Karrika 99. 2006ko maiatza

Entxufea dela eta ez dela

Nafarroako Gobernuak bazterrean utzi du Euskalerria Irratia teknologia juridikoa eta iluntasun administratiboa erabiliz. Ezin zen besterik espero, batzuen iritziz, eta aurreneko urrats beltzak gainditu ditu, besteen ustean. Erabakiaren egileak, ematen duenez, egindakoaren alde agertu dira. Gainerako guztientzat eskandalagarria izan da.
Gaiak hari asko ditu eta bi hauek, bederen, Iruñerriko euskal komunitatekooi dagozkigu: komunikabidea da auzian dagoena eta euskaraz lan egiten du. Dagoeneko Euskalerria Irratia jardunbide luzea eginikoa da eta aski erakutsi du pentsamenduaren askatasunarekiko engaiamendua eta euskara bizia eta bizigarria izateko ahalegin txalogarria.
Spengler pentsalariak zioen demokraziak liburuen ordez komunikabideak ezarri dituela eta, gauzak horrela, herritarrak goizero burdinazko uztarri berean lotu eta aukera eta kritikak desagertzen direla. Eta jarraitzen zuen komunikabideen jabeek piztiak bideratzeko hezitzailerik bikainenak direla esanez. Nahikoa omen dute erabiltzailea askatzea, horrek kalez kale irakurri/esan/erakutsi zaion ideiaren alde bortizki joko duela jakinki.
Euskalerria Irratiak ez du esandako morrontza ideologikoan aritzeko biderik eman. Zabaltzen dituen hitzak askotarikoak dira, euskaldunen munduetan diren adina. Hitz kontrajarriak entzuteko aukera bilatu du, elkarri kritika zorrotzak egiteko denbora sortu du eta ulertzeko bideak zabaldu ditu. Lurralde honetan diren komunikabide gutxik erakutsi dezakete ibilbide irekia eta anitza Euskalerria Irratiak erakusten duen bezala.
Bestalde, Iruñerrian sortu eta egunero bertako euskaldunentzat propio den komunikabide bakarra erreferente bihurtu da euskal komunitatean. Eremu geografiko zabal eta esanahitsua da hiriburuaren gerrian dagoena eta hor garen euskaldunak, kopuruz asko izanik, sakabanatuak bizi gara. Beraientzat, guretzat, gizarteak sortzen dituen berriak euskaraz jasotzeko, solasean jarduteko, denbora-pasa atsegina izateko, bertako eta kanpoko musikez gozatzeko, kirol alorrean gertatzen dena ezagutzeko edo publizitatea entzuteko tresna bakarra da.
Euskalerria Irratiko kideek, urtez urte, euskaldunen komunitatea lotzen lagundu dute, harremanak sortuz eta sendotuz, lehen ez ziren sareak trinkoki eraikiz. Ezagutzen ez genuena bideratu du sarritan, bagenekiena zabaltzeko bere oihartzuna eskaini digu, pertsona nahiz talde askoren pozak eta tristurak debalde hedatu ditu, historia eta istorio zaharrak aurkeztu dizkigu baina gaurkotasunaren pasioa komunikatzeko interesa gugan mantenduz.
Goizean edo iluntzean irratia piztu eta bere inguruan sortzen den eremu magikoan normalak egin zaizkigu euskararen doinuak kafea dastatzen dugun bitartean, etxeko lanekin borrokan ari garela edo bazkalondoan. Normala egin zaigu euskaraz askatasuna sentitzea, ziri irribarretsuaz gozatzea eta xamurtasunaren txokoan gure burua sentitzea.
Entxufearekin arazo handiak ditugu. Entxuferik gabe, zertarako gezurra esan, hola ere arazoak ditugu. Iruñerriko euskaldunentzat antena emankorra den Euskalerria Irratiak guztion laguntza beharko du ohiko normaltasunari bere horretan eusteko.


ZENBAT BURU… Aitzpea Goenaga  

Antzerki eta telebista munduan aktore, gidoilari eta zuzendari aritu ondoren, berriki “Zeru horiek” telebistarako bere lehenengo film luzea aurkeztu du Miarritzeko FIPA Nazioarteko Jaialdian. Jasotako harreraz eta Euskal Herriko ikus-entzunezkoen munduaren egoeraz solastatu gara Aitzpea Goenagarekin.

Zure lehenengo film luzea egiteko 1995ean Bernardo Atxagak idatziriko “Zeru horiek” liburua hautatu duzu. Zer moduzko esperientzia izan da?
Produktora batek TVEri eginiko eskaintza izan zen eta niri Bernardo Atxagaren liburua egokitzea eskaini zidaten. Aspaldi irakurrita nuen eta oso gustukoa nuen nobela zen. Lan itzela izan da, baina niretako oso esperientzia interesgarria. Bernardok asko animatu nau eta oso eskuzabal portatu da. Ulertzen du egokitzapen lana zer den eta askatasun handia eman dit.

Estreinaldia iaz egin zen Miarritzeko FIPA Nazioarteko Jaialdian. Zer moduzko harrera izan zuen? Noiz ikusi ahal izanen dugu telebistan?
Oso harrera ona izan zuen Miarritzen, baita gainontzeko tokietan ere. Jende asko hurbildu zen eta prentsak ere oso ongi hartu du. Hainbat produktorek ikusi zuten eta, ondoren, Malagako zinemaldian eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zen.
Horietan jendeak ikusteko parada izan du, baina telebistan noiz jarriko duten ez dakit. Lehenbailehen jarri nahi zutela esan zidaten, su etena zela eta, baina ez dakit noiz izanen den.

Ezohikoa den arren, grabazioa erabat euskaraz egitearen alde egin zenuen. Zer moduz moldatu zineten?
Erronka handia izan da. Nik espero baino zailagoa. Teknikari katalanak izanik, halako irla moduko bat sortzen zen askotan eurek zertaz ari ginen ez zekitelako. Jende askorekin eztabaidatu behar izan dut, biziki eztabaidatu ere, nire hizkuntza aukera ulertzen ez zutelako. Zaila egin zait ulertzea euskal giroko jendeak nola ez duen aukera hori ikusten. Buelta asko eman nizkion buruari erabakia hartu baino lehen. Nire argudioetariko bat nobela euskaraz izatea izan zen. Gainera, TVEk eta TV3ek ekoitzita eta euskaraz grabatzeko aukera emanik, nola hasiko nintzen zalantzak izaten hizkuntza batean edo bestean egiteko!? Haiek garbi zuten euskaraz egin behar zela eta nik ere garbi ikusi nuen.

Bitxia da proiektu honen atzean TVE egotea. Aurrerantzean, gainera, beste bi euskal idazleren (Ramon Saizarbitoria eta Anjel Lertxundi) lanetan oinarritutako filmak egiteko asmoa omen du. Zer deritzozu? Non gelditzen da bertako hedabide edo erakundeen sustapen lana?

Logikoena litzateke –baina herri hau ez da batere logikoa– TVEk ETBrekin batera ekoiztea. Hau ez da horrela gertatu eta ez dakit zeintzuk izan diren arrazoiak, ezta jakin nahi ere. Gauza bat garbi dago, pelikula hau euskaraz Euskal Herriko inolako zentimorik gabe egin dugula. Esan genezake produkzio espainol eta katalana dela, azken finean dirua haiek jarri baitute. Euskal Herriari dagokionez, euskal autorea dugu, euskaraz filmatu da eta aktore gehienak euskaldunak dira. Hori ikusita, egoera hau ez da normala. Gogorra da. Garbi dago euskaraz ez dela behar adina ekoizten.

Aupa Etxebeste, Obaba, Zeru horiek, eta laster Kutsidazu bidea Ixabel filma ikusteko parada izanen dugu. Zer edo zer mugitzen ari al da euskal zinemagintzan?
Urtebetean edo bi urtetan bizpahiru produkzio egiten dira eta badirudi gauzak ongi doazela eta ez da inolaz ere horrela. Hamabost urtetan ez da deus egin. Badirudi orain gauzak estutzen ari direla eta erreakzioren bat ikusten ari dela, baina ikus-entzunezkoari ez zaio inolako jaramonik egiten. Bestalde, gu nahiko konformista gara. Gehiago protestatu beharko genuke. Garai batean industria bat sortu zen eta oso gauza interesgarriak egiten ziren, baina pikutara joan eta jende askok Madrilera alde egin zuen.
Bestalde, Aupa Etxebeste filma, esaterako, Canal + kateak dirua jarri zuelako atera zen aurrera eta, beraz, berriro bueltatzen gara kanpoko finantziazioaren aferara. Datuak badaude TVEk edo Ministerioak hemengo erakundeek baino askoz ere diru gehiago jartzen dutela esateko. Erabaki politikoak dira. Industria txiki bat beharko genuke eta telebistak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin ekoitzi beharko lituzkete proiektuak.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko antzerkigintza eta zinemagintzaren panorama? Eta etorkizunari begira?
Panorama ona da, baldin eta protestatzen badugu dauden hutsuneak salatuz eta horiek zuzentzeko bidea markatuz. Etorkizunari dagokionez, oso profesional onak dauden neurrian, eta egiten ari den proiektu partikular mordoa kontuan hartuta, oso mugimendu bizia dela esanen nuke. Hori bideratzeko modurik ez dago, hori hola da, baina jendea bizirik dago.


HERRIEN ELEAK.
Bretainia

Frantziako estatuan estatu gabeko beste hainbat herriren artean dugu Bretainia. Bertan mintzatzen den bretoiera hizkuntza zelta da, adar britanikoa, gales eta kornikoarekin batera. 300.000 lagunen mintzaira honek historia eta ezaugarri bereziak ditu. Hizkuntza indoeuropar izaki, Europako ekialdean aurkituko dugu sorburua, k.a. 2. milurtekoan hedatu zen zibilizazioan, zeltan alegia. Emeki-emeki mendebaldeko Europan sartu ziren erromanizazioa garatu aurretik eta Irlandaraino hedatu ziren. Hor kokatu behar da Bretainiako galoen hizkuntza (Asterix eta Obelixena), erromanizazioaren eraginez ia galdu zena. Bretoiek (bai kontinentekoak bai irleetan bizi zirenak; hortik datoz Bretainia eta Bretainia Handia izenak) aurre egin zieten erromatarrei baina, dakigunez, galdu egin zuten. Ordurako Bretainiako biztanleen portzentaje handi bat ihes egina zegoen irleetara (egun Gales eta Kornualles dena) bertakoek hizkuntza bera erabiltzen zutelakoz, eta herrian zeudelakoan. Gero, IV. mendean, berriz ere iparraldetik zetozen presioei ihesean (pikto eta bikingoena) itzuli ziren Bretainia Armorikanara, eta bertakoekin nahastu. Garai hartan bretoierak eta galesak elkar ulertzen zuten eta gauza anitz egiten zuten elkarrekin. Gero, ongi dakigunez, frankoek alde batetik eta saxonek beste aldetik berenganatu zituzten egun Frantzia eta Ingalaterra direnak hurrenez hurren, bi aldeen arteko lotura zaildu eta moztea ekarri zuena betirako. Egun bretoiera eta galesa ez dira elkar ulergarriak.
Erdi Aroan bretoiera mintzaira nagusia zen arlo guztietan Dukado independente zelarik, baina XVI. mendean maltzurki egindako kontratu baten bidez sartu zen Frantzia Handian, eta ordudanik galera izan da bretoiek pairatu dutena. Hala ere, okerrena etorri behar zen Napoleon Bonaparteren Inperioarekin. Horrek herri eskolak inposatu zituen Frantzia osoan baina frantzesez, eta errepresioa, zigorra eta bestelako bortizkeriak jasan izan behar zituzten bertako umeek. 100 urte baino gutxiagotan hiztunen kopurua ikaragarri urritu zen eta, 1800an %90 bazen ere, I. Mundu Gerrak sekulako triskantza egin zuen Bretainian. Gaur egungo portzentajea ez da %5era iristen eta gehienak 60 urte baino gehiagokoak dira. 70eko hamarkadan hasi ziren Diwan eskolak baina trabaz traba egin dute lana orain arte, babes ofizialaren ezari gehitu irakasle prestatuen falta eta batez ere biztanleriaren konpromisoa (beste Karrika batean sakonago jorratuko dugu). Gogoratu behar dugu Frantziako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa dela.
Dena dela esan beharra dago badirela herri batzuk ia erabat bretonanteak (bretoieraz mintzo direnak) erdialdeko lautadan (Spezed, Karaez, e.a.) eta batez ere Penn-ar-bed (Finisterre) departamenduan.
Bretoiera batua badago, hiru dialekto nagusi mintzatzen dira eta, estandarizaziorako bidea luze eta zaila bazen ere, egun inork ez du baztertzen. Lehen aipatu dugun bezala, bretoierak ezaugarri bereziak ditu, batzuk hizkuntza dira zelta guztiek dituztenak, batez ere mutazioa (izenen lehen hizkiaren aldaketa generoa adierazteko; adibidez paotr –mutila– eta merc’h –neska–. brav –polita– > ur paotr brav eta ur verc’h vrav). Beste ezaugarri kurioso bat nasalizazioa da, hau da, inoiz bretoiera entzuten baduzue konturatuko zarete “sudurrarekin” hitz egiten dutela, fenomeno hau modakoa izan zen garai batean eta erabiltzen zen gehienbat herriko kantu eta abestietan eta gero zabaldu zen. Benetan bitxia.

Bretoiak gurean
Ditugun datuak estatuenak direnez ezin dugu zehaztu zenbat bretoi dago gurekin. Esaten ahal duguna da Euskal Herriko zenbait herritan ahaidetasun eta elkartasuna mantentzen dutela Bretainiarekiko eta herrien artean jumelagea egiten dutela.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude