Karrika 124. 2008ko abendua

Aterako al da aurrera?

“Aterako al da aurrera Mailope?” Horixe gure amona Inaxik ia astebururo errepikatzen didan galdera. Kezkatuta begiratzen nau halakoetan. Ez du soilik bertako aldizkariaren etorkizunak kezkatzen. Bere bilobaren lan gaindosiak kezkatuko du akaso gehiago. Badaki aste guztia lanean eman eta gero, asteburua iritsi, eta mendira edo juergara joan beharrean, ordenagailu baten aurrean jarri beharko dudala aldizkariari azken ikutuak emateko. Martxa horrekin luzaroan ezin jarraituko dudala jakitun, horixe da bere kezka: “mutila eta lagunak nekatzen direnean, jarraituko al du aldizkariak?” Galdera erretorikoa da hori neurri batean, jakin badakielako gure Inaxik, bere bilobak, ahal duen bitartean bederen, hortxe jarraituko duela Araitz eta Larraungo herritar guztiek hilabetero debaldeko eta batez ere euskara hutsez idatzitako aldizkaria etxean izan dezaten. Amona da Mailope kultur elkarteak dituen 120 bazkideetako bat. Urteroko kuotatxoa ez du bere bilobaren soldata bermatze aldera ordaintzen, badakielako ez duela hark soldatarik. Isuritako izerdi guztia euskararen aldekoa dela jakitea, horixe dela bere ordain guztia. Bere apaltasunean, Mailoperi egin diezaiokeen ekarpenik handiena dela uste du. Bost seme-alaben ama, gerra garaian bizitakoa, Inaxik inork baino hobeto daki zeinen gogorra den famili bat aurrera ateratzea. Ederki aski daki bestela ere dirurik izan ez, eta aurrera egin beharra zeinen zaila gertatzen den. Krisi ekonomikoaz ari garenean, badaki zertaz ari garen, alegia. Xoxarik ez zegoenean ere, aurrera atera zuen berak familia, eta nola atera gainera! Horixe da arazoa. Krisiaren aitzakia hartzen dutenek, gu ez gaituztela semetzat hartzen. Seme baino, etsai. Eta bateonbati bazka kentzekotan, aurkariarenetik hasi behar. Makroekonomia arrotza egingo zaio Inaxiri, Gobernuaren aurrekontua zenbaterainokoa den ez du jakingo, baina garai zailei aurre egiten badaki berak. Borondatea da kontua. Patxi Pantanosen garaian, seme-alabei tarta handi bat eman beharrean, ogi puska gogor bat emango zien akaso, baina gosez ez zituen sekulan utzi. Gaur berriz ere ohiko galdera egin dit amonak: “Aterako al da aurrera Mailope?” Oraingoan ordea, bestelako kezka ikusi dut haren begi zimurretan. Bart emandako prentsaurrekoaren argazkian ikusi nau, Nafarroako Gobernuak euskal komunikabideak dirurik gabe utziko dituela salatzeko egindako agerraldian ikusi nau. Nire erantzuna, betikoa izan da. “Saiatuko gara behintzat!”. Normalean irrifartxo bat izaten du ondoren erantzun horrek, konplizidade irrifarra. Gaur berriz, madarikazioa atera da haren ahotik. Orduan jabetu naiz, ez dela gure aldizkaria dirurik gabe geratuko dena, ezta alboko herriko irratia ere. Ez, nire amona, eta haren antzera, herrian zer gertatzen den euskaraz jaso nahi duten milaka herritar direla ogi apurrik gabe geratuko direnak. Horretaz ari baikara, ez ogiaz, ogi apurraz baizik. Maiz dio gure amonak “baratzean patata dugun bitartean ez dugu goserik pasatuko!” Ez ba… gure baratzean uzta oparoa espero genuen aurten, aspaldiko partez, euskarak berak etxe eta baratze propioak zituelako, baina hara non, etxea eraiki orduko, hustu egin behar! Beteko al da inoiz? Hauxe ere galdera erretorikoa ote? Gure amonak, honez gero, badaki erantzuna: “Saiatuko gara behintzat!”

Urko Aristi. Kazetaria eta Mailope elkarteko kidea



ZENBAT BURU… Hedoi Etxarte

Hedoi Etxarte 22 urteko gazte iruindarrak lau urtetan mamitutako “Suzko Lilia” olerki liburua karrikaratu berri du Susa argitaletxearen eskutik. Estresa garaitzen den garai honetan, Berlin, Gasteiz eta Budapest hiriak eszenatoki dituen olerki lan hau astiro irakurtzeko gomendioa egiten digu egileak. Idazteaz gain, biolina ere jotzen du Etxartek eta Fermin Muguruzaren azken lanean ekarpen txiki bat egiteko aukera izan duela aipatu digu.

Berriki zure lehenengo liburua karrikaratu duzu; Suzko lilia izenburu iradokitzailea duen olerki lana. Gustura gelditu al zara emaitzarekin? Zer moduzko erditzea izan da?
Liburua sortzeko prozesuak asko erakutsi dit. Bereziki editorearekin sortu den dinamikak lagundu dit. Lehendik egokiak ziren bideek inora ez nindutela eramaten ohartu naiz eta beste bide batzuetan adore gehiagorekin sartzeko indarra eman dit. Gorka Arrese editoreak egiten nuen hori zalantzan jartzen lagundu dit, erabaki bat hartzen banuen erabat kontzienteki izan zedin. Behin liburua fisikoki ikusita emaitza elegantea iruditu zait. Xabier Gantzarainen azaletik hasi, Harkaitz Canoren misil-hitzaurretik jarraitu eta Susaren edizioarekin berarekin. Orain irakurleek eta kritikak epai dezatela, jada umea ez da nirea.

“Fast food”-a eta estresa garaile diren gure gizarte honetan, liseriketa astiroko olerkiak eskaintzen dituzu.

Liburua astiro idatzia izan da. Lau urtetan jasotako olerkietatik hilabetean kontzeptua eta forma eman dizkiet. Ekite mantso horrek kontsumo lasaia behar du eduki, olerki gehienak dentsoak dira, irudi asko dituzte, hari bat baino gehiago. Egun azkar irakurtzeko liburuak eskaintzen dizkigu merkatuak, azkar irakurrita gehiagotara gerturatuko garelakoan. Astiro irakurtzekoak nahiago. Eider Rodriguezen Haragia astiro irakurri behar da, bestela ezkortasunak jaten zaitu, Paul Eluarden Poésie Ininterrompue ia banaka irakurri behar da, olerki bakoitzak egoera bat aurpegiratzen du. Irakurtzea gogoko dudan horren isla ematen ahalegindu naiz.

Irakurle askorentzat olerkigintza genero zaila da. Zergatik hautatu duzu zure lehenengo lanerako?

Olerkia irakurtzen ohituta dagoenari ez zaio liburu hau irakurtzea gehiago kostatuko. Agian olerkia irakurtzeko ohitura urriagoa da. Olerkian eroso nago, horregatik hautatu dut. Liburua den mundu globalak hainbat mezu ditu (presentzia, ausentzia, bidaia, bikotea monogamian, politika eta moralaren inguruko gogoetak) eta olerki bakoitzak hari horiekin lotura izanagatik ere lokaltasunaren isla du.

Olerkigintza jendearengana hurbiltzeko musikarekin uztartzeko ekimen bereziak egin dira Euskal Herrian eta oso harrera ona izan dute. “Zaharregia txikiegia agian”, Mikel Markez eta Pako Aristiren emanaldiak, “Katamalo” egitasmo arrakastatsua, e.a. Zu ere molde bereko zerbait egiten hasi zara, ezta?

Andoni Arcilla aspaldiko laguna dut, koadrilakoa. Noiz edo noiz halako zer edo zer egitea otu zaigu. Liburuaren aurkezpena profitatuz jendartera olerkia eta jazza uztartzen dituen ekitaldia egituratu dugu. Musika, irakurketak, liburukoak batzuk, beste olerkari edo idazleenak besteak. Hitza lehengai eta musika gerriko dituen ikuskizuna egituratu dugu.

Nola ikusten duzu olerkigintzaren egoera Euskal Herrian? Eta literaturarena oro har?

Euskal literatura gozagarria da. Koldo Izagirre, Anjel Erro, Xabi Borda, Harkaitz Cano, kristoren olerkia dugu. Eta literaturan ahots mitikoez gainera ahots berriak ere azaltzea seinale ona da. Formetan eta sakonean bide berri ugari ireki dira, alde batetik posmodernia iritsi da euskal letretara, agian ez da bereziki identifikatua sentiarazten nauen aukera, baina egotea baikorra da. Periferiak ari dira ekarpen horiek egiten, egia esan euskaraz gazteleraz (itzulpenak salbu) aurkitzen ez dudanarekin egiten dut topo.

Idazteaz gain, biolina jotzen duzu eta Fermin Muguruzaren lan berrian parte hartzeko parada izan omen duzu.

Bai, Ferminen Balazalak kantuan bibolina sartu dut; izugarrizko aukera izan da eman didana. Betidanik jo izan dut bere musika, baina CDaren gainean. Oraingoan CD barnean sartu naiz. Honen aurretik Mirant al Cel soinu banda grabatu genuen, eta Gelditu AHT! kantua. Aukera honek miresten nituen kide eta leku asko ezagutzeko aukera eman dit (Kaki Arkarazo, Mikel Abrego, Angel Katarain, Karlos Osinaga, Oskar Benas, Jon Tronbon, DZ). Grabaketa estudioan birritan sartzea oso handia izan da biografikoki, halere diskoari begira nire ekarpena txikia da. Asian Dub Fundationeko lagunak daude, DAMekoak, Manu Chao, Txap, etabar, haien tartean izatea ametsa izan da.

Aurrera begira ba al duzu bestelako egitasmorik buruan?
Batzuk bai, duela bi urte 2 fantzine egin genituen Berlinen Karkrak izenaren pean. Agian hirugarrena aterako dugu. Alain Urrutia margolariarekin olerkia eta irudia uztartuko dituen hibridoa, olerkia, aukera ezberdinak har ditzake etorkizunak.


HERRIEN ELEAK   
El Salvador

El Salvador, Erdialdeko Amerikako estatu txiki honetan indigenak populazioaren %10 besterik ez dira, mestizoak berriz %89 dira eta zuriak %1. Talde etnikoen portzentajea ikusi besterik ez dugu egin behar, ohartzeko zein motako bilakaera kultural eta linguistiko gauzatu den El Salvadorren. Amerikako estatu guztietatik El Salvador da bere hizkuntza eta kulturei gutxien eutsi dien herrialdea.

Egin dezagun historia pixka bat hau dena ongi azaltzeko. 1932an El Salvador mendebaldeko nekazariak matxinatu ziren botere politikoaren kontra. Hori zela-eta, jasan zuten errepresioa izugarri latza izan zen. Militarrek 25.000 indigena garbitu zituzten eta bizirik iraun zutenek ezkutatu behar izan zuten. Gertaera bortitz haiek ama hizkuntzaren transmisioa eten zuten. Errepresioa bezain gogorra izan zen kultur eta hizkuntzaren galera.

Egun, %92k dio bere ama-hizkuntza gaztelania dela eta Administrazioan gaztelania soilik erabiltzen da; hezkuntzan, ekonomian, hedabidetan…hizkuntza bakarra da. Hizkuntza indigenek kultura-ondaretzat harturik baldin badaude ere, ez dute benetako legezko bermerik. Izan, badira hezkuntza elbiduna bultzatzen duten toki-ekimen gutxi batzuk, baina, momentuz, oso mugatua da euren ahaleginen eragina.

El Salvadorren dauden talde etnikoak hauexek dira: pipil edo nahuat, lenka, kakaopera eta maia qeqchi herria. Hauetako talde askoren mintzaera galduta dago, alegia, kakaopera, lenkera eta pipilera aspaldian desagertu ziren.

Maiek oraindik mantentzen dute euren hizkuntza. Hala ere, esan dezakegu, bizirik dirauten indigenen hizkuntzak oso egoera larrian daudela.

Egoera ilun honetan, gorago aipatu dugun bezala, pertsona batzuk hasi dira jabetzen arazo honetaz. Duela ez asko, IRIN (náhuat hizkuntza berreskuratzeko ekimena) erakundea sortu da. Talde hau osatzen dutenek náhuat hiztunen eleak eta lekukotasuna jaso dituzte eta haiekin liburuak eta hezkuntzarako material didaktikoa sortu dituzte. Horrez gain, herri batean eskola bat zabaldu dute eta San Salvador hiriburuan hasi dira náhuatez klaseak ematen.

Orain arte El Salvadorreko indigenen eleen eta kulturaren biziraupenaren alde emandako urratsak ez dira oso ugariak izan baina hodei grisen artean eguzkiak azaldu nahi du. Espero dugu atertuko dela eta El Salvadorreko ele zaharrek bizi berria izanen dutela.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude