Karrika 15. 1998ko ekaina

Euskararen jarraipena: Iparraldea


Gaur egun jendeak uste du oro har, Euskara salbaturik dagoela. ez duela inongo arriskurik, eta kontrakoaren adibiderik garbienetariko bat Iparraldea dugu
Baxe Nafarroa da, oraindik ere eskualderik euskaldunena. Zenbakietan, bederen, hala da; euskaldun kopururik handiena ematen du eta, hala ere,bertze tokietan baino abiadura handiagoa hartu du dagoeneko galtze prozesuak.
Ezagutza ez da arazo bakarra, gure inguruari uste izaten den bezala, motibapena ere bada. Erran gabe doa motibapenean eragina duten eragileen artean hizkuntzaren prestijioa dagoela, eta hau hertsiki loturik diglosia egoerarekin, hau da hizkuntzen arteko desorekarekin.
Ez da zernahi frantses kultura gainerakoak zapaltzen ibiltzen delarik. Guhaurek ikusia eta aditua da telebista debate batean “Frantsesaren geroa” gaia zutelarik, hizkuntzaren akademiko batek nola adierazten zien bere solaskideei etorkizun hori gerrak irabaztean zetzala, gerrak sortu, garaitu eta mintzoak inposatu. Gainerakoei delako akademikoaren iritzia bitxia egin zitzaien, baina inork ez zuen ero-peligrosotzat hartu, behar zen gisan.
Panorama honekin imagina ezazue, frantses estatuko mugetan barnean, zernolako hizkuntz politika dagoen, zeinek duen prestijioa, eta horrek zer sortzen dien bertze hizkuntzez mintzo direnei. Denbora luzez iraun du Iparraldeak tinko, Hegoaldeak baino hobeki oldartearen aitzinean, baina igatzen joan da; gero eta gehiago. Azken urteetan agerian gelditu dena.
Eta alde hontakoak? Iparraldean egiten diren bisitetan berehala konturatzen dira hizkuntza arrotza nonahi dela… baina arrotzago zaielakoz española baino, ez gehiago egiten delakoz. Hortaz gain, arrotzaren aitzinean beti dute lehenbiziko hitza erdaraz, gero bakarrik eta emeki saiatzen bada bisitaria, ohartuko da euskaldunak badirela.
Beraz, motibapena landu beharra dago beti, hizkuntza jakin arren. KARRIKIRIn hori ere ez dugu bistatik galtzen.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude