Karrika 59. 2002ko ekaina

Karrika gurea da

Hizkuntza bat normalizatzeko eta berreskuratzeko Txepetxen teoriako hiru axiometatik batek honela dio: Estatu baten menpean kokatutako hizkuntza komunitate gutxiagotu bat ezin da, besterik gabe, estatuaren ekimenaren zain egon (nahiz eta estatuan gobernu edo erregimen aldaketa gertatu) honek egoera konponduko duelakoan, zeren konponbidea, komunitatea bera trinkotzetik etorriko baita. Labur esanda, eta gure kasuan, euskaldunok ez badugu lan hau egiten, inork ez digu egingo.
Trinkotze lan hau bizitzaren esparru ezberdinetan kokatzen da. Txepetxek, hizkuntzaren funtzioez hitz egiten duenean, besteak beste oinarrizko bost esparru hauek aipatzen ditu: identitate funtzioa, funtzio familiarra-afektiboa, funtzio profesionala, funtzio lokala eta funtzio nazionala. Guk, funtzio horiek oinarritzat hartzen ditugu, hizkuntzak bere funtzioa bizitzaren esparru guztietan gauzaten baitu.
Bizitzaren lehen esparrua, gutako bakoitzaren identitatea kokatzen den geure intimitatea da. Hortik hasi behar dugu eraikitzen pertsona aske, koherente eta heldua, ardura eta erantzukizunei aurre egiteko gauza izango dena. Indarra bere baitan sortu eta bere nortasunaren gunea eraikitzen jakingo duen gizakia.
Afektibitateari dagokiona da bigarren esparrua. Kasu batzuetan familia bidez eta besteetan beste bide batzuetatik bidera daitekeena. Kasu guztietan heldutasunez, irekitasunez eta maitasunez jokatzera eramango gaituena.
Guk, lehen aipaturiko bost esparruak, Euskararen herritik abiatuta eraiki nahi ditugu eta modu berean euren bizitzako esparruak eraiki nahian ari diren herri guztiekin topo egin nahi dugu, aniztasunean eta dibertsitatean bai, baina berdintasunean oinarrituz elkarlanean eraiki nahi dugun mundua.
Zaldiko Maldiko eta Karrikiri elkarteek identitate eta afektibitate esparruetan urratsak emateko ekimen berri bat jarri dugu martxan. Elkarlanaren fruitu hau “Karrika geurea da” izenarekin batailatu dugu eta zuen parte hartzea ere funtsezkoa izanen da: ekainaren 22an, goazen denok karrikara!



ZENBAT BURU… Paul Nicholson  

Kutsu guztiz anglosaxoiko izena duen arren, 5 urte zituenetik Bizkaian bizi da Paul Nicholson. Lurralde horretako EHNE nekazarien sindikatuko presidentea izan zen 1984tik 1987ra eta 1990etik EHNEko liberatua da. Via Campesina, nazioarteko nekazari mugimenduaren sorrera eta garapena bultzatu zituen eta gaur egun mugimendu horren Europako ordezkaria da. Berriki Palestinan ibilia da bertako baserritarren egoera ezagutzeko eta Arafaten egoitzan hilabete inguru eman du giza ezkutu gisa.

EHNEko eta Via Campesinako ordezkari gisa joan zinen Palestinara, ezta?
Bai, halaxe da. Via Campesina baserritarren mugimendu internazional bat da, nekazaritza ereduen defentsan lan egiten duena. Bertan organizaziño ugari bilduta gagoz eta gure ardatz nagusia solidaridadia, gure arteko elkartasuna da. Egin izan doguz beste delegaziño batzuk Kolonbiara, Boliviara, Brasilera eta Indiara. Porto Alegreko bileran erabakia hartu genduan delegaziño bat Palestinara bidaltzeko, hango baserritarren elkarteak ezagutu eta euren arazoak zeintzuk ziren hurbiletik ikusteko.

Lurra lantzen duenarena dela erraten du esaera zahar batek, baina Palestinan ikusi ahal izan duzuenarengatik horrelakorik ez dela gertatzen konprobatu ahal izan duzue.
Palestinan momentu honetan, baserritarrentzat ezezik, gainerako bizilagunentzat be oso gai garrantzitsua da lurrarena, ardatz nagusia une honetan Palestinaren identitatea bizirik mantentzeko. Israeldarrak Palestinarrak haien lurraldeetatik kanporatzen ari dira; azkeneko urte bietan 500.000 arbola -olibondoak eta almendrondoak- arrankau dabez eta ez dabe uzten baserritarrei euren lurrak lantzen, ezta horietatik sortzen dabezen fruituak batzen. Horrek guztiak krisi egoera bat sortu du eta testigantza hori jasotzeko asmoz joan ginen gu hara.

Egoera latz honen aurrean -hainbat lagunek genozidio hitza erabili dute-, giza mugimenduen papera oso garrantzitsua izan dela erran duzu…

Militarrak Palestinara tankeekin sartu zirenean gu betetzera joan ginen papera guztiz aldatu zen. Momentu horretan gure zeregina ez zen testigantza hartzea soilik, begirale izatetik mugimendu sozialaren papera betetzera pasa ginian, modu kontziente batean eta gure borondatez.
Ejerzitoa ospitalera sartu zenean eta, batik bat, guk Arafaten egoitzara sartzea lortu gendunean mugimendu sozial gisa ari ginen. Argi dago gobernuek, nazioarteko instituziñoek eta partidu politikoek ez dabela parte hartu eta gu izan garela lehenengo momentutik Arafat salbatu eta Palestinarren itxaropena neurri batean mantendu dugunak. Gizartearen presentzia eta elkartasun politiko mundiala agerian gelditu da.

Hainbat herrialdetako jendea bildu zineten han, ideologia eta hizkuntza ezberdinekoa, baina, halere, talde trinko bat egitea lortu zenuten eta ejerzitoari aurre eginik, Arafaten egoitzara iritsi eta bertan babes ederra eskaini zenioten.
40 lagun inguru bildu ginen, gure artean oso ezberdinak eta ezezagunak. Denborak aurrera egin ahala, apurka-apurka adostasun bat lortu genduan, batasun bat. Ez zen erreza izan, baina gerora balio handikoa bilakatu zen. Metodologia bat onartu genduan (zelan erabakiak hartu, ezberdintasunak zelan ezagutu eta adostasuna zelan lortu). Neretzako pertsonalki prozesu interesgarrienetakoa izan zen hura. Oso presente izan genduan beti mugimendu soziala ginela eta erabakiak kolektiboak izan behar ebela, sekula bez indibidualak.

Arafat duela zenbait egun aske utzi zuten, baina gauzak ez dira sobera aldatu. Nola dago momentu honetan hango egoera?
Gauzak ez daude batere ondo Palestinan. Bake prozesuan parte hartzen ari den zati batek, gobernu israeldarrak, ez du Palestinarren subiranotasunean sinisten eta ez dabe eskubide hori gura emon. Horrek esan nahi dau aurrerantzean ere estrategia militarrak jarraituko dabela eta hori bistan da tankeak oraindik ere hortxe dagozelako. Eta horrela ez dago ezer egitekorik.
Halere, bada kontuan hartzeko gai bat. Orain dela astebete mila bakezalek manifestazioa egin eben Tel Aviden eta esan beharra dago bertan bizi den giro belizista ikusirik, balore haundixe duela horrek. Ekimen hori oso positiboa da, baina oro har gauzak txarto dagoz. Palestinar gizartearen infraestruktura osoa deseginda dago, diru barik daude eta gosea pasatzen ari dira. Zerotik hasi beharko dute orain.

Egoera horri nolabait aurre egiteko hiru proposamen egiten dituzue
Lehenik eta behin, Europar Batasunak Israelekin dituen akordio preferentzialak, komertzialak zein militarrak, moztu beharko lituzke. Israelek dependentzia ekonomiko haundixe dauka Europako komertzioarekiko eta horri heldu behar zaio lehenbailehen. Ondoren, Israeleko produktuei boikota egitea ezinbestekoa da eta azkenik, Palestinako herriarekiko elkartasun zuzena adierazi behar dugu; hara joanez, bertako jendea ezagutuz, harremanak eginez.
Azken egun hauetan Israelek kanporatutako 13 palestinarren auzia hedabideetan dugu ikusgai. Errore estrategikoa da palestinar horiek Europan hartzea. Hantxe ez da haien kontrako denuntziarik aurkeztu orain arte eta ez dago lagun horiek kanporatzeko inongo arrazoirik. Europara ekarrita Israelek lagun horiek kanporatzeko eskubidea duela onartzen ari gara.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude