Karrika 189. 2015eko martxoa

www.euskalerriairratia.eus agerkari digital berria!!

Eguraldi kaxkarra azkeneko egun hauetan ari duena, ezta? Hala ere, horrek gure erritmoa ez du eteten eta martxoari gogoz heldu diogu. Euskalerria irratia agerkari digital berria estreinatzera doa. Iruñerriko euskaldunok partaide izateko eta euskal komunitatea finkatzeko komunikabide berria martxan dago jada. Horrekin batera, Karrikiri Elkarteak proiektuaren partaide izatea erabaki du. Euskalerria irratiko komunitatean gure profila aurki dezakezue, beste euskal erakundeekin batera, lanean gogor eta gogoz aritzeko konpromisora batu baikara. Badakizue, www.euskalerriairratia.eus helbidean ere aurkituko gaituzue. Eta honekin batera, gogoratu, Karrikirin egindako erosketen bidez Euskalerria irratia laguntzen duzula. Beherapenak bukatzearekin batera, «Aitzoaingo Sagardotegian» bi pertsonendako afaria zozketatu genuen. Zozketa otsailaren 28an bukatu eta saridunen izena martxoaren 2an jakinarazi genuen… Nor izan da?? Begiratu www.karrikiri.eus webgunean!! Eta tokatu ez bazaizu, zaude lasai ze hilaren 28an Elizondon ospatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketarako beste bi sarrera zozketatuko baititugu. Sartu, erosi eta eskatu zure zenbakia. Bestalde, martxoan, Zentralean eginen dugu neguko azken Karrikadantza. Udaberriarekin batera, Karrikadantzaren trasladoa San Nikolas plazara eginen dugu: betiko lekura, betiko ordutegian. Baina hori apirilean; bitartean aprobetxa dezagun Zentraleko Karrikadantza. Martxoaren 21ean eguerdiko 12.00etan denok dantzara!! Eta martxoaren 19an denda itxita egonen dela gogorarazi nahi dizuegu, baina guk ez dugu zubirik hartzen eta 20an berriz ere lan eta lan egonen gara. Laster arte!!!


 

Iñaki Azkona. Askotan gelditu naiz lur eta zur zenbait gazteren adierazpen indarra ikustean

Oraingoan Iñaki Azkonarekin egon gara solasean. Iruñeko Euskara Teknikaria da lanbidez. Euskara Teknikarien sareak 25 urte betetzen duela aitzakia hartuta berarengana hurbildu gara, bera izan baitzen lan honetan aitzindaria. Solasaldi mamitsua izan dugu, hemen pasarte batzuk jarri ditugu eta osoa wegbunean izango duzue.

Zein da euskara eta zure arteko lotura? Haurtzaroan gure familian bertan euskara zegoen, baina gorderik. Amona errenteriarrak nekez ezkutatzen zuen bere euskalduntasuna; hala ere, begira hizkuntzen inguruko gauzak zer diren!, oso berandu arte ez nintzen benetan konturatu, ez nintzen jabetu, gaztelania ez zen beste hizkuntza hori ere bazegoela gure artean… etxean bertan! Abertzaletasun giro ezexplizitoa eta erriprimitua ere bazegoen etxean: familibiziaren substratoan zihoan korronte bat edo, kantuetan, komentario gordeetan, debekuetan, besteekiko ezberdin izan nahi lauso batean…. Ezkutuko hori agerian azaldu zitzaigunean euskaraz ikasten hasi ginen anai-arreba guziok. Euskaltegirik ez zegoen garaiaz ari naiz, etxe partikularretan hasi ginen ikasten, geure kabuz ere asko eta, batez ere, amonarekin hizketan. Juventud de San Antonio delakoak antolatzen zituen euskara klaseetan parte hartu nuen gero, eta baita berehala irakasten hasi behar izan nuen (aditzen paradigmak ikasi nituen benetan irakasle hasi nintzenean). Nire harreman sakon eta garrantzitsuetan paper berezia jokatu du geroztik euskarak, seme-alabekiko hizkuntza da noski. Euskarari esker eta euskararen inguruan garatu dut nire lanbidearen jarduna azken 30 urtetan. Euskarari zor diot gauza on pila bat benetan!

Nola eta noiz egin zinen Euskara Teknikari? 1984ko hasieran Iruñeko Udalak euskara koordinatzailearen deialdia egin zuen Balduzen PSNren eta Zabaleta eta Antonen HBren elkarlaneko legegintzaldi hartan. Deialdia prestatu eta irabazteko zoria izan nuen. Urte bereko abenduaren 4an hasi nintzen erabat berria eta ia goitik behera sortu eta asmatu beharrekoa suertatu zen lan honetan.

Urte hauetako zein jarduera aipatuko zenuke? Nik esango nuke emaitzarik garrantzitsuena, eta seguru aski baita arantzatsuena ere, 1997an udalaren osoko bilkurak onetsi zuen euskararen udal ordenantza izan dela. Bertan islatzen ziren, nire ustez, hizkuntza politika egoki baten oinarriak eta bertan aitortzen zitzaien euskaldun hiritarrei hizkuntza eskubideen babes juridikoa. Gero etorri diren udal gobernuek beren maltzurkeriaren maila eman dute ordenantza honekin. Ikustekoa, eta harritzekoa, da nola izan diren gauza ordenatzaren hitza eta, batez ere, asmoa, nahasteko, bihurrikatzeko, eta zenbait arlotan, azkenean ezerarazteko. Ondorioz egungo ordenantza higatua da, izan nahi izan zuenaren itzala.

Zein ekimenekin zaude bereziki pozik? Literatur lehiaketen kateak –haurrendakoa, gazteendakoa, eta azken bi urteotan deitzen ez den egile berriendakoa– ekimen arrakastatsua izan da. Askotan gelditu naiz lur eta zur ikustean zenbait gaztek dituen adierazpen indarra, hizkuntzaren maneiua eta literatur asmoa. Egile Berrien Lehiaketatik pasatu dira, bakar batzuk ezik, ia Nafarroan sortzaile diren guztiak. Sinistu nahi nuke gure lehiaketek zerikusirik izan dutela loratze horretan.

Eta arantzarik? Arantzarik handiena izan da zenbat urte eman dudan lan honetan, 30 dagoenekoz, eta zein denboraldi gutxitan lan egin ahal izan dudan haizeak alde, txopatik jotzen zuela. Beste denbora guztia nahiko surrealista izan da. Teorian betebehar bat izan dut udalak jarrita, hau da euskararen aldeko politika bat gauzatzea, eta agintariak, kontrako jarreran egon. Arantzatxoa sartua dut euskarazko antzerki programazioaren arrakasta ezarekin. Ez da modurik izan jendea erakartzeko nahiz eta produktua duina eta maila handikoa izan ohi den. Denbora honetan guztian dirua sartu eta ahalegin asko egin izan dugu emaitza onik gabe. Dagoenekoz ezin esan pedagogia (eza) kontua dela edo masa media nahikorik ez egotearena. Esango nuke, Pirritx eta Porrotxen emanaldiak kenduta, gurasoek askoz gutxiago eramaten dituztela orain haurrak antzokietara. Smart-en garaian eszenatokiak agian lilura galdu du.

Sarasuak botila zulatua ikusten du. Nola dago zure ustez? Ala ura beharren botilan kalimotxoa jarri beharko genuke? Ni baikorra naiz neurez, jarrera bital garrantzitsua iruditzen zait alor guztietan bizitzaren bidean. Orain hortik inozokeriara pauso handia dago. Aspalditik dakit prozesu sozialal zailak direla berez eta bere denbora eta erritmoa behar dituztela. Horregatik ikusten dut botila erdi betea, eta kalimotxoz betetzeak lagunduko balu etorkizunari lasaitasunez eta alaitasunez, larritasunik eta transzendentalismo hutsalik gabe, zuhurtasunez, begiratzeko, kalimotxoa aukeratuko nuke gustura botilerako, nahiz ardo on hutsezkoaren zale izan.

Liburu gomendiorik Karrika irakurlearentzat? Euskal literaturan azken urteotan gehien liluratu nauen liburua Saizarbitoriaren Martutene izan da. Literatur artifizio konplexua, ederra, ausarta eta sakona. Idazlearekiko identifikazio maila altua sentitu izan dut hasieratik, agian berak maisuki eta ezin hobeki azaltzen jakin izan duelakoz hemengo jende belaunaldi batek izan dituen (ditugun) uste, sinismen eta bizipenak, lorpen eta hutsak, itxaropen eta frakasoak….


 

theindezents.com. Gaztea euskal musikarengatik arduratuta dabilela eta, lastoa, habeak eta beste hainbat kontu

Gogoan dut Oihan Vega Beasiango Loinatz Jaietan Disko Festa bat egiten ari zela ikusi genuenekoa.Eskenatoki atzeko tabernatik beste aldera daudenetara bidean gindoazen eta oraindik gainean nor zegoen ikusi aurretik, gizakiari orokorrean eta emakumeei zehazki ikaragarrizko errespetua erakusten dioten horietako regetoi kanta kriminal bat entzun genuen. Ez ditut hitzak erreproduzituko irudikatu ditzakezuelako alde batetik eta ez duelako merezi bestetik. Kantuak zer zioen ulertu eta gure artean hizketan hasi ginen. Sustoa (eta sustoa diot, benetakoa), eskenatoki aurrean zortzi eta hamalau urteko berrehun bat gaztetxo burua galduta dantza sexyan ikusi genituenean etorri zen. Ez dut uste gure adineko jendearentzat kantu eredugarriak direnik. Are gutxiago, gure txikientzat.

Lagin txiki hori kontuan hartuta alde batetik (ez dut sekula Disko Festa oso bat ikusi, onartzen dut) eta Gaztean entzuten den musika entzunda bestetik, barregura eta amorruaren arteko zerbait etortzen zait Vega musikak Euskal Herrian dituen arazoez hausnartzen entzuten dudanean. Arazoa, irrati horrek bereziki euskal musikaz duen eredua izango ez balitz moduan. Hala ere, zintzoa izango naiz eta alde positibo bat onartuko diot gure eskoletan eskaintzen ari diren hitzaldi, entzunaldi edo dena delako honi. Beraiek ere, konturatu dira zerbait ez dagoela ondo eta ondorioak pairatzen hasiak garela. Bejondaizuela! Orain gaztetxoen begietako lastoa begiratzeari utzi eta zuenetan habeak ikusten hasteko ordua da.

Arduratuta omen dago euskal musika gutxi entzuten delako eta gaztetxoen kontzientziari interpelatzen die arazo hori guztion artean konpondu dezagun. Gauzak, ez dira hain sinpleak izaten eta oraingoan ere, ez dira nahiz eta Oihanek modu ezkutuan, gazteen konpromiso falta salatzen duen. Globalizazioaz hitz egiten du, arazo bat balitz moduan, generikoki. Kanpoan egiten den musikak Euskal Herria indarrez hartu duela dirudi eta gaztetxoak ez dira gai horretaz jabetu eta autonomiaz jokatzeko. Euskal musika inposatzen saiatu omen ziren Gaztean eta akats ikaragarria izan omen zen (erabakia hartu aurretik ez konturatzea ere…). Audientziak behera egin zuen eta atzera martxa hartu zuten. Gazteek nazio arteko musika eskatzen dute, zer egin genezake guk? Ba hasteko, komunikabide publiko batek behar lukeen izaera indarrean jarri eta entzuleak hezten saiatu. Ez dakit Oihan aita den edo ez baina ziur naiz nahiz eta bere semeak beti makarroiak bazkaldu nahi izan, dilista eta lekak ere jango dituela. Denborarekin gainera, gustatu ere egingo zaizkio eta sekula irudikatu ez zuen moduan eskertuko ditu (esperientzia propioa). Erraza da seme-alabari beti makarroiak eman eta errua berea dela esatea; Bera da beti makarroiak eskatzen dituena! Eman ganba batzuk eta ea zer gertatzen den…

Ez da kontu sinplea baina saiatuko naiz buruan ditudan elementu zein kezka guztiak post honetan biltzen Oihan Vegak esandakoetatik haratago auzi hau hori baino askoz sakonago zein zaharragoa baita. Orden bat eramateko edo, afera honetan nagusitzat ditudan elementuak zerrendatuko ditut.

1.- Generikotasuna:

Urte pare bat izango dira sarean artikulu bikain bat irakurri nuela. Bila ibili naiz baina ez dut topatu beraz nire memoriaren laburpenarekin konformatu beharko zarete (inork zertaz ari naizen jakingo balu, eskertuko nuke esteka). Bertan, egileak galdera-erantzun bat botatzen zuen airera: Zein musika duzu gustuko? Niri euskal musika gustatzen zait. Zenbat jende entzun duzue halako galdera bati halako erantzun bat ematen? Asko, gehiegi ziurrenik eta artikuluaren egileari niri geratzen zaidan aurpegi berbera geratzen zitzaion. Nola euskal musika duzula gustuko? Zer esan nahi du horrek? Euskal Herrian egiten den musika gustatzen zaizula? Edo euskaraz dena? Hau da, ez zaizu axola La Oreja de Van Gogh edo Matxura entzun? Eremu zabalegia plazaratu dut gaur azaldu nahi nuenerako beraz mugatu dezagun. Demagun euskaraz eginiko musikaz ari garela hortaz ari baita Oihan Vega. Kasu horretan, euskal musika gustatzen zaiola dion batek, zirrara berberarekin entzungo luke Amaia Zubiria edo Akauzazteren disko bat?

Musika oso zabala da eta euskal musika orokorrean gustatzen zaizula esatea, musika poloniar, finlandiar edo estatu batuar guztia atsegin duzula esatea bezain ergela da. Eta zer zerikusi du honek Oihan Vegak esan duenarekin? Ba asko, Oihanek aipatzen duen arazoa urteetan zehar oso oso gaizki egin den zerbaiten ondorio baita.

 

2.- Homogeneizazioa:

Hizkuntza txikia da gurea eta gauzak oso zail izan ditu (eta ditu). Borroka askotan lehiatu behar izan da eta horrek babesera jotzeko joera eragin du ulertzekoa den moduan. Babesean ordea, ezberdintasuna zigortu egiten da eta horrek homogeneizazio kultural bat ekarri du. Bakoitza bere aldetik borroka egiten ibili beharrean, eraginkorragoa izan da guztiok batera borroka egitea eta horregatik, komunean genituen elementuen alde egin dugu; folklorea alde batetik, eta egoera politikoa bestetik.

Jarrera horrek gaur egun Euskal Herrian egin zitekeen musika aukera minimoetara murriztu du eta horren arduradun nagusietako bat izan da zalantzarik gabe gure irrati telebista publikoa. Gure haurtzarotik eduki mordoa jaso dugu komunikabide ezberdinetatik eta espainiar medioetatik pop melodikoa eta latindar musika iristen zitzaigun moduan, euskal hedabideetatik kantari folklorikoak eta heavi taldeak jasotzen genituen. Gerora, binomio hori, pop-rock melodikoak eta banda tronpeteroek ordezkatu dute. Tartean, abanaguardiako eta kalitate handiko musika alternatibo asko egin da Euskal Herrian baina Gazteak, beste askok bezala, paso egin du.

Hori zen agian belaunaldi bakoitzeko gazteek bilatzen zuten ahotsa baina ez zaie eskura jarri eta musikan interes berezia zutenak bakarrik murgildu dira babesetik kanpo topa zitekeen aukera zabal horretan. Bitartean, munduan arrakasta zuen musikaren imitazio merkeak edo euskalduntasun sobredosia zuten taldeak eskaini dizkiegu. Zer gertatu da? Ba ihes egin dutela. Si no son micromachine, no son los autenticos edo kaka nahi badut kaka egiten putoamoak direnei erosiko diet.

3.- Monopolioa:

Euskal komunikabide handiek egiten zuen aukeraketa tamalgarriaren ondorioz, euskarazko musika entzuten dutenen kopurua jaisten hasten da; Gaztetxo madarikatuak, ez diote ezeri errespeturik… Zer egingo dugu? Ba komunikabide horiek eskura jartzen digutena gure herrietako festetan kontratatu kontzertuak euskaraz izan daitezen. -Gustatzen zaizkie? –Bai edo? Euskadi Gaztean jartzen dituzte. Baziren eta badira gazte euskaldunek gustuko dituzten taldeak baina aukera homogeneizatuaren alde egin genuen talde interesgarri eta ezberdin haiek gaztetxeen ostrazismora kondenatuz (eskerrak gaztetxeei…). Gainera, askoz errazagoak dira kontratatzeko talde hauek (udaletxeetara gerturatzen diren disketxe-promotora mafiaren monopolioa ere aztertzeko modukoa da baina beste baterako utziko dugu). Behin eta berriz MTV euskaldunak sortzen dituen taldeak kontratatzen ditugu eta nola leku mordo batean jotzen ari diren, ba gehiago jartzen ditugu. Hori bai, umeak makarroiak jaten ditu berak nahi duelako.

4.- Paternalismoa:

Euskal talde gutxi entzuten dute gazteek baina errua beraiena da. Tontoak bezala tratatzen ditugu eta pertsonalitaterik gabeko bertako produktuak eskaintzen dizkiegu etengabe. Hori bakarrik jarriz gero ordea, audientziak jaitsi egiten dira beraz euskal musika hori, atzerritik datorren ekoizpenik komertzialenekin tartekatuko dugu. Hori, irrati eta telebistari dagokionean. Zuzenekoetan, euskal talde izaeragabeak inposatuko ditugu nahiz eta gehienak inork nahi ez dituen. Musikazale asko gaur egun munduan abanguardia den musika sartzen saiatzen ari da irrati, aldizkari, jaialdi edo blog alternatiboetan baina ez dugu horietaz ezer jakin nahi. Hori bai! Estatu Batuetataik datorren mierda komertzial guztia bultz eginez sartuko dugu lehertu arte bada ere kaka eta kaka artean, Mikel Urdangarin edo Ken Zazpiren kantu bat entzun dezaten.

Euskal Herrian gauza interesgarriak egiten dituen jendea ere badela? Ta niri zer? Gaztetxo puta hauek mueve tu cucu nahi dute. Eta horrela egunero….

5.- Etorkizuna:

Zer da euskal musika? Ez dakit gauzak ordenatu eta gehiago nahastu ditudan post honetan baina bada zerbait hori baino garbiago dudana; Euskal musikak etorkizunean zer izan behar duen hain zuzen ere. Munduan egiten ari direnarekin alderatuta, hogei urteko atzerapenarekin goaz eta badirudi garapena oztopatzen duen babesleku horretan jarraitu nahi dugula. Euskarak ez du biziraungo eskaintzeko ezer berezirik ez badu. Euskarak aniztasuna behar du, euskal musika, ezin daitekeelako sekula musika estilo bat izan. Euskal musikak popa behar du, heavia, trasha, teknoa, indiea, folklorea, folka, bakarkako kantariak, boy bandak, girl bandak, rocka, post rocka, post popa, power rocka, power popa… Une hori iristean, sekula iristen bada, euskarazko musikak entzule gehiago izango ditu. Besterik gabe, aukera zabalagoa izango duelako. Baina horretarako, buruak eta irratiak zabaldu behar ditugu. Gaurko eta biharko gazteen ahotsa den musika beraien belarrietara iristeko, une egokian, behar dutenean. Une hori iristen denean, bereago sentituko dute beraien hizkuntzan egiten dena eta etxekoaren alde egingo dute. Eta garrantzitsuagoa dena! Hortik gutxira, beraiek hasiko dira abanguardia sortzen. Euskal Herritik eta euskaraz. Zergatik? Ba Gazteak eskaintzen dien saltsa koipetsudun makarroietatik haratago, aukeratzeko izango dutelako.

Iturria: http://theindezents.com/2015/01/29/gaztea-euskal-musikarengatik-arduratuta-dabilela-eta-lastoa-habeak-eta-beste-hainbat-kontu/


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>