“Lanerako modu berriak asmatu behar ditugu. Badugu ezagutza, badugu ahalmena, eta badugu beharra” JON ABRIL- Elhuyar fundazioko zuzendaria

Hari Izpia Hartzen jardunaldiak hartuko du urtarrilaren 24an Kondestable Jauregia. Jon Abrilekin mintzatu gara jardunaldiaren nondik-norakoak ezagutzeko, bera izanen baita hitzaren gidari egun horretan.

Zer da Hari Izpia eta zergatik nahi duzue hartu?


Euskal kulturaren transmisioan dagoen etenak kezkatuta, hari horri tiraka jarri nahi dugu. Euskarazko kulturaren kontsumo- maila nabarmen murriztu da, euskaldun gehienek ez baitute euskarazko kultura kontsumitzen. Horren atzetik dago, besteren artean, euskaldunen artean erdaraz errazago moldatzen diren herritar asko daudela. Eta euskarazko kultura ez bada transmititzen, euskalduntzea ez da erabatekoa izanen.

Beraz, euskararen erabilera eta kultur- kontsumoaren gaia estuki loturik daudela ikusten dugu, eta euskara biziko bada, kultur komunitate eta hiztun komunitate trinko bat behar ditu. Bertzetik, eskaintza oparoa dago, baina produkzio hori gizarteratzeko zailtasunak ditugu, maizegi, ez da behar bezala iristen herritarrengana. Horri erantsi behar zaio iraultza kultural baten erdian gaudela, mundu osoan gertatzen ari dena. Orain arte sozializaziorako izan ditugun bide nagusiek, hala nola, familiak, eskolak, lagunarteak edota hedabideek, pisua galdu dute, eta Google, Amazon, Facebook, Twitter edota Instagram dira kanal nagusiak.

Hortaz, ezinbertzekoa da erakundeen eta kultur eragileen arteko lan bateratua artikulatzea, eta epe luzerako politikak adostea. Horiek guztiak hizpide hartuta, hariari tiraka hasiko gara, jakitun hari-mataza luzea dela, eta erronka guztiei ezin izanen diegula goiz bateko saioan erantzun. Baina lanean jarri nahi dugu.


Nori zuzendua izanen da jardunaldia? Zein jende mota espero duzue?

Edonork parte har dezake, eta deialdia edonorentzat zabalik dago. Euskara teknikarien sarearena izan da ideia, eta euskara teknikariak bertan egonen dira. Eta nahi dugu hurbiltzea kultur teknikaria, eta kulturgileak, eta kulturaren industrian mugitzen direnak, euskararen normalizazioan dihardutenak, baina baita kontsumitzaileak ere, alegia, herritarrak, euskarazko kultura horren kontsumoa egiten dutenak. Guztiek osatu behar dugu ekosistema hori, guztien ikuspegiak, kezkak, zalantzak, ekarpenak eta ideiak beharko dira.


Zer topatuko du urtarrilaren 24an Kondestable Jauregira hubiltzen denak?

Goiz osoko egitaraua prestatu dugu. Bi hitzaldi iradokitzaile izanen dira. Josu Amezaga EHUko irakasleak euskarazko kulturaren kontsumoa ulertzeko gakoak diren datuak eta analisiak eskainiko dizkigu. Miren Artetxek, berriz, bertso eskolen esperientzia ekarriko du. Gazteek euskaraz zergatik egiten duten aztertu du, zein den euskarak gazteei egiten dien ekarpena, eta euren nortasunean zer paper jokatzen duen.


Bertzetik, Euskal Herriko hiru esperientzia adierazgarri ere ezagutuko ditugu: Berako Kultur Batzordean herriko eragileen eta administrazioaren arteko elkarlanaz ariko zaigu Aitor Elexpuru Berako alkatea; Azpeitiko Kultur Mahaia, eta horren baitan abian jarri duten Dinamoa sormen- gunea aurkeztuko du Xabier Gantzarainek; eta Aiaraldean lantzen ari diren Ekintzen Faktoria aurkeztuko du Gartzen Garaiok. Eta horrezaz gain, goizeko zati handi bat hartuko du elkarrekin eginen dugun gogoeta gidatuak. Nik neuk bideratuko dut, eta kezka honi nola heltzen diogun pentsatuko dugu; herritarrengan modu eraginkorrean eragiteko moduez ariko gara, transmisioaz, eskaintzaz, ikusgarritasunaz, nola eman prestigioa… eta, batez ere, hori guztia nola artikulatuko dugun pentsatzea, asmoa baita ariketa honen bidez aurrera begirako lan- lerro batzuk zehaztea.

Eta jardunaldiaren ondotik, zer?


Argi dugu lehenbiziko urratsa bertzerik ez dela hau. Jarraipena beharko du, baina lansaioak ematen duenaren arabera definitu nahi dugu. Abiapuntu bat izan nahi du, lan egonkor baterako balio behardu. Gauza izan behar dugu euskalgintzak, kulturgintzak (sortzaileak, industriak…) eta administrazioak eskutik joateko eta estrategia bateratu bat definitzeko. Lanerako modu berriak asmatu behar ditugu. Badugu ezagutza, badugu ahalmena, eta badugu beharra. Elkarren osagarri izanen diren hizkuntza-politika eta kultura-politika baten diseinua asmatzea izan behar du erronka.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude