Karrika 96. 2006ko otsaila

Entzun euskaldunon hizkuntza komunitatearen ahotsa!!

Elkarteek, oro har, funtsezko eginkizun demokratikoa betetzen dute gizartean. Europako Gobernagarritasunari buruzko Liburu Zuriaren funtsezko mezuetako bat da elkarteak gizartearen oinarrietako bat direla eta ordezkatzen dituzten taldeen ahotsa direla. Euskara elkarteen kasuan entzuten den ahotsa askozaz ozenagoa da, HIZKUNTZA KOMUNITATE BATEN AHOTSA baita.
Hizkuntza bat mundua ulertzeko modu bat da, aniztasunaren adierazle bat. Hizkuntzalari gehienen ustez 6.000 hizkuntza inguru mintzatzen dira gaur egun munduan. Hizkuntzen aniztasuna, ikuspuntu eta ikusmolde aniztasuna, balore den heinean, eta euskararen jasangarritasunaren kasu konkretuan, euskara elkarteen eginkizuna oso garrantzitsua da.
Hala ere, hizkuntzaren normalizazioa edota biziberritzea iristen bada, EZ da BAKARRIK euskara elkarteen lanari esker iritsiko. Prozesu horretan erakunde publikoek ere eragile izan behar dute. Erakunde horien arteko HARREMANA optimizatzea nahitaezkoa da helburu hori, normalizazioarena edo biziberritzearena, bete nahi bada.
1990eko hamarkadatik aurrera hizkuntz normalizazioa euskararen beharren ikuspegitik lantzen hasi zen. Erakundeen arteko artikulazioari ekin zitzaion. Komunikazio aro berri bat hastear zegoen eta beharrezkoa zen oinarrizko puntu batzuk finkatzea eta elkarlana eta osagarritasuna bilatzea. Euskara elkarteak aro berri horretan sortu ziren. Iruñeko kasuan, beste euskara elkarteen helburu oso antzekoak zituen Iruñeko euskaldunon elkartea den Karrikiri Elkartea, 1996an sortu zen.
Baina denak ez dira berri onak izan. Abenduaren 12an Nafarroako hainbat elkartek emandako prentsaurrekoan aipatu zen bezala, azken bost urteetan Nafarroako Gobernuak euskara elkarteei euskarazko hedabideetarako banatutako diru laguntzetan murrizketa nabarmena izan da eta 2005ean kultur jarduerak antolatzeko kontu-saila desagertu da. Egoera horrek, diru sarrera publikoen segurtasunik ezak, euskara elkarteen hazkundea eta garapena baldintzatzen ditu, baita egitasmo askoren bideragarritasuna ere.
Baina zein da euskara elkarteek egiten duten eginkizun garrantzitsu hori? Hainbat hizkuntzalarik eta soziolinguistak hizkuntza baten normalizazio edo biziberritzerako hiru aldagai eragin behar direla defendatzen dute: ezagutza, motibazioa eta erabilera. Euskara elkarteek gehien bat azkeneko bietan eragiteko helburua dute. Alde batetik, haien barne funtzionamenduarekin bazkideen artean hizkuntza ohitura edo dinamika bat sortzen dute eta euskaraz bizitzeko aukera ematen dute. Bestalde, hainbat gizarte esparrutan (kultur jarduerak, aisialdia, gizarte zerbitzuak, komunikabideak, lagunartea…) euskarazko eskaintza luzatzen dute. Hurrengoak adibide batzuk besterik ez dira: mintzakide, euskara hutsezko aldizkariak, merkataritzan euskaraz, haur eta gazteentzako aisialdiko eskaintza (larunblai eta kuadrillategi), euskaldunon arteko pisukideen eta lan poltsa zerbitzuak…
Euskara elkarteak euskal komunitatearen ikuspegi eta ikusmoldearen ahotsa dira, aniztasun aberasgarriaren zati baten adierazle. Euskara elkarteak dira hizkuntza komunitatearen partehartzea bermatzen duten erakundeak, jarduera eta egitasmo ezberdinak aurrera eramateko baliabide pertsonalak dituztenak eta egitasmo ezberdinei gizartearen sostengua ematen dietenak. Horiek gabe ezinezkoa litzateke normalizazio prozesu bat.
Erakunde publikoen eta pribatuen artean ELKARLAN ETA OSAGARRITASUNerako bide berriak jorratzea beharrezkoa da. Bide hori da onuragarriena euskararentzat eta, oro har, munduko hizkuntza, kultura eta ikusmolde edo ikuspegien aniztasunarentzat. Nafarroako Gobernuari aipatutako dirulaguntzen murrizketa horiek izan ditzaketen ondorioen erantzule izateko eta, zentzu horretan, euskara elkarteekin izan beharko lukeen harremana zaintzeko eskatzen diogu. Euskara elkarteak prest gaude egoera guztiak aztertu eta gure hizkuntzaren aldeko irtenbidea elkarrekin aurkitzeko.


ZENBAT BURU… Gorka Urbizu

Lekunberri inguruan 1994an sortutako Berri Txarrak musika taldeko kidea dugu Gorka Urbizu. Duela hilabete gutxi “Jaio. Musika. Hil”, Euskal Herrian grabatu, baina AEBetan nahastu duten euren bosgarren lana karrikaratu zuten. Horretaz eta euskal musikaren egoeraz solastu gara harekin.

Zer moduzkoa izan da erditzea? Gustura gelditu al zarete emaitzarekin?
Grabaketa prozesua oso berezia izan da eta asko ikasi dugu egindako bidean. Txap –Karlos Osinaga- aurreko diskotik izan dugu gogoan eta berandu baino lehen harekin grabatu nahi genuen, gainera aproposena zen estudio batetik at –baserri batean- grabatzeko. Berariaz egindako aukera izan da. Bestalde, aspaldidanik genuen kanpoko ekoizle batekin lan egiteko asmoa, gure musikari zer ikutu eman ziezaiokeen ikusteko besterik ez bada. Bitxia izan da Erason grabatu eta Kansasen nahastea, baina bestalde grabaketan buru belarri kontzentratzera eraman gaitu eta emaitzarekin oso gustura geratu gara.

Urteek aurrera egin ahala, zuen kontzertu esparrua zabaldu egin da nabarmenki. AEBetan, Mexikon eta Nikaraguan barna aritu zarete duela gutxi. Zer moduzko harrera du euskal musikak paraje haietan?
Hiru herrialdeetan bikain joan zaigu, baina bakoitzak bere berezitasunak ditu. Mexikon publikoa basatia dela entzuna genuen eta Tampikon, esaterako, bertatik bertara ikusi ahal izan genuen. Estatu Batuetan oso gustura aritu ginen, batez ere San Frantziskon eta Renon, baina ezbairik gabe Nikaraguako esperientzia izan da politena, herrialde berezia delako, kontzertu handiak izan zirelako bertako gobernuaren aurka eta nikaraguarren izaera maitagarria ezagutu ahal izan genuelako. Hiruretan ere euskaraz abestea oso arraroa egiten zitzaien eta nondik gentozen ulertzeko moduan azaltzea ere ez da erraza izan toki askotan. Euskal Herria gora eta Euskal Herria behera gabiltza hemen baina gero munduan barna ez ei gara horren ezagunak…

Azkeneko lan hau atera aitzin une latzak bizi izan zenituzten taldearen kontra izan zen boikota zela eta. Baretu al dira gauzak?
Gu gara ‘baretu’ garenak, 2005 urtea gehienbat konposatu, grabatu eta kanpoan jotzen eman baitugu. Jadanik izan gara aurretik arazoak izandako toki batzuetan –Galiza, Pais Valencià…- eta momentuz ez da ezer larririk gertatu, nahiz eta oraindik ez den egoera guztiz normaldu. Alderdi musikalaren periferiari dagozkion gauza asko izan behar dituzu kontuan eta antolatzaile gehienak beldur dira oraindik: kartel gutxi jartzen dituzte –jartzen dituztenean-, publizitatea ekiditen dute… Gu behintzat ez gara kokildu eta ahalik eta toki gehienetan jotzen saiatzen ari gara. Guk ez dugu zentsurarengatik inongo diskriminaziorik nahi: ez negatiborik, baina ezta positiborik ere. Extramusikalak diren gauzek ez gaituzte gehiegi erakartzen.

Euskal musikaren baitan hainbat estilo jorratzen da eta akaso zaila izan daiteke diagnostiko orokor bat egitea, baina nola dakusazue panorama Nafarroan? Eta oro har Euskal Herrian?
Nekagarria da balizko krisialdiari buruz aritzea, nahiz eta egia den ‘ekosistema’ musikalaren alor batzuk ez dabiltzala bere garairik onenean: diskogintza batez ere, eta rock musikarekiko zaletasuna ere, esango nuke. Esan nahi da sorkuntza aldetik badirudiela sekulako aniztasuna dagoela, baina ez dirudi denentzako entzuleria potentzialik dagoenik. Talde gazte askok diskora iritsi nahi dute beste edozeren gainetik, hasierako urteetan ezinbestekoak diren kontzertu txikiak eman gabe, besterik gabe soinu ona dutelako edo maketa lehiaketa bat irabazteagatik jendea euren atzetik ibiliko dela pentsatuz. Gero errealitatea oso bestelakoa da eta dezepzio handiak izaten dira.

Azken urteotan gori gorian dagoen kopien aferak dexente kaltetzen du musika industria eta zer esanik ez, merkatua kontuan hartuta, Euskal Herrikoa. Nola kontzientziatu daiteke jendea? Irtenbiderik ikusten al duzu?

Inork ez daki honek nora garamatzan. Alde batetik euskarri birtualen ugaltzearekin pentsa daiteke CDaren azken garaiak bizi ditugula, baina bestalde deskarga legalek ez dute oraindik pentsa litekeen erantzuna jaso gurean. Argi dago garai ilunak direla diskoetxeentzako eta gure mailan hori, batzuek besterik esan nahi badute ere, ez dela batere ona. Bestalde, egilearen aldean gaudenoi ez zaigu ahalik eta diskorik on eta erakargarrienak idaztea beste irtenbiderik geratzen. Zaletuaren interesa piztu behar dugu gure arma bakarrarekin: artearekin, alegia.

Zenbait musikarik tokian tokiko musika babesteko asmoz, irratiko kuotak aldarrikatzen ditu. Euskal Herrian ere horrelakorik egin behar al litzateke?
Nire ustez Euskal Herrian militantziak eramaten du jendea zenbait talderekin zaletzera eta ez horrenbeste komunikabideen lanak. Protekzionismo horrek eszena mantentzen lagundu du baina egia da ere zenbaitetan musika beraren dohainak gutxiesten dituela nolabait. Lehen aipatzen bagenuen diskogintza eta zalegoa krisian daudela, irrati eta telebista ere halatsu daude eta duten boterea tontakeria eta spam musika botatzen xahutzen dute, ‘heziketa’ edo programa interesgarrien kaltetan. Alde horretatik kuota edo ez kuotaren aurretik beste irizpide batzuk badaudela uste dut; esaterako ahal den neurrian kalitatea bilatzea beste edozeren gainetik.


HERRIEN ELEAK.
Ghana

Ghana herria
Afrikako hizkuntz aniztasun eta aberastasunaren adibide adierazgarrienetariko bat dugu Ghana. 20 milioi biztanleen erdia baino gehiago akaneraz mintzatzen da. Hala ere, 80 bat talde etnikok osatzen dute populazioa, bakoitzak bere hizkuntza edota dialektoa duelarik. Ia hizkuntza gehienak Níger-kongo familiakoak –Volta-kongo azpifamiliakoak– dira eta elkar ulertzeko akanera erabiltzen dute lingua franca moduan.
Talde etniko nagusiak honakoak dira: Akan –biztanleriaren %45, hegoaldean–, Mole-Dagbani –%16, iparraldean–, Ewe –%13, ekialdean–, Ga eta Adangbe –%8, hegoaldean–, Guan –%7, ipar-ekialdean–, Gurma –%3, ekialdean– eta gursi taldeak –%3,5–.
Ghanako hizkuntzen elementu adierazgarriak tonoak eta bokalen sistemak dira, hizkuntza melodiko bihurtzen dute.
Independentzia lortzen Afrika beltzeko lehen herria izan zen Ghana, 1957an alegia, baina britainiarren eraginak gaur egun bere horretan dirau, Ghanako hizkuntza ofizial bakarra ingelesa baita.
Ingelesaren bitartez Ghanako hizkuntzetako hitz batzuk zabaldu dira munduan zehar, adibide ezagunenak banana, zonbi eta budu ditugu.

Ghanatarrak gurean
Datu zehatzik ez izan arren, Iruñerrian 100 bat lagun bizi dira Txantrea auzoan batez ere eta beste afrikarrekin elkar ulertzeko ingelesez mintzatzen dira.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude