Karrika 128. 2009ko apirila



Reyes Iraola

“Ziur Iruñerrian badirela Karrikiren helburuekin bat datozen euskaldun asko”

“Maiatzaren 23an egingo ditugun jardunaldi hauetan denok hitza emateko aukera izango dugu”

“Gero eta jende gutxiago hartzen du parte eguneroko martxan”

Aurreko Karrika etxean jaso ondoren, sorpresa eramanen zenuten ziurrenik gure aldizkariko orriak txuriz zirela ikusi zenutenean. Aldizkariaren barrenean, aldiz, irudi esanguratsu bat eta “Zubi honetan zu ere giltzarri” leloa. Hori guztia azaltzeko unea heldu da Reyes Iraola Karrikiriko kidearen bitartez.

Aurreko Karrikan aurreratu genuen moduan, hausnarketari ekin dio Karrikirik azkeneko hilabeteotan. Zer dela eta?
Esaten nuen bezala, Karrikirik ibilbide luzea egin du, dagoeneko hamabost urte bete ditu, eta egitasmo asko ondo finkaturik daude. Hala ere, lehen maiz aritzen ziren pertsona batzuek, arrazoi desberdinak direla eta (familia, lana…), ezin izan dute jarraitu, eta jende berri gutxi sartu da lan taldean. Ondorioz, gero eta jende gutxiagok hartzen du parte eguneroko martxan. Honek, alde batetik, abian dauden egitasmoak sendotzea eta bestetik, ildo berriak jorratzea oztopatzen ditu.

Aitortu behar dut momenturen batean nolabaiteko etsipena sentitu genuela. Izan ere, jendearen inplikazioa eta parte hartzea ezinbestekoak dira, eta ikusten genuen nahiko zaila dela gaur egun jendea mugiaraztea. Baina berehala pasatu zen ezkortasun momentu hori, Karrikiriren helburuetan sinesten jarraitzen dugu eta jakin badakigu gu bezalako pertsona gehiago direla Iruñerrian.
Aipatu ere hausnarketa prozesu honetan lagun gehiago ibili direla. Izan ere, ohartu ginen beste bazkideen iritzia jaso behar genuela, horretarako “focus-group” edo eztabaida talde bat osatu zen. Horren bidez hainbat bazkideren ikuspuntua ezagutzeko aukera izan genuen eta sortu ziren ondorioetan ere oinarritu gara bide berri honen abiapuntua ezartzerakoan. Eta bi aholkulari ere izan ditugu: soziologo bateta komunikazio arloko aditu bat. Beren ekarpena funtsezkoa izan da prozesu honek behar zuen profesionaltasuna lortu ahal izateko.

Hausnarketa horren ondorioz, kanpaina bat martxan jarri da. Zertan da?
Hausnarketaren ondorio bat izan da Karrikirikide guztien partehartzea ezinbestekoa dela, bi ikuspegi desberdinetatik: batetik, guztion iritzia jasotzea zilegi iruditzen zaigu. Bestetik, guztion laguntza eta partaidetza ezinbestekoa da gure proiektuak bizirik iraun dezan eta handitu dezagun.
Egoera ezagutzera eman nahi dugu, eta jendea prozesuan parte hartzera animatu. Arestian esan bezala, ziur gaude Iruñerrian badirela Karrikiren helburuekin bat datozen euskaldun asko. Batzuek agian ez dute maiz hurbiltzeko denborarik, baina lan zehatz batzutan beren laguntza eskaintzen ahal dute. Era berean, badira lan egiteko prest dauden pertsonak baina nola hurbildu ez dakitenak… Guztion ahaleginak batu nahi ditugu, eta elkarlanean gure helburuak lortuko ditugula ziur gaude.

Leloa ere –“Zubi honetan zu ere giltzarri”- nahiko esanguratsua da, ezta?

Denok ezagutzen dugu Iruñerriko euskal komunitatearen egoera: bagara euskaldun asko, baina nahiko sakabanaturik bizi gara. Karrikiriren helburua da egoera honi aurre egiteko baliabideak bilatzea; beraz, iruditzen zaigu zubiaren ideiak ongi islatzen duela elkartearen zeregina: euskaldunen arteko lotura-guneak (zubiak) sortzea euskaraz bizitzeko aukera ahalbidetzeko.
Bestetik, zubi guztietan badago garrantzizkoa den harria, giltzarria. Hori kenduta zubia bertan behera doa. Lelo honekin azpimarratu nahi dugu euskaldunon arteko zubi honetan harri guztiak direla ezinbestekoak, denak direla giltzarri, eta bat bakarra falta bazaigu, zubia erortzeko arriskuan dagoela.
Gainera, gure lurraldearen egoera ikusita, momentu honetan oso inportantea da zubia sendotzea, mehatxatzen duten uholdeetatik ahalik eta hobekien babestu ahal izateko.
Kontuan hartu behar dugu guk geuk, euskaldunok, osatzen dugula egitura hori, marrazkian agertzen den bezala.
Zubiak zutik iraun dezan ahalegina egitea gure erantzukizuna da.
Halaber, agerian utzi nahi dugu Karrikiri ez dela zerbait abstraktua, egiten den ekintza bakoitzaren atzean pertsona konkretuak daudela, eta haien lanari esker jarraitzen dugula aurrera, eta jende gutxiago dagoen neurrian, zailagoa dugula.

Kanpaina honen muina maiatzean eginen diren jardunaldi batzuk izanen dira. Zer landuko da bertan eta nori zuzenduta daude?
Egoera honi irtenbidea bilatzeko Karrikirikide guztiak (ahalik eta gehienak behintzat) biltzea da gure nahia. Maiatzaren 23an egingo ditugun jardunaldi hauetan denok hitza emateko aukera izango dugu, eta guztion iritzien, ekarpenen eta iradokizunen laguntzaz zubia hobeto eraikiko dugu.
Argi izan behar duzue Karrikirikide izatea modu zabalean ulertzen dugula; bazkideak daude, jakina, baina hauez gain, badaude kuota ordaindu gabe elkartetik hurbil dauden pertsonak ere, edo gure xedeekin bat egiten dutenak ere, euskal komunitatearen egoeraz arduratuta daudenak. Gugandik hurbil sentitzen ahal den jende guztia ongi etorria izanen da.

Parte hartu nahi izanez gero, zer egiten ahal da?
Prozesu honetan parte hartzeko hainbat modu daude. Hasteko, sartzen ahal zarete web gunean (www.karrikiri.org) eta zuen iritzia plazaratu hor aurkituko duzuen blogean. Jardunaldien prestaketan lagundu nahi baduzue, egoitzara hurbildu, edo telefonoz deitu, eta adostuko dugu zertan eta nola egiten ahal duzuen. Jardunaldietan parte hartzeko, deitu eta zuen izena eman. Hurrengo Karrikan emango dugu hauen antolakuntzari buruzko zehaztapen gehiago.

Eta jardunaldi horien ondotik, zer eginen da?
Ekarpen eta iradokizun guztiak bilduko ditugu, dugun plangintza osatzeko eta aberasteko, eta hortik abiatuta hurrengo urteetarako plan estrategiko berria gauzatuko dugu. Eta espero dugu bat baino gehiago animatuko dela bide berri horretan gurekin batera.

Bitartean Karrikiriko dendak eta elkartearen zerbitzuek aurrera darraite, ezta?
Jakina, prozesu honek jarraitzen duen bitartean, gure zerbitzuen beharra duten pertsonak ezin ditugu albora utzi, eta eguneroko martxa ezin da gelditu. Orain web gunean bloga besterik ez dago, baina telefonoz edo postaz gurekin harremanetan jartzen ahal zarete, eta egoitzatik bertatik pasatu, eta lehen bezalako harrera ezin hobea izango duzue.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude