Mende Erdi

Argia astekariaren 2634. zenbakia, 2019/03/03

Eneko Gorri (Angelu, 1983), Erabil kolektiboko kide eta Miarritzeko euskara teknikaria

Resultado de imagen de eneko gorri

Ipar Euskal Herriko ikastolak duela mende erdi sortu ziren, guraso multzo txiki baten ausardiari esker. Bost hamarkada berantago, 4.000 ikasle inguru biltzen dira 36 ikastolatan. Azken urteetan, garapen fase batean kokatzen dira ikastolak: 2010ean ikasleen %5 ikastoletan eskolatuak ziren, 2018an %10 dira eta 2030ean %20 izango dira.

Ikastolako gurasoen soziologia asko aldatu da. Jendartea bera ere, 1969tik asko aldatu da funtsean. Lurralde honetako jende askok bezala, ikastola beti izan dut nire bizian presente: ikasle gisa 18 urte arte, irakasle gisa ondotik eta guraso gisa orain. Nire ezagun asko ikastoletako irakasle dira, edo langile, edo guraso… Lagun arteko solasaldietan, gin-tonikak barnea berotzen eta mihia askatzen duen tenorean, “ikastola” izaten da asko aipatzen dugun gaia. Euskal Herrian, denek badugu iritzi bat ikastolak bezalako egitasmo kolektiboekiko.

Jendartearen makurretatik isolatua litzatekeen ikastola posible balitz bezala arrazoinatzen dugu sarritan. Eta nago ea ez dugun idealizatzen sekulan existitu ez den ikastola bat. Jarrera hori erosoa da turnadak bata bestearen ondotik iristen diren gauetan, baina ekintzarako tenorea iritsi denean beldur naiz ez ote duen enbor huts horrek oihana gordetzen.

Gaurko ikastolek dituzten erronkak ukatu gabe, ondoko lerroak erabili nahi nituzke herritik eta herriarentzat sortutako tresna horren bi ekarpen nagusi azpimarratzeko. Gaur egungo gazteria begiratzea besterik ez da: EHZko biltzar nagusia izan edo Ipar Euskal Herriko gaztetxeen arteko bilkuretan, gazteak euskaraz ari dira natural-natural. Kabalkada, Libertimendua eta Toberak ikastoletatik pasatako gazte belaunaldiek euskaratik eta euskaraz sortzen dituzte. Gure garaian ez zen hala; frantsesa zen norma. Etorkizunean lurraldean eraginen duten belaunaldiak geroz eta euskaldunagoak izango dira. Eta ez da gutti.

Bestalde, guraso belaunaldi berriak auzolanaren bidean eman dituzte ikastolek. 1978an 200 familia inguru ziren, gaur egun 2. 000! Gurasoak gutxiago inplikatzen direla deitoratzen ahal dugu, baina kopuruz gehiago dira euskarazko irakaskuntzaren alde taloak erretzeko, xintxuketa lanak egiteko edo garbiketa txandak segurtatzeko. Ekintzaletasuna eta euskaltzaletasuna sustatzeko bide berriak asmatu behar ditugu. Eta guri dagokigu guraso berri guziekin inklusio eredu berriak asmatzea. Ezinezkoa izanen zaigulako euskararen berreskuratzearen bataila irabaztea, militantziaren bataila ez badugu gainditzen.

Klik egin hemen argia aldizkariaren estekan sartzeko.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude