Beltxarga Beltza (Ibil Bedi)

Beltxarga Beltza (Ibil Bedi)

Ibil Bedi talde nafarrak kaleratu berri du bigarren diskoa: Beltxarga Beltza. Nahiz eta Berandu baina garaiz diskoan eta Bide Zuzena single bikoitzean hartu zuten bidea ez duten utzi, esan daiteke hamaika kanta biltzen dituen disko honetan estilo propiotik atera gabe, musikaren aukera berriak probatu dituztela: ahotsa desitxuratzen duten efektuetatik biolinaren armonikoen erabileraraino.

Taldeak duen formazio bereziaren bidez (saxoa, biolina, guitarra, baxua, pianoa eta bateria) jarraitu dute beraientzat hain garrantzitsua den soinu propioaren bilaketa hortan. Gainera, lasaitasun osoz hartu dute bai kanten sortze prozesua eta bai grabaketa prozesua, izan ere, oraingoan taldekide den Ibai Osinagak egin ditu grabaketa eta nahasketa lanak. Honek malgutasun handia eman dio taldeari, modu honetan ez baitute kanpoko inor sartu behar izan prozesuan. Modu batean, pandemiak eragindako kontzertu lehortea musika sortzeko probestu du taldeak. Anari Alberdiren ahotsaren kolaborazioa izan du Egurrezko Eskuotan kantak, emaitza dotore eta potentearekin.

Taldeak lehenengo kontzertutik izan duen “zigilua” ez dute bertan behera utzi eta diskoa hasi eta bukatzeko hiru ahotsetara a capella “bertso” bat txertatu dute, Lemko herriaren melodia tradizional baten bertsioa eginez. Bai argazkia eta bai diseinua egiterako orduan, Mikel Tristan diseinatzailekin elkarlanean ibili dira.

Aurrekoan bezala, taldeak disko honetarako autoekoizpenaren bidea hartu du.

Hemen eskuragai.