Paula Kasares eta Xan Aire maiatzeko eta ekaineko Karriketan

elkar725

Maitzako eta ekaineko Karriketarako aukeratu ditugun iritzi artikuluak modu bezerian datoz. Eusko Ikaskutzak www.euskonews.com –en zintzilikatzen dituen solasaldiak

ekarri ditugu gurera eta kasu honetan Paula Kasaresek eta Xan Airek egindakoa aukeratu dugu. Honatx Paularen ikuspuntua dugu eta ekainean, Xanena irakurtzeko aukera izanen duzu.

Euskararen garapena eragiten duten zer nolako ekimen nabarmenduko zenuke?

Paula Kasares (P.K.): Euskararen garapenari zer ekimenek eragin dion? Euskararen, hizkuntzaren edo kodearen garapenari, zalantzarik gabe ekimenak, ezinbestekoak eta funtsezkoak izan ditugu azkeneko bost hamarraldietan, euskara batua bera hedatu zenetik. Hizkuntza bat, ez zegoena estandarizatua, ez zegoena nolabait gauzatuta, kode estandar eta bakarra gabe. Hura egin da gaitu, ez bakarrik gaur eguneko zeregin arruntetarako, baizik eta, gaur ernamuintzen ari den kultura digitalean ere, erabili ahal izateko, terminologia aldetik, lexikografian,… Hau da, bost hamarkadetan ia eskuizkribuetatik, ia hilarrietatik —hortik ere pasatu ginen—, baina era bat paperari loturiko edo lotura eskaseko edo gutiko hizkuntza izatetik, erabat zeregin arruntetarako gai den hizkuntza bat izatera.

Baina agian, interesgarriagoa da oraindik ere pentsatzea, zein ekimenek eragiten dioten euskarak adierazpide duen herriari edo hiztun erkidegoari. Eta horietan ere, zalantzarik gabe, aunitz aipa litezke, irakaskuntzari loturikoak hasiera batean, gero horien nolabait instituzionalizatze prozesua unibertsalizatu da, eta gaur egun ez da hain nabarmena ekintzailetza hori, baina oraindik ere bada, erabilerari loturiko ekimenak. Agian, aipatu behar da bereziki interesgarriak direla, ez bakarrik herri ekimen horiek, hainbat arlotan hizkuntza garatzea eta erabilera soziala bultzatzea helburu dutenak, baizik eta, horiek noiz ezkontzen diren erakunde publikoen babesarekin, edo noiz den hori posible. Noiz sinergia horiek gauza daitezkeen, zeren orduan, hizkuntzarako bada nolabait garatzeko aukera gehiago.

Aipatu behar da alde horretatik, euskararen lurraldeetako erakunde publikoen lankidetza hitzarmena sinatu zela joan den uztailean. Lehendabiziko aldia bada, elkarlan esparru bat hizkuntza politika bateratu edo koordinatua egin ahal izateko eta hori ez dugu gaurdaino ezagutu, eta nik uste dut hori ere badela ekimen bat aski aipagarria.

Ekimen hauek nola laguntzen dute euskal komunitatearen garapenean?

P.K.: Ados naiz gizarte erabilera dela hizkuntza baten bizitasunerako termometroa nolabait, eta guk horretan dugu erronka. Euskara behar da eguneroko bizitzarako erabilgarri, tresna egokia, eta hortaz eguneroko erabileran egon behar du, egon behar du biziko bada. Hizkuntzaren iraupena horri loturik dago eta kokatu behar du erabilpenaren garrantzia gure hizkuntzaren egoeran, hau da, euskaldun komunitatea osatzen duten hiztunek, hizkuntza bat baina gehiago dakite, euskaraz gain bertze hizkuntza bat edo batzuk dakizkite. Eleaniztasun orokortu —euskaldun jendearen artean—, kontestu horretan kokatu behar dugu erabilera, beraz, autu bat dago atzean. Eta autu hori gertatuko da baldin eta adierazpide tresna hori baliagarria baldin bazait dudan behar komunikatibo horretarako. Alde horretatik, jakin badakigu, ezin dugula lehiatu aunitz adierazpide zabalagoak, erakarmen handiagokoak, edo handiagoak diren bertze hizkuntza batzuekin, baina jakin behar dugu ongi probesten euskarak duen balio erantsi hori, euskarak bakarrik duena.

Kulturgintza izan daiteke horretarako esparru arront interesgarria, ekimen funtsezkoa: musika, literatura, artea, oro har. Adibide bat paratzearren, bertsolaritza dugu arront adibide polita, euskaraz baizik bizi ez daitekeena. Bertze hizkuntza batzuetan ezin duzu hori bizi, bertze gauza batzuk biziko dituzu baina ez hori. Jakin izan dugu adierazpide hori, bertsolaritza, egokitzen gaur egungo giro hiritartura eta gaztera. Heldu zen nekazal giro batetik, agian adineko jendeari lotzen zen, kultur adierazpide izatetik eta gaur egun erabat irauli da hori, eta nik hori adibide paradigmatikotzat patuko nuke.

Zeintzuk dira ekimen horrek bilatzen dituen ametsak? (etorkizuneko ametsak edo nahiak) Zuk, nola ikusten duzu etorkizuna?

P.K.: Historikoki euskaren aldeko aktibismoak edo herri mugimenduak edo gizarte ekimenak, bilatu du euskarak irautea, bizitzea, euskaldunok euskaraz bizi ahal izatea. Aztertzen hasten bazara zein izan diren premiak, oso bizi irauteari loturikoak dira. Bertze hizkuntza batzuen aldeko ekimenak oso hegemonikoak dira, oso hedatzaileak edo espantsionistak. Hierarkia bati eustea bilatzen dute eta nagusitzea besteen aitzinean. Erabat handinahiak izan dira eta gureak ez. Ez dut ikusten ametsak, nolabait, bizitzetik haratago eramango ditugunik, ez da guti, ez da guti hizkuntza gutxituen esparruan.

Orain, galderaren beste zatiari helduz, hau da, nola ikusten dudan etorkizuna? Erran behar da etorkizuna ikusten dudala itzal-argiz. Euskara bertze hizkuntza gutxiagotuen aldean ez da egoera makalean, azken bost hamarraldi hauetan aunitz gauza aldatu dira eta hobetu dira.

Gizarte berreskuratze prozesuan gabiltza, mantso, hutsuneekin,… baina gabiltza. Hartzen baduzu adibidez Frantzian bretoiera, okzitaniera,… zein egoeran dauden, euskarak sendoagoa dirudi parametro batzuen aurrean. Baina aldiz, gure egoerarik hoberenak ere, gure herri euskaldunen egoera ere, ikusten hasten zara zein egoera hauskorra izan daitekeen. Normalean herri ttikiak dira eta hor euskarak badu nolabait gizarte hegemonia bat, komunikatiboa, bizilagunen, gizarte komunikazio sareetan da jabe. Baina hori zein hauskor izan daitekeen, baldin eta herri txiki batetan, adibidez, auzo bat egiten badute eta 200 familia etortzen baldin badira kanpotik. Beraz, nik ikusten dut jauzi kualitatibo bat egin behar dela etorkizunera begira eta erabilera sozialei loturik.

Ekimen hauek bizkortuz gero, zertan eragin dezake? Zein izan daiteke bere eragin-ahalmena? Zein ‘palankak’ aktibatuko lituzkete?

P.K.: Erabilera aktibatu nahi delarik, hizkuntza portaerak aldatzeaz ari gara. Hizkuntza portaerak erroturik egoten dira pertsonen arteko harremanetan, harreman ohituretan.

Hizkuntza aztura horien aldaketan eraginkorrak izanen dira, kanpaina huts bat, egitasmo tipi bat, mugatzen ez den lan ildo jarraikor eta luzeak planteatzen baldin badira. Nolabait gainditu epe motzeko ekimen horiek eta planteatu lana, hiztun komunitate gisa dugun erronka horri erantzuteko lanak edo programak bertze modu batez. Baina aipatu dudan nire irudikoz, dugun erronka jauzi kualitatibo bat emateko gizarte erabilerari loturik, pentsatu behar dugu, nolabait lan ildo jarraikor horren bidez etor daitezkeela. Ados naiz aunitz aldiz hizkuntza kontuetan, 0 edo 100 moldetan pentsatzera ohituta gaude, eta aldiz, hizkuntza erabilera, mugatua, pittaka-pittakakoa,… izan daitezke horiek urrats interesgarriak. Azken batean, euskarak egunerokoan presentzia toki handiagoa izateko.

Eusko Ikaskuntzaren e5 proiektuak, nola lagundu dezake? Proiektu honetatik, zer nabarmenduko zenuke?

P.K.: Nik guztiz egoki ikusten dut hausnarketarako, iritzi trukerako guneak eta aukerak eta euskararen etorkizuneko eszenatokiak asmatzeko eta horretaz mintzatzeko gunea da azken batean e5. Lehenago erran dut, euskararen aldeko aktibismoak, herri ekimenak edo gizarte mugimenduak, historikoki bilatu duena izan da hizkuntza irautea eta normal erabili izatea. Baina pentsatu beharra dugu, hori arront normala izanda ere, duela bortz hamarraldi edo ez hainbeste denbora, erabat pentsaezina zela. Pentsatzea haurrek eskolan euskaraz ikas zezaketela gauza bat erabat berria zen eta hainbat familiendako pentsaezin, nahiz eta bertze familia batzuek horren alde borrokatu , horren aukera egin… Erran nahi dut, ametsak izan dira, nahiz eta amets horiek gero behin gauzatzen direlarik, oso gauza egunerokoak izan. Baina horretarako hausnarketa, iritzi trukea, amets kolektibo hori egin ahal izatea, iruditzen zait izan daitekeela aurrera egiteko oso bide emankorra. Gainera, aunitz aldiz egunerokoan, bakoitza bere lurraldean, bakoitza bere arloan ibiltzen gara eta nolabait errealitatea den puzzle hori osatu ahal izateko, ikuspegi eta behar guztiak kontutan hartuta, horrelako iritzi truke guneak ezin bertzekoak dira.

 

Solasaldi osoa irakurri nahi baduzu… http://www.euskonews.com/0725zbk/elkar_eu.html


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude