalmena bere egiten duen euskaldun edo euskalduntzen ari den pertsona.

Gaitasunen batuketa eta biderketa egin nahi dugu, gaitasun desberdinak elkartuz normalizaziorako bidean urrats sendoak ematen ahal baitira. Auzolanean eta elkarlanean aritzeak malda arinduko du.

EUSKAHALDUNen kopurua handitzera jo behar dugu. Korrikak hori lortuko du, jendarteak hori lortuko du.

Ba al dakigu zer egin eta eragiten ahal dugun? Jabetu gaitezen gure gaitasunaz eta erabil dezagun gaitasun hori; herri honek orain arte lorpen handiak eskuratu ditu. Euskahaldundu gaitezen,  euskaraz biziko bagara.

Urepeletik Bilborainoko bidea eginen du 19. edizio honek. Zer berrikuntza dakar? Zergatik ibilbide hori?

Urepeletik Bilbora abia dadin Korrika! Tartean 2.500 kilometro inguru euskararen aldarria, Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu eta euskahaldunen kopurua handituz.

19. Korrikak orain dela urte asko igaro ez dituen lekuak igaroko ditu. Erriberan, Ribaforada eta Fustiñana izaten ahal dira horren adibide. Bertako Euskahaldunek ez dute bertze urteetan bezain bertze desplazatu beharko korrikan parte hartzeko. Leitzako kasuan bertze horren bertze. Hortik aurrera, berrikuntzak korrika pasatzen denean izanen ditugu. Izan ere, ez dago berdina den korrika bat bera ere.

Ibilbidea egiteko aurreko korrikan oinarritzen gara. Bukatu lekuan hasi eta bukaera txandaka egiten dugu herrialdeka. Hala zegokion Bilbori eta hala egin dugu.

Lasterketa heldu aitzin egitarau kulturalari ere garrantzi berezia ematen diozue. Zer prestatu duzue edizio honetarako? Iruñerrian zer ikuskizun egonen da datozen hilabeteotan?

BAi, bai, bai, KORRIKA KULTURALA izanen dugu; urtarrilaren 8an aurkeztuko dugu, eta martxo bitartean hamaika aukera eskainiko ditugu euskaraz gozatzeko. Antzezlan desberdinak, korrika Gala, umeendako ikuskizunak, bertso emanaldiak, lehiaketa desberdinak… topatuko ditugu programazioan.

Betiko moduan Korrika materiala ere salgai jarri duzue jada. Non eskuratzen ahal da Iruñerrian?

Korrika materiala eskuratzeko hainbat denda jarri ditugu. Iruñean Souvenirs Estafetan denda (Estafeta karrika, 47) eta Lizarran Gothika denda (Sorkunde garbia etorbidea, 58). Horretaz gain, gure euskaltegietan ere arropa topatzen ahal duzue.

Bukatzeko, www.korrika.eus helbidean arropa salgai dagoela azpimarratu nahiko nuke, euskaltegi edo dendetatik pasatzeko aukera ez duen orok arropa erosi ahal izateko.

Eta guztiaren berri izateko web orria eta sare sozialak. Non aurkitzen ahal zaituztete?

Arestian aipatu www.korrika.eus helbidean topatuko gaituzue. Bertan nahi informazio jasoko duzue. Horrez gain, sare sozialetan ere bagara (facebook, twiter, youtube…)

Korrikan zuzenean parte hartzeko aukerarik ez duenak, aurreko edizioen modura Korrika birtualean edo internet bidezkoan parte hartu ahal izanen al du?

Korrikan parte hartzeko modu asko dago. Ez dugu zertan martxoaren 19ra itxoin behar. Orain, Korrika laguntzaile kanpaina abian jarri dugu. 12 euroren truke Korrika laguntzaile izateko aukera du jendeak. Korrika batzordeak osatzen ari garela aipatu dut eta horietan parte hartzeko aukera ere badute.

Kontua da jendeak, kanpoan egonda ere, diru ekarpena egiteko aukera izanen duela, bai. Ziur ez bada ere, ziberkorrikan parte hartzeko aukera izanen dute, Korrikak abian jartzen duen Korrika Birtualean.

Oraindik goiz izaten ahal bada ere, kilometroa erosi nahi duenak zer egin behar du?

Goiz da, bai. Baina koadrilan, familian, lantokian… antolatzen hasten ahal da jendea. Euskahaldunak elkartu eta kilometroak egiteko prestatu behar dira.

Oraingoz hori egin, eta urtarrilaren bukaeran ondoen duten euskaltegira hurbildu eta kilometroa eskuratzeko moduen inguruan galdegin dezatela.