Karrika 97. 2006ko martxoa


Nork esan dezake ez dela ezer aldatu?

Gizartean gertatzen diren aldaketak modu askotara sentitzen ditugu. Azkarrak eta
sakonak direla iruditzen zaizkigu batzuetan, eta motelak eta apalak beste askotan. Azken hogeita bost urte hauetan hizkuntzen egoera nabarmen aldatu da gurean. Iruñerrian gaztelania zen hizkuntza nonahikoa, ezinbestekoa, funtzionalki bakarra eta gehiengo zabalarentzat bere funtsezko identitatearen euskarria. Euskarak hiztun gutxi zituen, eremu publikoan ikusezina zen eta bere lehendabiziko urratsak ematen zituen derrigorrezko hezkuntzan.
Gaztelaniak urte hauetan guztietan ez du bere nagusitasuna galdu. Alde horretatik aldaketa gutxi gertatu dela ematen du. Horrela ote? Berri askok aldatu dute zegoen paisai linguistikoa: atzerriko hizkuntzak ikasteko premia eta errealitatea izugarri bizkortu da, ikasketak eta lanarekiko mugikortasunak ezinbesteko egonaldiak ugaritu ditu, frantsesaren nazioarteko estatusaren galera nabarmena ingelesaren mesederako izan da, hezkuntzan bata desagertu eta bestea indarrez sartu da, beste hizkuntzen agerpen indartsua ukaezina da etorkin berrien komunitateak ekarria, eta euskararen ezagutza nabarmen handitu da, nahiz eta bere agerpen publikoa eta erabilpena motelago hazi.
Gaur egun topikoa bihurtu da esatea hizkuntzak ikastea giza harremanetarako eta lan etorkizunerako ezinbestekoa dela. Geroz eta arruntagoa da hizkuntza ezberdinekin aritu behar izatea lanean, kultur jardueretan, oporraldietan, ikasketak osatzerakoan, aisialdian edo eta familian bertan . Komunikazio esparruak zabaldu egiten ari dira eta gero eta gizarte esparru zabalagoetan pertsona eleanitzak prestatzea helburu bihurtu da. Oinarrizko hezkuntza sisteman orain hogeita bost urte euskaraz aritzeagatik sekulakoak entzun behar zuten orduko irakasle eta gurasoek: haurrekin esperimentu arriskutsuak egiten
ziren, txiki gehienek ulertzen ez zuten hizkuntzan sortutako harremanak ondorengo traumen giltza izango ziren, gainerako ikasle erdaldunek baino gutxiago ikasten zuten, hainbat arazo psikologiko sortzeko aukera handiagoa zen, ikasketen arazoetan familiarekiko harremanak ahuldu egiten ziren eta gainera euskarak ez omen zuen ezertarako balio. Beraz, euskara ikastearena ahalegin gogorra eta antzua.
Garai haietan euskarazko irakaskuntzaren aurka ozenki mintzatzen zirenak mutu dira gaur. Esandakoak haizeak eraman du. Euskalgintzak egin duena gizartean sustraitu egin da. Urtez urte gero eta neska-mutil gehiagok izan dute hezkuntza elebidunarekin harremana eta denborak eman dio bakoitzari merezi zuena. Euskararen aldeko hezkuntzak, oraingoan ere, garai berriei aurre hartu eta eleaniztasuna du oraingoan erronka: euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza. Lehen ere erdal unibertso bakar eta itxian bizi ginelarik esaten genuena berresten dugu: mintzamenak zabaltzea abantailak dakarzkio pertsonari eta gizarteari, hiztunak komunikazio abantailak garatzen ditu, onura kognitiboak jasotzen ditu beste ezagutzak bereganatzeko erraztasunak dituelako eta beste kulturak hobe ulertzeko gaitasuna ematen dio.
Gure euskal eskolek bide horretan dira, premia berrien harira hausnarketa eta bide berriak irekiz. Genekiena eta dakiguna aztertu eta gaurkotzeko erronka dugu. Nork egiten dio honi kontra? Euskaldunak gara eta etorkizuna edukiko dugu munduari begira jarriz. Euskararen mundua beste hizkuntzen munduan jartzeko erronka dugu. Nork esan dezake ez dela ezer aldatu?


ZENBAT BURU… Itxaro Borda

2002an Euskadi Saria jaso zuen “100 % Basque” lanarengatik, baina ordurako hainbat poesia liburu, nobela eta saiakera idatzita zituen Itxaro Borda Baionako idazleak. Luzien Etxezaharretarekin batera Maiatz aldizkari literarioa sortu zuen 1982an eta bertan izan ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaborazioak ere egiten ditu. Iaz “Zeruetako erresuma”, bere azkeneko eleberria karrikaratu zuen eta etorkizunera begira milaka proiektu ditu buruan bueltaka.

Kontent al zaude orain arte eginiko ibilbidearekin? Zer ekarri zizun sari horrek?
Ez dut askotan atzera so egiten, egia erran. Gertatzen zait gai batez zer idatzi dudan berriz irakurtzea eta ohartzen naiz ene bide literario guztia katarsia moduko bat izan dela. Hertsiegia agian katarsia soila idazletasuna aldarrikatzeko, baina aldian aldiko munduaren ikuspegiaren lekukotasuna hor dago eta ez dut damurik. Euskadi sariarena? Poz handia suertatu zen bistan dena, galdera askorekin, adibidez merezi al nuen eta horrelakorik.

Iaz “Zeruetako erresuma” zure azken eleberria karrikaratu zenuen. “100 % Basque” euskaltasunaren muinetik landu bazenuen “zeruetako erresuma” lanarekin, berriz, giro hori kanpoko perspektiba batetik jorratu duzula aipatu duzu. Zergatik? Distantzia pixka bat hartu nahian edo? Zer moduzko harrera izan du jendartean azken lan honek?
Bai hori erran dut eta menturaz egia da. Euskal munduaren hegietarik idatzia da nobela, pertsonaien baitako anbiguitate gehiagorekin, onak txarrak dira eta alderantziz, euskaltasunaren muinean pertsonaiak onak ala txarrak dira, etsaiak etsai etab. Horrela idazteak, euskal mundua bereziki aipatzeko aukera eman dit, nola bizi den, nola azaltzen den imajinario kolektiboan. Euskal mundu txikiak nahi du, beti, euskaldunen mundu handia konbertitu eta salbatu. Euskal fedegabe horien patuak ditut “Zeruetako erresuma” horretan biltzen. Distantzia baino bestelako ikuspegi bat eskaini dut. Irakurleak ongi hartzen du liburua, bere memoria propioaren altzo bezala, baina hizkuntza ez omen da erraza eta horrek anitz irakurtzetik gibelatzen ditu. Alabaina liburuan erabiltzen dudan euskara neuretzat ideala da, euskararen desagertze garaikidearekin kontrastean.

Iparralde eta Hegoaldearen arteko elkar ezagutza txikia dela sumatzen da hainbat alorretan. Literaturari dagokionez ere, horrela dela uste duzu? Horregatik esan al duzu inoiz idazle bakartua sentitzen zarela?
Iparraldeak existentzia kulturala galdu du, hegoaldean merkatua garatu denean. Iparraldearentzat, alta, geratzen da leku bat eta hau da tradizioarena, dantza, kanta eta euskara zaharrarena. Iparraldeko kulturari ez zaio modernitaterik eskatzen. Iparraldeko kultura-sortzaileen gaurkotasuna ukatzen da eta gaur hain zuzen, idazten edo abesten dugunontzat ez da egokia. Baina hala ere aitzina behar da, bidea egin. Bakartua sentitzen naizela diot, ez dudalako idazle gisako nortasunik, azaleko idazle superfizial bat naiz beti. Baina bakartasun horrek nahi dudana nahi dudan moldean izkiriatzeko eta idazte-esperientzien biderkatzeko libertatea ematen dit.

Gizartearen beste esparru batzuetan gertatzen den moduan, poliki bada ere emakumearen presentzia are eta nabarmenagoa da euskal literaturan ere. Zer deritzozu?
Emakumearen problematika plazaratzen hasi ziren ederki Amaia Lasa eta Arantxa Urretabizkaia bezalako idazleak duela aspaldi. Geroztik uhina ez da gelditu. Ohartzen naiz literatura oso femeninoa egitera behartzen gaituela “merkatuak” eta iparraldearentzat bezala, hor gai femeninoetan soilik mugatzeko arriskua badugu. Emakume idazleak agian lehen baino lehen ongi eginen du genero determinismotik kanpoko literaturan murgiltzen hastearekin, pertsonaiak nagusiki emakumezkoak dituen arren. Hargatik bakoitzak idazten du bere ikuspegi pertsonaletik, irakurleari beste inork egiten ez dion proposamen literarioa eskainiz. Merkatu orokorraz gain, saihets merkatuen ibilera sustatzekoa da horretarako.

Berrian karrikaratutako artikulu batean, Euskal Herrira iritsi diren hiru sari nazionalak euskarazko idazleei ematea euskal literaturaren oparotasunaren seinale dela aipatu izan du Pako Aristik. Ados al zaude?
Ba bai ados nago. Postari lana, hainbat egunkari eta aldizkaritan kolaborazioak eta liburuak idazteaz gain, euskalgintza munduan ere murgilduta izan zara hainbat urtez Iparraldean. Nola dakusazu bertako panorama?
Niko Etxartek dioen bezala baikor dakusat. Euskara zaharra urtzen ari da baina emeki emeki euskara berria hedatzen. Beraz segurtamen bat daukagu bederen euskara ez dela galduko, baizik eta aldatuko. Literatura aldetik mutil gazte andana batek merkatu orokorra konkistatzea lortu du azken urteotan, mutil izateak sosegatzen du pixka bat iparraldeko kulturkrazia. Bestaldetik, ez dut asko jarraitzen euskal politikaren mundua: gero eta gutxiago interesatzen zait. Eta lanean ez naizenean, idazteari ematen diot ene denbora libre gehiena, idazteari, ibiltzeari eta bidaiatzeari.

Aurrera begira zer proiektu dituzu?
Ez dut aurreproiekturik osatzen, ez eta karrera planik. Aldian aldika etortzen zaizkit ideia-xedeak eta asto-lana bukatzean liburua edo artikulua hor dago, irakurleengana heltzeko prest. Post Mortem Scripta Volant deituriko nobela xoxola izan liteke ene hurrengo liburua. Maiatz aldizkarian publikatu dira lehen bi kapituluak. Baina argitaratua izan aitzin liburu baten aipatzeak ez al du zorte txarra ekartzen? Egunero idazten dut, hats hartzea bezala da. Orduan proiektuak, edo milaka ditut edo bat ere ez.


HERRIEN ELEAK.
Moldavia
   

Moldaviera 2,6 milioi lagunen hizkuntza erromantzea dugu, errumanieratik oso gertua dena. Hala ere, aditu askoren ustez moldaviera da Moldaviako errumaniera. Moldavian hizkuntza ofiziala da 1991tik, independentzia lortu zenetik alegia.
Betidanik errusiarren menpe izan da Moldavia eta Bigarren Mundu Gerraren ostean moldaviera (moldoveneascã) hitza hasi ziren erabiltzen errumaniera (románã) hizkuntzatik bereizi nahian eta alfabeto zirilikoz idazten. Independentzia lortu zutenean Moldavian bizi diren errusiarrek eta ukraniarrek Errumaniarekin batzearen arriskua ikusi zuten eta istiluak izan ziren.
Moldaviera hizkuntza erromantzea bada ere, hizkuntza eslaboen (batez ere errusiera) eragin itzala jaso du gehien bat lexiko aldetik eta horrek zailtzen du elkar ulertzea beste hizkuntza erromantzeekin. Moldaviarrek arlo publikoko jarduera guztietan erabiltzen dute gaur egun moldaviera, bai hezkuntzan, hedabideetan, administrazioan, politikan e.a.
Egun alfabeto latindarra erabiltzen dute elementu diakritiko batzuekin eta elebitasuna agitz altua da, bai gazteengan baita helduen artean ere.

Moldaviarrak gurean
Errumaniartzat jotzen baditugu ere, iazko ekaineko erroldaren arabera 272 lagun bizi dira Iruñerrian ( 86, 2001ean) eta nahiko parekatuta dago sexuen banaketa % 55 emakumeak direlarik. Donibane eta Errotxapea auzoetan bizi dira gehienbat, nahiz eta besteetan ere presentzia txikia izan.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude