Pello Iturria

Iruñeko Euskaraldiako hamaikakoko bat

Iruñeko Estafeta kaleko farmazian ematen du ordu gehien Pellok, ahal duelarik, euskaraz.

Zein harreman duzu gaur egun zure egunerokotasunean euskararekin?

Oso harreman ona eta bizia. Etxean euskaraz mintzatzen gara, baita kalean lagun euskaldunekin ere, eta farmazian egunero euskaraz hitz egiten dut. Izan ere, paziente eta lagun euskaldunak egunero etortzen zaizkigu farmaziara. Lagun horiekin, noski, euskaraz hitz egiten dut.

Iruñeko Estafeta kaleko farmaziaren titularra izanik, sentitu al duzu aldaketarik urteotan euskararen egoerari dagokionez Iruñean?

Estafeta kaleko farmazian lanean ari naiz 1979tik. Euskararen egoerari dagokionez, urte hauetan guztietan, aldaketa izugarria izan da. Aldaketa onerako. Euskararen aurrera egitea sekulakoa izan da. Pentsaezina.

Euskaraldia datorkigu aurten lehen aldiz Euskal Herritar guztioi. Zu, gainera, Iruñeko hamaikakoko kide zara. Zein izanen da zure erronka aurtengo Euskaraldian?

Ni ahobizi izanen naiz. Kalean eta farmazian, lagun euskaldunekin euskaraz hitz egingo dut, baita belarriprest direnekin ere. Ezezagunei lehen hitza, euskaraz egingo diet.

Euskaraldia, ahobizi eta belarriprest ekimena aukera bikaina da gure hizkuntza ohiturak aldatzeko eta munduko gizon-emakume guztien ondarea eta altxorra den euskarari sostengu emateko.

Lehenengo hitza… beti egiten duzu euskaraz?

Lagun euskaldun eta euskaltzaleekin nire lehenengo hitza euskaraz izaten da, jakina! Ezagutzen ez dudan norbanako bati, ba, denetarik. Dena dela, askotan, kalean, lanean, gizabanako ezezagunei, konturatu gabe, lehen hitza euskaraz egiten diet, euskaraz pentsatzen aritzen naiz eta! Ezagutzen ditudan lagun erdaldunekin berdin gertatzen zait.

Bestalde, euskara dela eta, gauza politak gertatzen zaizkit. Hau da, ezagutzen nauten lagun erdaldun askok haien nirekiko lehen hitza, euskaraz izaten da: Egun on, Pello!; Kaixo, Pello! Gero, erdaraz jarraitzen dute.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra izanen da aurten Euskaraldia. Eta zuk, abenduaren 4rako, zer asmo?

Euskara ikasten, euskaraz bizitzen eta euskarari eusten jarraituko dut. 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude