Karrika 7. 1997ko urria

Oinez egunero


Urtero bezala heldu da, berriz ere, Nafarroa Oinez; aurten Tafallan bertako ikastolaren alde. Berriz ere jende andana bilduko da Euskal Herri osotik etorria. Harrigarria suertatzen da halako mobilizazio gaitza, gisa horretarako helburu batekin; eta urtero da gertatzen, mintzoak normalizazio-plan baten eskasiaren seinale.
Egia erranik toki gutxitan ikusten ahal dira halako festa-behar-nahiak bultzaturiko bilguneak, eguneroko zatiketen gainetik, eta harrigarriak dira arrunt. Beraz han izanen da KARRIKIRI gure sostengu eta hatsa eman beharrez. Har ezazu ba, hemen beretik, gure gonbidapena bertara joateko, edota zure laguntza emateko.
Diruaren aldetik tamalgarria da hola ibiltzea ikastetxe bat mantentzeko eta irauteko; baina bertze aldetik pozgarriak dirá gisa honetako festak, bakarrik ez gaudela sentitzeko, indarra hartuz eguneroko jarduerara itzultzeko.
Arestian aipatu “eguneroko” hitza da, hala ere, ahaztu behar ez dena. Euskaraz bizi nahi izateak eguneroko jarduera eskatzen baitigu, batzuetan gutxi, bertzetan gehiago; beti ere mota desberdinetakoa, garaian garaikoa. Eta hauxe da KARRIKIRIn dugun erronka: Euskararen aldeko festa handiak bai, baina eguneroko lanak ere bai. Ahaztu gabe Herri mailan hizkuntzak dituen gutxieneko beharrak eta eskubideak, gaur egun oraindik umezurtz.
KARRIKIRIk ez du festa erraldoirik antolatuko, baina badu irauteko asmorik; bere jarduera ez da arras ikusgarria izanen, baina hor egonen da egunerokoan: lan poltsan, zerbitzuetan, informazioan… Bada gero eta jende gehiago honen lekuko eta espero dezagun gehiago izatea etorkizunean KARRIKIRI desagertu arte, bere helburuak bete direlako.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude