Karrika 6. 1997ko iraila

Oporretatik bueltan


Atsedenaldia iraganik hemen gaude, berriz ere,lanari ekiteko prest.
Gure aitzinean daukagun ikasturtea garrantzi handikoa izanen da KARRIKIRIrendako, hasitako bideetan sakontzeko eta bide berriak sortzeko.
Lehenbizikoen artean, eta berri gisa,dezagun erran (eta oso fierki gainera) Lan Burtsa fruituak ematen hasia dela; aldiko lanez gain,dagoeneko baten batek konta
dezake lan-kontratu fínkoa lortu duela KARRIKIRIri esker,eta gaur egun ez da gauza gutxi. Sail honek segida izanen du, dudarik gabe, baldin eta zuek parte hartzen baduzue lanak eskaintzen (euskaldunei noski) eta lan bila etorriz guregana.
Eta, lan burtsan bezala, gainerako ekitaldiak aurrera eramateko zuen parte hartzea behar-beharrezkoa da, KARRIKIRI biziko bada; erran nahi baita gure Euskaraz bizitzeko nahia egiazkoa bada, nahi hori bideratzen ahaleginak eskatzen dizkigu denei, modu batean edo bestean eta ez bakarrik errebindikazioen garaian, eguneroko bizitzan baizik; hauxe KARRIKIRIren helburua.
Gure berri zehatzagoak izanen dituzu emeki-emeki, baina jakin ezazu gure egitasmoen artean garrantzizkoena KARRIKIRI finkatzea dela une honetan, eta horretarako beharrezko izanen diren bilera ireki guziak antolatuko ditugu; asmo berarekin ere Euskalerria irratian saio bat martxan jartzekotan gaude hizkuntzaren normalizazioari buruz, beraz KARRIKIRIren helburu eta egitasmoaz.
Azkenik, baina ez bukatzeko hasteko baizik, bazkide kanpaina abian izanen da. Aise ulertuko duzun bezala, hazten ez bagara gure ideia, asmo, ekitaldi eta lan guztiak alferrikakoak suertatuko lirateke segurki.
Beraz, adi. Izanen duzu gure berri, nahi baduzu.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude