Karrika 82. 2004ko iraila

Balio handikoa, baliatzen badugu

Ez da anekdota hutsa: gutxi izanda ere, gure herriarekin lotura zuzenik ez duten lagun euskaldun edota euskaltzaleak aspalditik egon dira. Badira hizkuntzalaritzan ari direnak eta jakinmina asetu nahian dabiltzanak… Uda partean hona etorri zaizkigu batzuk, mintzaira hau munduratu duen herria bisitatzera. Hedabideen bidez ez da zaila horien berri izatea. Eta gauza batez aise konturatzen gara bertakook: gure mundu txikian gertatzen denaren aurka, planeta handiko bazter askotan euskarara hurbiltzeko orduan ez dago aurreiritzirik. Ez horixe.
Antzinatasunaren kontua, hizkuntza erraldoiez inguraturik iraun izana, berezko egitura eta ezaugarrien erakarpena, txikiaren edertasuna… hamaika dira gure unibertsora hurbiltzeko arrazoiak. Hala izanagatik ere, euskarari eransten zaion balioa ez da sanskritoarena edo etruskoarena bezalakoa: euskaldunok bizirik gaude eta horretan omen datza gure xarma.
Inguru hauetan indar handirik ez duten ikur horiek gure alde jotzen dute. Hala da: bitxikeriatzat jotzen dutenez haratago, kanpoan gehitzen ari da euskararen egoerari erreparatzen diotenen kezka eta, horren ondorioz, Euskal Herrian bizi garen guztiok nazioartean preziatua den hizkuntzarekiko berebiziko ardura hartzen ari gara.
Guretzat desberdina da balioa. Xuxurlatzeko, jolasteko, hausnartzeko eta nahi dugunerako topagune izatea nahi dugu. Elkargune kuttuna baina oraindik hankamotza erabileraz ari bagara. Horregatik ongi letorke gogoratzea gurea bezalako hizkuntzak bizigarriak direla munduan, besteak beste duintasunaren adibide direlako; baina adibide osoa eta prestua behar du izan. Azken finean, hizkuntza baino hedatuagoak dauden ekologia eta elkartasunaren ikuspegi batzuk ere daude jokoan, eta gure ekarpena osotasunetik bakarrik etor daiteke.
Globalki pentsatu, tokian jardun. Munduko aniztasuna babestera gonbidatuak gaude euskaldunok, beraz. Eta guk gizaki arduratsuen moduan jokatu nahi dugu, ezta? Ezin dugu huts egin, jarduteko aukera dugulako Iruñerritik bertatik mugitu gabe: ikasturte berri honetan animatu nahi zaituztegu euskaraz bizitzeko ahaleginak inoiz baino sendoago eta ahalik eta jende gehienarengana hel daitezen. Euskara gure erantzukizun baliotsuena da, baliatzean oinarritzen bagara, eta Karrikiri osatzen dugun guztiok etsi gabe jarraituko dugu ildo horretan lanean. Zuekin guztiekin.



ZENBAT BURU… Patxi Salaberri
 

Nafarroako Unibertsitate Publikoan errektorearen laguntzailea da euskararen normalizaziorako, eta aldi berean, Euskara batzordeko kidea. Burillo errektoretzara iritsi zenean unibertsitate barruan euskararen egoerak hobera eginen zuela espero zen, baina antza denez ez da horrela izan. Euskara batzordeari ez omen zaio lana behar bezala egiten utzi eta datozen asteotan baliteke haien karguak uztea. Horretaz guztiaz solastatu gara Patxi Salaberrirekin.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskararen normalizaziorako errektorearen laguntzailea zara eta Euskara batzordeko kidea. Zein da zure zeregina?
Egia erran, ni “Errektoreari atxikia hizkuntza plangintzarako” naiz, euskaraz sintagma edo dena delako hori arrunt txukuna ez bada ere. Batzordeari dagokionez, “Hizkuntza plangintzarako batzordea” da orain, “normalizazio” hitza ez baitzen zenbaiten gogoko. Batzordeak euskararen inguruko gaiei buruz proposamenak egiten ditu, baina ez du inolako aginte edo botere eragilerik; alegia, Unibertsitateko organoek proposamenak onartzen ez badituzte, ezin du deus ere egin. Batzordean nik buru egiten dut, errektorearen ordezkaritzat, burua betiere hura baita.

Noiz eta zer dela-eta sortu zen lehenengo Euskara batzordea Nafarroako Unibertsitate Publikoan? Zer-nolako ibilera izan du?
Oraingo Plangintza batzordeari Normalizazio batzordea erraten zitzaion aitzineko estatutuetan eta ez da Burillok asmatutako zerbait. Izan ere, lehen Normalizazio batzordea García Blasco errektore zen garaikoa da; batzorde horrek aurreneko normalizazio plana egin zuen eta onartua izan zen, 1995eko Gobernu batzordearen bilkura batean, baina ez zen gauzatu, berehala Pérez Prados izan baitzen “aukeratua”. Gero, oker ez banaiz, beste hiru normalizazio batzorde izan dira; azkenekoa aski ahalke-emangarria zen, euskara urrutitik ere ikusi nahi ez zuen jendea ere baitzegoen bertan. Normalizazio plan bat baino gehiago egin dira; denetan onargarriena gure artean “Goyoren plana” deitzen duguna izan da (egile nagusia Gregorio Monreal katedraduna izan zen). Hasierako asmoa anbiziotsuagoa zen, baina, kontuak kontu, hondarrean karrerako 18 kreditutan gelditu zen gauza. Hori ere, alabaina, ez zen abian jarri. Gero behin-behineko neurri batzuk jarri ziren martxan eta horiekin ibili gara orain arte, oztopo eta traba anitzekin, bereziki azkenaldian, Burillo errektore izendatu zuten arte.
Pérez Prados errektorearekin hainbat tirabira izan zen unibertsitate barrenean euskararen normalizazioaren alde urratsak egiteko prest zegoen jendearekin (ikasleak, irakasleak).

Burilloren etorrerarekin itxaropena zegoen gauzak aldatuko zirela, baina antza denez ez omen da horrela gertatu. Zertan da une honetan euskararen egoera NUP barrenean? Eta Euskara batzordearen egoera?
Oraingo egoera, de facto, lehengoa bertsua da; egia da bestelako giroa ikusten dela eta Irakasle ikasketetan matrikula kopuruak handitu direla, baina horrek euskal lerroan eragin txiki xamarra izanen du; gehienez ere sei edo zazpi ikasle euskaldun gehiago sartuko dira segur aski. Nik irudipena dut oso seguru jokatu nahi dela eta lehenbizi, deus egin baino lehen, matrikulazio kopuruak (euskaraz zenbat ikaslek ikasi nahi duten) ikusi nahi zituztela; nago, halarik ere, orain gauzak antolatu eta zuzentzeko beranduxko ez ote den. Hurrengo asteak erabakigarriak izanen dira eta garbi ikusiko da noraino iritsi nahi den, euskararen arloan.

Zein dira euskara batzorde horien xedeak? Zer planteamendu egin duzue?

Gure planteamendua, batzordekideen izendapena berandu egin zela ikusirik eta unibertsitatearen martxa ezaguturik, adabaki batzuk paratzea izan zen, hots, plangintza ongi pentsatu bat egiteko denborarik ez genuenez, gutxieneko batzuk eskatzen eta aurrera ateratzen saiatu ginen, baina, erraten den bezala, lan lasterra lan alferra, eta gure proposamena ez zen onartua izan, uda aurretik. Unibertsitatea aski erakunde korapilotsua da, ikasleak eta irakasleak daude, arloak, sailak, ikastegiak, errektoreordetzak, errektoretza, Gobernu kontseilua, Gizarte kontseilua… Gobernua ere hor dago, goian, zelatan… Batzordearen asmoa, beste kideen iritzia ongi ulertu badut, lehenbailehen plangintza oso bat prestatzeari lotzea da, baina, nolanahi ere, eta gorago erran bezala, ez dugu botere eragilerik. Erran nahi dut alferrik dela ez dakit zer eta badaki zer eskatzea gero hori hutsean geldituko dela badakizu. Non gauden garbi izan behar dugu, hots, egoera zein den argi eduki behar dugu lehenbizi eta gero zer egin nahi dugun ongi jakin.

Egungo egoera ikusita, zer egiteko asmoa duzue?
Nik ez dakit zer neurritan mintza naitekeen besteen ordezkaritzat, baina kide gehienen iritzia da guk euskararen alde zerbait egiteko gaudela batzordean, ez bakarrik itxurak egiteko, eta, gutxientzat jotzen ditugun eskakizun batzuk onartzen ez badira, gu hor egoteak ez du inolako funtsik izanen, alferrik izanen da.


HERRIEN ELEAK.
Kamerun

   
Afrika txikia
12 milioi biztanle dituen estatua dugu Kamerun. Afrikako aniztasuna islatzen duen eremu honetan herri asko bizi dira: Bamileke mendebaldean, Fang eta Bassa-Bakoko herriak hegoan, Fulani eta Kirdi taldeak iparrean, Duala kostaldean eta Mbum eta Baya ekialdean. Dena den, britainiarren eta frantsesen eragina begi-bistakoa da hezkuntzan, merkataritzan, legerian eta beste hainbat kontutan.
Bere garaian Alemaniaren kolonia izandako lurralde honetan hizkuntza ofizial bakarrak frantsesa eta ingelesa dira, baina mintzatuenak beti-pahouinera eta bamilekera dira. Hango Konstituzioak dio elebitasuna bultzatuko dela, baina gainerako hizkuntzen inguruan egiten duen aipamen bakarra da estatuak “nazio hizkuntzak” babesten eta sustatzen lagunduko duela.
Kamerungo hizkuntza politika “norbanakoen hizkuntza eskubideetan” oinarritzen omen da, baina betiere norbanakoek frantsesez edo ingelesez egiten badute. Gainerako hiztunei ez zaie eskubiderik aitortzen.

Kamerundarrak gurean
Iruñeko kamerundarren Elkartea orain dela zenbait urte sortu zen. Kide askok -horien artean Iruñean euskara ikasi zuen mutil bat- Katalunia aldera jo zuten lan bila orain dela bi urte, baina badirudi azkeneko hilabeteotan hona etorritako kide berriak elkartea berpizteko ahaleginetan dabiltzala.
Elkarte horretako kideek diotenez, afrikarrek berebiziko zailtasunak dituzte hemen aurrera egiteko orduan. Esate baterako, ohikoak diren lan arazoez gain, afrikar gehienek ezin dituzte gida baimenak homologatu. Kamerundik iritsitako bizilagun berri askok karrera unibertsitarioak dakartzate, baina titulu horiek ezer gutxirako balio omen dute hemen eta eraikuntzan eta bestelako lanetan jarduteko beharturik egoten dira. Baina osatzen ari garen gizarte berrian denon artean saiatuko gara bidegabekeriak ezabatzen, ezta?


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude