Karrika 3. 1997ko maiatza

Pluraltasunean bat


Hizkuntza denona da, Euskarak biltzen gaitu, Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk… leloak asmatzen munduan lehenbizikotarikoak izanen garela dudarik ez; obratzen, aldiz…
So egin diezaiogun zerbait bederen ondoko gizarteren bati. Politika mailan (normalean “politika”deitzen den horretan, gainerakoa ez balitz bezala) interes
eta iritzi desberdinak aurkitzen ditugu: ezkerra eta eskuina nahiago bada.
Gai askotan, gehienetan,desberdinak dira, batean ezik: hizkuntzarenean. Agian teoria mailan desberdintasunak izan badituzte, baina ez praktikan.Guziek hizkuntza bera erabiltzen dute, guziek elkarrekin ohoratzen, lantzen eta zabaltzen dutena.
Gutartean kirol nagusietariko bat da desberdintasunak bilatzea, lantzea eta handitzea. Halaxe gaude eta hala doakigu.
Zaila da ados egotea arazo guzietan, bistan da; gero eta zailagoa dugu PNV-HB-EA-Batzarre,Itoitz, AHT, presoak, ETA, basogintza, Senideak,Elkarri, Bakea Orain, Gestorak, Osasuna, Erreala,nekazaritza politika, ehiza, arrantza…. eta Indurainen etxeratzeaz ados egotea, adibide gisa. Horietan guzietan zatiketa heldu zaigu. Baina inor gutxik ukatuko du mintzoak biltzen gaituenik (bertze herrietan bezalaxe, salbuespenak salbuespen).
Bada, behin bederen obra dezagun lelo hori: KARRIKIRIn kasik denetarik bada, bagaude. Aipatu arazoaz iritzi desberdinak ere baditugu, ausarki izan ere, baina bakoitzak badu non aritu horiei buruz KARRIKIRIz landa.
KARRIKIRIn Euskara/ euskalduna ditugu helburu eta kezka. Hizkuntzari buruz den guzietan izanen da KARRIKIRI, gainerakoetan ez.
Bukatzeko Nobel literatur saridun batek berriki erran duena dugu hemen aipatuko: Gure armarik hoberena hizkuntza da. Ados.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude