Karrika 60. 2002ko uztaila

Aisia? euskaraz aise!

Gaur egun lanean ez gaudenean ere lanpetuta gaudela ematen du: etengabe ari gara gauzak egiten. Batzuetan gure prestakuntza hobetzen saiatzen gara, beste batzuetan senideekin edota lagunekin egoten gara gure asialdiari ahalik eta zuku gehien ateratzen… Oporretan ere gure bizitza jarduerez josita egon ohi da, eta helburu argirik gabeko ekintzen zurrunbiloan erortzen gara maiz.
Hau egiaren zati bat bakarrik adierazten duen irudi bat da, denok ez baikara baldintza berberetan bizi: jende askok ez du denbora libre handirik izaten, edo izanda ere ezin dute beraiek nahiko luketen bezala erabili, eta badira langabezian daudenak ere. Edozein kasutan begi bistan dagoena da gure denbora libreari atarramendu hoberena atera nahi diogula eta aisialdia bizitzeko aukerak gero eta ugariagoak direla.
Aukerak izan badira, baina aisialdian bizi dugun hizkuntza, gure aukera al da?
Euskaldun askok erdara erabiltzen dute momentu horietako askotan, euskaraz dauden eskaintzak urriagoak direlakoan edo. Hala pentsatzen duena oso zuzen ez dabil, ordea, egun euskaraz egin daitezkeen jarduerak inoiz baino gehiago direlako, eta Karrika honetan bertan adibide ugari aurkituko duzue
Euskarara jotzeak ez du esan nahi gure aisialdia baldintzatuta geratzen denik. Alderantziz gertatzen da, aisia euskaraz gozatzeak esperientzia kilikagarrietan murgiltzea dakarrelako berarekin: lagun berriak egiteko aukera, ohiko jarduerak bestelako ikuspegietatik bizitzea, hizkuntz trebetasunak garatzeko ahalmena martxan jartzea… Euskara eta euskaraz gozatzea, hau bai dela helburu ederra! Ohiturarik ez dutenentzat, euskaraz aritzea ate eta leiho berriak irekitzea bezala da.
Euskaraz bizi nahi dugun guztiok aisialdia zurekin disfrutatzeko irrikitan gaude, plazerak eta adiskidetasun goxoak euskaraz ere jarduten dutelako. Horrexegatik, gogoratu orain eta urte osoan zehar ere lagun euskaldunak aurkituko dituzula gure elkartean. Betiere aukerarik hoberena pertsonak baitira.
Nahi duzunean elkar ikusiko dugulakoan, izan oso-oso ongi uda honetan!



ZENBAT BURU… Tony Grady

“Euskara ezin da folklore maila batean gelditu, erabiltzen ez badugu museo bateko erlikia bilakatuko da

 Eskoziako eta Irlandako jatorria du Tony Gradyk, baina sortzez Eskozia ondoan dagoen Ingalaterrako Newcastle hirikoa dugu, Sting kantari ezagun bera edota Pet Shop Boys taldeko abeslaria jaio zireneko hiria. Duela 13 urte pasatxo Iruñera etorri zen haize berriak ezagutu eta lan ezberdin bat aurkitzeko asmoz eta Mikel Laboa eta bertze euskal kantarien doinuekin liluratuta euskara ikastea erabaki zuen. Ingeleseko irakasle lanetan aritu da orduz geroztik, baina ez du bazterrean utzi txikitatik datorkion zaletasun kutuna: pintura. Hainbat erakusketa egin ditu han eta hemen.

Zer dela eta etorri zinen Iruñera, ezagutzen al zenuen hiria?
Egia esan, ez nuen Iruñea ezagutzen, baina Londresen bizitzen ari nintzelarik bertan Euskal Herriko altzairu enpresa baterako lan egiten zuen Bilboko neska bat ezagutzeko parada izan nuen. Bulego txikia zuten eta noizean behin Iruñea edo Nafarroako bertze tokiren batekoa zen bere nagusia joaten zitzaion bisitan. Garai horretan estatu espainiarrera etortzeko gogoa sortu zitzaidan eta Londresen hainbat urtez bizi ondoren, hiri txikiago batera joatea pentsatu nuen. Nafarroako lagun honek lana aurkituz gero Iruñea etortzea gomendatu zidan eta hementxe nabil duela 13 urte.

Hiri ezezaguna eta bi hizkuntza berri, nola moldatu zinen hasieran?
Gogoan dut etorri nintzen urtean, 89an edo, gauza asko gertatu zela mundu mailan, Berlingo harresia bota zuten esaterako eta hemen ere errealitate berri bat ezagutzeko aukera izan nuen. Kale istiluak ikusten ziren nonahi, polizia toki guztietan, kaleko margoak…neretzako oso txundigarria izan zen hori guztia. Ez nekien zer demontre gertatzen zen.
Hizkuntzei dagokienez, espainera zertxobait banekien -eskolan ikasitakoa-, baina euskara existitzen zenik ere ez nekien. Euskal musika entzuten hasi nintzen, Mikel Laboa, Kortatu, Hertzaina edota Ruper Ordorika bertze batzuen artean eta horien doinuekin liluratuta, kantetan zer adierazten zen jakinminez, euskara ikasi behar nuela agindu nion nere buruari. Iruñera heldu eta 6 urtetara Hizkuntza Eskolara joan nintzen, baina bertan erabiltzen zen irakasteko modua oso gustokoa ez nuenez, urtebete beranduago edo Arturo Campion euskaltegira joan nintzen eta hiru ikasturte eman nituen 7. urratseraino iritsi nintzelarik. Gero utzi egin nuen, baina gaur egun euskal hedabideak jarraitzen saiatzen naiz eta orain 4 urteko alabarekin praktikatzeko aukera izanen dut.

Baten bat harrituta geldituko zaizu euskara ikasi eta hitz egiteko gai zarela ikusten duenean…
Amari, esaterako, normala iruditzen zaio eta harro dago bere alabak hiru hizkuntza hitz eginen dituela ikusten duenean eta niri ere guztiz normala iruditzen zait herrialde berri batera joaten naizenean bertako hizkuntzak ezagutzeko ahalegina egitea. Geroz eta haur gehiagok ikasten du D ereduan eta haientzako oso erraza da hizkuntza ezberdinak ikastea, beti ere modu egokian irakatsita.
Nire ustez egia da zenbait lagunek hizkuntzaren inguruan eginiko aipamena, alegia hizkuntza herri baten bihotza edo arnasa dela. Herri honen errealitatea behar bezala ezagutzeko ez dut uste espainerarekin aski dela, euskara ezagutu gabe gauza asko gelditzen baitira bidean.

Nola ikusten duzu euskararen egoera?
Politikarekin nahiko nahastua dagoela uste dut. Nafarroako Gobernua beldur da eta oso jarrera “kosmetikoa” hartzen du; alde batetik diru laguntzak ematen ditu, baina bertzetik hainbat neurri hartzen ditu hizkuntzaren garapenari kalte egiten diotenak. Ez dut ulertzen. Euskara ikastoletan irakastea ongi iruditzen zaie, baina karrikara ateratzea ez zaie hain ongi iruditzen. Euskara ezin da folklore maila batean gelditu, zenbait pertsonari gustatuko litzaiekeen moduan, erabiltzeko tresna da eta horrela egiten ez badugu museo bateko erlikia bilakatuko da. Horrela bada, edozein hizkuntzarekin gertatzen den moduan berritzen joan beharko du eta denbora berrietara egokitu.

Artea da zure aspaldiko bertze afizio maitea
Bai eta dagoeneko zenbait erakusketa egin izan ditut Nafarroan barna. Joseba Sarrionandiaren “Narrazioak” liburuarekin muntai bat prestatu nuen, artea egiten nuen bitartean euskara ikasteko aukera izan nuelarik, eta berriki Picassoren “Gernika” lanarekin instalazio bereziak prestatu ditut teknika ezberdinak erabiliz. Baten batek nere lanaren berri jakin nahiko balu www.tgrady.freeservers.com webgunera sar liteke.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude