Karrika 160. 2012ko ekaina

Gunea 2012-Aitor EtxarteGunea egunetik Larrabetzuko Literaturiara

Aurreko Karrikan aurreratu genizuen moduan, bazkide kuota ordaintzen duten lagunak alde batera utzita, paperezko Karrika bidaltzen jarraitzeko laguntza txiki bat eskatzen genizuen (10 euro urteko) inprenta eta bidalketa gastuek ekartzen duten diru kopuruari behar bezala aurre egiteko. Hasi gara jada zenbait jenderen datuak hartzen eta gogoratu nahiko genizueke udara bitarte (uztailaren amaiera arte) izanen duzuela gurekin harremanetan jartzeko aukera, izan ere oporren ostean ekinen baitiogu paperezko aldizkarien kopurua murrizteari. Horrela bada, Karrika etxean eta paperean jaso nahi baduzue, jarri gurekin harremanetan (bulegoa@karrikiri.org) lehenbailehen zuen datuak emateko eta PDFn jaso nahi duzuenok eman zuen emaila.

Esker mila!!
Eta Karrikan laster eginen ditugun aldaketa horietaz gain, beste hainbat ekimenetan gabiltza azken boladan. Besteak beste, pasa den hilaren 19an Topaguneak Euskal Herriko euskara elkarteei begira antolatutako Gunean. Bertan, egiten ditugun ekimen batzuen berri eman eta beste elkarte batzuek bideratzen dituztenak ezagutzeko parada izan genuen. Gustura ibili ginen bertan eta espero dezagun etorkizunean ere elkarri lagundu eta partekatzeko aukera gehiago izanen ditugula.

Eta Azkoitiko hitzordu hartan hain zuzen ere Karrisolasaz solastu ginen, eta hilabete honetan hausnarketarako bide berriari helduko diogu Bat Soziolinguistika aldizkarian argitaratutako Albert Bastardas Bartzelonako Unibertsitateko irakaslearen “Ekologiatik hizkuntza-iraunkortasunera: marko teorikotik proposamen praktikoetara” hizpide hartuta. Izenburuak dioen moduan, azken urteotan bolo-bolo dabilen ekologismoaren gaia jorratuko dugu hizkuntzari lotuta. Hitzordua, betiko moduan, Xabier karrikako 4an dagoen gure Karrikiri dendan izanen da ekainaren 20ean. Pastak eta tea/kafea gure kontu. Solasa, denon esku. Ongi etorri!!

Eta azkeneko hilabeteotako martxari eusteko, Karridenda ibiltariak bere bidea egiten jarraitzen du eta ekain partean Euskal Herriko bi txoko interesgarri bisitatuko ditugu; ekainaren 1, 2 eta 3an Larrabetzun eginen den Literaturia euskal liburuaren feria eta ekainaren 17an Labastidan eginen den Araba Euskaraz festa. Gogorik baduzue gurekin etortzeko, jarri gurekin harremanetan eta lana egiteaz gain, lasai egon jarana ere egiten saiatuko baikara. Animatzen?

Izan ongi!!


Bi puntu zero aldizkariaIosu Ganuza. BiPuntuZero aldizkaria

Xuka aldizkariak 100. alea argitaratu ondoren, agur esan eta BiPuntuZero bilakatu da maiatzaz geroztik Atarrabiako Karrikaluze elkartearen hedabidea. Iosu Ganuza argitalpen berri honen koordinazioaz, maketazioaz eta diseinuaz arduratzen da eta harengana jo dugu sortu berri den aldizkariaz gehiago jakiteko asmoz.

K. Krisi garai hauetan apustu ederra zuena, ezta? Nolatan ausartu zarete?
I.G. Apustuak ederrak izan ohi dira, batez ere beharrezkoak direnean. Garai berriak dira eta aldaketa ugari egon da; bai Karrikaluzetik kanpo, bai barnean ere. Hau dela eta, ezinbestekoa zitzaigun gure komunikabidea aldatzea. Izan ere, aurreko urtean zehar hainbat ekintza burutu genituen gure elkartearen irudia zaharberritzeko (EuskaldunON astea…). Honetaz gain gure komunikabidea Karrikaluzetik at zabaldu nahi genuen.
 
K. Zer berri dakar BiPuntuZerok Xukarekin alderatuta?
I.G. BiPuntuZerok parte hartzaileagoa izatea nahi dugu. Ez dugu nahi guk egin eta irakurleek irakurtzen duten lana izatea. Irakurle, bazkide edo beste euskaltzaleen esku-hartzea sustatu nahi dugu beraiek ere artikuluak idatziz, lehiaketarekin edota hurrengo aleetan agertuko diren berritasunen bitartez.
Honetaz aparte, hiruhilabetekaria izango da, Xuka hilabetekaria zen bitartean. Bi Puntu Zero-k informazio zabalagoa eskaintzen du, ez da Karrikaluzeko barne-buletina. Azpitituluak esaten duen moduan “Euskaldunon aldizkaria” izatea nahi dugu.
Hala ere, Karrikaluzeko aldizkaria ere bada, horregatik barneko berri batzuk argitaratzen dira. Gure asmoa da bazkide eta kideek ere parte hartzea; hori dela eta, badaude sekzio batzuk, non horiek idazten duten: atal urdina (Jauzi, Larunblai eta Baterako haur eta begiraleek), atal berdea (Isekako gazteek)…

K. Aldizkari berria zer xederekin sortu da eta nori zuzenduta dago?
I.G. Hiru xede aipatuko nituzke komunikazio arduradun gisa: zaharberritzea, mugak zabaltzea eta parte-hartzea. Hauek kontuan harturik uste dut erakargarritasuna izan daitekeela xede nagusia.
Oraindik ezagutzen ez duenarentzat, zer eduki lantzeko asmoa duzue?
Orokorrean edukiak markaturik daude. Hala ere hasierako aleen artean aldaketak sumatuko ditugula uste dut, bai maketazioa eta bai edukiari dagokienez. Dena den, lan honetan hasi ginenean eduki orokor batzuek ardatz izan behar dutela garbi izan dugu: Karrikaluzeko atala, barne informazioa eskainiz; gure txiki eta gazteek landutako atalak haiek sortu, egin edo kontatutako ekintzekin; gai orokorrak; argazkiak… Honetaz gain HoroskopON eta errezeta ditugu, informazioaz eta iritziaz aparte zer edo zer dibertigarria egiteko.

K. Eta horietaz gain kolaboratzaileen ekarpenak, Joxerra Gartziarena kasu, ezta?
I.G. Bai. Aurretik esan dudan moduan, elkarteaz haratago joan nahi dugu. Horregatik deitzen da BiPuntuZero. Izen horrekin ezagutzen dira gaur egungo web-guneak. Horietan komunikazioa aldebikoa da. Hau da, irakurleek ere aukera dute horietan parte hartzeko. Gainera, aldizkariak zabaltasuna izatea nahi genuen, euskaldunon erreferentziazko lana izatea. Hau zela eta, Joxerra Gartziari kolaboratzeko eskatu genion. Nik unibertsitatetik ezagutzen nuen eta pentsatu nuen pertsona ezin hobea zela gure aldizkarian idazteko; gure irakurleei zuzentzeko pertsona egokia, esaten duenagatik eta bere komunikatzeko eragatik.

K. Etxean jaso nahi izanez gero, zer egin behar da?
I.G. Aldizkaria jaso nahi izanez gero, zuzendu e-postaz komunikazioa@karrikaluze.org helbidera. Atarrabiakoak ez diren irakurleei postaz bidaltzen dizkiegu aleak. Hala ere, zerbitzu berri bat eskainiko dugu aldizkaria elektronikoki jasotzeko, izan ere, hasieran galdetu duzuen moduan krisi garaiak dira eta aurreztu egin behar da. Horrela izatekotan ere helbide horretara jo behar duzue.


komikia 160Aukera on
Lontxo Aburuza. Irakaslea

Arnasteko airearen beharra bezalaxe, goizean jaikitzean, hurbileko albisteen jakinmina sentitzen dut eta urrutiko albisteena ere pittin bat bai. Gustuko dut bezperan edo gauean  zer gertatu den jakitea eta egunak zer ekarriko didan aurreikustea. Informazio hori Berria egunkariak ematen dit paperean eta Euskalerria irratiak ahoz. Biak ditut kuttunak, baina bigarrena erosoagoa egiten zait; albiste kaskarra ongi kontatua bada, belarrira  xamurkiago  barneratzen da.
Iruñerrian bizi garen euskaldunok jakin badakigu gure “euskal unibertsoa” 40.000 pertsonak osatzen dugula eta auzo desberdinetan barreiaturik gaudela. Honek euskaraz bizitzeko eragozpenak berarekin ditu eta irakaskuntzan ari garenak, salbuespen gisa, ia egun osoz bizi dugu euskaraz mintzatzeko aukera.
Egunean zehar, harremanak kontu, euskaraz solasteko aukera bakanak izaten ditugu. Bestalde nire euskaltasuna muga nezake gelara, eskolara eta auzora; baina ez. Zeren itogarria gertatuko bailitzaidake gelara mugatuko banu edota soilik eskolara. Etorkizuna euskaraz ere nahi  badugu, derrigortuak gaude auzoa, kalea eta Iruñerriko euskal giroa sendotzera. Beharrezkoak eta derrigorrezkoak  ikusten ditut: euskal teknikari dinamizatzaileak, auzoetako euskal topaguneak-elkarteak, eskoletako euskara sustatze kanpainak, Sortzen Jaialdia, Nafarroa Oinez… e.a luzea. Baina, zer ginateke Euskalerria irratirik gabe ?
Hogeita bost urtez, bertako albisteak aireratu  dizkigu, urrutikoak bertaratu eta ia 100 kolaboratzaile fideli esker gai askori buruz informazioa eguneratu. Niri ez zait aski ikasleei dakidana  transmititzea, neuk ere elikatu beharra sentitzen dut eta nik ere nonbaitetik edan beharra dut. Euskarazko irrati on batek hizkuntza jasoa erabiltzen du, eta horrek oharkabean, neurri batean, elikatzen nau/gaitu. Gai desberdinak eta egunean egunekoak jartzen dizkigu aurrez aurre, kolaboratzaileen ekarpen  eta gogoeta sakonak, adituen iritzi kontrajarriak,… Azken finean, Iruñerriko euskaldun orori ateak ireki dizkio, elikatu/tzen gaitu eta euskaldun ororen topagune izaten  ahalegintzen da.
Horrenbeste urtez lanean aritzeak  ia betikotasun gradua eman liezaioke irratiari eta norbaitek pentsa dezake zerutiarra dela, baina ez. Duela 25 urte ideia izan eta elkartea abian jarri zutenek ongi dakite 800 bazkidek urtero txintxo ordaintzeko izan duten fideltasuna. Harro gaude euskalzale-irratizale guztien ekarpenekin; antzekorik ez dugu ezagutzen.
Eta zergatik orain bazkide berriak aurkitzeko kanpaina ?
Krisiak bete betean harrapatzen gaituenean hauek eskera datoz? esango du norbaitek. Eta nora eta irakaskuntzara? Gainera hauek eta besteak eta…
Bakoitzak dakigu ongien gure sos apurrak nola baliatu. Argi dakusat gure euskaltasunak prezio-kostua duela eta gure inguruan ditugun proiektuak ikusirik hautatu beharrean aurkitzen gara. Iaz kapital hedapena eginez jarraitu ahal izan genuen lanean eta aurten bazkide berriak eginez indarberritze prozesuari bultzada eman nahi diogu, Web orri berria, irrati hurbila, dinamikoa, euskaldun ororen topagune eta profesionala. Duela hilabete bat lizentzia eskuratzeko eskaria aurkeztu genuen eta uda partean espero dugu horren erantzuna jasotzea.  Aurreko lizentzia eskariak arrazoirik gabe ukatu zituzten, ondoren epaiak irratiaren aldekoak izanagatik, epaiketen bide luze horretan jarraitzen dugu.  Beraz zailtasunei aurre eginez, badakigu ataka estuetatik ateratzen eta dozena bat urte daramatzagunez bazkide kanpainarik egiteke, ohartzen gara euskalgintzan ari den langile multzo batek bere eskua luza dakigukeela.
Zure eskuzabaltasuna nahi dugu,  horri zintzo eta apaltasunez irratiko esatariek eta kolaboratzaileek ahotsa eta musika jarriko  diote. Ziur izan hortaz eta elkarlanak fruituak ematen jarrai dezan, esker mila.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude