Karrika 152. 2011ko iraila

Xabier Lete
Leteri omenaldia Iruñean

Merezitako oporraldia amaitu ondoren, hementxe gaituzue berriro ere Karrikiriko martxari neurria pixkana-pixkana hartzen. Ekin diogu jada gure egunerokotasunari eta jakizue gure Karrikiri elkartearen zerbitzuak berriro abian direla eta, betiko moduan, zuen eskura: lan poltsa, pisukideak, establezimendu euskaldunen errolda, itzulpengintza zerbitzua, hala nola gure Xabier karrikako denda eta bulegoa.

Hilabete honetan zehar, bestalde, gure denda ibiltariarekin Euskal Herriko zenbait txokotan barna ibiliko gara (Zarauzko euskal jaietan, Etxauriko ibarraren egunean eta Aezkoako egunean) eta Sanfermin Txikietan ere Karrikadantza ekimenaren saio berezi bat eginen dugu hilaren 24an. Eta horrekin guztiarekin batera, Iruñean hilaren amaiera aldera eginen den ekimen berezi baten berri eman nahi dizuegu. Izan ere, irailaren 23an Xabier Lete euskal musikari eta idazle handiari omenaldia eginen baitzaio gure hiriburuan eta gu bertan izanen gara.

Euskal Herriko hainbat txokotan eginiko gorazarre eta emanaldi berezien ostean, Arantzazukoa kasu, 2010eko abenduan hildako euskal olerkari eta musikari esanguratsuenetako bat gogoan hartuko dugu Iruñeko Gayarre Antzokian eginen den kantaldian. Bertan, Ken Zazpi taldeko Eñaut eta Beñat, Antton Valverde, Pier Paul Berzaitz, Erramu Martikorena, Arantxa Irazusta eta Petti musikariak izanen dira. Eta horiekin batera, Hedoi Etxarte, Iruñeko poeta eta Amets Arzallus bertsolaria ere arituko dira, aurkezpen lanetan Noel Elorga arituko delarik. Eta musikari lanetan ere Karlos Giménez (pianoan), Joxan Goikoetxea (eskusoinuan eta teklatuan), Txema Garces (kontrabaxuan), Xanet Arozena (gitarran), Francisco Herrero (biolinean) eta Luis Fernández(biolontxeloan).
 
Sarrerak salgai dira aspalditik Karrikiri elkartearen dendan, Xabier karrikako 4.ean. Beraz, hurbildu lehenbailehen eta eskuratu txartela 12 (anfiteatrokoak), 16 (palkokoak) edo 20 (patiokoak) euroren truke. Bertan ikusiko dugu elkar!!


Ana Mindegia
Ana Mindegia. Uharteko euskara teknikaria

Euskararekin lotutako gaiak ezagutzera emateko asmoz sortutako Ze Berri? aldizkariak 15 urte bete ditu aurten, nahiz eta hiru urte lehentxeago ere buletin moduan kaleratu zen. Ana Mindegia Uharteko euskara teknikaria da eta hasieratik aritu da egitasmo honetan. Harekin solasean aritu gara aldizkariaren ibilbideaz.

Ze Berri? aldizkariak jada 15 urte bete ditu. Nola sortu zen molde honetako aldizkari bat egiteko ideia?
Hasieran proiektu xume bat zen: bi tintatan egindako buletin bat. 14 udal eta 3 kontzeju izan ziren sustatzaileak eta 6 aldizkari atera genituen. Harrera ona izan zuenez, proiektu zabalagoa eta itxurako aldizkari bihurtzea erabaki genuen. Hasierako asmoa zen euskaraz sortzen ziren gaiak herritarrengana iristea, batez ere erdaldunengana eta, modu horretan, sentsibilizazio kanpaina iraunkorra burutu.

Nola izan ziren hastapen horiek?
Ilusio handiarekin jarri ginen martxan eta urte eta erdi kosta zitzaigun buletina zena aldizkari itxuran kaleratzea: udal gehiago inplikatzea, tartean Iruñeko Udala; esleipen prozesua burutzea…

Hasieratik ibili zara murgilduta Ze Berri?ren sorreran eta egun koordinatzaile lanak egiten omen dituzu.
Bai, hala da, hasiera hasieratik nago proiektu honetan. Prozedura administratiboa burutzeko ardura udal batek hartu behar zuen, beste udalen izenean, eta hasieratik Uhartetik kudeatu da. Horrexegatik egokitu zaizkit beti koordinatzaile lanak.

Irakurleen artean euskaldunak eta erdaldunak dituzue, baina bereziki azken hauei zuzendutako egitasmoa da, ezta?
Bai, lehen aipatu bezala euskararen gaiak irakurleengana hurbiltzea izan da gure helburua. Gaiak era positiboan, arinean eta erakargarrian adierazten saiatu gara. Kontuan hartzen badugu Ze Berri? banatzen den eremua, argi dago herritarren zati handiena erdaldunena dela eta, hain zuzen, horiek izan ditugu kontuan beti, euskaldunak ahaztu gabe noski.

Esan bezala, 15 urte bete ditu jada proiektuak. Zer moduzkoa izan da orain arteko bidea?
Bide gorabeheratsua izan da, hasieratik izan du Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza, baina hori aldatuz joan da: batzuetan hitzarmen propioa, besteetan deialdi orokorra… Baina ikusi dezakezuenez, aurrera egin dugu eta hementxe ari gara, 90. alea esku artean.

Zein da egun Ze Berri?ren egoera? Zenbat jenderengana heltzen da? Zein herritan banatzen da? …
Gaur egun esan dezakegu Ze Berri? proiektua egonkortu dela, toki entitate asko dira sustatzaileak: Agoitz, Aezkoa, Antsoain, Arakil, Aranguren, Atarrabia, Auritz, Erroibar, Orreaga, Luzaide, Barañain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Erronkari, Zaraitzu, Nabaskoze, Esteribar, Ezkabarte, Galar, Gares, Deierri, Lezaun, Gesalatz, Abartzuza, Oteitza, Villatuerta, Jaitz, Irunberri, Iruña, Itza, Lizarra, Lizoain-Arriasgoiti, Longida, Orkoien, Oltza, Etxauri, Uharte, Tafalla eta Zizur Nagusia.
Ikus dezakezuenez zerrenda luzea da. 67.830 ale banatzen dira: 45.145 ale herrietako postontzietan (128.000 herritar), Iruña, Barañain eta Tafalla ezik, hemen harpidetzen bidez eta toki esanguratsuetan banatuz zabaltzen baita (232.004 herritar). Honetaz gain Euskarabideak 3.000 ale erosten ditu gure eremutik kanpo dauden ikastetxeetan banatzeko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak beste 1.000 ale campusean banatzeko.
Aldizkariarekin batera, webgunea ere sortu zen, baina duela jada zenbait denbora bertan behera utzi zen.
2004an www.zeberri.com aldizkari digitala sortu genuen Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Handik 3 hilabetetara Nafarroako Gobernuak atzera egin zuen eta proiektua bertan behera geratu zen.

Aurrera begira, zer asmo Ze Berri? aldizkariari begira?
Asmoa, dudarik gabe, beste hainbeste urte betetzea!!! Baina erronkatxo batzuk baditugu esku artean: www.zeberri.com web gunea berriro abiaraztea, toki entitate gehiago erakartzea aldizkarira, banaketa egiten den toki entitateetan postontzi guztietara zabaltzea eta herritarren eta irakurleen harreraren nondik norakoak aztertzea.


komikia 152


Patxi Laborda. Dantzaria eta Aiko taldeko kidea
Nik ez dakit dantzan
Nik ez dakit dantzan
“Nik ez dakit dantzan”,
“nik ez dut belarri onik”

 Zure esaera horien aurrean nik galdetuko nizuke zer den dantzan egitea, zer den belarri ona izatea, eta segur aski erantzunak berak pista aunitz emanen lizkiguke jakiteko benetan zer esan nahi dugun esaldi borobil horien atzetik.
Hainbat herritara joaten ginelarik eta bertako zaharrek euskaldun oguzpen nabariaz euskaraz ez zekitela erantzuten zigutelarik, benetan esan nahi ziguten ez zutela menperatzen ETBn erabiltzen zen euskara bera (seguru naiz ulertzen zutela esaten zutena baino askoz gehiago, baina hori beste kontu bat da). Hau da, azken finean guztia bilakatzen da erabiltzen diren  ereduen inguruko eztabaida.
Azken 70 urtetan, dantza taldeen sorrerarekin batera, dantzaren ereduak zeharo aldatu dira. Plazetako dantzak gainbeheran zeudelarik, dantza taldeek sekulako lana egin zuten dantza horiek berreskuratzeko ahaleginetan. Baina ez dugu ahaztu behar dantza talde haiek bi filtro erabiltzen zituztela nagusiki: garaiko modak eta eszenatokia. Alde batetik, garai hartan balleta zen batez ere modan zegoen dantzakera eta hasmentako dantza talde horiek plazetan ezagutu zituzten dantzak balletizatu egin zituzten taula gainean haien aburuz “ikuskizun itxurosoak”  (ulertu dezagun garai hartako estetika) aurkeztu nahian . Beste aldetik, eszenatokiak bere arauak ezartzen zituen: guziak batera aritzearena, koreografia itxiak, jauzia  versus  suspensioa, airea versus  lurra…
“ Nik ez dakit dantzan”, hau da, ni ez naiz gai dantzari trebe horiek ematen dituzten jauziak eta piruetak emateko. Baina, hori da dantzan ez jakitea?
Esaldi hori entzun ondoren nik galdetuko nizueke ea Sanferminetan peña batean gaueko ordu txikietan dantzatu duzuen noizbait, edo ez dakit nongo herriko festetan  edo eta ezkontza batean rantxeraren bati ekin diozuen… ez dakizuela dantzan?
Jakina, gure ereduak baldin badira pasa den mendean sortutakoak, balletizatuak eta akademizatuak, inor gutxik daki dantzan, baina saiatzen bagara dantza eredu tradizionalak berreskuratzen, hain zuzen ere Euskal Herriko plazetan erabiltzen zirenak, (lurraren gainean dantzatu, gorputz osoa erabili, musika jarraitu, askatasuna, inprobisazioa, jokoa, harremana, ligoteoa zentzu zabalean…) ni neu ausartuko nintzateke guztiok dantzariak garela esatera.
Jakina , gaur egun dantzaren funtzioa ez da garai hartan zuena, gaur egun baditugu mila modu harremanetarako , eta horrek baldintzatzen du dantzaren egoera. Horregatik, beste gauzen artean, sortu genuen Aiko taldea, antzinako ereduak berreskuratu daitezkeela uste dugulako, ez  zaharrak izateagatik,  baizik eta gure gaur egungo beharretarako oso egokiak direlako: eredua ergonomikoa, ekonomikoa, ludikoa, dibertigarria, erraza eta zaila aldi berean…
 Datorren Karrikadantzarako erronka polita litzateke dantzara ateratzen garelarik ez ikustea gure burua begiratzen ari direnentzako ikuskizun moduan, dantzatzea gure buruarentzako eta gure lagunentzako, gure artean zerbait konpartitzen, sortzen… Euskararekin egiten dugun bezala. Finean dantza hizkuntza bat da, oso ederra, osasungarria, subertsiboa, aldarrikatzailea eta,  batez ere, oso dibertigarria den hizkuntza bat

 

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude