Karrika 153. 2011ko urria

bazkidetza kanpainaAurten bai, euskaraz biziko naiz!!!

Ikasturte berria hastearekin batera, proposamen berriak egiten dizkiogu geure buruari eta asmo berriei ekiten diegu ilusio handiz eta gogotsu. Horregatik, guk proposamen sahiestezina egin nahi dizuegu, gurekin bat egin dezazuela eta euskaraz bizitzeko gogoa errealitate bilakatu dezazuela Karrikiriko bazkide bilakatuz. Karrikarekin batera jasoko duzun orribikoari begiradatxoa eman eta ametsa errealitate egin ezazue; aurten bai, euskaraz biziko naiz!!!

Eta egunez egun hori gauzatzen joateko, Karrikiri elkartean baditugu hainbat ekimen, besteak beste Karrisolasa deiturikoa. Oporren ostean berriro helduko diogu euskalgintzako gaiak lasai eta patxadan lantzeari eta Karrisolasaren lehenengo saioa eginen dugu urriaren 19an arratsaldeko 19:00etan Xabier karrikako gure dendan. Oraingoan gure artean hainbatetan jorratu izan den gai bati helduko diogu, elebitasunari, baina haren inguruan izaten diren mito okerren inguruan hausnartuz. Horretarako François Grosjean, Neuchatel Unibertsitateko irakasleak idatzitako “Bilingual: Life and Reality” liburua hizpide hartuta Josu Sierrak eginiko artikulua hartuko dugu kontuan. Animatzen?

Hitzordu horretaz landa, jakizue Karrikirik bideratzen dituen zerbitzuak jada martxa onean direla (pisukideak, lan poltsa, itzulpengintza, establezimendu euskaldunen errolda…) eta uda partean atseden txikia hartu ondoren, gure denda ibiltariak Kilometroak eta Nafarroa Oinez euskararen festak bisitatuko dituela hilabete honetan. Euskal egileen lanak ezagutzera emateaz gain, Azpeitian eta Tafallan eskuratuko diren sosekin elikatuko ditugu urtean zehar eginen ditugun ekimen guztiak. Egun pasa politak eginen ditugu, beraz gogorik izanez gero gurekin etortzeko, jarri gurekin harremanetan.

Eta ahaztu baino lehen, bi kontu interesgarri. Batetik, Nafarroako Topaguneak sustatu eta besteak beste Karrikirik laguntzen duen Larunblai lehen hezkuntzako 3, 4. 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduriko aisialdi ekimena, udazken-negu parteko larunbatetan eginen dena. Informazio gehiago 3blai@topagunea.org emailera idatzita edo honako telefonoetara hots eginda lortzen ahal duzue: 948 33 08 68 eta 678 51 22 86. Eta, bestalde, hitzordu interesgarri batera joateko gonbitea; heldu den urriaren 14ean Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak Iruñeko Planetarioan eskainiko duten “Paradisuaz” emankizuna. Ziurrenik 19:30ean izanen da eta sarrerak gurean izanen dira eskuragai. Adi bada!!


 

Berri Txarrak
Berri Txarrak

Payola bere azken diskoarekin bira arrakastatsua egin ondoren, lan berriaren grabazioari ekin dio berriki Berri Txarrak talde nafarrak. Los Angelesen dira jada Ross Robinsonen gidaritzapean, Durangoko azokarako prest izanen den disko berria borobiltzen. Emailen bidez gurekin solasteko tartetxoa aurkitu dute azken urteko ibilbide oparoaz eta etorriko den lan berriaz.

Payola diskoaren azkeneko kontzertuak eman dituzue uda partean. Zer moduzkoak izan dira zuen azkeneko lanaren azken urratsak?
Harrigarria izan da zaletuen harrera. 120 kontzertu inguruko bira izan da, bere momentu goxo eta zailekin, eta azken emanaldietan jendearen berotasun hori jasotzeak indar bereziak eman dizkigu disko berriaren grabaketari gogotsu ekiteko.

Azken urtea oparoa eta mugitua izan da zuendako Payola diskoaren aurkezpenarekin, taldekide berrien etorrera eta jasotako zenbait sarirekin, besteak beste “Independent Music Awards”-ek eskainitako publikoaren saria punk kanta onenari. Zer suposatu du horrek guztiak zuendako?
Kide aldaketak sekula ez dira errazak izaten, baina alderdi positiborik ere izan dezakete eta alde horretatik, Galderren sarrerak gauza berri on piloa ekarri dizkio taldeari. Sariei ez diegu garrantzi handiegirik ematen, baina hau mundu mailakoa izanik eta epaimahaien artean Tom Waits bera zegoela jakiteak ilusio pittin bat gehiago egin digu.
 
2005ko “Jaio. Musika. Hil” disko arrakastatsuarekin hasi zineten AEBetara joaten zuen lanei hainbat ukitu ematera, “Payola” bertan grabatu zenuten eta labean duzuen diskorako ere bertara joko duzue. Zer dela eta? Zer bilatzen duzue bertan?
Badirudi halako trilogia amerikarra egingo dugula azkenean. Bilatzen duguna, gehienbat, talde mailako bizipenak dira eta beste edozeren gainetik, ikasi. Albini edo Ross Robinson maisuak dira egiten duten horretan eta gauza handia da gure musika euren eskuetan nola hazten den ikustea.

Disko horiekin, bestalde, munduan barna ibiltzeko aukera izan duzue, zuen musika Euskal Herritik kanpo ezagutzera emateko parada. Zer moduzko harrera egiten dizuete Nikaragua, Mexiko, Japonia edo AEBetan bertan?
Herrialdeka gauza ezberdinak ikusi ahal izan ditugu. Aurten Brasilen emandako kontzertuak itzelak izan dira, eta ziur lan berriarekin itzuliko garela. Txinan eta Macaun, adibidez, kontzertu oso bitxiak bizi izan ditugu, eta Seulen sorpresa atsegin bat baino gehiago… Denetatik!

Esan bezala, lan berriaren grabaketa bertan eginen duzue eta bi hilabete inguru pasako omen duzue Rob Robinsonekin. Irrikitan jada lanean hasteko? Zer espero duzue zure lan berriaren grabazioaz?
K.Dagoeneko hiru aste daramatzagu Venice-en eta beldurrik gabe esan dezakegu disko berri honek beste aro bat irekitzen duela gure ibilbidean. Soinuaren kontzeptu aldetik berria da guretzako.

Noiz izanen da lan hori entzun eta gozatzeko parada?
Durangoko Azokarako kaleratuko da, dena ondo bidean.

Bitartean zuen berri izateko Twitter, zuen interneteko webgune eta Facebooken bidez, ezta? Ba al duzue asmorik grabazioaren berri edo, iturri horien bidez emateko?
Bai, horretaz gain blog bat egiten dihardugu, www.mu­sikazuzenean.com webgunearekin elkarlanean. Hauxe helbidea:http://btxrec.musikazuzenean.com/


komikia 153


 

ordenagailua
Maite Goñi
Mondragon Unibertsitatea (IKTak hezkuntzan eta online irakaskuntza). 5 proposamen euskara sarean zabaltzeko

Inori ez dio ihes egiten Internetek eta IKTek, Informazio eta Komunikazio Teknologiek, aldaketa handiak ekarri dizkietela hizkuntzei. Neurri handi batean, egun, hizkuntza baten nagusitasuna sarean duen presentziaren baitan neurtzen da, dituen eduki eta ailega daitekeen erabiltzaile kopuruaren baitan. Garrantzitsua da, beraz, edukiak euskaraz eta eskura izatea. Horrela izanda, eduki horiek gure hizkuntzan ala beste batean kontsumitzea hautatuko dugu: hautu kontua izango da, ez beharra.

Euskara bultzatu nahi duten erakundeek ahalegin handia egin beharko dute sarea euskarazko edukiez hornitzeko; halere, hori bezain garrantzitsua da besteon ahalegina. Egun, erabiltzaile huts izatetik sortzaile izatera ahalbidetzen duten tresnak edonoren eskura daude; ez dago aitzakiarik, beraz, borondatea izaki, ekarpenak egiteari ez ekiteko: nork bere esparruan, gustuko dituen gaietan, eta bere neurri txiki zein handian.

Hari horretatik tira eginez dator nire proposamena: gutariko askok gure harri koskorra ipini nahi dugu hedapen horretan laguntzeko, baina, sarearen zoko-mokoak ezagutzen ez ditugunez, noraezean ibiltzen gara: ez dakigu nondik hasi edo nora jo. Jarraian datozen proposamenak, beraz, azken hauei zuzendutakoak dira:

1. Iruzkinak utzi
Hasierako urratsa izan daiteke besteen blogetan edota komunikabide ezberdinetan (Sustatu, Zuzeu, Argia, Berriako blogak…batzuk aipatzearren) iruzkinak uztea. Sarean eta euskaraz idazteko ohitura ez duen edonori kosta egingo zaio urrats hori ematea, baina nondik eta zertan hasi ez dakienarentzat aproposa izan daiteke.

2. Bidali zure artikuluak agerkari digitaletara.
Aurreko urratsak artikulu osoak idaztera eraman zaitzake. Egun, ez da oztopo  nork bere bloga ez izatea, iritzia edo dena delako informazioa plazaratzeko. Sustatu agerkari digitalak, adibidez, badu ‘zeuk idatzi’ deituriko atala (http://sustatu.com/addPostingForm). Zuzeun (http://zuzeu.com/) ere beste hainbeste egin dezakezu.

3.  Blog bat sortu gustuko duzun gaiaren inguruan:
Beste aukera bat zuk zeuk blog bat sortzea da. Denok dugu zerbait esateko (eremu profesionalean, zaletasunen inguruan, iritzi pertsonalak…). Zergatik ez? Zure txokoa izanda, zure gaien inguruko edukiak euskaraz plazara ditzakezu, horien inguruko ekarpenak bideratu, elkarrizketa sustatu… Doakoak dira (blogariak.net, blogak.com, mundua.com, wordpress.com…), eta ez da aparteko ezagutza teknologikorik behar (testu editore arruntak izaten dituzte).

4. Euskarazko Wikipedia sustatu:
Wikipedia 200 hizkuntza baino gehiagotan idatzitako entziklopedia askea da. Euskaraz ere badago (http://eu.wikipedia.org/wiki/Azala). Edozeinek edita dezake eta bere edukiak guztion esku daude. Eduki berriak idatzi, daudenak hobetu edota beste hizkuntza batzuetan sortutako artikuluak itzuli denon eskura dauden aukerak dira. Wikipedian idazteko eta laguntzeko informazio eta arauak helbide honetan aurkituko dituzu: http://eu.wikipedia.org/wiki/Laguntza:Edukiak

5. Sortu kontu bat Twitterren:
Twitter (twitter.com) microblogging zerbitzuak bere erabiltzaileei 140 karaktereko mezuak bidaltzea ahalbidetzen die. Egun dauden zerbitzuenetatik interesgarrienetako bat da, informazioa eta edukiak alde batetik bestera modu arinean eta bat-batean mugitzeko oso baliagarria baita. Euskal komunitatea aktiboa da oso Twitterren; halere, zenbat eta gehiago izan, orduan eta errazago zabaldu ahal izango ditugu euskarazko edukiak.

Ekimen ugari egin daitezke euskara sarean hedatzeko, eta aipatutako hauek adibide xume batzuk baino ez dira. Edozein hautatzen dugula ere, benetako zabalkuntza lortze aldera, interesgarria da sortutako oro lizentzia libreekin partekatzea eta, sare sozial ezberdinetan hitza hartzen dugunean, gure lehena euskaraz izatea.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude