Karrika 29. 1999ko urria

Kexatik harantz prestakuntza

“Arlo askotarako ez du balio hizkuntza honek”. “Galduko balitz, ez litzateke gauza handirik gertatuko”. Etengabekoak izan ohi dira Euskarak jasaten dituen eraso “dialektikoak”. Hedabide askotan zabaldutako argudioak Euskararen aurka egiteko tresna nagusi bilakatu dira. Izan ere, begi bistakoa da komunikabideek iritzia sortzeko orduan daukaten ahalmen erabakigarria eta hau guztia badakigu ia segurutzat jotzen dugun arren, badirudi honek daukan garrantziari askotan ez diogula behar bezala erreparatzen.
Seguru gaude zuk ere, irakurle, maiz aditu eta irakurri dituzula holako argudioak. Gehienetan, esaldi hauek euskaldun askorengan sortzen duten eragina emozio batzuk piztean datza: amorrua, sumindura, nazka… Kexu egoteko ziorik ez da falta. Baina oraingo honetan haratago joan nahi dugu. Ezagutzen al ditugu benetan egunero komunikabideetan agertzen diren iritzien muina, jatorria, helburua? Nori zuzenduta daude? Eta, garrantzitsuena dena, ba al dakigu honi guztiari erantzun egoki bat ematen ? Kontziente al gara benetan argudio hauetako askori darien ahultasun dialektiko eta teorikoaz?
Kontua ez da Euskararen egoeraren “errudunen” bila joatea. Norbaitek esan zuen hizkuntzaren egoera larria besteei, kanpokoei bakarrik boteaz, aitzakia bat ematen diegula euskaldunei beren burua zuritzeko eta bertan goxo egoteko. Egia esan, arrisku hori egon badago eta saihestu beharko genuke gure kontzientzia indartuz, baina gizartean Euskararentzako kontzientzia berri bat sortu nahi badugu, beste gauza askoren artean, ezinbestekoa da aurkako argudio hauek guztiak taxuz aztertu eta ulertzea. Horretarako, eta Euskararen inguruko beste gai askotarako, soziolinguistikak tresna teoriko baliagarriak gure esku jartzen ditu. Saia gaitezen horiek ezagutzen: azken orrialdean ikusiko duzunez, Karrikirik aurten honen guztiaren inguruan egingo du ikastaro bat.
Gezurrak eta maltzurkeriak agerian uzteak ez ditu aurkakoak konbentzituko, baina euskaldungotik aparte bizi direnen borondatea erakartzeko balioko digulakoan gaude. Eta hala ez bada, gure arrazoibidea sendotuko dugu, dudarik ez.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude