Karrika 74. 2003ko abendua

Plazara

Gaur ahotik atera zaidan hitz-jarioaren ehuneko txikia ez da izan euskara nire bizitzan agertu den egoera bakarra. Etxera ailegatutakoan, atea itxi eta irratia, egunkaria eta aldizkariak han bertan ditut. Filmak, telebistan. Mezuak, posta elektronikoz. Musika, gelako epelean. Bai ongi! Mundua euskaraz!
Mundua? Etxera bidean, begiok jaso dituzten seinale eta iragarki gehienak gazteleraz. Elkarrizketak, agerkariak eta zinema ere horrelatsu. Akademietan, kiroldegietan, saltoki handietan, ikuskizunak eskaintzen dituzten areto berrietan, hizkuntza zaharraren arrasto gutxi. Buruhausterik gabe jakintzat ematen dugun errealitate gordin bezain aldagarria.
Ukaezina da kontzientzia propioa garatu ahala gune berriak zabaldu ditugula. Baina komunitatea osatze aldera gauza asko egiteke daude. Eta, besteak beste, hor ditugu oskolean biltzeko arriskua eta ikusgarritasunaren erronka.
Kalean ez dugu euskararik ezaren “normaltasunean” bizi nahi. Administrazioaren papera garrantzitsua dela jakinda ere, ahal dugun neurrian paisaia margula koloreztatzen has gaitezke. Ezagutzen duzun dendari edo langile horrek ez diola euskarari erreparatzen? Hitz egin berarekin. Euskarazko jarduera gehiago egotea gustatuko litzaizukeela? Luzatu eskaera edo saiatu antolatzen. Nork bere arloan, kontaktuak egiten hasi eta gizarte honetako bazterrak euskaraz janzteari ekiten ahal dio.
Urtaro honetan tropelean kaleratzen direnak euskal liburu eta diskoak dira. Plazatik etxera, euskaraz bizi nahi dugunon mesedetan betiere. Baina argitaratze hutsak ez du ezer bermatzen, merkaturatzea eta euskaldunon esku dagoen gizarteratzea ez baitira gauza bera. Egun, produktuak bizitza laburreko distira bilaka daitezke: piztu orduko ezerezean gelditzen diren su artifizialak. Ez gaitezen unean uneko pirotekniarekin zorabiatu, kulturgintzak kontsumo-aroa gainditu eta urte osoan hura dastatu eta biziarazteko prest dauden euskaldunak behar baititu. Etxetik plazara.
Azken hilabeteotan euskalgintzak jaso dituen erasoek kemen handiagoa eman behar digute aurrera jarraitzeko. Etengabeko lana aldarrikapenik indartsuena delakoan gaude. Lan horren emaitza Irunberrin ere islatu zen. Han, urrian, ezin izan genuen gure aldarria plazaratu. Baina konformismoa eta inertzia eguraldi petrala baino arriskutsuagoak izan daitezke. Arangoiti ikastolari eskaintzen ahal diogun hoberena, laguntza ekonomikoaz gain, gure buruarekiko konpromisoa da: izan nahi dugun bezala bizitzea, barrutik zein kanpotik.
Izan ere, ez gara ordukako euskaldunak izango eta ez dugu etxeratze deiak obeditzeko asmorik. Goazen plazara!



ZENBAT BURU… Ane Albisu

Ane Albisu donostiarra hamalau urterekin sartu zen Donostiako Antigua auzoko Jakintza dantzari taldean. Jantziaren alorrean aritu zen lanean eta beranduago, 1978an, ARGIA taldeko partaide bilakatu zen. Talde honetan dantzarien eta musikarien sailean aritzeaz gain, zuzendaritzan ere ibilia da. Ikerketa arloan hainbat proiektutan parte hartu eta gero, 1985ean IKERFOLK, folklorea lantzen duen elkarteko sortzaileetako bat izan zen. Jantzi saileko arduraduna da bertan eta gurekin solasteko aukera izan du egiten duten lanaren berri emateko.

Ikerfolk elkarteko partaide zaitugu. Folklore munduan dabilen jendeak ederki ezagutuko zaituzte, baina giro horretatik horren hurbil ez dauden lagunei nola azalduko zenieke zuek egiten duzuen lana?
Gure lanaren funtsa bildu eta zabaltzea da. Folkloreari dagozkion esparru guztiak hartzen saiatzen gara, bilketa lana egin, aztertu eta ikastaro, hitzaldi, argitalpen, erakusketa eta aholkularitza lanaren bidez zabaltzen dugu.

Argia dantza taldetik sortutako elkartea da Ikerfolk, zer dela eta eman zenuten urrats berri hori?
Folklorearen inguruan lan egiteak beste euskarri bat eskatzen zigulako. Dantza taldearen bidez lan zehatza egiten genuen, baina ikerketa bideratzeko beste erakunde mota bat behar da. Munduko beste zenbait tokitan ez bezala, hemen Folkloreak ez du ohiko ikasketetan eta are gutxiago Unibertsitatean apenas tokirik. Maila horretan lan egiteak dantza taldeari eskaintzen genizkion orduetatik kanpoko ordutegia eskatzen zigun.

Egiten dituzuen ikerketa lanak jendartera helarazteko zer bide erabiltzen dituzue? Euskal Herritik kanpo ere aritzen al zarete?
Lehen esan bezala, ikastaroak antolatzen ditugu. Gure ustez, gainera, oso garrantzitsua da bertakoa azaltzeaz gain, kanpokoaren berri ematea. Beraz, askotan bertako dantza eta doinuei buruzkoak eta kanpokoak oinarri dituztenak ere antolatzen ditugu. Gaur egun esparru honetan gure lanik ezagunena Dantza Ganbara deritzona izango litzateke. Bestalde, argitalpenak ere egiten ditugu: Pas de Basque berripapera eta Gira Galdua aldizkari monografikoa. Udazkenean Folk deritzon jaialdia antolatzen dugu. Aholkularitza lana egiten dugu, hitzaldiak ematen ditugu…

Ikerketa lanez gain edota ikerketa horien fruituetako bat Ikerfolk barrenean dagoen Atondu euskal jantzien saila dago. Zer lan egiten duzu sail horren barrenean?
Atondu sailak jantziei dagokien esparru hartzen du. Jantziei buruzko informazioa zabaltzen dugu hitzaldi eta aholkularitzaren bidez, jantziak diseinatzen ditugu, hitzaldiak ematen ditugu…

Harremanik al duzue molde bereko bertze herrialde bateko elkarteren batekin?
Bai, gainera herri askotan folklorearen ikerketa beste maila batean dagoenez, erakunde eta ikertzaile apartak dituzte.

Nola ikusten duzue egun euskal folklorearen panorama?
Adierazi dut ez dagoela beste zenbait gairen mailan eta honelako erakundeen bidez landu eta zabaldu beharrean aurkitzen garela. Plangintza zabala egin beharra legoke. Agintea dutenek, ordea, erantzukizuna dute eta behar duen garrantzia ematen ez diotenez, nik esango nuke, oraindik ere Etxeparek 1545ean Euskarari buruz zioena: “estimatze gutitan” dagoela eta “ohoria orotan” beharko lukeela, gure herri jakintza baita!.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude