Karrika 18. 1998ko urria

Ofizialtasuna


Faktore desberdin anitzek dute eragina normalizatu gabe dagoen hizkuntza baten bizitzan. Faktore hauek ezagunak badira ere, duten garrantzia ezezagunagoa da, edo -hobeki errateko- haien garrantzi maila nahasirik zaigu agertzen maiz. Honek oztopoen deuseztatzeko lehentasunetan tronpaturik ibiltzera garamatza. Bertze gisaz erranik, indarrak xahutzen egon gaitezke behar ez den tokian, honek dakarren higadurarekin.
Ofizialtasunaren kasua horietakoa delakoan gaude. Erran gabe doa, Euskarak ofiziala behar duela izan gure hirian –euskaldunen hiri buruzagia Joannes Etxeberri Sarakoak idatzi zuen bezala- eta horren alde eginen dugu beti KARRIKIRIn, baina kontuz ibiltzen bai baitakigu ofizialtasunak ez duela berez hizkuntza normalizatzen.
Hor dago, urrun gabe, Irlandaren adibidea. Errepublika sortu zenean oztopo legal guztiak desargertu ziren, berehalakoan lortu zuten ofizialtasuna, hala nola diru eta mota guztietako laguntzak… hala ere, ez zen aski izan hizkuntza berpizteko, ez eta haren bizi iraupena segurtatzeko ere.
Ofizialtasuna baino inportanteagoak ditugu motibazioa eta hizkuntza komunitatearen bizinahia, errate baterako, eta azken hauek zaintzeko, pizteko edo suspertzeko tresnak. Aipatu hauek guztiak ditugu langai KARRIKIRIn, eta epaileren batek Euskara ez dela ofiziala Iruñean erranik ere, guk lanean segituko dugu. Bai baita aski lan.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude