Karrika 154. 2011ko azaroa-abendua

Merkataritzan euskaraz 2012
Eguberriak eta establezimendu euskaldunen zerrenda

Larrazkena iristearekin batera, Karrikiri elkartean Iruñerriko establezimendu euskaldunen zerrenda (denda, taberna, jatetxe, e.a) berrikusteari ekiten diogu, Atarrabiako Karrikaluze elkartearekin eta Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean. Bada, ikuskapena azken bi hilabeteotan zehar egin ondoren, azaroa eta abenduko Karrika honekin batera zerrenda horren liburuxka berritua eskuratuko duzue, edozein erosketa egitera zoaztelarik euskaraz harrera non eginen dizueten jakin dezazuen. Kasu eman establezimendu horietan guztietan aurkituko duzuen “Euskaraz nonahi, hemen ere bai” logotipoari eta erraz antzemanen duzue non aritu ahal izanen zareten euskaraz. Eta, ahaztu baino lehen, gure zerrendan ez dagoen eta zuek ezagutzen duzuen establezimendu euskaldunik ezagutuz gero, jarri gurekin harremanetan eta emaiguzue horren berri. Denon artean zerrenda mardulagoa osatuko dugu. Ziur baietz!!  

Eta establezimendu euskaldunen zerrenda eguneratzearekin batera, urtero legez Xabier karrikako gure denda produktu aunitzez beteko da Eguberriei begira Olentzerok etxeko guztientzako opariak aurkitzeko parada izan dezan; euskal jantziak, Durangoko azokako azken nobedadeak, haurrentzako jostailuak, kamisetak, jertseak, poltsiko guztientzako mota guztietako opariak, e.a. Ateak zabalik ditugu jada!!

Hilero bezala, bestalde, azaroan ere Karrisolasa ekimenaren beste saio bat izanen dugu. Hitzordua azaroaren 16an izanen da 19:00etan Karrikiri dendan (Xabier karrika 4) eta Koldo Izagirreren “Autopsiarako frogak” liburuaren pasarte batzuk izanen ditugu hizpide. Betiko moduan solasaldi patxadatsua eta gozagarria egiteko xedea izanen da gurea, beraz, atsegin baduzue, hurbildu eta parte hartu. Gure webgunean aurkituko dituzue hizpide hartuko ditugun pasarte horiek.
Eta kasu eman, izan ere abenduan ez baitugu Karrisolasarik izanen eta urte berrian itzuliko gara berriz.

Eta amaitu aitzin, azken ohar bat; udazken-neguko eguraldia dela eta, Karrikadantza ekimenak heldu den urteko udaberrira bitarte atsedena hartuko du, beraz ordura arte entrenatu eta hurrengo urtean berriro izanen gara karrikan dantzan.

Tira, hauxe izanen da bada gure 2011ko azken Karrika, beraz ongi pasa Eguberrietan eta urte berri on aurreratua!!!


Ruben Alvaro
Rubén Álvaro. Sidneyko euskal etxeko presidentea

Urriko arratsalde batean Karrikiriko dendatik bisitan heldu zitzaigun Ruben Álvaro iruindarra. Nafarroako hiriburuan sortu arren, urte dexente daramatza Australia aldean eta Sidneyko euskal etxeko presidentea da egun. Euskal Herrira egun batzuetarako etorri da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak Donostian eginiko euskal kolektibitatearen batzarrean parte hartzeko. Harekin solastu gara Sidneyko euskal etxeaz.

Iruñean jaio zinen arren, Australian bizi zara aspalditik.
Bai, Iruñean jaio nintzen eta 1983an, 17 urtetan, joan nintzen Sydneyra, Australiara, bizitzera. Banuen familia Australian eta, beraz, soldadutza egiteko adina hurbiltzen ari zitzaidala, Sydneyra joan nintzen, gure anaia handiak urte bat lehenago egin zuen bezala. Emigratzeko arrazoia ez zen soldadutza saihestea soilik izan; anaiarekin izan eta ingelesez ikasi ere nahi nuen eta adin horretan bat edozertarako egoten da prest. Orain australiar batekin ezkondurik nago eta 2 alaba eta biloba bat ditut.

Jakin dugunez, Sidneyko Euskal Etxeko presidentea zara, ezta?
Bai, hala da eta, egia esateko, harro nago, baita Iruñekoa izateaz eta Sydneyko diaspora gure artean inolako bereizkuntzarik egon gabe ordezkatzeaz.

Noiz sortu zen Sidneyko euskal etxea?
Sydneyko Euskal Etxea 1966an fundatu zen eta egoitza hiriaren erdialdetik oso hurbil dago, 344 Liverpool Street, Darlinghurst NSW 2010 helbidean. Munduan barnako beste edozein euskal etxeren moduan, gurea ere euskal kultura sustatzeko eta euskaldunak elkartzeko tokia izateko xedearekin sortu zen. Sydneyra bidaiatzen baduzue, horra agertzera animatzen zaituztet, baina kontuan hartu igandeetan bakarrik irekitzen dugula. Gure webgunean ere sartzen ahal zarete gutaz gehiago jakin nahi izanez gero:  www.guretxoko.com.au

Zenbat jende biltzen zarete eta zer ekimen bideratzen dituzue?
20tik 40ra lagun biltzen ohi gara igandero. San Fermin bezalako egunetan 100dik gora lagun, eta parranda ederra egiten dugu. Gure jarduera nagusiak iganderoko bazkaria, euskara eskolak eta zenbait egunetako ospakizun bereziak, hala nola San Fermin, Aberri Eguna eta Korrika, dira. Badugu ere liburutegi bat ere –Australian euskal kulturaren inguruan dagoen handiena- eta frontoi txiki bat ere. Bazkideek, gainera, beren afariak nahi dutenean egin ditzakete.

Hainbat jendek euskal etxeak folklorearekin soilik lotzen ditu. Zer iritzi duzu?
Egia esan, gurean ez da folklorearekin erlazionaturiko gertaera anitz izaten orain, txokoan gazte anitz ez dugulako batez ere. Izan ere, arazoa baitugu bazkide gehienak zahartxo egiten ari direla eta ordezteko gazte oinarririk ez dagoelako.

Zer xederekin etorri zara Euskal Herrira?
Euskal Herrian zenbait arrazoirengatik nago. Australiako selekzioaren ordezkari izan naiz euskal etxeen nazioarteko XXXIV. mus lehiaketarako. Txapelketa orain dela 2 aste egin da Angelun, Lapurdin. Frantzia, Argentina, Peru, Mexiko, Kanada, Estatu Batuak, Uruguay, Venezuela, Txile eta beste zenbait herrialdetako euskal etxeek hartu dute parte. Laugarren geratu gara hamalau talde izanik eta, horregatik, poz samar gaude. Orain Iruñean naiz gurasoak bisitatzen, oraindik hemen bizi dira, baina ni hemen izateko arrazoi nagusia Eusko Jaurlaritzak Donostian eginiko euskal kolektibitateen batzarra izan da.

Zer moduz joan da batzarra?
Ongi, izan ere hainbat herrialdetako euskal etxeak administratzen ditugunok elkartu eta ideiak, esperientziak eta proiektuak konpartitzeko parada izan dugu. Eta, era berean, Eusko Jaurlaritzan euskararen eta euskal kulturaren hedapen gaietan gurekin harremanetan izaten direnak buruz buru ezagutzeko aukera ere izan dugu. Jarduera egitarauari dagokionez, talde lan gehiago egin eta txosten gutxiago entzutea gustatuko zitzaidakeen. Holako bilerak egitea garrantzitsua da, baina neurriz gaineko gastua egin dela iruditzen zait. Dena dela, betiko moduan oraingo bisitan ere berriro maitemindu naiz Euskal Herriaz. Esperientzia ahantzezinak izan ditut eta Euskal Herriko normalizaziorako nor bere harri koxkorra ekartzen ari den, nor bere modura, pertsona anitz ezagutu dut. Hasteko, zuek Karrikirin.

Sidneykoaz gain, ba al da beste euskal etxerik Australia aldean?
Bi dira Australiako euskal etxeak, bata Sydneykoa eta bestea Townsvillekoa. Orain dela urtebete Sydneytik Townsvillerako txangoa egin genuen elkar hobeki ezagutzeko, baina distantziak oso handiak dira eta hori ez da arrunta. Dena dela, esandakoa, Australiara etorriz gero, ez ahaztu bisita egiteaz.


komikia 154


Olentzero. Ikazkina eta opari-banatzailea
Neguko solstizioa eta aro berria

Duela urte dezente Iruñeko euskaldun eta euskaltzale batzuek Gabon gaua hiriaren karriketan pasatzeko gonbitea luzatu zidaten. Hagitz gustura onartu nuen gonbidapena eta zinez ez zait damutu.

Pozgarria zen benetan haurren aurpegiak ikustea, begiak zabal-zabalik, beren desioak aseko nituen ala ez asmatu nahian. Baina batzuetan nahigabetu ere egiten nintzen, hainbat guraso euskaldun petok beren seme-alabekin erdara traketsean hitz egiten zutela ohartzean. Nola zen posible? Lagun batzuek azaldu zidatenez, haurren hobe beharrez ari ziren, berek sufritutako mespretxuak eta trufak jasan ez zitzaten. Hori entzunda, goibel itzultzen nintzen nire basora, jangurarik gabe, kapoiak eta arrautzak beste baterako uzten nituela.

Baina handik gutxira ohartu nintzen guztiek ez zutela berdin pentsatzen, zorioneko ekimen baten berri izan bainuen: hainbat gurasoren lanari esker Iruñeko lehenbiziko ikastolak bere ateak zabaldu zituen, haurrei matematika, gramatika eta abar euskaraz berenganatzeko aukera emateko eta euskarak gizartean merezi duen tokia bermatzen laguntzeko.

Urteak pasa ahala, beste zerbait sumatzen hasi nintzen. Txikitan gurasoengandik euskara ikasteko aukerarik izan ez zuten haur horiek, jadanik helduak, nigana hurbildu eta euskaraz agurtzen ninduten. Alajaina! Zer gertatzen ari ote zen? Iruñeko lagunek argitu zidaten: gau eskolak eta euskaltegiak sortuak ziren, eta harrezkero haien geletan milaka gazte eta helduk ahaleginak egin dituzte hainbat arrazoi direla medio galtzear zegoen hizkuntza berrindartzeko.

Gaur egun, nire inguruan elkartzen diren familia eta lagun talde asko eta asko euskaraz mintzatzen dira eta beren etxeetara hurbiltzeko eskatzen didaten lagunak gero eta gehiago dira. Eta ez hori bakarrik, banatzen ditudan kutxetan ere aldaketa nabaria suertatu da: lehen Geiperman eta Nancy gordetzen zituzten, orain Pirritx eta Marimotots ezkutatzen dituzte, lehen Caperucita Roja eta Mecano, orain Txanogorritxo eta Berri Txarrak. Beraz, pozaren pozez etxeratzen naiz, jateko gogoa berriro pizturik, eta txerri gazteak, saiheski, solomo eta makina bat heste amen batean irensten ditut.

Nik ez dakit ezer soziolinguistikaz, edo hizkuntzalaritzaz, ez dakit ikerlariek zer dioten, nire begiek eta nire belarriek erakusten didatena, nire entendimenduak azaltzen didana, baino ez dakit eta hauxe da: oztopoak oztopo, Iruñerriko karriketan euskararen presentzia areagotu egin dela, geldiezina den haize fresko baten antzera.

Aste gutxi barru neguko solstizioa helduko zaigu, aro zaharra ixten ari dela eta natura laster berpiztuko dela gogoraraziz. Horren antzera, guk ere euskara berpizten jarrai dezagun, horixe da nik eskatzen dudan oparia.

Aro berri on denoi, euskaratik eta euskarara!


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude