MIREN ARTETXE (Bertsolaria)

Urtarrilaren 24an Euskal Kulturaren erronkei buruzko jardunaldia egin zen Iruñean, Kondestable Jauregian; bertan, Miren Artetxek hitzaldi bat eman zuen «Gazteak, bertsoa, transmisioa eta nortasuna» izenburu zuena. Horixe izan bait da bere doktoretza tesian garatutakoa.

Nolatan edo zerk bultzatu zintuen horrelako tesi bat egitera?

Alde batetik, beti izan dira nire gustuko gaiak euskararen erabilera eta bertsolaritza eta bestetik, bizitzako momentu honetan, nire inguruan euskaraz bizitzeko ohiturara eta euskaraz bizitzeko hautua egina zuten gazte pilo bat neuzkan. Hortik abiatuta, bertso munduan sozializatzeak hizkuntza portaerarekin loturarik ba ote zeukan aztertu nahi izan nuen.

Lau gai potolo dira gazteak, bertsoa, transmisioa eta nortasuna. Nondik heldu diozu haien arteko loturei, zein izan da abiapuntua?

Oinarrizko unitatetzat jarduera komunitatea deritzona hartu nuen. Ez nuen inongo hipotesi edo kontzeptu abstraktu batetatik abiatu nahi, baizik eta aurrean neukan errealitatea behatzea da egin dudana. Bertso giroan sortzen diren harremanak, loturak eta bestelako elementuak behatu ditut, bai hizkuntza ingurukoak baita hizkzuntza gaindiko beste batzuk ere, eta elementu horiek beraien artean nola lotzen ziren aztertu.

Euskal kulturaren kontsumoaren erronkari dagokionez, zein da gakoa gazteak, bertsoa, transmisioa eta nortasunaren arteko lotura honetan?

Nire ustez, juxtu kontsumoaren aurkakoa, hau da, giro honetan ibiltzen diren gazteak ez dira kontsumitzaile baizik eta sortzaile eta eragile. Horren bidez eratzen dute beraien hizkuntza identitatea eta baita gazte identitatea. Taldean egoteko eta esperientziak elkarbanatzeko ‘aitzakia’ da. Beraien helburu nagusia ez da bertsolari profesional izatera heltzea, baizik eta talde batetan egotea; ez dute kontsumo modura ulertzen. Sentitzen dute kultura egiten ari direla, baina ez dute soilik horregatik egiten. Beraien buruarekin eta gazte izatearekin koherente izateko bide bat aurkitu dute. Transmisioa ere ez dute modu bertikalean ulertzen baizik eta beraien artean elkarbanatzen duten zerbaiten modura (ez irakasletik ikaslera, baizik eta guztiok guztion artean).

Hala izango ez balitz, irakasleena alferrikako lana izango litzateke. Bertso eskoletan gazte izateko modu bat ikusten dute, ez soilik euskaltzale izatekoa.

Kultur kontsumoaren inguruko kezkak ere ekarri gaitu jardunaldia antolatzera. Zure ustez, kontsumoak badu eraginik gazte nortasunaren garapenean? Zein puntutaraino?

Ez daukate kontsumoaren inguruko kezkarik, bertso mundua haien mundu propioa bezala bizitzeak ematen die aukera haien erara euskararen alde egiteko, eta ez ‘esan dieten bezala’ edota ‘esan dietelako’. Nik erabiltzen dudan kontzeptua sozializatzearena da. Bertso eskoletan aritzeak, gazte identitatea gorpuztu ahal izatea ahalbidetzen die gazteei.

Bertsolaritzak ospea irabazi du azken urteotan, eta kontsumo datuen arabera, goraka doan joera da. Zeintzuk izan daitezke, zure ustez, arrakastaren gakoak? Zer ikasi daiteke hortik?

Bertsolari naizen aldetik iruditzen zait bertsolaritza dela gaur egun kultur praktika bakarrenetarikoa elkarte bat daukana, proiektu bateratu bat, norabide bat eta erabaki estrategikoak hartzen dituena. Ikasi dudana da elkartzea, elkarrekin pentsatzea eta indarrak batzean datzala gakoak.

Inork ez du zalantzan jartzen bertsolaritzak euskal kulturaren transmisioan duen eragina, baina ordea, gure mundu globalean, posible ikusten duzu euskal nortasuna izatea? Ez ote dugu euskal tanta batzuekin zipriztindutako nortasun hibrido batekin konformatu beharko?

Batzuetan euskaldun zein den eta zein ez den gogoetatzean, ideia monolitikoegia daukagu. Hibridazio eta mundu postmodernoari beldur diogula ematen du. Erlabitibizatu egin beharko genuke eta ohartu euskaltasuna ere mendeetan zehar ez dela beti berdina izan. Bizi dugun globalizazio egoera honetan mantentzea interesatzen zaiguna eta zer galtzeko prest egongo ginatekeen aztertu beharko genuke, baina edonola, bakoitzak bere ingurunean egin beharreko ariketa bat dela iruditzen zait. Gaur gaurkoz, hezkuntza sistematik hasita eta erakundeen aldetik ere hutsune asko daude gai hau lantzerakoan.

Gaur egun, gazteek teknologia berriak eta kontsumorako plataforma digital berriak erabiltzen dituzte. Zure ustetan, guzti honek zer eragin dauka gazteengan kontsumoan (zer kontsumitzen dute, gehiago edo gutxiago kontsumitzen dute, kalitate aldetik, hobea edo txarragoa da, …) eta bere nortasunean?

Teknologia berrien mundua beste kanal berri bat da, eta bertatik edukiak jaso daitezke. Gehienak inglesezkoak eta gaztelerazkoak dira, euskarazkoak baino gehiago. Baliabide bat ere bada, eta aprobetxatu daitekeena. Gaitasuna badaukagu euskaraz ekoizteko, falta zaiguna dirua da, gauza gehiago eta kalitate handiagokoak egin ahal izateko. Modernizatuta ere bagaude, ikus entunezko ikasketak euskaraz egiten dituzten eta dagoeneko bukatu dituzten ikasle euskaldun asko daude Euskal Herrian, gai direnak.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude