Karrika 98. 2006ko apirila

Gazte etorkinak euskaldundu?

Garai berriak eta erronka berriak. Mendeetan zehar Nafarroa emigranteen lurraldea izan da. Bertako gazteak etengabe lan bila edo garaiko arazoetatik ihes abiatu dira beste geografietara, hemen ez zuten etorkizuna kanpoan sortzera. Sevilla, Argentina, Paris, Madril, Venezuela edo Nevadako zeruak dira horren lekuko. Lana eta sufrimentua lotu zituzten zeregin horretan eta zuten ametsa, batzuetan, lortu zuten.
Mundu ekonomiak bereak eman ditu eta orain zapaltzen dugun lurra da beste askoren ametsa gauzatzeko abiapuntua. Hor dira enpresa handietara datozen goi mailako kudeatzaile eta teknikariak edo azken urte hauetan Hego Amerikatik, bereziki, Europa Ekialdetik eta Ipar Afrikatik lanera datozen bizilagun berriak. Lehenak aldi baterako etorkin pribilegiatuak dira eta euskalgintzatik ez dute interesik sortu. Kolonbia, Peru edo Ukrainatik datozenak, aldiz, bai. Etorkin berriak era askotan iristen dira guregana eta sarri, bertaratu eta gutxira, senideekin eta haurrekin familia berrosatzen dute hemen.
Zer dakite euskaldunon bizitzaz? Euskarazko eskaintzen gaineko informazioa eta aukerak ematen zaizkie? Nola aukeratzen dute txikientzako eskola? Gurean ez da ekimen instituzionalik egiten familia etorkinengan pentsatuz, adibidez, seme-alabak D ereduko eskoletan izena emateko iragarki, kuñak, afixak edo spotak eginez. Baina, mantso bada ere, ahoz aho beraien artean hitza pasatu eta seme-alabak euskal ereduetara hurbiltzen hasi dira.
Hezkuntza euskaldunaren munduak ardura hartu du tupustean agertu eta harrapatu gaituen aferaren aurrean. Denbora laburrean eskolan elementu berriak aztertzen eta bitartekoak lotzen ari gara: harrera planak osatzen hasi dira hainbat ikastetxe ikasle etorkinen eta bertako ikasleen hizkuntza eta kultura aztertuz, hizkuntzen ikaskuntza eta ikasle guztientzako laguntzak planifikatuz ikasgelan integratuz, ikasteko materialak egokitu eta beharrizan gehien daukaten arloak lantzeko ahaleginak eginez, guztion arteko elkarreragina bultzatuz ikasle etorkinengan, laguntza bereziak antolatuz ikastetxe bakoitzean diren baliabideak erabiliz edota gainerako ikasleekin eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzera bultzatuz.
Egoerok kudeatzeko ikuspuntu eta baliabide ezberdinak erabili behar dira eta horrek irakasleen prestakuntzan premia berriak sortu ditu. Erronka honetan eskola komunitateak bere lana eta gogoa jarri ditu Administraziotik laguntza gutxi jasorik.
Baina, bestalde, prozesuan galdera gehiago sortzen dira, eskolak bakarrik ardura hartu behar du etorkinen euskalduntzeaz? Aisialdian aritzen direnek zer dute proposatzeko? Zer dago egiteko osasun arloko agenteen esku? Lan mundutik eta sindikatuetatik zein mezu zabaltzen dira? Giza zerbitzuek zein lan egin dezakete?
Etorkinen seme-alabak euskalduntzeko eraginkorrak diren faktoreak eta lurralde honetan lehenagotik bizi ziren familia ez euskaldunen haurrak euskalduntzeko berdinak dira: euskararekiko enpatia sortu, euskarazko hezkuntza zabaldu, jakina, baina eguneroko bizitzan diren gainerako eremuak euskalduntzea ere bai.
Euskarari bizkar ematen diotenengana iristeko lana dugu: berdin zaigu indigena edo etorkin izan, euskara mesfidati bizi edo epel sentitu, nafar zaharrak edo berriak izan.


ZENBAT BURU… Patxi Huarte

Euskal Herriko hainbat hedabidetan (Nafarkaria, Aizu, TMEO, Berria, Karrika bera, Nabarra, e.a.) agertutako bere komiki umoretsuekin ederki barre egiteko aukera izan dugu gutako askok. Petilla kapitania, M’Ongolo, Euskal Taliban Jatorra, Yoda eta Xaxa katua dira horietan aurkitzen ditugun protagonista bitxiak. Berriki, gainera, Berria egunkarian karrikaratutako zintekin “The Rerum Natura” izeneko liburuxka osatu du Zaldiero ezineneko Patxi Huarte komikilariak. Harekin solastatze aukera izan dugu euskal komikigintzaz eta dituen proiektuez.

Euskal mundura ikastola utzi ondoren hurbildu zinela aipatu duzu berriki, Ipar Amerikako indioei buruz irakurtzen ari zinelarik. Bitxia. Zertaz ohartu zinen edo buruan zerk egin zizun klak?
Ikusi nuen zer erraza den kultura oso bat desagertzea. Azken hiztuna hiltzea. Eta desagerketan ez nuela parte hartu nahi erabaki nuen.

Komikiak euskaraz egiteko erabakiek orduan hartu al zenuen? Zer dela eta?
Komikiak betidanik euskaraz zein gazteleraz egin izan ditut. Nire erabakia “euskal kulturan” murgiltzea izan zen. Niri garai hartan gauza nahiko “karka” eta arrotza egiten zitzaidana (bestalde).

Karrikaren sorreratik kolaboratzaile fina izateaz gain, beste hainbat hedabidetan ere parte hartu duzu (Nafarkaria, Aizu, TMEO, Berria, Nabarra, e.a.). Gustura al zabiltza egungo lanarekin? Bestelako proiekturik begi bistan?
Egungo lanekin oso gustura nago denborarekin konfiantza puntu bat hartu dudalako eta nire marrazkiek harrera ona dutela ikusten dudalako. Proiektu berriak webgunea dinamizatu eta hitzaldiak ematea dira.

Karrikiriko dendan salgai dagoen “De Rerum Natura” izeneko liburua karrikaratu duzu berriki. Zer moduzko esperientzia izan da? Zer biltdu duzu?
BERRIA egunkarian argitaratutako zinten antologia da. Liburua oso ongi argitaratu zen eta esperientzia polita izan da. Gainera irakurleekin egoteko aukera eman dit.

Euskarazko komikiaren hastapenak XX. mendearen hasieran kokatzen omen dira. Orduz geroztik, hainbat proiektu bideratu izan dira han eta hemen (Poxpolin, Kili Kili, Ipurbeltz, Napartheid, e.a.) eta 2003an Argiak karrikaratutako Gartxot komiki liburuarengatik Korsikan saria jaso zuten Asiskok, Jokinek eta Markok. Zer moduz dakusazu egungo euskarazko komikigintza?
Marrazkilari eta gidoigile aldetik sendo. Baina merkatu aldetik, makal. Komikigintzan oro har Frantziako arrakastan baino gehiago Espainiako eremu ilunean gaude. Ez dugu komiki kultura handirik egia esan.

Azken boladan kalapita ederra sortu da Mahomaren inguruan eginiko karikaturekin. Zer deritzozu?
Dagoeneko ahaztua dut kontua. Dena den musulmanek “gaizki” egiten duten guztia hain anplifikatua aditzeak nekatu eta amorratzen nau.

Komikiez gain, idaztea ere gustuko omen duzu, ezta?
Literatura oro har gustuko dut. Narrazioak. Kontuak. Kronikak. Idaztea askotan marraztea baino errazagoa da, hitzek irudiak baino indar handiagoa dute, hobeki funtzionatzen dute. Baina irudien kulturan bizi gara eta kontrakoa dela errepikatzen digute egunero (baina ez da egia).


HERRIEN ELEAK.
Nigeria
 

Bertzetan erran dugun bezala, Afrika Beltzeko aniztasuna izugarria da, bai herri eta etnietan bai hizkuntzetan. Adibide adierazgarri bat Nigeria dugu. 130 milioi pertsona bizi dira bertan 250 herri baino gehiagotan banaturik, handienak Hausa-Fulbe-Fulani (% 33), Yoruba (%21), Ibo (%18) eta bertze batzuk (Ibibo, Kanuri, Edo, Tiv, Ijo, Ijaw, Nupe).
Hizkuntzei dagokienez, aniztasuna, hemen ere, ederki ziurtatuta eta adierazita dago. Bi hizkuntza dira gehien mintzatzen direnak, hausa eta yoruba alegia; lehena, gainera lingua franca moduan erabiltzen da herrialde osoan. Familia anitzetako hizkuntzak daude (ikus irudia), elkarren artean ulertezinak. Hala ere, 200 baino gehiago badira ere, hizkuntza ofizial bakarra ingelesa da 1960tik, independentzia lortu zenetik.
Biztanleriaren kopurua ikusita, ez da harritzekoa erlijio bat baino gehiago izatea. %50 musulmana da (iparraldean batez ere); kristauen artean protestanteak %25 eta katolikoak %15era ez dira iristen. Gainontzeko guztiak erlijio animistak dira.
Nigeriako historia ongi ulertzeko eta azaltzeko ezinbertzekoak dira erlijio eta hizkuntzak. Kolonizazioa iritsi baino lehenago mugak etnikoak ziren (baldin eta baziren), baina britaniarrek aniztasuna profitatu zuten iparraldeko Hausa herri musulmana alde batera uzteko eta hegoaldeko herriei protagonismoa emateko, hausarrak gehiengoa izan arren. Horrek ekarri zuen hegoaldean misioneroen eskolak zabaltzea eta dotrina kristauarekin batera populazioa alfabetatzea. Iparraldean, berriz, ortodoxia musulmanana indartuz joan zen eta oraindik ere, egun, Nigeriako zenbait estatutan xaria (lege islamikoa) da legeria bakarra. Ezberdintasunak hagitz nabariak dira herrien artean eta liskarrak eta istiluak sortzen dira. Iparraldea eta hegoaldea elkarrengandik aski bananduta daude, batez ere erdialdeko geografiak bizitza zailtzen duelako .
Hizkuntzetan ere historiak utzi egin du bere eragina eta horrela hegoaldeko hizkuntzetan ingelesetik hartutako maileguak anitz dira eta iparraldekoetan, berriz, arabiera da mailegu gehien eman duen hizkuntza, erlijioaren bidez.

Nigeriarrak gurean
2001ean 87 lagun baziren ere (betiere erroldaren arabera) 2005ean, 285 dira (yorubak, 20 eta 35 urte bitartekoak eta gizonezkoak batez ere). Arrotxapea eta Alde Zaharra dira nigeriarrak bizi diren auzoak.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude