Karrika 163. 2012ko urria

 

Urriak 12 irekita

Urriaren 17an bildu Karrisolasara

Udazkenaren arrastoan sartuta, Karrikiriko zerbitzuek martxa ona hartu dute jada eta Jone eta Belen, elkarteko bulegari eta dendaria gurera hurbiltzen den lagun orori harrera egiten diote; itzulpen bat egin, lanpostu edo pisu bat bilatu, establezimendu euskaldun baten berri eman edota euskaraz non ikas dezakeen informatzeko beharra duenari. Beraz, badakizue non gauden; Xabier karrikaren 4. zenbakian.

Irailean berriro hasitako Karrikadantza ekimen arrakastatsuak uda ondorengo bigarren saioa izanen du heldu den urriaren 20an eta , betiko moduan, euskal dantzak gustuko dituen edozein laguni zuzenduta dago. Hitzordua Mercares karrikan izanen da, arratsaldeko 18:30ean eta, eguraldi kaxkarra egokituz gero, Mañuetako frontoian elkartuko gara. 

Eta Karrikadantzarekin batera, urriaren 17an Karrisolasaren beste saio bat antolatuko dugu. Euskalgintzako gaiak solas tarte goxoan lantzeko asmoz sortutako ekimenaren baitan, “Inkesta soziolinguistikoa: jakintza, erabilpena eta gehiago” izenburupean,  2012ko Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza nagusien azterketa izanen dugu hizpide.  Bertan landuko den gaiaren inguruko informazioa Karrikiriko web gunean eskuragarri dagoen PDF artxiboan aurkituko duzue eta hitzordua irailaren 17an izanen da, 19:30ean, Xabier karrikako gure egoitzan. Ateak zabalik daude. Hurbildu eta egin zuen ekarpena! 

Eta eguraldi euritsua hasi baino lehen, gure denda ibiltariak Euskal Herriko zenbait txoko bisitatuko ditu, beraz lana eta jarana egiteko prest baldin bazaudete, gogoan hartu bi hitzordu hauek: urriaren 7an Andoainen eginen den Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen festa, eta hilaren 21ean Iruñeko San Fermin ikastolak antolatuko duen Nafarroa Oinez jaia. Bietan paratuko dugu gure denda mugikorra eta bertatik lortutako sosak Karrikirik bideratzen dituen ekimenak sustatzeko bideratuko dira.

Eta ahaztu baino lehen, bi ohar. Lehenik eta behin jakinarazi nahiko genizueke,  urtero legez, urriaren 12an Karrikiri elkartea eta denda zabalik izanen direla. Lan egun arrunta izanen da guretako. Eta bigarrenik, hasi gara dagoeneko establezimendu euskaldunen zerrenda eguneratzen, beraz bertan ez dagoen saltoki edo zerbitzu euskaldunen bat ezagutuz gero, eman iezaguzue horren berri  bulegoa@karrikiri.org  helbidean, ados? Denon artean zerrenda osatuagoa eginen dugu. Esker mila aunitz aldez aurretik!!

Ongi ibili eta azaro arte!!!


Euskalerria Irratia

Euskalerria Irratia. 25 urte

Heldu den azaroaren 7an 25 urte beteko dira Iruñerrian euskaraz emititzen duen Euskalerria irratiak bere lehenengo saioa egin zuenetik. Gezurra dirudien arren, zilarrezko ezteiak bete dituelarik eta hasieratik euskal komunitatearen sostengua jaso badu ere, Nafarroako Gobernuak ez dio oraindik lizentziarik eman. Halere, irratiak, betiko moduan, lanean jarraitzen du jo eta fuego eta plangintza berriari ekin dio. Horretaz guztiaz eta berriki estreinatutako programazio berriaz solasean aritu gara Juan Kruz Lakasta, irratiko programazio arduradunarekin.

Orain artekoa bidea luze eta oparoa izan da, baina oraindik zaudete lizentzia ofizialaren zain. Zertan da legeztapenaren afera?  Zer itxaropena duzue?
Nafarroako Gobernuak bi irrati lizentzia banatu behar ditu Iruñerrian. Ebazpena plazaratzeko epea urrian amaitzen zen, baina beste sei hilabetez luzatu dute. Dokumentazioa aztertzeko lana pilatu zaiela diote. Hala izanen da. Baina galderak sortzen dira: sei hilabete barru beste Gobernu bat izanen al da? Eta ahal da? Horrek gauzak alda litzake?

Guk irabaztera jo dugu. Beste behin ere sinetsita gaude gure proiektua Iruñeko diala gehien aberastuko lukeena dela. Besterik da hori aitortuko diguten. Esate baterako, argi dago 1998an gure proiektua onena zela. Epaileek birritan esan dute irregulartasunen bitartez eman zizkietela baimenak beste bi irratiri. Auzi hori oraindik azken erabakiaren zain dago. Eta hortik ere hel lekiguke lizentzia.

Lizentziarik ez, baina Iruñerriko euskaldunen sostengua hasieratik izan duzue eta horixe da irrati honen ezaugarri garrantzitsuenetako bat, ezta? Bere izaera eta parte-hartze herrikoia, alegia…
Bai ba. Gure 25. denboraldia jarri berri dugu abian. Eta urteurren biribil horretan horixe nabarmendu nahi izan dugu, horretarako hautatu dugun goiburuarekin: 25 urte, zuen baimenarekin. Gizarteak, herritarrek ematen digute guri baimena: 8.000 bat entzule dauzkagu, dirua eta sostengua ematen diguten 900 bazkide, gurean lan profesionala musu truk egiten duten 200 bat kolaboratzaile, ehunka iragarle. Erraz esaten da hori, baina lortzen oso zaila da. Tokiko irratien inguruan askotan aipatzen da haien inguruan komunitatea sortzearen garrantzia, eta argi dago guk badugula gurea, sendo-sendoa gainera. Hasieratik oso argi izan genuen hori zela bidea. Eta, egiaren aitortzeko, beharbada beharrak bide hori beste zenbaitzuk baino gehiago lantzera bultzatu gaitu.

Arrazoi ezberdinak direla medio hedabideentzako, eta bereziki euskal komunikabideentzako, une zailak dira hauek. Halere, Euskalerria irratiak plangintza berezia martxan jarri du aurten. Zertan datza? Zer moduz joan da bazkidetza kanpaina?
Krisi asko pilatu dira: krisi ekonomiko orokorra, hedabideek lehendik pairatzen zuten paradigma krisia teknologia berrien poderioz, eta euskal hedabideen artean besteak beste diru laguntzen murrizketak eragin duena.

Panorama ilun samarra da, baina gu sinetsita gaude gure proiektuak inoiz baino zentzu handiagoa daukala. Plan estrategikoa ariketa gogorra izan da, finean ispiluaren aurrean biluzik jartzen baitzara zure ahulguneak eta indarguneak zeintzuk diren aztertzeko. Ez da erraza. Baina atera dugun ondorioa da gure komunikabidearen beharra badagoela.

Beti bezala, erreferente izan nahi dugu Iruñerria bezalako eskualde nagusiki erdaldun batean sakabanaturik bizi diren euskaldunen hizkuntz komunitateko kideentzat. Baina horretaz gain erreferente izan nahi dugu Nafarroa ofizialaren berri ez ezik Nafarroa errealaren berri ere jaso nahi dutenentzat.

Bizi gaituzten krisi garaiok ekonomikoki eta sozialki oso gogorrak dira, baina halaber hagitz eferbeszenteak eta interesgarriak. Testuinguru horretan, inoiz baino gehiago topagune izan nahi dugu, elkargune eta, jakina, baita eztabaidagune ere. Gauza asko daude aztertzeko eta eztabaidatzeko, eta Nafarroako panorama mediatikoa ikusita, gurea bezalako komunikabide batek oso rol garrantzitsua joka dezake.

Irailaren erdialdera programazio berria hasi duzue. Zer eskaintza berri?
Astindu handi samarra eman diogu programazioari. Goizeko albistegia eta magazina elkartu egin ditugu. Eta gauza bera egin dugu arratsaldeko albistegiarekin eta saioarekin. Helburua izan da irratiko prime-timetara gehiago gerturatzea. Eta halaber albistegien, saioen eta bateko zein besteko langileen artean mugak apurtzea, elkartruke eta sinergia gehiago lortzea, geure lan egiteko modua bera aldatzea, gaurkotzea, egokitzea.

Berrikuntzei doakienez, nagusia da inoiz baino ahots gehiago eskaintzen ari garela gure iritzi tarteetan. Inoiz baino solasaldi gehiago dauzkagu: diputatuak, parlamentariak, zinegotziak, sindikalistak, gizarte eragileak, euskalgintza… Eta irrati-zutabeak egiten dituzten inoiz baino iritzi emaile gehiago, sorta berria sartu baitugu albistegietan.

Gaueko bandak ere berrikuntzak dakartza. Esaterako, Angel Errok eta Hedoi Etxartek musika klasikoari buruzko saioa eginen dute.

Eta mamia alde batera utzita, azala ere berritu dugu: sintonia guztiak aldatu ditugu, indikatibo berriak sortu eta abar.

Irratiko eguneroko jardueraz gain, teknologia berrietan ere murgilduta zaudete: webgune berria, Facebook, Twitter sare soziala… 

Alor digitalean ere rol garrantzitsua joka dezakegulakoan gaude. Hitz potolo asko dabiltza hor dantzan: erredakzioen integrazioa, sinergiak, bat egiteak… Ingurumari horretan ongi kokatu nahi dugu, prozesu horiek guztiak Iruñetik eta euskaraz baldintzatzeko.

Lehen urrats sendoa webgune berria sortzea izan zen. Duela urte bete jarri genuen martxan, eta orain indartzen ari gara, eduki gehiago sartuz. Hor ere ikus daiteke arestian aipatzen genuen topagunea, plaza izateko asmo hori. Gure programazioa zuzenean (on-line) zein diferituan (pod-casten bitartez) entzuteko aukera eskaintzeaz gain, beste zenbait talderen eduki eta zerbitzuak eskaintzen ditugu: AEK-ren agenda, IKAren euskara ikasteko pilulak, Eusko Ikaskuntzaren saioa, Karrikiriren beraren agenda… Horiek jada hor daude. Gainera, Bertsozaleen Elkarteko zenbait bideo eskaintzen hasteko akordioa lotu dugu, baita Eguzki Bideoak-en dokumentalak eskaintzeko akordioa ere.

Eta hori guztia, jakina, sare sozialetan konpartitu nahi dugu. Ez kolokatu. Eskaini eta besteen edukiei, ekarpenei ere erreparatuz, kasu eginez…

25. urteurrena dela eta ekimen bereziren bat egiteko asmorik bai? 
Bai ba. Hasiera batean lizentzien banaketak baldintzatuko gintuela uste genuen. Atzerapenak libreago utzi gaitu. Azaroaren zazpian ospakizun handia eginen dugu, Atarrabiako Kultur Etxean zuzeneko irratsaio musikatua eginez. Handik pasako dira Ruper, Kerobia, El Drogas, Balerdi-Balerdi eta, agian, beste ezusteren bat. Gainera saio horren inguruan akelarre digital handi samarra egin nahi dugu.

Bestalde, ideia dugu hilean behin irratitik ateratzekoa, itzal handiko pertsona bati elkarrizketa jendaurrean egiteko, baina hori oraindik ezin dugu zehaztasun osoz kontatu.

Legalizazioa iritsi ala ez, nola dakusazue etorkizuna?
Zaila, jakina, baina zuen baimenarekin  emankorra ere izan daiteke.


Komikia 163


Zergatik aritzen naiz kantak egiten?
Toño Muro. irakaslea eta musikaria

Orain arte nire buruari egin ez diodan goiko galdera horri erantzuna bilatzen saiatuko naiz artikulu honetan. Aitortzen dut galdera ez zaidala niri bururatu; irailean zehar Iruñeko gotorlekuan egin den komiki erakusketa ikusten ari nintzela horma batean agertu zitzaidan. Bertan, Mauro Entrialgok, marrazkilari gasteiztar handiak egindako metakomikiaren pasarte batean zegoen ondoko esaldi hau, gaztelaniaz: “Zergatik aritzen naiz komikiak egiten”. Azpiko biñetetan ematen zituen zergatiak hiru ziren, ziurrenik Maurorentzat berarentzat duten garrantziaren arabera ordenatuta: lehena, bizimodua ateratzeko; bigarrena, gustokoa duelako, eta hirugarrena, terapia modukoa zaiolako; eta hiru arrazoiak argudiatzeko biñeta bana gehitzen zuen azalpenekin. Idazki honetan komikien ordez kantak hartuta, Mauroren iritzia nirera egokitu (ala kopiatu?) nahi dut; beraz, lerro hauetan nire burutazioen ildoak aipatu hiru zioak izanen dira. Hori baino lehen, komikigilearen ideiak nire alorrera ekartzeari zilegitasuna eman nahian, komikien eta kanten arteko antzak aztertuko ditut.

Bi genero hauen ezaugarri nagusiei begira jarrita, haien parekotasuna nabaria da. Komikiak eta kantak (pop, rock, folk eta antzeko estiloak jorratzen dituztenak) bigarren mailako sormen lanak omen dira, Pinturaren, Literaturaren edo Musikaren kanon klasikoetatik kanpo daudenak. Era berean, XX. mendeko masa-kulturak bultzatu eta aldaketa teknikoen eraginez sortu edo eraldatu espresio moldeak dira biak. Behe mailako bi genero hauekin konparatuz gero, goi mailakoak (adibidez, olio margolanak, poemak, nobelak, sinfoniak edo sokarako koartetoak) sortzeak ez du justifikaziorik eskatzen; margolari, idazlea edo konpositorea izatearekin edo izan nahiarekin aski da. Horregatik nire antzeko Hizkuntza eta Literatura irakasle batek, poemak edo narrazioak idazten baditu, ez du zertan justifikatu behar, eta orduan irakasleaz gain “idazlea” ere badela esan dezake lotsarik gabe.

Biak, komikiak eta kantak, genero mistoak izatean datza parekotasunaren beste faktorea: beste osagai batekin bada ere, marrazkia eta musika hurrenez hurren, hitza lantzen dute biek. Hizkuntza dela eta, aldiz, ezberdinak dira Mauroren komikiak eta nire kantak, berak gaztelaniaz eta nik euskaraz egiten ditugu hitzak. Kantak euskaraz egitea euskaldun batek soilik aukeratu dezake; nire kasuan, Balerdi Balerdi osatu baino lehenagoko taldeen kantak gaztelaniaz egiten nituen, oraindik euskara ikasten hasi berria eta maila eskasa nuenez; agian, ni euskaldun berria izanik, euskal kantak egitea gehiegizko ausardia izan da. Dena den, jakina da gure kanten hitz dotoreenak Pello Lizarralde lagunarenak direla.

“Bizimodua ateratzekoa”, Maurok lehenesten duen arrazoia, musikari profesionala ez naizenez gero, ezin dut eman. Hogeita hamabost urteotan, gutxi gora behera, irakasle lana egin dut. Hala ere, lanbideari dagokionez idazle, margolari, bideogile edota musikari gehienen egoera berean nago, bestelako zeregin batean (asko eta asko, nire antzera, irakaskuntzan) aritzen gara; beraz, gogokoa dugun jardun “artistikoa” amateur moduan garatzen dugu. Badakigu oso ohikoa dela jarduera amateurra euskal kulturan, profesionalizazio arazoak areagotzen dira balizko publikoa urria delako eta bi kultur nagusiekiko konpetentzia eta menpekotasuna pairatzen ditugulako. Baina arazo bera dute gaztelaniaz edota inglesez aritzen diren hemengo musikari gehienek, Nafarroako edo Euskal Herriko entzulegoak soilik profesional gutxi batzuk elika ditzakeelako, eta gaztelaniaz edo inglesez kantatzeagatik kanpoan aritzeko aukera gehiago sortu arren, oso zaila dute musikariek, konpetentzia ere handiagotu egiten baita.

Maurok emandako bigarren arrazoiarekin erabat ados nago: “gustokoa dudalako” kantak egiten ditut, abestiak entsaiatzeko lagunekin elkartzen naiz eta gero jende aurrean aurkezten ditugu. Musikagintzak duen berezko ezaugarria da beste batzuekin elkarlanean garatu behar dela, hau da, kanten gauzatzeak talde lana eskatzen duela. Batzuetan, musika talde batean parte hartzeak dakartzan komeriak astunak eta gogaikarriak suerta daitezke; hala eta guztiz ere, lagun giroan kantatzeak eta jotzeak, sortutako musikaren barruan murgiltzeak, eta rock edo pop generoetan doinu eta burrunba anplifikatuen erdian sentitzeak, honek guztiak plazer berezia ematen du, kanten sormen hutsak ematen duen atseginari gehitzen zaiona. Beraz, kantagintzak bikoiztu edo hirukoiztu egiten ditu gustura sentitzeko arrazoiak. Horregatik, behin musika egiteko ohitura hartu ezkero, zaila izaten da egiteari uztea, edota behin musika utzita berriro ez hastea, eta adinean oso aurreratuta gauden musikariok gara froga.

Hirugarren arrazoia, sormena terapiatzat hartzea, ez da arrazoi makala; nire ustez, kanten eta orohar arte lanen motibazio psikikoak hausnarketa eskatzen du. Puntu honetan, hurrengo azalpen hauek gehitzen ditu Maurok: “besteei gure kezkak kontatzeak erresuminetatik eta gogo txarretatik askatzen du barnea”, “batzuk psikiatrarengana joaten dira, nik komikiak egiten ditut”. Autoironia ikutua alde batera utzita, aipatu esaldietan komunikazioaren bi subjektuek (musikaria eta entzulegoa kantagintza alorrean) duten elkar mendekotasunaren alde bat adierazten da, sortzaileari dagokiona. Musikariok entzulegoaren beharra dugu: kantak zuzenean interpretatzen ditugunean, barruko kezkak askatu egiten ditugu eta lotsarik gabe agerian uzten dugu geure burua. Aldi berean, jende aurreko biluzte honek artista guztiok dugun egoa elikatzen du, entzuleen mirespenarekin, edo behinik behin haien arretarekin, oreka psikikoa bilatzen dugularik. Publikoaren onarpena erdietsi nahian, haren lekuan jartzen gara kantak sortzen edo prestatzen ditugunean, eta horrela, entzuleak bagina, entzun nahi izanen genituzkeen hitzak, erritmoak eta melodiak asmatzen ahalegintzen gara, guk geuk kantatu eta jo arte inoiz entzun ez diren soinuak sortzen, alegia. Baina oso gutxitan lortzen dugu, inoiz ez seguruen, eta publiko zabalaren onarpen ezak (entzule gehienak lagunak eta ingurukoak izaten dira) kanta berriak eta ustez entzungarriagoak egitera bultzatzen gaitu, buklearen bira berri bat irekiz. Ea, bada, honetan asmatzen dugun…

 

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude