Karrika 50. 2001eko iraila

Bizipozak eta bizipenak


Euskaldunok, besteek bezala, baditugu geure pozak eta geure penak. Askotan, euskara aipatu eta amorrua, haserrea eta ezina etortzen zaizkigu geure baitara sarritan, Iparraldean galtzen ari delako, edo gazteak euskaraz mintzatzen ez direlako, edo heldu den urtean Nafarkariak Nafarroak sosik hartzerik izanen ez duelako. Penak asko, baina pozak ere bai. Esaterako, euskal matrikulazioaren kopuruak gora joaten direlako. Eta, gure penak konponbidean jarri bitartean, izan ere, konponbideak badira-eta, poza ematen diguten horietaz ere arduratu beharra dugu.
Laster beste ume andana bat sartuko da euskal eskoletan eta urtez urte euskaraz eskolatuz joan direnekin kopuru ederra dugu; hemendik urte batzuetara, aurten sartzen diren umeok hortik aterako dira eta bizimodua egin beharko dute. Nola eginen dute? Euskaraz ala ez?
Gure esku dago gure gizarte propioa antolatzea, gaurko haur horiek gero izan dezaten esparru bat, non beren harremanak eta bizimodua euskaraz gauzatu ahal izanen dituzten. Baina jadanik hasi behar dugu eginkizun horretan. Erakunde publikoek A ala B (D ala G?) eginen dute, baina guk ez dugu zalantzarik izaterik ere.
Gure komunitatea eratu edo osatu behar dugu datozen garaiotan beste komunitate guztien bizilagun izan gaitezen. Nekez lagunduko ditugu besteak geure burua altxatzen ez badakigu. Besteek ere beren penak eta pozak badituztelako. Eta horretarako, beste hizkuntza komunitateen lagun, haiekiko emaile zein hartzaile izateko ezinbestekoa dugu elkarrekin aritzea, antolatzea.
Agian beste Karriketan hamaika aldiz esan duguna errepikatu besterik ez gara egiten ari, baina ez du inporta. Erantzukizun horiek ditugu, gure komunitatea indartu eta osasunean besteen ondoan jardun. Beude hor hitzak, animatu eta pasa gaitezen egiazki elkarrekin lan egitera. Hamabost urteren buruan, aurten eskolatzen diren gazte horiek, esaterako eskertuko digute.



ZENBAT BURU… Lourdes Oñederra

Lourdes Oñederra Donostian jaio zen 1958an. Hizkuntzalaria da eta Gazteizko EHUko Filologia Fakultatean egiten du lan fonologia irakasle. Gainera, hamabost urtez idatzitako testuak biltzen dituen “Eta emakumeari sugeak esan zion” izeneko nobela arrakastatsu eta sarituaren egilea ere bada.

Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Bai, biziki kezkatzen nau. Uste dut egoera latza dela eta gainditzea asko kostatuko zaigula. Oso oinarrizko sineste eta baloreak dira aldatu beharrekoak eta hori nola egiten den asmatu beharko genuke. Lehenengo, noski, borondate nahikoa beharko genuke eta gutxieneko batzuetan adostasuna. Besteen kontrako mespretxu eta biolentzia normaltzat jo dugu luzaroan, luzeegi. Horrekin bizitzen ikasi dugu, zer-nolako munstroa hazten ari ginen konturatu gabe. Orain munstro horrek jan egin gaitzake, komunitate osoa, eta galtzaile alde batekoak zein bestekoak zein tartekoak izango gara.

Zer egingo zenuke jendearen euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek euskaraz ikas dezaten eta elebidunek euskara erabil dezaten?
Gizartearen aldetik, euskara ideologia zehatzetatik eta batik bat biolentzia eta biolentziaren justifikaziotik askatu, banandu, hortik atera.
Alderdi linguistikotik, agian eskakizunak jaitsi beharko genituzke eta nolabaiteko duintasuna eman (ez dakit agiri bidez edo nola, pentsatu beharko litzateke) euskara soilik ulertzeari. Biztanle guztiek gutxienez ulertzea lortuko bagenu, maila publikoenetan behintzat posible litzateke euskararen garapena (trabarik gabeko erabilerak hizkuntza bati ematen diona, alegia). Gainera uste dut bestela ausartzen ez den jende asko animatuko litzatekeela euskara ulertzeko ikastaroak egitera… Onartu behar dugu euskara menperatzea benetan gauza zaila dela eta zenbaitentzat ezinezkoa ere gerta daitekeela adin batetik aurrera. Hizkuntza bat ulertzen ikastea errazagoa. Belaunaldi batzuetan horrelako esperimentu bat egin beharko genuke.

Orokorrean ez omen da erraza literaturatik bizitzea, baina badirudi Euskal Herrian zailagoa dela. Zergatik?
Ez dakit, egia esan, zenbat zailagoa den hori Euskal Herrian. Ez dakit, ez dakidalako, ez da zalantzan jartzen dudala! Datuak falta zaizkit. Euskaraz idazten dugunon kasuan, pentsatzen dut hizkuntza txikiarena dela funtsezko gauza hemen: asko saltzen duenak ere proportzio baten barruan saltzen du eta ez du horrek bizitzeko ematen…
Bestalde egia da Euskal Herrian, EAEn, dirulaguntza dezente dagoela euskaraz idazten dugunontzat. Hori ez da, ziurrenik, beti zuzen banatuko… Nik, dena den, proposatuko nuke sari gutxiago eta beka gehiago ematea. Benetan sari gehiegi dagoela iruditzen zait eta sari horiek bestelako dirulaguntzen egitekoa betetzen dutela, oso maiz idazle berak baitira behin eta berriz sariak irabazten dituztenak (ez idazle berriak).

Emakumezko gutxi daude euskal idazleen multzoan. Euskal gizartearen ezaugarriek argitzen ahal dute hori?
Ziurrenik bai… Baina ongi analizatu beharko genuke: zein ezaugarriz ari gara? Emakume idazle gutxi egotearekin lotu litezkeen ezaugarrien zerrenda bera egitea ariketa interesgarria litzateke, ezta? Gero aztertu beharko genuke ezaugarri horiek nola lotzen diren gutxi izate horrekin eta kausa izaterainoko garrantzia duten… Tentu handiz egin beharreko loturak dira horiek, gainera badakigu fenomenoa ez dela hemengoa bakarrik, nahiz eta, Espainia osoko datuekin konparatuta, esaterako, galtzaile ateratzen garen: alegia, euskaraz idazten dugunon artean are txikiagoa da emakumeon batez bestekoa (duela gutxi entzun diot hori Mari Jose Olaziregi literatur kritikariari).
Gai horietaz sakon eta kontuz aritu behar da eta bada nik baino gehiago dakienik. Maila demagogikoenean eta umore ia beltza erabiliaz esango nizuke ez dela harritzekoa emakume gutxik idaztea Irun eta Hondarribikoak bezalako fundamentalistak -dirudienez- gehiengo diren herri honetan.



SOZIOLINGUISTIKA.
Euskara satelitea edo planeta? Tarteketa kontzeptua


Aracilek aspaldi definitu zuen tarteketa kontzeptua oso interesgarria da hizkuntza eta kultura minorizatuei gertatzen zaiena ongi ulertzeko. Tarteketa X hizkuntzako hizkuntz komunitatearen eta gainerako gizateriaren arteko harreman (ia) guztiak Y hizkuntzatik pasatzea da. Diagrama horren bidez azaldu zuen.
X hizkuntzaren esparrua Yrenak inguratuta dago; hots: V, W, Y eta Z hizkuntzen esparruek elkarrekiko harreman zuzena duten bitartean, Xrenak Yrenak bakarrik du harreman zuzena. Beste era batez esanda, Xren esparrua Yrenaren eranskina da.
Gure kasuan euskara X litzateke. Gure “hizkuntza filtroa” (Y) ez da bera hegoaldean eta iparraldean.
Batean filtroa gaztelera da eta bestean frantsesa. Egoera honek bateko eta besteko hiztunak kulturalki urruntzen ditu, muga politikoak baino gehiago. Tarteketak gure inguruan oso ezagunak diren ondorioak sortzen ditu:

  • Mailegu lexikalak, oro har, Xtik beste hizkuntzetara (eta alderantziz) Yren bitartez pasatzen dira; Sarasolak Euskara batuaren ajeak liburuan, besteak beste, salatutako tarteketaren ondorioa.
  • Itzulpenak Yren bitartekoak izaten dira. Zenbat itzulpen egin dira katalanetik euskarara edo euskaratik katalanera gaztelerazko bertsoa makulu gisa erabili gabe?
  • “Kanpotarrek” X hizkuntza ezagutzeko ezintasunaren ustea. Zer-nolako aurpegia geratzen zaigu kanpotarren bat euskaraz hasten zaigunean?
  • Xdun hiztunak Ydun gisa agertzen dira kanpotarren aurrean. Sanferminetan zenbat kanpotarri egin diezue euskaraz?
  • Demografikoki desagertu baino lehen X hizkuntza “ezkutatu” egiten da. Zenbat egunez egon daiteke madrildar bat Iruñean edo Ultzaman, esaterako, euskaraz entzun gabe?
  • Laburbilduz, Yk beste hizkuntzetarako sarbidearen funtzioa monopolizatzen du (interlingua dei genezake) eta, gainera, X komunitatearen eta gainerako komunitateen arteko harremanak nolabait kontrolatzen ditu, distortsioa eragiten ahal duelarik (filtraketa kulturala). Tarteketak errealitatearen zentzuari berari eragiten dio.
  • XXI. mendearen hasierako unibertsoan euskararen komunitatea gazteleraren eta frantsesaren satelitea da. Noiz planeta bihurtuko?

Bibliografia: “Lluís Aracilen idazlan hautatuak”, UEU-EHU-EKB, 1998.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude