Karrika 30. 1999ko azaroa

AB=BA?

Zu, zer zara? AB edo BA? Terminook ez dira gauza bera, kasu honetan ordenak esanahi handia baitu; ez da hain ekuazio zaila, baina bi aldeek ere balio handia dute. Zu bata edo bestea izan zaitezke. Zarena zarela, ekuazio horrek, matematikarik jakin gabe ere, asko esaten ahal digu zure historian buruz, hiztun zaren aldetik bederen. Eta zera dira: hizkuntza ikasteko jarraitu duzun bidearen adierazleak. Zeren eta, bi bide baititugu hizkuntzak ikasteko. Etxean, gurasoengandik jaio eta 1ehen hizkuntzaz euskaraz bazenuen, bidearen A zatia egina duzu; geroago hizkuntza maila altua iritsi baduzu, trebea bazara eta euskara kultur hizkuntza baduzu, B zatia ere bai. Hori deitzen dugu hiztun oso izatea.
Bestela ere, heldutakoan ikasi bazenuen euskaraz, modu kulturalean esan dezagun, euskaltegi edo barnetegitan, liburuetatik edo, eta gero, pixkanaka euskara gero eta barnerago sartu bazaizu, eta zure gogoan eta ametsetan guztiz txertatua baduzu,ama hizkuntza duzun maila berean, orduan zuk ere bidearen bi zatiak eginak dituzu, lehen B zatia eta gero A zatia, beste ordena batean beraz. Ikusten? Ekuazioa ez zen hain zaila. Hamar lerrotan ikasi dugu hizki horiek zer ziren, eta gauza gara gu zer garen esateko, AB izatera edo BA izatera iritsi garen.
Izan ere, ikastaro garaia da hau; baduzu non aukeratu, Karrika jasotzen duzunez: gurean dantza edo soziolinguistika, euskaltegietan hizkuntza, nonahi zabaltzen dira ateak ikasteko gogoa duenarentzat. Euskarari dagokionez, bide guztiak egin arte. Guk euskara menperatu arte; euskarak gu menperatu arte…
Bide guztiak esan dugu, ez ahaztu. Nafarroa Oinezkoa ez baita bide bakarra. Horretan ere bide egiten da, biharko euskaldunak AB edota BA izan daitezen; bideA eta Bidea, ttipi-ttapa, ttanttaz-ttantta. Hara, aurtengo ibilbidean barrena ongi ikasiko zenuen bustidura deitu fenomenoa zertan den…


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude