Karrika 134. 2009ko abendua


Presidentea

Juan Luis Etxaburu “Ondarru”

Karrikiri elkarteak azken hilabeteotan eginiko hausnarketaren inguruan elkartearen presidentea den Juan Luis Etxabururengana jo dugu, haren iritzia jasotzeko asmoz hausnarketa horren arrazoiak eta nondik norakoak ezagutzeko.

Karrikirik hausnarketa aroa bukatu berri du. Euskalgintzako alor askotan krisia da bueltaka dabilen inpresioa. Zein da zure iritziz prozesu luze honetan azpimarragarria den ideia interesgarriena?
Nik zera esango nuke: sinestea lortu nahi duguna posiblea dela eta hori kontuan izanda, aurrera jotzea. Azken finean, gure helburuetan sinesten badugu, ahal dugun guztia eginen dugu egia bilakatzeko.
Era berean, gauzak nola dauden kontuan hartzen ditut helburu hori lortzeko. Eta galdetzen diot neure buruari euskalgintzan ari garenon artean ditugun harremanek eta eskuratu ditugun lorpenek non kokatzen gaituzten. Egungo egoeran elkarte batzuk ditugun estrategiak kolokan gelditu dira nolabait eta, egoera horrekin kontziente izanik, geure buruari galdetu genion: zertan ari gara? Nora goaz? Eta kezka sakon horretatik abiatuta hasi ginen hausnartzen, inertzia batean harrapaturik ginela ohartuz eta zerbait egin behar zela horri buelta emateko. Prozesu honek kokatzen lagundu zigun eta, bide batez, estrategia berri bat diseinatzeko beharra erakutsi digu.
Eta prozesu honetan ezinbesteskoa ikusten genuen Iruñeko euskaldunei gonbitea egitea: “aizue, etorri eta ekarri zuen ideiak eta proposamenak guk landutakoekin batera aurrera eraman ditzagun, denon artean…”. Jardunaldi batzuk egin genituen, bazkide batzuekin beste saio bat egiteko aukera ere izan genuen eta horietatik guztietatik estrategiarako proposamen berri batzuk sortu ziren.

Azken hilabete hauetan zubia izan da erabili duzuen metafora. Zeren edo zeinen arteko zubia?
Bai, alde batetik arestian aipatutako hausnarketa prozesuari Irekitze prozesua izena eman genion, euskal komunitateari begira gardentasunez eta guztiei gonbitea eginez egin nahi genuelako. Eta , bestetik, komunikazio kanpaina bat egin genuen horren guztiaren berri emateko “zubia” metafora bezala erabiliz. Izan ere, iruditzen zitzaigun irudi argia zela adierazteko euskaldunen arteko zubiak eraikitzen saiatzen garela gu eta zeregin horretan denok dugula zer esan eta zer ekarri. Ez da ideia berria, noski; bizitza honetan edozein gauza lortzeko, zenbat eta jende gehiago izanez hobeto. Eta zubia irudi edo metafora indartsua iruditu zitzaigun “Zu ere giltzarri” leloarekin batera. Jendea inplikatu nahi izan dugu euren ideia, iritzi eta ekarpenak ezagutzeko.

Inertziak, edo inertziaren irudiak nagusitu diren honetan, zer egin dezake berri Karrikirik Iruñeko euskaldunon komunitatearen mesederako?
Gure xede nagusia euskaldun garenoi euskaraz bizi ahal izateko baliabideak eskaintzea da. Euskaldun izatea, harrokeriaz baino, harrotasunez sentitu eta bizi dezagun eta, bide batez, gure unibertsoaren protagonista garela sinetsiz; subjektu aktiboak garela eta gure esku dagoela euskaraz bizitzea. Bai, badakigu, noski, badirela kanpoko hainbat faktore hori dezente mugatzen ahal dutenak, baina konbentzituta gaude “gu garela giltzarriak” eta horretan sinesteak indarra ematen ahal digula aurrera indartsu jarraitzeko. Ez dugu besterik gabe biziraun nahi, uzten diguten arte; euskaldun bezala normaltasunez bizi nahi dugu gure bizitzako arlo guztietan, gure ondorengoei horren guztiaren transmisioa eginez.
Eta hori guztia kontuan izanda, eginiko hausnarketatik zenbait aldaketa egiteko prest gara hori guztia gauzatzen hasteko:
– Lana egiteko moduak eraginkorragoak izatea, tresna berriak hartu ditugulakoz.
– Komunikatzeko era berriak, freskoagoak, erakargarriagoak, bai bazkideentzat bai, orokorrean, euskaldungoarentzat.
– Beste euskalgintzako elkarteekin elkarlana areagotu.

Iruñeko euskalgintzako eragileen arteko elkarlana sustatzeko asmoa ere agertzen duzue. Nola ulertzen duzue beste elkarteekin egin beharreko lana?
Aipatutako elkarlana areagotzeak estrategia on bat eskatzen du eta horretan sakondu nahiko genuke aurrerantzean; jadanik hurbil gaudenok, helburu berdintsuak ditugunok, gure arteko elkarlana indartzea xede komun horiek aurrera eramateko. Eta horretarako komenigarria litzateke elkartzea, eztabaidatzea, antzekoak izaten ahal diren estrategiak elkarrekin bultzatzea, berriak sortzeak, etab. Eta hori guztia gure unibertsoaren erdigunea gu garela sinetsiz eta elkar elikatuz.
Maiz gehiegi eskatu zaio euskaldungoari, eta, egia esan, askotan modu txarrean. Horri buelta eman nahiko genioke eta euskaldungoari eskaintza egin.

Karrikirik bertako euskaldunontzako erreferente bat izan nahi duela diozue. Zertan erreferente?

Esandako guztiak urrun begiratzera eramaten gaitu: euskaldun komunitatea trinkotu eta Iruñea osoa euskalduntzera. Urrun gelditzen dela hori? Bai, jakina, baina bidea hasteko beti eman behar da lehenengo urratsa eta horren ondotik beste batzuk. Eta gainera bakarka baino elkarrekin egiten bada, bide hori xamurragoa egiten da eta oztopoak errazago gainditzen ahal dira. Bada, gu norabide horretan ari gara, eta euskaldunari euskaraz bizitzeko behar dituen baliabideak lortzen lagundu nahiko genioke, eskaintzen ditugun zerbitzuak hobetuz eta sendotuz, berriak sortuz eta euskaldunen ekarpen eta ideiak geureganatuz.


Idazkaria

Jone Altxu

Hausnarrean aritu garen hilabete hauetan guztietan, Karrikirik eskaintzen dituen zerbitzuek ez dute atsedenik hartu eta horiek guztiek kudeatzeaz arduratzen da Jone, elkartearen idazkaria. Lan horretaz gain, Karrikiriko dendan ere aritzen da eta, beraz, guregana hurbilduz gero, harekin eginen duzue topo.

Asko dira Karrikirik bultzatzen dituen egitasmoak, zein da zure lana “pisukide”, “merkataritza euskaraz” “mintzakide” eta horrelako proiektuetan?
Bai, egian esan, horiek guztiak bideratzeak badu bere lana. Bulegora etortzen den jendeari harrera egiten diot lehenik eta behin, nahiz eta egun aunitz interneten bidez jartzen diren gurekin harremanetan. Gure web orrian “zerbitzuak” izenburua duen atalean sartu eta bertan, eskaeraren arabera, fitxa bete eta bidali egiten da. Lan poltsara hurbiltzen den gehiengoa jende gaztea da eta argi dago internet haientzako baliabide arrunta dela. Beraz, lanetariko bat horixe da: jasotzen ditugun eskaera eta eskaintza fitxa guztiak, bakoitza bere lekuan kokatu eta behar denean bien arteko lotura egitea. Hau da, jendea harremanetan jartzea. Bi zerbitzu hauek dira jende mugimendu gehien sortzen dutenak eta egunero jarraipena eskatzen dutenak, baina urtean zehar badira bestelako lan puntualak, merkataritza, besteak beste. Urtero datuak eguneratu eta liburuxka ateratzen dugu eta horretan bazkideek laguntza ematen digute. Bestalde, Karrikaluzek bideratzen duen Mintzakide proiektuan ere parte hartzen dugu beste elkarte batzuekin batera, eta nire lana informazioa eman eta fitxak jasotzea da. Eta bukatzeko, horrekin guztiarekin batera, Iruñeko euskara elkartea izanda, jende dexente hurbiltzen da gurera informazio eske; beraz horiekin egotea egokitzen zait.

Bideratzen diren asmo guztien atzetik, zein da dagoen lana eta jartzen diren baliabideak?
Batzuetan zerbitzuen berri izaten da, baina ez da antzematen atzean dagoen lana horiek mantendu eta hobetzeko. Ni koordinatzaile lanetan ibiltzen naiz, baina ekimen bakoitzaren atzean lan taldeak daude hori guztia bideratzen. Zerbitzu hauen eske hurbiltzen den jendearen datuak jasotzen dituen datu basea etengabe eguneratu behar da zerbitzua eraginkorra izan dadin. Bestalde, egitasmo horiek dohainik eskaintzen ditugu, baina aurrera eramateko diru iturriak bilatu behar dira eta zeregin horretan ere aritzen dira elkarteko zenbait kide. Hortxe dugu itzulpengintza zerbitzua, hiru hilean behin bazkideek ordaintzen dituzten kuotak, Karrikiriko denda eta erakundeetatik jasotzen ditugun diru laguntzak. Hauek eskatzeko paper dexente bete behar da eta horrek ere denbora dexente eskatzen digu. Eta horretaz gain, kontuak eraman, fakturak egin, bilerak, etab. Beraz, ikusten duzuen moduan, lan handia dago horren guztiaren atzean.

Hauteman dituzu urtean zehar garai ezberdinak emandako zerbitzuen arabera?
Bai, Pisukide zerbitzuari dagokionez, esaterako, mugimendu handiena irailean izaten da. Datu bat ematearren, aurtengo irailean 33 eskaera izan dira eta 40 eskaintza eta eskaera kopururik handiena irakasle eta ikasleek egiten dute. Lan poltsan, berriz, ekain aldean ikasleek oporrak hartzen dituztela-eta, lan handia izaten da denon izenak datu basean sartzen. Eskaintza aldetik, ekainean ematen da eskaintzarik handiena, orduan ibiltzen baitira gurasoak txoraturik beraien seme-alabeentzat irakasleren bila udan klase partikularrak jaso ahal izateko. Badira beste lan batzuk puntualak direnak, merkataritza, adibidez, hilabete batez, gehienetan urria aldera, buru-belarri aritzea eskatzen duena. Itzulpengintza, berriz, uda kenduta, antzeko lan bolumena izaten du. Dena den, lana etengabea da eta tarteka lasaiago egoten bagara ere, egitekoak ez zaizkigu falta.

Nola egiten duzue harremana zuengana jotzen dutenekin?
Garai batean jendea gure bulegora hurbiltzen zen, baina denborarekin ohikoa bilakatu da internet bidezko harremana. Jendea, beraz, gure web orrian (www.karrikiri.org) sartzen da eta behar duen zerbitzuan bere datuak sartzen ditu. Eskaera elkartera iristen da eta ahal bezain laster erantzuna ematen saiatzen gara. Egia esan, oso bide azkarra da eta gauzak dexente errazten ditu. Dena dela, gustukoa dugu oso jendea gure Xabier karrikako egoitzara hurbildu eta aurrez aurreko harremana izatea. Beste patxada batekin elkartean egiten ditugun gauzez solasteko parada ematen digu horrek. Telefonoa ere ez da horrenbeste erabiltzen.

Zein da elkartean arretarako duzun ordutegia?
Astelehenetik ostiralera goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:30era (dendako ordutegia) egoten naiz bulegoan. Dena den, goizez etorri ezin duenak bulegoa@karrikiri.org helbide elekronikora idatzi edo 948 22 58 45 zenbakira deitzen ahal du. Arratsaldez denda irekita dago eta zerbait behar izanez gero, aukera dago bertan dagoen lankidearekin solasteko.

Bazkideekin harremanak sendotzeko asmoz, zein da zabaldu nahi duzuen asmoa?
Bazkideak elkartearen sostengu nagusia izanik, nik uste dut arreta berezia zor diegula. Egun elkarteak badu harremana haiekin, bai posta elektronikoz eta baita posta arruntaz ere. Alde batetik, elkarteari dagozkion kontuen berri jasotzen dute; izaten diren bilera nagusiak eta aurten bereziki egin den “Zu ere giltzarri” kanpaina, besteak beste. Eta beste aldetik, dendatik ere zenbait eskaintza izan dituzte. Dena den, uste dugu ez dela aski eta aurrera begira haiekin harremana sendotzeko asmoa dugu; elkartearen informazio zuzenagoa helaraziz, eskaintza bereziak eskainiz, plangintza berritik sortuko diren taldeetan parte hartzeko gonbitea luzatuz, etab.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude