Karrika 174. 2013ko azaroa

Karrikiriren berri ematen

Gure denda ibiltariarekin Euskal Herrian barna ibiltzeaz gain (Tuterako Nafarroa Oinezen kasu), Karrikiriko elkarteko kideok maiz ibiltzen gara gure elkartearen berri han eta hemen ematen eta azkeneko asteotan euskara ikasten ari diren zenbait ikaslerekin egoteko parada izan dugu bideratzen ditugun zerbitzu eta ekimenen berri emateko. Horrela bada, gure egoitza Iruñeko alde zaharrean egonik, Hizkuntza Eskolako ikasleengana jotzea otu zitzaigun. Euren klaseetara hurbildu eta ordu laurdeneko saioetan Karrikiri elkartea noiz eta zergatik sortu zen azaltzeaz gain, euskal komunitateari begira aspalditik martxan jarritako zerbitzuen berri eman zaie, bai eta Xabier karrikan dugun euskal saltokiaren berri eman ere. Horietako ikasle batzuek, buruarekin baietz esanda, gure berri bazutela adierazi zuten, baina, beste batzuentzat, berriz, sorpresa izan da Iruñean euskararen erabilpenean lan egiten duen elkartea ezagutzea. Hizkuntza Eskolara bidean Karrikiri izeneko denda bat ikusita zuten akaso, baina ez zekiten zehazki zer zen. Orain bada, horiek guztiek badakite gure elkartearen ateak zabalik direla euskaldun guztientzat eta, jakina, euskararen mundura berriki hurbiltzen ari diren eurentzat ere bai.

Eta “proselitismo” lanak egiteaz gain, gure eguneroko jarduerek aurrera darraite eta Karrisolasa ekimenaren bigarren saioa heldu den azaroaren 20an izanen da. Aurreko Karrikan aipatu genizuen moduan, oraingoan gaia ez dugu guk proposatuko, baizik eta beste euskara elkarte edo erakunde batzuek. Eta azaroko saioan Nafarroako euskara teknikarien bi ordezkari –Antsoaingo Elvira Lizeaga eta Leitzako Dabid Anaut teknikariak- etorriko zaizkigu euren lanaren berri ematera. Beraz, gonbitea jada egina. Azaroaren 20an 19:00etan.

Eta bitartean, gogoratu gure zerbitzuak (Lan poltsa, Pisukideak, Itzulpen zerbitzua…) zuen zerbitzura daudela eta azaroko hirugarren larunbatean, 16an, Zaldiko Maldiko eta Euskal Dantzarien Biltzarrarekin antolatzen dugun Karrikadantza egitasmoaren beste saio bat izanen dugula San Nicolas plazan arratsaldeko 18:30ean.

Ongi ibili!!


Gontzal Agote. Bertsolari Txapelketa Nagusia

“Bertsolari Txapelketa Nagusia egunoroko lanaren isla eta emaitza da”

Heldu den abenduaren 15ean lau urtean behin egiten den Bertsolari Txapelketa Nagusia ospatuko da Barakaldoko BEC aretoan. Egun horretan aurreko asteotan izandako kanporaketetan irabazle suertatutako zazpi bertsolari azken txapelketan txapela jasotako Maialen Lujanbiori batuko zaizkio, bertsolaritzaren festa handiaz Euskal Herriko bertsozale guztiekin batera gozatzeko. Gontzal Agote BTN13ko komunikazio arduradunak azaldu dizkigu txapelketaren hainbat xehetasun.

Lau urte pasa dira jada Maialen Lujanbiok azken Txapelketa Nagusiaren final handi eta hunkigarrian txapela jaso zuenetik eta jada beste edizio bat martxan da. Zer ezaugarri ditu 2013ko honek?
Begi bistakoa da gauza asko mugitzen direla Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruan. Txapelketa jende askorengana ailegatzen den ekimen handia da, era berean oso mediatikoa. Horrek gauza on asko ekartzen dizkio bai bertsolaritzari, baita euskal kulturari ere. Aldi berean, hainbat arrisku ere izan baditu, gaurko gizartean gehienbat  “espektakularizazioa” saritzen baita.
Horregatik, Bertsolari Txapelketa Nagusiak oreka hori mantendu behar du; batetik, jarraipen handiko ekimen handia izateak ekartzen dizkion onurak; baina, bestetik, horrekin ezin gara itsutu, ez dugu bistatik galdu behar zeintzuk diren gure proportzio eta balioak eta non dauden gure helburuak. Bertsozale Elkartean argi dugu Bertsolari Txapelketa Nagusia egunoroko lanaren isla eta emaitza dela, eta bitartekoa dela, inolaz ere helburu.

Pasa den irailaren 29an hasiera eman zitzaion jada Txapelketari. Nola joan dira kanporaketak eta zer harrera izaten ari da?
Orain arte, Txapelketa oso ongi doa. Batetik, parte-hartzaile guztiak (bertsolariak, gai-jartzaileak eta epaileak) erakusten ari diren mailagatik. Hilabeteak daramatzate horiek guztiak Txapelketa Nagusirako prestatzen eta lan horren fruitua ikusten ari da saioetan.
Horrekin batera, oso pozgarria da bertsozaleek saio guztietan Txapelketa Nagusiari orain arte egin dioten harrera. Oso jendetsuak izan dira kanporaketak eta horietako batzuetan hainbat egun lehenagotik sarrera guztiak salduta zeuden. Alde horretatik ere, erantzun ezin hobea izaten ari da.

Zein da aurtengo Txapelketaren leloa eta zeintzuk izanen dira xede nagusiak?
Aurtengo Txapelketa Nagusiak ez du lelorik, ezta mezu berezirik ere. Bertsozale Elkartean horren gaineko hausnarketa egin genuen eta oraingoan Txapelketaren mezu nagusia bertsogintza izatea nahi izan dugu, bertsolariek egiten duten lana alegia. Azken finean, horixe da benetan inportantea bertso jardueran, bertsoa, eta horregatik hori erdigunera eramateko ahalegin berezia egin nahi izan dugu aurtengo Txapelketa Nagusian, bestelako apaingarririk gabe. Berez nahiko erakargarria dela iruditzen zaigu.

Abenduan final handia jokatuko da eta bertan izanen dira zortzi finalistak. Zer prestatu duzue egun horretarako?
Aspalditik egun hori ahalik eta hobekien joan dadin ari gara lanean: sarrera salmentan, autobusak antolatzen, bazkari zerbitzua… baina lanik inportanteena oholtza gainean egonen diren zortzi bertsolariek eginen dute. Horiek izanen dira finaleko benetako protagonistak, eta horri esker euskal kulturak merezi duen zentraltasuna izanen du askoren begietara, sikiera egun batez bada ere.
Jende asko egoten da finalari begira, eta egia da oso egun esanguratsu eta inportantea dela. Hala ere, ez dugu ahaztu behar Txapelketa hori baino askoz gehiago dela, osotara 14 saio dira, eta saio horietan Euskal Herriko alderik alde ibiltzen dela Txapelketa Nagusia, bertako eragileekin elkarlanean, bertako herritarrei bertsolaritza hurbiltzen.

Komunikazio alorrean esfortzu handia egiten ari zarete txapelketaren inguruko informazioa helarazteko, ezta?
Bai, eta aurten akaso inoiz baino osoagoa da informazio hori. Elkartean Txapelketaren berri emateko bi webgune ditugu, www.bertsozale.com eta www.bertsoa.com.
Lehenengoan, Txapelketaren gaineko informazio osoa ikusten ahal da: puntuazioak, sailkapenak, albisteak… Horrez gain, saio bakoitzaren ostean gai guztiak argitaratzen ditugu eta horiek dituzten bideo loturak zein transkripzioak.
Bertsoa.com, berriz, Txapelketako interneteko telebista da: bertsoaldien bideoak ikusten ahal dira bertan, bertsolarien gogoetak, beste kolaboratzaileen iritziak eta artikuluak.
Azkenik, EITBrekin elkarlanean egiten dugun Hitzetik Hortzera telebista saio beteranoa dago. Aurten bi emisio egun ditu, igandero 15etan eta astelehenero 23:15ean. Horietan asteburuko saioen laburpen zabala ikusten ahal da.
Hortaz, Bertsolari Txapelketa nagusiaren berririk ez duenak, ez duelako nahi izanen da!



Nafarroako Udaletako Eta Mankomunitateetako Euskara Zerbitzuen Lanaz
Zenbaitentzat nahasgarri samarra geratzen da euskara zerbitzuen egitekoen gaia. Hala adierazten dute euskara zerbitzuek zer egiten duten galdetzen duten batzuek. Euskararen alde ari direla, bai, badakite, baina zer eta nola egiten duten ez daukate oso garbi. Batek baino gehiagok itzulpen lanetarako zerbitzuak direla uste du, edota euskara klaseak emateko. Beraz, argibideak hasieratik ematen hastea komeni dela esan daiteke.

Euskara zerbitzuek zer lan egiten duten jakiteko, bi gauza ulertu behar dira lehenengo. Bata, euskararen egoera ez dela “normala”; hau da, konparazio batera, ez dela erabiltzen beste hizkuntza asko euren herrialdeetan erabiltzen diren bezala, euskaldun batek ezin baitu hizkuntza bere lurraldean nahi eta behar duen guztietan erabili; eta euskal hiztun askok ezin izan diete –oraindik ere ez– hizkuntza ondorengoei modu naturalean transmititu, eta ezta eskola bidez ere. Bistakoa da, beraz, egoera hori pairatzen duen gizarteak konpondu beharreko hizkuntza-gatazka bat daukala aurrean.  

Jakin behar den beste gauza bat da udal euskara zerbitzuak udalen hizkuntza-politika gauzatzeko tresna direla. Politika horiek garatzeko, neurri tekniko zehatzak behar dira, eta hori da, hain zuzen, euskara zerbitzuen egitekoa: planifikazio teknikoa; eta, horretarako, kontuan hartu behar dituzte bai politika horien nahiz udalerrien ezaugarriak.

Politika horiek, herri batzuetan, euskararen aldeko apustu irmoa dira; beste batzuetan, epela; eta, zenbaitetan, mesede handirik egiten ez dutenak. Baina, adierazi bezala, bestelako ezaugarriak ere kontuan hartu behar dituzte euskara zerbitzuek planifikatzeko garaian. Hasteko, Nafarroako udalerrien ezaugarri soziolinguistikoak, hau da, euskararen ezagutzarenak eta erabilerarenak: diferentzia handiak daude herri batzuetatik besteetara. Euskararen aldeko jarrerei ere erreparatzen bazaie, aldatu egiten direla ikusiko dugu, faktore desberdinen arabera. Euskara babesten duten talde nahiz erakundeen herrikako banaketa ere ez da berdina lurralde osoan, eta hainbat herrik hezkuntza euskalduna daukate edo euskaltegia, eta beste batzuek ez, hedabideekin edota euskara babesteko elkarteekin nahiz erakundeekin gertatzen den moduan.

Horrez gain, udal zerbitzuetan sartuz gero, ikusiko dugu kasu batzuetan langile guztiek euskaraz egiten dutela, besteetan, berriz, gutxi batzuek edo inork ez, eta euskarazko zerbitzuen eskaintzek ere alde handiak dituztela, Nafarroako hizkuntzen legediak eta udaletako araudiek bezalaxe.

Aurrekoak kontuan hartzen baditugu, teknikariek lan berdina ezin dutela egin garbi dago, baina badira, hala ere, zerbitzu guztien bereizgarri diren helburu nahiz ezaugarri batzuk. Euskara gizarte osoan erabateko normaltasunez erabiltzea da euskara zerbitzu guztien jomuga orokorra, baina horretarako asko falta denez oraindik, helburu zehatzagoekin lan egin behar izaten dute.

Euskararen ezagutza zabaltzea eta erabilera handitzea dira euskara zerbitzu guztiek duten helburu aipagarriena, eta horretarako urratsak egiten dituzte. Zerbitzuak euskalduntzea ere bilatzen dute: euskaraz ematen ez badira edo behar den kalitatearekin ematen ez badira, hori zergatik gertatzen den aztertu eta hartu beharreko neurriak planifikatzen dituzte. Udaletan onartzen badira, martxan jarri, eta jarraipena egiten diete, helburuak normaltasunez eta sistematikoki betetzen direla ikusi arte.

Eta, praktikan, hori nola gauzatzen den? Esan dezagun jarduna nagusiki hiru ardatzetan banatzen dela:   

 1. Herritarren artean euskararen normalizazioa bulkatzeko kanpainak eta programak (hau da lan ildorik ezagunena jendartean). Horien artean daude ezagutzaren eta erabileraren arloan zuzenean eta zeharka eragiten duten ekintzetako asko: euskarazko hezkuntzaren aldeko kanpainak; haurrei euskara transmititzeko kanpainak, materialak eta saioak; helduen euskalduntze-alfabetatzearenak; helduendako antolatzen diren ikastaro berezituak; mintzapraktika programak; sentsibilizazio kanpainak, erabilera adin eta leku desberdinetan indartzeko; udako aisialdiko eskaintzak; ikasturteko haurren eta gazteen aisialdi programak, Larunblai eta Iseka kasu; hainbat motatako tailerrak –kultura, soziolinguistika…–; merkataritzako programak; Euskarazko Produktuen Katalogoa; Etxepare eta bestelako literatura jarduerak; atzerritarrei informazioa emateko materialak eta ikastaroak…

Hortaz eta jende askok uste ez badu ere, adibidez, helduen euskalduntzea bultzatzen dela esaten denean, euskara teknikariek ez dituzte euskara klaseak ematen, ikastetxeetan maisu-maistra lanetan aritzen ez diren bezalaxe. Herrian hiztun gehiago, erabilera handiagoa eta zerbitzuak euskaraz edukitzeko zer behar den aztertu eta proposamen teknikoa egiten dute, pausoak emateko.   

 2. Berdin udaletako zerbitzuak eta jarduerak euskalduntzeko. Azterketa horietatik abiatuta egiten dira udalerrietako euskararen ordenantzak eta araudiak; langileak euskalduntzeko eta administrazioan euskara erabiltzeko planak; hainbat zerbitzutan herritarrendako jarduerak euskaraz ateratzeko planak; kanpainak, adibidez, herritarrek euskara eta euskaraz eska dezaten…

 3. Aurrean aipatutako guztiak ongi bideratzeko, ikerketak nahiz azterlanak egiten dira: euskaldun kopuruak eta erabilerak neurtzeko; euskararen inguruan herritarrek zer pentsatzen duten jakiteko eta zer behar duten zehazteko; hainbat esparrutako egoerak ezagutzeko; tokiko euskararen ezaugarriak edota izenak ezagutzeko; estrategiak planifikatzeko… Ikerketa horiek sustatu eta antolatzeaz gain, batzuetan, teknikariek ere parte hartzen dute.

Nafarroako euskara zerbitzuen bereizgarria den ezaugarri bat gehitu behar zaio lan horri guztiari: udal euskara zerbitzu gehienak koordinazio-maila altuko elkarlan estuan ari dira 80ko hamarraldiko bukaeratik, baliabide ekonomikoei nahiz teknikarien lan-indarrari ahal den etekinik handiena ateratzeko, eta euskara ahalik eta hobekien babesteko. Horrela, gainera, prestakuntza ere zaintzen dute eta errazagoa da euskararen aldeko beste erakunde nahiz eragileekin harremanak bideratzea.  

Orokorrean eta laburtuta bada ere, horretan datza Nafarroako udaletako eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen jarduna. Horrez gain, zerbitzu bakoitzak tokian tokiko ekintza zehatzak ere antolatzen ditu, kasu askotan, herrietako euskararen aldeko eragileekin batera. Jakina da euskararen aldeko diru-iturri emankorregirik ez dela ireki sekula, baina euskara zerbitzuek eta gizarte eragileen arteko elkarlanaren bidez, lan handia egin izan da beti. Euskara taldeek eta bestelako elkarteek –kultura, kirola, gurasoak, gastronomia…– , ikastetxeetako irakasleek eta langileek, euskara teknikariek, euskaltegiek, euskalgintzako bestelako kideek eta hainbat norbanakok euskararekin duten konpromisoari esker antolatzen dira herrietako jarduera asko.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude