Karrika 14. 1998ko maiatza

Ezetz asmatu


Iruñean bizi garen euskaldunon erdiak ez dugu Euskara familiaren bidez ikasi. 91ko erroldaren arabera, Euskaraz ongi mintzatzeko gaitasuna aitortu zutenen artean (bi urtetik gorako 10.792 pertsona) 5.516k Euskara ama hizkuntza zuten eta 5.276k Euskara bigarren hizkuntzatzat zuten, hots, Euskara ama hizkuntza baino beranduago ikasia.
Gazte edo heldu garaian, erabaki pertsonalak bultzatuta, Euskara ikasi dutenen motibazioa eta interesa dira Iruñeko euskal komunitatearen altxor preziatuenetariko bat. Guztien ezaugarri amankomuna, bestalde, euskaltegiko hormak gainditu eta bizitza arrunteko harremanetan Euskara erabiltzeko bidea aurkitu izana dute, euskalduna izateko baldintza baita Euskaraz bizi nahi izatea eta ahal dugun guztietan Euskaraz bizitzea.
Erraza ez dela badakigu, ordea, asko baitira, tamalez, euskaldun osoak izatera heldu ez direnak. Orain bidean daudenak bidean geldi ez daitezen (97-98 ikasturtean 5.947 ikasle zeuden Nafarroan, gehienak Iruñean), euskaldunok gure kultura eta harreman guneetara hurbiltzeko bidea erraztu behar diegu. Ikasleek, bestalde, euskalduntze prozesua euskaltegitik kanpo bukatzen dela ikusi behar dute, inguruko hiztunengan aurkituko baitute erabiltzeko eta gehiago ikasteko aukera, bai eta edozein hizkuntz komunitatetako hiztunak sentitu behar duen hiztuna izatearen gogobetetzea ere.
KARRIKIRIk euskalduntze prozesua bigundu nahi nahi du. Horretarako ari da lanean, erabilpen esparruak zabalduz eta Euskara erabiltzeko motibazioa elikatzen duen euskal kultura ezagutzeko bidea erraztuz. Martxan dagoen ‘ezetz asmatu” lehiaketa lekuko.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude