Karrika 162. 2012ko iraila

Karrikiriko zerbitzuak berriro martxan

Uda sasoia pasa ostean eta merezitako oporraldia amaitu ondoren, hementxe gaude Karrikiriko kideak berriro ere ikasturte berriari poliki-poliki neurria hartzen hasiak. Zer moduz zuek? Gustura aritu al zarete eta atseden nahikoa hartu al duzue? Esan bezala, guk berriro heldu diegu gure ohiko zereginei eta Karrikiriko zerbitzuak berriro martxan dira bete betean eta zuen eskura: lan poltsa, pisukideak, establezimendu euskaldunen errolda, itzulpengintza zerbitzua, hala nola gure Xabier karrikako denda eta bulegoa.
Eta horiekin batera, irailean zehar Sanfermin Txikiko jaiak heltzearekin batera, Karrikiriko gure denda ibiltaria ere Euskal Herriko zenbait txokotan barna ibiliko da; euskal sortzaileen lanak ezagutzera emateaz gain, gure elkartearendako egunotan horren premiazkoak diren sosak biltzeko asmoz. Iraila partean bada, Aezkoako egunera hurbilduko gara hilaren 16ean eta hurrengo asteburuan, hilaren 22an, Gasteizen eginen den Euskal Herriko Dantzarien Biltzarrean izanen gara. Gurekin etortzera animatzen bazarete, hurbildu Xabier karrikako gure egoitzara edo igorri mezua bulegoa@karrikiri.org helbidera. Lana egiteaz gain, jarana pixka bat ere eginen dugu. Animatu bada!!
Gogoratu, bestalde, aurreko zenbait aletan aurreratu genizuen moduan, elkartearen baitan martxan jarritako murrizketak direla eta, hemendik aitzina paperezko Karrika gure bazkideei soilik bidaliko diegula eta gainontzekoei PDF formatuan igorriko dizuegula zuen helbideetara. Paperean oraindik ere jaso nahi izanez gero, 10 euroko urteko kuota eskatuko dizuegu inprenta eta banaketa gastuetan laguntzeko. Beraz, nahi duena gurekin jartzen ahal da harremanetan arestian emandako email helbidean.
Eta, ahaztu baino lehen, gogoratu hilabete honetan berriro helduko diegula gure Karrikadantza saioei. Hitzordua heldu den irailaren 15ean izanen da 6:30ean Iruñeko Mercaderes plazan, beraz gonbitea jada luzatu dizuegu.

Plazera da berriro ere zuekin egotea. Ongi pasa Sanfermin Txikiko jaietan eta irailaren 15era arte!!!


Julen Arexolaleiba.
HUHEZI, Mondragon Unibertsitatea

Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa gradu ondoko programak bere laugarren urtea beteko du aurten, euskal jakintza bildu, sortu eta transmititzeko asmoz. Julen Arexolaleiba programaren koordinatzailea da eta hark azalduko dizkigu tituluaren inguruko xehetasun guztiak.

Noiz sortu zen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu titulua eta zer xederekin?
2007-08 ikasturtean eman genion hasiera MUren Eskoriatzako campusean, HUHEZIn, hain zuzen ere. Orduan, nobedadeetako bat izan zen euskal kulturgintzaren transmisioaren gaia unibertsitatera ekartzea, aditu-titulu bat abian jartzea, lehendabizikoz, gai horren harira. Eta beste nobedade bat izan zen euskal kulturgintzako eragileei, adituei eta arituei, beren gogoetak plazaratzeko aukera zabaltzea. Gainera, eragile horiek ikasleekin zuzeneko hartu-emana izateko, elkarrizketa dialogikoa bideratzeko, bidea egiten hasi ginen. Jakintza biltzea, sortzea eta transmititzea izan ditugu ipar ordudanik.

Zeini zuzenduta dago?
Oro har, esan genezake euskal komunitatearen partaide sentitzen den edonorentzat dagoela zabalik. Aintzat hartzekoa da, jakina, unibertsitateko aditu-titulu bat dela eta horrek badakartzala, berez, aldez aurretiko eskakizun batzuk. Bereziki, euskal kulturarekin hartu-emanetan diharduten irakasleak, kazetariak, kultur teknikariak, euskararen gizarte ekimeneko teknikariak, sortzaileak… izan ohi dira gure ikasleak. Aniztasun horrek aberastu egiten du asteroko dinamika bera.

Irakasle lanetan euskal munduan erreferentziazko izen aunitz. Zer moduz eurekin lan egitea? Zein izan da haien harrera?
Urteotako esperientzia oso-oso aberasgarria izaten ari da. Irakasle lanetan aritzeko gonbitea egin izan diegun gehien-gehienek baietza eman izan digute eta EKT bera goraipatu izan dute, taldetasunean jakintza eraikitzeko eta euskal jendarteari transmititzeko egiten ari garen ahaleginagatik. Eragile horien guztien irakaspenak jasota izatea ikaragarrizko altxorra da guretzat eta interesa daukaten guztientzat.

Dagoeneko 4. edizioa beteko duzue aurtengo ikasturtean. Zer moduzkoa izan da orain arteko esperientzia? Bete al dira zuen itxaropenak?
Laugarren ediziora iristea bera aipagarria da, ez baita gaur egun erraza izaten graduondokoak eta aditu-tituluak horrenbeste ediziotan martxan iraunaraztea. Alde horretatik benetan eskertzekoa da zenbait enpresak eta elkartek urteotan eman izan diguten hauspoa beren formazio-planen baitan kokatu baitute HUHEZIko aditu-titulu hau.
Azpimarratzekoa iruditzen zaigu, halaber, euskarazko hedabideetan EKTk daukan oihartzuna. Horren lekuko, besteak beste, Euskadi Irratiak eta Berria egunkariak edizioz edizio saioei egiten dieten jarraipena. Lankidetza horiek ere ikaragarri laguntzen digute gure helburuak betetzen.

Eta parte-hartzaileen harrera zer nolakoa izan da?
Izena ematen dutenetatik inork ez du atzera egiten aditu tituluak iraun bitartean. Astero-astero etorri ohi dira saioetara eta gehien-gehientsuenek egin ohi dute ikastaldi amaierako proiektua, titulua eskuratzeko ezinbestekoa dena. Proiektu horien bitartez ere ari gara jakintza biltzen eta sortzen.

Zein da aurtengo ikasturterako eskaintza? Aldaketarik al da aurreko edizioekin alderatuta?
Laugarren edizioan garrantzi berezia eman nahi diegu tokian-tokian, gertuko komunitatean, euskal kultura garatzeko bideratzen diren ekimenei. Badugu hortik zer ikasia! Eta, orobat, euskal kulturgintzaren baitako sektoreak (dantza, kantagintza, etab.) ekosistema moduan aritzeko (hedapena, jakintza eta transmisioa) egiten ari diren ahaleginei ere bozgorailua jarri nahi diegu.

Izen eman nahi izatekotan zer egin behar da?
 www.mondragon.edu/ekt da EKTren weba. Bertan ageri dira xehetasun guztiak. 2012ko urrian hasi eta 2013ko ekainera bitartean, asteazken arratsaldeetan daukagu hitzordua interesatu guztiok. Ea Karrikirriren irakurleak baditugun 4. edizioan ere!



Lehentasunak
Josu Penades. Irakaslea eta idazlea

1 Medikuarenean izan naiz. Esan dit hezurrak eta muskuluak ongi samar ditudala. Ez gibelak ez giltzurrunek iragazten ez didaten zerbait toxikoa iristen omen zait odolera, eta muskuluak elikatzen dizkidan odolean doan pozoi horrek sorrarazten omen dit oinazea. Zer egin behar dudan azaltzerakoan, hitz hauekin amaitu dit bere azalpena: «A, eta ez ahaztu barrua eta gogoa ere lantzea. Arnasa luzeko kontua izango da hau eta nahigabealdietan gora egiteko indarra eduki beharko duzu». Hamabost bat urte izango dira azkenengo bisita egin nionetik. Anek, ordea, eutsi egiten dio bereari. Egungo krisialdi ekonomikoaren antzeko zerbait gertatzen omen zaiola nire gorputzari esan dit atea irekita. Gizartearen hezur eta muskulu diren lantegiek badute zer hobetu, baina badaukate ibiltzeko aukerarik, zeinek bere neurrian. Arazorik larriena haiei hornitzen lagundu beharko liekeen finantza-esparruan (gizartearen odolean) daukagu. Eta egoera petraldu ahala etsipena doa hedatzen gure artean.

2 Aneren hitzek munduko ekonomi erakundeak ekarri dizkidate gogora. Esaterako, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) banketxeen edo herrialdeen diru-premiei buruz argitaratu dituen datuak direla-eta, ez du egundo ‘asmatu’ (nik begiratu ditudanetan, behintzat). Zergatik eta bere helburua ez delako gobernuei gobernatzen laguntzea, baizik eta era jakin batera goberna dezaten eragitea. Hau da, NDF ideologia jakin baten alde ari da;  ideologia horren asmo nagusienetako bat ongizateko gizartea suntsitzea da. J. Habermasek, horren haritik, gogorarazi digu ongizateko gizartea suntsitzeak demokraziaren endekapena ekarriko duela. Hamarkadak dira esan dela indar ekonomikoek gero eta eragin handiagoa daukatela erabaki politikoetan. Pixkanaka, erakunde ekonomikoek azpiak jan dizkiete erakunde politikoei.
    Eztabaida, beraz, ez da ekonomikoa soilik. Jarrera ekonomiko guztiek —ohartuta edo oharkabean— jarrera politiko eta etiko jakinak dakartzate berekin. (Nabarmena da intelektualen ekarpenaren hutsunea, salbuespenak salbuespen, aldaketa-garai ez ezik garai- aldaketa honetan.) Azken batean galdera honako hau da: zer gizarte-eredu ahalbidetu eta eraiki nahi dugu?
    Askok gizadiaren ondaretzat aldarrikatzen dute Europa, mendeetan onduriko kulturari esker ongizateko gizartea sortu duelako, besteak beste. Indar ekonomikoek, aldiz, Txina miresten dute. Komunismo totalitarioa eta bidegabekeriazko muturreko kapitalismoa uztartu dituen 1.500 milioi biztanleko herrialde horretan, gutxi batzuen luxua eta herritarrik gehienen miseria dira deigarri, giza eskubideak oztopo gertatzen zaizkiela agintariei.
    Baina Europak autokritika ere egin behar du. Mendebaldeko kide den heinean, erraz asko onartu du, batetik, F. Fukuyamak baieztaturiko Historiaren amaiera eta kapitalismoaren betiereko garaipena, eta, bestetik, postmodernismoaren zenbait jarrera, batik bat estetika hutsalean oinarrituz inozokeria etiko, politiko eta ekonomikoa ekarri duena. Hainbeste urte eta gero oraindik irauten duelarik, bada, nori egiten dio mesede krisialdi honek? (Honezkero ezagunak dira finantza-mundua kasino bilakatu duten aseguru-etxe, kalifikazio-agentzia, banketxe eta inbertsio-taldeen jokabidea.) Zein estatu mota nahi dugu? Zer-nolako zerbitzu publikoak? Zeri eman nahi diogu lehentasuna?
    Azken galdera hori da guztiaren abiapuntuan jarri beharrekoa. Aldaketa batekin: zeri beharrean nori eman nahi diogun lehentasuna galdetu beharko genukeela. Helburua pertsonak direlako, are zehatzago esanda: pertsonarik ahulduenak. Inori etorkizuna eta itxaropena ukatzea da egin daitekeen doilorkeriarik latzenetakoa, horrela duintasuna deuseztatzen zaiolako, arazoei aurre egiteko kemena agorrarazten, pentsatzeko ausardia eta gogoa itzalarazten. Prest al gaude agintariei hori eskatzeko eta bide horretan nork bere erantzukizunari heltzeko? Galdera horrek oroitarazi dizkit Anek giharrak indartzeko agindu dizkidan ariketak, «egunero egin behar dituzu», zehaztu dit, «bestela ia alferrikakoak izango zaizkizu».

3 Atarian bizilagun bat gerturatu zait alaba datorren ikasturtean institutura joango zaiola aitortzeko, eta pentsatzen ari da ereduz aldatuko duen ala ez, probetxugarriago suerta dakiokeela uste baitu euskara hobetu beharrean ingelesa eta txinera ikas ditzan. Zilegi dela egin nahi duena esan diot, hala ere tartea utzi didanean aipatu diot guk geuk ez badugu transmititzen eta balioesten amaitu egingo duela bere ibilbidea euskarak ere. Ez dut hainbesteko harremanik bizilagunarekin eta ez diot erantsi globalizazioaren eta krisialdiaren erdian nork bere lekua aurkitzen ez badu, aise izango dela irentsia. Hurrengo batean, beharbada. Halako aukerarik sortuko balitz, Jon Landaburu hizkuntzalariak kultura eta hizkuntza gutxituez dioena azaltzen saiatuko nintzaioke, hots, gizadiaren erreserba espirituala direla.
Anek esan dit barrua eta gogoa ere landu behar ditudala, pattalaldietan gora egiteko indarra eduki dezadan. Krisialdietan, mundua ulertzeko daukagun era gordinago azaleratu ohi zaigu erabakiren bat hartu behar dugularik, eta kolokan jartzen ditugu zenbait uste, asmo eta irizpide. Horrek nolabaiteko bertigoa sorrarazten digu, baina aldi berean badakigu kezkak eraginda egin ohi dugula aurrera bizitzan.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude