LUA Arkitektuak (Errotxapeako Arga ibaia kalea 28-30)

Aurtengo udan jarri ziren gurekin harremanetan Lua Arkitektuak. Aspaldiko lagunak ditugu, baina proposamen berri batekin hurbildu zitzaizkigun: Arrotxapeako haien lokalean lekua badutela eta konpartitzeko prest daudela. Guri ideia polita iruditu zitzaigun, eta segur aski gure komunitatean interesgarria gerta dakiokeen norbait egon daiteke, beraz aukera honen berri eman nahi izan dizuegu. Horretarako, onena, iturrira joatea da, Lua Arkitekoak elkarrizketatu ditugu, zer eta nola eskaintzen duten hobeki ezagutzera. Beñatek eta Igorrek erantzun dizkigute galderak.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?
Beñat: Mikel Etxalekuarra da eta gure ama Nieves Nabazkoa zen, nik haiengandik jaso nuen euskera eta San Fermin ikastolan alfabetatu nintzen.

Igor: Nik ere gurasoengandik jaso nuen eta ikasketak ere San Fermin ikastolan burutu nituen.

Beñat: Biek ala biek gurasoengandik jaso dugu euskararekiko maitasuna eta kontzientzia.

Zer da Lua Arkitektuak?
Beñat: Duela 40 bat urte hasi ziren Mikel eta Xabier, semeek berriz, orain gutxi eman diegu erreleboa. LUAk arkitekturari dagozkion esparruetan ematen du zerbitzua, hala nola hirigintza, hirigintza-aholkularitza, udal planak, urbanizazioak, peritazioak, balorazioak, etxebizitza proiektuak, birgaitzeak eta barne diseinuak.

Karrikirira hurbildu zarete proposamen batekin, zer eskaintzen duzue?
Beñat: Esan bezela lokala Xabier eta Mikelena da. Gaur egunean LUA arkitektoek eta BIDERK abokatuek konpartitzen dugu espazio baina oraindik ere lantoki batzuk soberan daude eta lankidetza (co-working) esparru bat osatzeko asmoz lantokiak alkilatzen ditugu. Lokala Errotxapeako Arga ibaia kalearen 28-30ean dago kokatua.

Inork interesik balu, zer egin beharko luke?
Beñat: Edo 948 132697 telefonora deitu edo nire emailera idatzi. benat@luark. com.

Azkenik, denei egiten dizuegun galdera, gomendio literario edo musikalik?
Beñat: Twist liburua. Eta musikalak asko; Lehiotikan, Itoiz, Sustrai Berriak, Burutik, Joxe Ripiau… Bistan da musikazaleagoa naizela irakurzalea baino kar, kar…

Igor: Literarioa: Miñan, Amets Arzallusena, oso oso ona. Eta musikala: Anari.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude