Karrika 61. 2002ko iraila

Esnatzeko tenorean

Uda partean badirudi gizartea lozorro gozo batean sartzen dela. Ez da, ez, garai onena errealitatea eraldatu eta kontzientziak astintzen ibiltzeko: suposatu ohi da udako hilabeteek atsedena dakartela eta beraz fisikoki eta mentalki egunerokotasun zitaletik ihes egiteko aukerez goza-tzea egokitzen zaigula.
Gizaki askok izaten duten udako hibernazio bitxi hau urte osoan zehar luzatzen da, ordea. Hala, euskaldunen artean ere nortasun logalearen zantzuak ikus daitezke: denboraldi batez “euskara” izeneko jakia irensten joan diren euskaldunez ari gara. eta asebeteta gaudela uste dugunean erabakitzen dugu nahikoa dela eta “gantz” ho-rrekin luzaroan bizi daitekeela ezertxo ere egin gabe, har-tzen moduan. Hartzak gantza galtzen duenean janari bila hasi behar du berriz. Baina euskaldun orojalearen oina-rrizko jakia euskara ez denez, lozorrotik ateratzeko beharrik ez duela uste du.
Bada, esnatzeko tenorea heldu zaigu guztioi. Euskara ez baita gure nortasunean itsatsita daukagun apaingarri soil bat. Hizkuntza egunero biziarazten gaituen bidaidea da, gure izaerarekin nahaste-raino iristen dena. Baina zer nolako bizitza du aukera dagoenean euskaraz egiteari uko egiten dion euskaldunak? Zertan ari gara gure artean ere adierazgarritasun kontuengatik erdarara jotzen dugunean?
Euskaldungoak hamaika aldiz frogatu du bere ahalmena garatzeko gaitasuna duela, eta inguruan bide malkartsu lo-eragileak ikusi ditugunean ere gure ibilbide eta ibilera propioak ireki eta eratzen jakin izan dugu. Euskarak bizirik dirau gurean, euskaldunok bizi garen seinale. Baina bizitzak pasioa eta gogoa behar ditu, benetakoa izan dadin.
Esnatzea gure buruekiko konpromisoa hartzea da: euskaraz bizi ahal dugu, euskaraz bizi nahi dugu. Euskaraz ametsa ez da loarekin nahasten. Ametsak asmatzea, utopiak topatu eta gauzatzea, hau da gure jarduna. Ahala ere gurea da.



ZENBAT BURU… Asier Azpilikueta

Duela urtebete inguru Nafarroako Gobernuak euskal hedabideei emaniko diru laguntzetatik at gelditu zen Nafarkaria, Egunkariak Foru lurralderako bereziki prestatu eta ortziralero karrikaratu den gehigarria. Hala eta guztiz ere, Egunkariak eta irakurleek eginiko esfortzuari esker aurrera jarraitu du 1991n bere lehenengo urratsak eman zituen proiektu mamitsu honek. Berriki, ordea, argitaratzeari utzi zaio zama ekonomikoa handiegia zelako. Asier Azpilikueta Nafarkariako koordinatzailearekin solastu gara gertatutakoaz.

Uztailaren bukaeran Nafarkaria, ortziraleko gehigarria argitaratzeari utzi diozue. Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik ez du eman eta horixe izan omen da arrazoi nagusia. Zer gertatu da?
Nafarkaria 1991ko abenduaren 6an sortu zen, Nafarroako Gobernua banatzen hasi zen diru laguntzen arrimura. Hori ez dugu inoiz ezkutatu. Bederatzi urtez jaso zuen Egunkariak diru laguntza hori Nafarkaria argitaratzeagatik. Are gehiago, diru laguntzarik handiena jasotzen zuen hedabidea zen Egunkaria, Nafarkaria bezalako produktu bati zegokiona, hain zuzen ere. Baina, iaz, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Egunkariak ez zuela merezi diru gehiago jasotzea eta pare bat aldaketa egin zituen diru laguntzen deialdian. Lehen aldaketak ezartzen zuen diru laguntza jasoko zuenak Nafarroan izan behar zuela egoitza soziala –Egunkariak Andoainen du, Gipuzkoan-. Bigarren aldaketak deialditik kanpo uzten zuen euskarazko eguneroko prentsa, hau da, Egunkaria.
Iazko Nafarkaria guztiak diru laguntzarik gabe karrikaratu zituen Egunkariak, baita aurtengoak ere. Baina zulo ekonomikoa handiegia zenez, Nafarkaria gehiago ez ateratzea erabaki zuen Egunkariak.

Zu izan zara gehigarri honetako azken txanpan koordinazio lanetan aritu zarena, zer balorazio egiten duzu eginiko lanaz?
Nafarkariaren lehen arduraduna Alberto Barandiaran izan zen; ondoren, Edurne Elizondo egon zen; geroago, Irene Arrizurieta; eta azken hiru urteetan, ni neu. Hau da, Egunkariaren Iruñeko ordezkaritzan lan egiten duten kazetari guziak pasatu dira Nafarkariatik. Eta trebaleku ederra izan da, baita ardura zoraga-rria ere. Baina Nafarkaria Asier Azpilikuetak gozatu duen zerbait baino gehiago izan da. Nafarroako euskal idazleen, kazetarien, hitz-juntatzaileen eta iruzkigileen tranpolina izan da Nafarkaria. Anitz dira ostiraleko gure zortzi orrialdeetatik pasatu direnak. Horiek guziek beste nonbaiten bildu beharko dute aurrerantzean.

Iaz jakin zen Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik ez zuela emanen, baina hala eta guztiz ere gehigarriak karrikan jarraitu du hainbat hilabetez. Azkenean, ordea, ezinezkoa izan da aurrera jarraitzea…
Euskara hedabideetan sustatzeko diru laguntzen aurtengo deialdia oraindik ez da atera (abuztuaren erdialdean dago idatzita hau). Nafarroako Gobernukoak ezagututa, ordea, bagenekien aurten ere ez genuela dirurik jasoko. Izan ere, egoitza sozialarena aldatzen ahal zen. Baina bestea ez: deialdian “euskarazko eguneroko prentsa” esaldiak agertu behar du; eta ez bada agertzen, Egunkariak ez du batere aukerarik. Gauzak horrela, eta iazko hamabi hilabeteetan eta aurtengo zazpietan Nafarkaria atera eta gero, zama handiegia zen honekin segitzeko.

Diru laguntzez gain, akaso irakurle gehiago izatea ere beha-rrezkoa da horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko?
Argi eta garbi erran dezagun: euskarazko hedabideak defizitarioak dira eta erakunde publikoen diru laguntzak behar dituzte. Nafarkaria ez zen salbuespena. Are gehiago, diru laguntza zehatz baten gerizpean sortu zen; eta diru laguntza hori desagertu zelarik, desagertu zen Nafarkaria. Nafarroak ematen ahal dituen baino anitzez irakurle euskaldun gehiago beharko lirateke diru laguntzarik gabe eusteko. Jakina, oraindik badira euskaldun asko euskarazko prentsa zer demontre den ez dakitenak. Baina horiek guziak bilduta ere, nekez eutsiko ziokeen Nafarkariak.

Azkeneko alean Martxelo Otamendik berak aipatzen zuen Nafarroa ez zela inolaz ere bazterrean geldituko. Ekimen berriren bat martxan jartzeko asmorik al dago? Nafarkaria berreskuratzeko itxaropenik?
Lehenbiziko galderari Egunkariak erantzun beharko lioke. Nik dakidala, ez dago epe motzerako ekimen zehatzik. Dena den, ez dut uste Egunkariak Nafarroa “umezurtz” uzteko asmorik duenik.
Bigarren galdera erantzutea zailagoa da. Nafarroako Gobernuaren oraingo bidea inoiz aldatuko den itxaropena dago? Euskal Herriko egoera politikoa inoiz aldatuko den itxaropena dago? Itxaropena bada galtzen den azkenengoa, itxaropena egon badago, baina… ufa… aski ongi ezkutatu da. Akaso, beste zer edo zer sortuko da. Baina nik uste dut Egunkariak ezin duela bakarrik zama hori bere gain hartu, beste batzuen laguntza beharko du.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude