Karrika 16. 1998ko uztaila

Iruñeko ferietan…


Bai, hor gabiltza (ia) guztiok zaldi, zezen, ardi,idi edo bildots, batzuek ardotan blai, besteak txanpainetan, edo ur-izerditan ere. Baina Euskaraz blai ere nahi genuke, eta sanferminetan, edozer ere dela medio, mihia dantzatzen trebeak bagara, eta urtean zehar baino gehiago elkartzen bagara lagun, adiskideekin, edo etsai eta aurkariekin ere, eta solasari aukera gehiago ematen badiogu, eman diezaiogun era berean Euskarari behar bezalako denbora. Jakinik, batetik, euskaldun askoren anfitrioi izan beharra dugula, eta, bestetik, gure arteko askok igual ikasturtean zehar egin dezaketen mintza praktika eskas dela, eta egun horiek aproposak direla irakaslearen belarri finari minik egin gabe mintzatzeko.
Tira, bada, jatortasun pixka batez jaietan ere behar duenari laguntza eta adorea eskain diezaizkiokegu, eta Euskal Herrietatik heldu direnei ere guztiz abegikor azaldu.
Baina, eta sanferminak ez direnean, zer? Hara, gu behintzat, honez gero konturatu bide zaretenez, saiatzen gara, gogotik saiatu ere, ardura eta zeregin horietan aurreratzen. Izan ere, festetan Euskaraz blai agertu bai baina, areago, hobe baikenuke, denbora eta egun guztietan, Euskara festaz blai.
Zeren eta, KARRIKIRIn baitakigu akuilua sartu nahi digutenak, toreador eta pikador, urte guztian direla traidor, erdarak ez direla sanferminetan baino atzerago gelditzen; baina Kamkiri zezentto abila ez dute hain erraz harrapatuko.
KARRIKIRIko zuen lagunen aldetik, gure desiorik hoberenak heldu den festa arorako, iraila arte ez baikara zuekin berriro mintzatuko; bizkor izan eta aldi goxoa iragan sanferminetan.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude