Karrika 4. 1997ko ekaina

Errealitatetik errebindikazioraino


Azken honetan maiz aipatu izan da gutartean Irlandako eredua, alor zenbait direla eta. Baina hango hizkuntz ibilbidea ahantzi bidean dugulakoan oztopo gaude.
Garai batez guzia bazen aldapa eta lege-oztopo
Gaelikoendako, kasik itotzeraino eraman zutelarik; gaur egun ez da halakorik (hegoaldean gutxienez), halere -dakigun bezala- mintzoak malda beheran du segitzen.
Bertze gisaz erranik eta gurera etorriz, gobernuaren aitzinean
errebindikatzen dugu administrazioa euskaldundu dezan, ongi da baina… noren aintzinean,adibidez, errebindikatu behar da hauteskundeetan aukeratzen ditugunak euskaldun izan daitezela?
Manifestaldiak antolatzen ditugu botereak euskal prentsa lagun dezan; berriz ere arrunt ongi, baina norengana joko dugu kexu, delako prentsa ez bada kasik erosten? Aspertzerainoko galde zerrenda egin dezakegu. Oinarrian arazo bera dugu aurkitzen: errealitatea eta errebindikazioen artean (edota ondoren) dagoen tartea. Eta tarte hori ez da fundituko egunen batean oztopo legal guziak desagertuko balira ere, bidea erraztu bai, baina halere egin beharrekoa.
Esparru horretan egon nahi du KARRIKIRIk, errebindikazioak ahantzi gabe beharrezkoak baitira baina Irlandako eredua bistatik galdu gabe, ez dezagun errepika hizkuntza alorrean bederen.
Aipatu alorrean bada lan: zerbitzuak eta informazioa-formazioa eskaintzen, motibapena mantentzen eta pizten… funtsean ahal den guzian laguntzen baldin eta zu ere prest bazaude laguntzeko era batean edo bertzean.
Orrialdetxo honetan emeki-emeki joanen gara azaltzen gure egitasmoak eta ekintzak, gure nahiak eta beharrak… edo hobeki erranik ditugun beharrak nahiak betetzeko. Azken hauek zureak ere badira, hurbil zaitez KARRIKIRIra; lana bada eta oroit: ez du balio errebindikazioan bakarrik gelditzea.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude