Karrika 58. 2002ko maiatza

Nafar era batua

Bertako euskalkiak eta Euskara batuaren artekoa, frankotan erabili den gaia dugu; eta gehienetan, euskalkiak eta batua elkarren aurkari gisa aurkezturik. Azken aldian ere, bazterretan dikotomia hori azaldu zaigu, eta, sarritan den bezala, ez euskalkirik eta ez baturik ezagutzen ez duen norbaitek azaldu digu.
Nagitsu izaten gara guztiok horren inguruan berriro aritzeko, badakigu; alabaina, iritziren batzuk helarazi nahi dizkizuegu. Eta, beste jakingarri eta eztabaidagairen artean, aspektu zehatz baten inguruan aritu nahi dugu oraingo honetan.
Izan ere, -eta gogora ekarriz aurreko batean esaten genuena, hots, hizkuntza, Euskara, gu geu garela, eta ez beste inor edo ezer-, hizkuntza orok bizirik den komunitatean irauten du, eta, komunitatea, hiztun multzoa edo dena dela, nola bizi den, halaxe biziko da hizkuntza ere. Alegia, bideragarria den herriak bideragarri izanen du bere hizkuntza, eta hizkuntzak aitzina egiten badu, herriak aurrera eginen duelako du eginen.
Gurera etorrita, euskalkiak ez dira biziko euskalkidun jendeek bizi modurik ez badute. Aitortu behar dugu, hortaz, hizkuntza formak eta bizi moduak elkarrekin loturik daudela. Eta, ondorioz, forma ‘zaharrenak’ desagertuz joanen direla, bizimodu zaharrenak desagertzen diren neurrian.
Zeren eta, bizi diren komunitateek, mundu guztikoek noski, naturalki egokitzen baitute beren gogo- eta aho-tresna, zeinek bere hizkuntza, dituen adierazi-beharretara. Euskalkien alde jokatzeak, beraz, eskatzen du hizkuntza forma horiek baliatzen dituztenek bizi-modu osoa eta integrala edukitzea, naturalki garatzeko eta beren gisa hizkuntza moldatzeko eta bilakatzeko.
Orain, guri tokatzen zaigu Euskara gure bizimoduari egokitzea. Berriro ere, zer Euskara dugun eta izanen dugun, gure esku gelditzen da, gure aho edo mihiaren baitan, hain zuzen ere. Geuk erabakiko dugu, ezinbestean, zer nolako bizitza eginen dugun komunitate gisa, zein izanen den gure nafar era batua.



ZENBAT BURU… Juan Kruz Lakasta
  

Kazetaritza ikasketak Leioan egin zituen eta Eguzki irratian hasi zen lehenengotz mikrofonoaren aurrean. Orduz geroztik bertze hainbat komunikabidetan aritu da (Egunkaria, Euskalerria irratia, Nabarra, ETB…) eta bere bizitzako bi urte pasatxo eman ditu Iruñeko kartzelan intsumitu izateagatik.
Gaur egun Osasunako partidak ematen ditu Euskalerria irratian eta bertze lankide batzuekin batera zuzentzen duen Metropoli Forala saioarengatik Argia saria jaso zuen iaz.

UNESCOko Hizkuntzen Batzordeko presidentea den Felix Martí katalandarrak berriki Iruñera etorri eta hizkuntza guztiek mundua islatzeko duten ikuspegi propio eta orijinala azpimarratu du. Zer ekarri dizu zuri euskaraz bizitzeak?
Adibidez sona handiko libelo batek salatu zituen pekatuetako bat, euskara lanbide bilakatzea. Euskara ikasiz euskararekin zaletu nintzen, eta idaztea, hitz egitea, hitzekin jokatzea lanbide bilakatu dut, bilakatu zait. Luxua da.

Eguzki Irratian hasi zinen zure lehenengo kazetari lanak egiten eta ondotik Egunkaria, ETB eta bertze hainbat hedabidetan aritu zara. Nola ikusten duzu Nafarroako euskal komunikabideen egoera?
Ikusteko dago Administrazioaren diru-laguntzen murrizketak denborarekin zer nolako eragina duen. Oraingoz, sasoi onean gaudela esanen nuke, besteak beste Nabarra aldizkariak eragin duen hobekuntza kualitatiboa zein kuantitatiboa aintzat hartuz.

Hasi Berriak ETBk ematen duen gazteei zuzenduriko telesaileko gidoilarietako bat izan zara. Euskara eta gazteak binomioaren arteko harremana nolakoa da zure ustez?
Heldu den denboraldian telesaila astekari bilakatuko dute. Lan gutxiago izanen da, eta beraz hainbat elkarrizketagile soberan izanen dira, esaterako, ni neu. Gazteak-euskara bikoteaz…Bikote gehienek bezala harreman gatazkatsua dute. Espero dezagun denborarekin amodioa gailentzea.

Ikastolatik pasatako zenbait lagunek handik irten eta euskaraz hitz egiteko gaitasuna erraz galtzen dute. Zer dela eta? Zerbait esanen al zenieke?
Inguru erdaldunean bizi garelako gertatzen da hori, gurean gazteleraz egitea erosoagoa delako, euskara erabili gabe lasai aski bizitzerik dagoelako. Halakoei ez nieke deus esanen. Nire inguru gertuan halakoak ikusi ditut, eta ez dut deus esan. Halako predikuek maiz nahi denaren aurkako eragina izaten dute. Norberak jabetu behar du galtzen duenaz, irabaz dezakeenaz…

Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioko esataria zaitugu. Zertan da momentu honetan irratiaren legalizazioaren afera?
Pozten nau galdera hori entzuteak…Ea labur azaltzen dudan, eta ahal dela ongi. Irratiak bi lizentzia banaketatan parte hartu du. Lehenean, gobernu sozialistaren garaikoan, irizpideak finkatuta zeuden, baina baremoa ez. Malguagoa zen. Kontra egiteko zailagoa. Gorenak Gobernuari arrazoia eman berri dio. Bigarrenean, duela hiru bat urtekoan, irizpideak zein baremoa zehaztuta daude, eta irregulartasunak nabariak dira. Ea horren aurkako helegiteek arrakasta handiagoa lortzen duten.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude