Karrika 72. 2003ko iraila

Mintzoaren Lurraldeko hankabikoak

Bidaiaria eguzkiaren lehen argi printzekin esnatu da. Udazkeneko goiz honetan gosaltzen ari den bitartean, orain arte bizitakoaren inguruan hasi da hausnartzen: bai, ez dago dudarik. Euskara apaingarri hutsa zen etxezulotik atera eta Mintzoaren Lurraldea zeharkatzea erabaki zuenetik beste era batez ikusten du bere burua. Sentsazio bitxia da, bera eta bere ingurua batzen hasiko balira bezala. Hartara, ez dago denbora galtzerik: ezagutu gabeko eremua hain zabala da, ezen gaur ere bizkor abiatu beharra baitago.
Lehengoan, Esamoldeen errekako urak dastatu zituen; azken egunotan, Euskalkien baso abartsuan bizi diren lagunen hitzez jantzi da eta gaurtik aurrera Erregistroen mendizerran barna ibiltzea erabaki du. Toki beretik mila aldiz ibilita ere, alderdi berriak agertzen zaizkio etengabe. Eta horrenbeste dira oraindik begiztatu ez dituen lekuak! Bidaideak, ipuruak, klinklonak, sahatstxoriak… Den-dena mintzo da. Sekula ez zuen pentsatu horrenbeste gauza miresgarri aurkituko zituenik.
Hara! Ogitartekoa eskuetan daramala, hor dator turista xelebre horietako bat, ohiko itxura nekatuarekin eta beroaz kexu. Gertatzen dena gertatzen dela, bidaiariak beti begirunez agurtzen ditu turistak.
-Egun on! Hau bai goiz ederra, ezta?
Airera mintzatzea bezala izan da oraingoan, ez baitu erantzunik jaso (aurikularrak, agian?). Turista, beste ezeri erreparatu gabe, behin ere ez da seinalatutako ibilbidetik desbideratzen, zer gerta ere. Zuhaitzen bestaldeko bideak nekagarriagoak izan litezkeelakoan dago.
Dirudienez, turistak berehala bueltatzen dira sortu ziren lekura eta sutondo-txokoan Hizkuntzaren Lurraldea ezagutu dutela esaten omen dute. Behar izanez gero harro erakusten dute froga: argazki bilduma, batzuetan Tengoelega harkaitz sakratuaren tontorretik hartutako irudi lausotua eta guzti.
Zahatotik zurrut batzuk edan ondoren, bidaiariak aurrera jarraitzen du, aurkitzen dituen itxura, usain, kolore eta soinu berriekin bat eginez. Ondarea maitekiro zaintzeko esaten zioten beti eta Mintzoaren Lurraldean modu berean jokatuko du, bizileku bilakatu zaiolako. Hitzekoa da eta hitzari eutsiko dio.



ZENBAT BURU… Hiart Leitza

Egun Iruñeko Skalariak taldean abestu eta teklatuak jotzen ditu, baina garai batean Ortzi folk musika taldean aritu zen. Etxarri-Aranazko Andra Mari Ikastolak 1996an antolatutako Nafarroa Oinezeko koordinatzailea izan zen eta orduz geroztik hainbat aldizkari eta irratitan aritu da. Euskalerria Irratiko esataria da orain eta hilabete hauetan Skalariak taldearen laugarren lana, “Radio Ghetto”, han eta hemen aurkezten ari da gainontzeko taldekideekin batera.

Skalariak taldeak bere laugarren lana karrikaratu zuen iragan maiatzean “Radio Ghetto” izenburupean. Orain arte eginiko lan guztien atzean filosofia antzeko zerbait azaldu nahi izan duzue eta ekimen bereziak bideratu dituzue. Oraingoan, esaterako, interneten bidez ematen den irratsaio bat prestatu duzue, euskaraz eta erdaraz, taldearen inguruko informazioa azaltzeko.

Hori da, Radio Ghetto diskoaren esanahia indartzeko asmoz, benetako irrati bat egitea pentsatu genuen, eta esan eta egin. Internet bidez emititzen duen musika-irratia da eta 24 orduz dago martxan. www.radioghetto.com helbidean entzun ahal izanen duzue. Horretaz gain, saio bereziak egiten ditugu. Saio berezi horien artean hiru ditugu: zuzeneko kontzertuen emankizuna, egunero 20:00etatik 21:00etara taldekideen saio propioak eta, azkenik, zuk aipatutako ekimen bereziak ditugu, “Ghetto Directo” izeneko magazinak, non bai euskaraz bai erdaraz taldeari buruzko informazioa eta beste hainbat gauza azaltzen ditugun. Esan beharra da orain, udan, saio bereziak alde batera utzi ditugula, baina urritik aurrera berriro ere lanari ekinen diogula.

Urtetik urtera euskararen presentzia areagotu duzue zuen diskoetan eta horrekin batera bertze hizkuntza batzuk ere bai, hala nola katalana, errusiera, italiarra, e.a.
Herrialde, kultura, ohitura, kolore eta hizkuntzen arteko nahasketa eta integrazioaren alde dago Skalariak. Jakina, hemengoa, Euskal Herrikoa, ahaztu gabe, uste dugu ezinbestekoa dela herrialdeen arteko elkartasuna. Horren adibide izan daiteke agian horrenbeste hizkuntza agertzearen zergatia. Dena den, atzerrian egindako kontzertuen ondorio ere bada hori. Euskal Herritik kanpo egin ditugun lagunei eskerrak emateko modu bat.

Zaila da Euskal Herriko musika multzo bakarrean sartzea estilo oso ezberdinak jorratzen direlako, baina, zure irudikoz, nolakoa da Euskal Herriko musika taldeen egoera egun?
Beste tokietan bezala, Euskal Herriko musikarien joera kexaka ibiltzea da, baina esan beharra da, ene irudikoz, musika maila, diferentziaz, askoz altuagoa dela Euskal Herrian kanpoan baino. Hori ez da kasualitatez gertatu, uste dut fenomeno baten ondorio izan dela, 80ko hamarkadan izan zen euskal rock musikarena hain zuzen. Eta Euskal Herrian betidanik izan den musika-tradizioa gehitu behar diogu horri. Egia da azken urteetan akaso zertxobait jaitsi dela, baina Espainiako estatuarekin alderatuz maila askoz ere altuagoa da, bai ekoizpen agentziei bai musikariei eta taldeei dagokienez, nola soinu eta argi ekipoetan eta estudioetan zein teknikari eta abarrei buruz… Dena den, rock musikaz mintzatu naiz lerro hauetan, gainontzeko estiloek beste analisi bat beharko lukete… baina orokorrean musikaren egoera ona dela esan genezake. Hori bai, zertxobait behar dugu musikariok mailak bere horretan jarrai dezan: publiko gehixeago eta jendea etxetik atera dadin.

Fermin Muguruza kantaria zenbait herrialdetan bertako musika babesteko izaten diren irratiko kuoten aldekoa agertu izan da. Zer deritzozue?
Ongi iruditzen zait eta horren alde egin behar dugula uste dut. Guk egin dezakeguna… hori aldarrikatu, baina badakizu… erabakia beste batzuen esku dago, politikarien esku hain zuzen. Euskadi Gazteari azkenaldian hori aurpegiratu zaio: kanpoko artisten presentzia handiagoa dela Euskal Herrikoena baino. Ez dakit, baina… susmoa dut entzuleek ere eskertuko luketela hemengo musika entzunen balute.

Zuen lan berria hainbat tokitan aurkezten ari zarete. Zer moduz doakizue? DVD bat prestatzen ari zarete, ezta? Berritasun gehiagorik?
Orain artean primeran doa gauza. Uda guztian alde batetik bestera gabiltza, batez ere Euskal Herria, Katalunia, Frantzia eta Espainian. Zuk esan bezala, DVD bat prest izanen dugu irailerako eta urritik aurrera www.radioghetto.com irratsaioekin jarraitzeko asmoa dugu. Ondoren, azaroan, aurkezpenak eginen ditugu areto itxietan eta abenduan Suitza eta Alemaniara abiatuko gara.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude