Agian urte osoa gabiltzalako arnasbideei erasaten dien gaixotasun bat gora eta behera, gero eta gorroto handiagoa diot arnasgune hitzari. Espero dut ez mintzea adierazpidea asmatu zuena, orain gutxikoa baita hitza: Orotariko Euskal Hiztegian ez da agertzen. Euskaltzaindiaren Hiztegian, berriz, jaso dute, honako adiera honekin: «Arnasa hartzeko, indarra eta adorea hartzeko gunea». Definizioan esplizitatu ez arren, euskarari aplikatzen zaio gehienbat (edo ia soilik), hala egiten du hiztegiak emandako adibide guztietan. Gauza bera Lexikoaren Behatokiak jasotzen dituen laurehunetik gora adibideetan.
Hitzak hartu duen isuri semantiko estuak pentsaraziko luke ez dugula beste ezertaz indarra eta adorea hartu beharrik. Bestetik, ez dut gogoko zenbait egoera edo tokitara lotzeko joera automatizatua, euskarak bizi dituen ahulgune eta indarguneak hain erraz geolokaliza balitezke bezala, euskaraz aise mintzatzera joateko eta erdararen nagusitasunaz deskantsatzera joateko toki seguruak baleude bezala, ia oporretara.
Halere, arnasguneetan ere denak ez dira urre. Gainerako euskaldunak itoguneetan bizi garelako irudia datorkit arnasgunea aditzen dudanean eta erdaraz aritzeko zurigarria handitzen zait.