Karrika 123. 2008ko urria

Adrian Amberes XXI. mendean

Santxo Eltsokoaren katixima izan omen zen Nafarroa Garaian argitaratu zen euskarazko lehen liburua, eta gure eskuetara heldu ez bada ere, badakigu Lizarran inprimatu zela Adrian Amberesen moldiztegian 1561. urtean (ikusi Joxemiel Bidadoren Materiales para una Historia de la Literatura Vasca en Navarra).

Laurehun eta berrogeita zazpi urte geroago, Iruñeko editore baten kezkak ez daude Adrian Amberesek (garai haietan editore eta inpresore lanak nahasi egiten ziren) zituenetik urrun. Hau da, zer egin liburu bat argitaratzeko erabakia hartzen duzunean? Izan ere, uste denaren aurka eta nahiz atsegina ez izan, zailena ez da ezetz esatea; benetako erronka eta arazoak sortzen dituena baietz esatea da. Ondoren, maketazio eta inprimaketa egokiak egitea, plazaratzeko garaian babesa eskaintzea, ondoko jarraipena egitea… baitatoz. Baietz esaten den unean hasten dira erantzukizunak, kezkak; hots, erronka. Eta gainera gero eta zailagoa den munduan.

Marshall McLuhanek igarlearena egin zuen liburu-aroaren amaieraz, baina liburuen eztandak isilarazi zuen haren diskurtsoa. Gabriel Zaid idazle mexikarrak datu adierazgarriak ematen ditu Los demasiados libros saiakeran: Gutenbergen garaian, 1450. urtean, 100 liburu argitaratu ziren munduan, 2000. urtean 1.000.000 (milioi bat). Garai bakoitzeko biztanleria kontuan hartuz, milioiko 0,2 liburu argitaratu ziren 1450ean, 100 liburu 1950ean (telebista sortu zen urtean) eta 167 2000. urtean!

Liburugintza kinka larrian egotearena, beraz, aspaldiko kontua bada ere, gero eta liburu gehiago egiten dira. Krisia bai, baina liburu gehiago ere bai. Zorioneko hazkunde horrek liburuaren bizia ikaragarri laburtu du; are gehiago euskarazkoarena.
Bilakaera hori euskal letretara ekartzen badugu, gauza bertsua gertatzen zaigula ikus baitezakegu. Euskarak ez du bere historian hainbeste irakurle, idazle eta liburu izan. Baina hizkuntza agian inoiz baino kinka handiagoan dago eta euskarazko literatura, ondorioz, ere bai.

Irakurle potentzialak ugaritu dira, baina eskaintza gero eta anitzagoaren aurrean inoiz baino galduagoak dabiltza. Zaidek emandako datuen bilakaera gurera ekartzen badugu, ohartuko gara urtean 1.200 liburu argitaratzen direla -batez beste- zazpiehun milaren bat euskaldunentzat (mundu osoan baino zazpi/zortzi aldiz gehiago!). Eta hori, gainera, ez da uharte batean gertatzen, hizkuntza eta literatura askoz ere boteretsu eta lehiakorragoen merkatu berean baizik. Horrela, beraz, nola jarri euskarazko lan bat harremanetan bere irakurleekin? Nola lortu lan hori nabarmentzea merkatuan? Hori da, besteak beste, editore baten promoziorako erronka larria, liburugintza baino haratago doana, bistan da.
Arlo horretan laguntza instituzionalaren gaia ere aztertu beharko litzateke, liburugintzan erakundeek daramaten politika…, Horretan ere gauzak ez dira gehiegi aldatu Adrian Amberesen garaietatik. Agintarien ez ikusia, mespretxua (eraso zuzena ez denean) jasaten jarraitzen dugu. Baina hori beste aldi baterako utzi beharko dugu.

Pello Elzaburu. Pamiela argitaletxea



ZENBAT BURU… Petra Elser
 

Alemaniako Pahl-Rugenstein Verlag argitaletxeak (www.zubiak.de) Aingeru Epaltza eta Anjel Lertxundi euskal idazleen liburu bana aurkeztuko ditu hilabete honetan Frankfurten eginen den liburu azokan. Petra Elser Aingeru Epaltzaren “Rock Roll” liburuaren itzulpenaz arduratu da eta, gainera, Alemaniako argitaletxe horren komertziala da Euskal Herrian.

Nola sortu zen euskal liburuak itzuli eta Alemanian ezagutarazteko ideia?
Duela hiru urte, Euskal Idazleen Elkarteak Joseba Sarrionaindiaren “Narrazioak” liburua itzultzea eskatu zidan. UNESCO-k ordaindu zuen, baina Alemanian ez zegoen liburua argitaratuko zuen argitaletxerik. Bila hasi ginen eta Pahl-Rugensteineko jendea ezagutu genuen. Beraiek esan zuten hizkuntza arrotzaz eta idazle ezezagun bakar baten liburua argitaratzeak ez zuela merezi, bilduma osoa izan beharko zela. Eta iaz ekin genion euskal literatura Alemaniako merkatuan ezagutarazteari.

Laguntzarik jaso al duzue euskal erakundeen artean?
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak dirulaguntza eman digu itzulpenak egiteko, prestakuntzarako eta idazleen bidaietarako. Horri esker atera dugu aurrera proiektua, baina ez da nahikoa gauzak behar bezala egiteko. Itzultzaileen prestakuntza, adibidez, sistematizatu egin beharko litzateke itzultzaile gazteen interesa pizteko.

Zer prestatu duzue aurkezpenerako?
Frankfurteko liburu azokan Epaltza eta Lertxundiren lanen aurkezpena eginen dugu eta horretaz gain, lau irakurraldi dauzkagu aurreikusita: Berlin, Cottbus, Essen eta Paderbornen. Alemanian irakurraldiak ekimen oso herrikoiak eta maitatuak dira. Idazleek –gure kasuan idazleek eta itzultzaileek– euren liburuetako zenbait pasarte irakurtzen dituzte eta publikoak arretaz entzuten du. Gero, idazleari galderak egiteko aukera izaten da.

Orain arte lau euskal egileren liburuak itzuli dituzue. Zer moduz haien jarrera?
Oso ona, interesa handia dute. Gure ekimena xumea da, baina bitarteko gehiago izanez gero, aukera zabalagoak izango lirateke euskal idazleak atzerriko literatur jaialdi eta ekimenetan parte hartzeko. Bi aldeentzat oso aberasgarria dela iruditzen zait. Aleman hizkuntzako herrietan, euskal literatura eta euskara bera nahiko ezezagunak dira eta, horregatik, bertako idazleek, irakurleek eta literatura munduko jendeak interesa dute mundu hori ezagutzeko. Eta hemengo idazleentzat ere interesgarria da beren obra kanpoko ispilu horretan ikustea, baina horretarako itzulpena funtsezkoa da.

Aurrera jarraitzeko asmorik al duzue?
Bai, printzipioz proiektua bost urteko epe baterako pentsatuta dago. Hala ere, beti errebisatu egin behar dira emaitzak, batez ere alde ekonomikotik. Pozik gaude bigarren urtera iritsi garelako eta literatur giroko aditu eta jendearen harrera ona izan delako. Argitaletxe handiak menperatzen dituzten zirkuituetan muturra sartzea zaila da, baina saiatuko gara.

Nola ikusten duzu euskal literaturaren egoera?

Euskal literatura modernoan, azken 30-40 urtetakoan alegia, oso bidaia luzea egin da eta hainbat obra garrantzitsu eta goi mailakoak idatzi dira. Guk argitaratzen dugun bildumarako eskaintza handia da eta aukeraketa erraz egin daiteke. Hala ere, nazioarteko merkatuak gauza berriak eskatzen ditu, idazle gazteak eta nobelak batez ere. Euskal literaturaren merkatua bera zertxobait artifiziala da. Argitaratzen diren gauzetako batzuk agian beste leku batzuetan ez lirateke argitaratuko, eta horrek batzuetan hemengoari halako kutsu folklorikoa ematen dio. Hala ere, nire ustez irakurleek ahots gazteak nahi dituzte, gai garaikideak lantzen dituztenak, norberak bere burua identifikatu ahal izateko. Horrexegatik ez naiz harritzen, adibidez, 2006an Karmele Jaioren Amaren eskuak gehien saldu zen liburua izatea. Izan ere, oso garaikideak diren bi gai jorratzen ditu: Alzheimer gaixotasuna eta emakume baten historia eta nortasuna.


HERRIEN ELEAK 
Salomon Irlak

Azken boladan, bidaia aldizkarietan, turismo agentzietan, haien berri jaso dugu, turismo helmuga bilakatu baitira gure gizartean. Ez da harritzekoa, hondartza ederrak, palmondoak, eguraldi ederra eguzkitan egoteko, hots, mendebaldekoentzako paradisua. Baina, Salomondarrentzat ere paradisua ote da? Artikulutxo honetan saiatuko gara gauzak pixka bat argitzen, eta hango hizkuntzetaz informazio apur bat ematen.

450.000 biztanleak dira Salomon Irletako populazioa. Gehienek, % 94,2k, melanesiar jatorria daukate, %3,7 polinesiarrak dira, eta %2,1 bestelakoak.

Erlijioari dagokionez, %77,5 kristau-protestante, %19,2 katoliko, %0,4 bahista, %0,2 sinesmen tradizionalekoa eta %2,1ek beste sinesmena dute. Argi dago Europatik heldutako erlijioak erabat erroturik daudela.

1978an Commonwelth Britainiarraren babesean independentzia lortu zuten, baina Britainia Handiko erreginaren menpean; beraz, ganbara bakarreko legegile monarkia konstituzionala da.

1990ean elikagaien prezioak zirela kausa, gaur arte bizirik jarraitzen duten istiluak hasi ziren. Zoritxarrez, hilak eta tortura salaketak egon dira, eta politikoki giroa lasaitu izan arren, oinarrizko arazoek berdin diraute.

Salomon Irletan 80 hizkuntza bizirik daude, bainan nagusitasun osoa eta ofizialtasuna ingelesak dauzka. Bigarren hizkuntza gisa pijing salomon dago, 175000 hiztunekin (Ozeano Bare osoan 2 milioi hiztun dauzka). Aipatzekoak dira ROVIANAN eta MARINGHE eleak ere. Lehenengoa metodista elizarena eta bigarrena melanesia eliza anglikanoaren hizkuntza dira. Oso zabaldurik ez badira ere eragin handia izan dute komunitate txiki batzuetan, haien eraginez mintzaira batzuk desagertu baitira, besteak beste, GULIGULI, DORORO, KAZUKURU edo hil zorian daude, LAGHU mintzaira kasu (3 hiztun besterik ez).

Georgia Berria irlan bi hizkuntza oso egoera larrian daude, RIRIO (80 hiztunekin), eta HOAVA (honek 600 hiztun ditu); ele hauek malayo-polinesiako taldekoak dira eta euren hiztunak elebidunak dira.

Santa Isabel irlan KOKOTA (200 hiztun), ZAZAO (166), GEMA (600), GAO (550), eleak ditugu. Kasu guztietan elebidunak dira, oso agerikoa da ingelesa, maringhe, rovianan eta pjing salomon eleek ordezkapen linguistikoan duten ardura.

Savo irlan SAVO mintzatzen da (1976an, 1.147 hiztun zegoen). Egun esan dezakegu askoz gutxiago direla, gazteek nahiago baitute ingelesa edo pijing salomon euren bizitzarako.
Malaita irlan OROHA dugu (ez dago daturik), eta San Cristobalen FAGHANI (300).
Ikusi ahal izan dugun bezala, ele hauetan hiztun gutxi daude, denak elebidunak, eta ez dago alfabetatzerik haiendako. Beraz ez da oso zaila iradokitzea etorkizun iluna daukatela, Salomon Irletako gobernuak ez baditu haien alde berehalako neurriak hartzen.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude