Karrika 103. 2006ko urria


Eta eskolaren ondoren… aisialdia

Irailero izaten dugu kontu bera: eskola aldia hasten da. Gurasoendako sakela huste ederra bada, are ederragoa izaten da hartzen duten lasaitua, haurrak eskolan hasten baitira, behingoan! Eta lasaitua ere guraso euskaltzaleendako haien haurrak berriz hasiko baitira euskara aditzen egunean sei orduz ikasgela barnean. Euskarazko eskolak ematen duen lasaitua.
Baina azken urteotan euskarazko irakaskuntzaz zerbait ikasi badugu, bere mugak dituela izan da. Behin eskolan hasita, haurrak denborarik gehiena eskolan ematen duela iruditzen zaigu eta eskolaren baitan uzten da hizkuntzaren ikaste eta lantze ia osoa. Baina haur batek bere urte osoko esna-orduen % 16 baino ez du ematen eskolan. Hortik landa, gainerako orduen % 84 beste eremu eta harremanetan ematen du:
Lehena eta behinena, etxea bera, familia da, hizkuntzaren transmisiorako funtsezkoena eta haurra hizkuntza bizipen afektiboei lotzen hasten den eremua. Oro har, etxean eta inguru gertukoei aditutako hizkuntza izaten da haurrak ikasten duen lehena. Baina etxean transmisio hori ezinezkoa delarik ere, gurasoek ez dakitelako, haurra afektiboki euskarara hurbiltzeko aukera ugari dago, haurra eskolatu baino anitzez lehenago hasten direnak: zer umezain hautatu, zer haur-eskola edo haurtzaindegi, zer jostailu, kantu eta bideo aukeratu; euskararen inguruko jarrerak eta balorazioak, horiek ere transmititzen baitira eta haurrek jokatzeko eredu gisa hartzen dute.
Etxetik kanpo, haurraren aisialdia osatzen duten jarduera eta harremanak, jolasak, kirola, eskolaz kanpoko aktibitateak… ditugu haurraren sozializaziorako eremu oso garrantzizkoak eta beraz, hizkuntza erabiltzeko eta aberasteko funtsezkoak. Eta nola ez, haurrak aisialdirako dituen produktu kulturalak: telebista, bideo edo DVDak, kantak, ipuinak, tebeoak, komikiak, liburuak, joku didaktikoak… haurraren aisialdiaren hizkuntza baldintzatzen dutenak. Merkatuan gero eta produktu gehiago ditugu haurrek euren aisialdian euskaraz goza dezaten.
Adituek gero eta argiago dute haurrak hizkuntza batez ongi, egoki, aise eta eroso egiteko haurrari hizkuntza horretan esperientziak ugaldu behar zaizkiola: esperientzia afektiboak (etxean, familian), esperientzia formalak (eskolan) nola informalak (aisialdian, lagunartean), kulturalak (liburuetan, ikuskizunetan…) eta dibertimenduzko edo denborapasakoak (jokoak, telebista…).
Euskarazko irakaskuntza funtsezkoa da baina ez nahikoa. Eskolak eskolaz kanpoko eta eskola aldiaren ondoko loturak eta indargarriak behar-beharrezkoak ditu, haurrak eskolan jasotako trebetasun eta ezagutza horiek indartuz joanen badira. Orain badakigu egun gurasoek, familiak, gertuko komunitateak, eskolak ere, denok dugula erantzukizun handia haurren eskolako euskara hizkuntzaren sentipen-emoziozko esperientziez lagundu, bete, hornitu eta joritzeko.
Aisialdia euskaraz euskaldunon behar soziala da bai eta haur euskaldunen behar pedagogikoa ere. Garbi izan behar dugu gero, handitan, ezin izanen diegula eskatu orain, umetan, eskaintzen ez dieguna.

Paula Kasares



ZENBAT BURU… Maider Semper

“Baietz oraingoan” leloa ozenki aldarrikatuz, heldu den urriaren 15ean Nafarroa Oinez festa antolatuko du Berako Labiaga ikastolak. Maider Semper bertan ikasle izatetik zuzendari izatera pasa da eta ikastolaren egoeraz eta festaz aritu zaigu.

Berako Labiaga ikastola 1974ean sortu zen hainbat gurasoren laguntzari esker. Orduan 20 ikasle hasi ziren, baina egun egoera oso bestelakoa da, ezta?
Lehenbiziko promozioko ikasleak Herriko Etxeak utzitako gela batean euskaraz ikasten hasi ziren. Hezkuntza eredua erabat berritzailea zen: herrian barrena euskaraz solastuz ibiltzen ginen, Berako plaza gure jostalekua zen… Poliki–poliki, ikastaroak pasa ahala, Labiaga Ikastola handituz joan zen eta egoitzaz aldatu behar izan genuen: Herriko etxetik Lagun Etxera (apezpikutzak utzitako eraikina), handik Altzateko ikastolara eta gaur egun Altzaten eta Eztegaran ditugun eraikinetara ailegatu arte. 1994. urtean Ikastolak zituen ziklo guztiak legeztatuta zeuden, baina DBH-ko etapa ezartzen zuen lege berriarekin, azken etapa hau alegal izatera pasa zen honek ekartzen duen galera ekonomikoaren zama gure gainean hartuz.
32 urte honetan kooperatibaren parte diren guraso, bazkide, ikasle ohi eta irakasleen elkarlana benetan garrantzitsua izan da lanak ilusioz aitzinera eramateko eta zamak guztion bizkarretan banatu ahal izateko. Gauden egoeran eta ilusio handiarekin Labiaga Ikastolaren hirugarren Oinezaren antolaketa gogoz eta ilusioz beterik hartzen dugu.

Zailtasunak zailtasun, aurrera egin duzue kemen handiz eta berriki oztopo berri bat gainditzea lortu duzue. Izan ere, ekain aldean Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako akordioari esker, DBHko lehenengo bi ikasturteak legeztatu dira. Azkeneko biak, ordea, baimenik gabe gelditu dira. Zer balorazio egiten duzue?
Legalizazioari buruz aipatu zapore gazi-gozoarekin gelditu garela. Bi kurtso behin-behineko legalizatzen dizkigute eta bi kendu. Azken momentuan, maiatzean, erabakitako gaia da eta ez dugu denborarik izan nahi genuen bezala antolatzeko. Transizio urtea eskatu genuen honetarako eta ez dugunez izan, dena askoz tristeagoa izan da.

Esan bezala, bide luzea egin du ikastolak eta ziurrenik herrian eta ingurunean zeharo errotuta egonen da jada, ezta?
Ikastola herrian guztiz errotuta dago. Euskaraz irakatsi duen lehenengo ikastetxea izan da eta bertan ikasi dugunok eta gure inguruak oroitzapen hagitz onak ditugu. Denok badakigu ikastolatik ikasle ongi prestatuak ateratzen direla eta metodologia aldetik, Ikastolen Konfederazioaren partaide garenez, material propioak ditugu eta irakasleak formakuntza jarraian gaude.

Heldu den urriaren 15ean zuen hirugarren Nafarroa Oinez antolatuko duzue. Zer moduz prestaketa lanak? Nola joan dira aurreko hilabeteetako ekimenak?
Lan eta lan gabiltza urte osoan egun hau eta urtean zehar egin diren ekintzak prestatzen. Azken txanpan sartuta gaude eta azken hariak lotzen. Urtean zehar egindako ekintzen balorazioa hagitz positiboa izan da, hagitz kontent gaude.

Bertan bildutako sosak zertara bideratzeko asmoa duzue?
Nafarroa Oinez 2006-ren helburua ekonomikoa da, hau da ikastolaren egoera ekonomikoa arintzea. Ikastolak bi motatako inbertsioak egin ditu:
a) MATERIALA: 900.000 eurokoa Eztegarako eraikinean
b) HEZKUNTZAN: gurasoek seme-alaben hezkuntzan 2.260.000 euroko inbertsioa egin dute 1995. urtetik gaur egun arte, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez baitu DBH ez legeztatu ez kontzertatu ere.
Egun horretarako prestatu duzuen egitarauaren baitan zer nabarmenduko zenuke?
Nabarmendu dena ekitaldi hagitz desberdinak daudela, baina berezia izan daitekeena Euskal Etxeen artean eginen den zuzeneko konexioa.

Laguntza eman nahi duen lagunak zer egin dezake?
Laguntza eman nahi duenak txozna, garbitasuna, zaintza, material saltzen… 2.000 pertsona behar ditugu. Honetarako hona hemen telefonoak eta e-posta helbidea:948 631 558
948 625 215
671 200 294
671 200 296
600 344 655
oinezbera@hotmail.com
Eta horrela lagundu ezin duenak behintzat gozatzera etorri eta ikastolari ahalik eta laguntza gehiena eman.


HERRIEN ELEAK.
Aragoi

Aragoiko eleak
Hiru dira Aragoin mintzatzen diren hizkuntzak, gaztelania, aragoiera (La Fabla), eta katalana. Horietatik, gaztelania da legala den eta normalizatua dagoen bakarra.
Aragoiera VII. mendean latinetik jaiotako hizkuntza erromanikoa da, musulmanen menpe geratu ez ziren Pirinioetako lurralde batzuetan zabaldu eta indartu zena. Aragoiko erresuma handitzen joan zen heinean, hizkuntza honek bide berbera egin zuen eta erabat normalizatua zegoen, estatu bateko hizkuntza baitzen. 1412an, Gaztelaniako Trastamara dinastiak Aragoiko koroa berenganatu zuen. Bada, hortik aurrera Aragoierari etorri zitzaion gainbehera eta bazterketa.
Gaur egun lau dialektok bizirik diraute. Hauek dira: Ansotanoa (Antso), Cheso (Echo), Chistabín (Chistau arana) eta Benasques edo Patues (Esera arana). Azken erroldaren arabera, 30.000 pertsonak osatzen dute Aragoieraren hiztun komunitatea. Oso gutxi dira, eta kontuan hartzen badugu biztanleria zahartzen ari dela eta aitorpen eta babes ofizialik ez duela, ez da zaila ondorioztatzea etorkizun latza duela.
Aldizkari batzuk argitaratzen dira aragoieraren dialektoetan, literatura ere garatu da, baina irratian, telebistan eta prentsan bere agerpena hutsaren hurrengoa da. Hezkuntzan lehenengo urratsak egiten ari dira eta umeak euren hizkuntzan eskolatuak ikusteak ate bat irekitzen dio baikortasunari.
1987an egin zen lehenbiziko “Congreso ta ra normalizazion de l`Aragones” izeneko biltzarra. Horretan aragoiera estandarra onartu zen, baina bere eragina oso mugatua izateaz gain, arazo eta desadostasun iturri ere bilakatu da. Izan ere, batzuen iritziz, dialektoei kalte besterik ez die egiten, hiztun askok arrotza bezala hartu dute eta, gainera, gutxi batzuentzako politikarako aitzakia da.
Uztailaren 16an, 150 pertsona elkartu ziren “II Congreso de l´Aragones” bigarren biltzarra egiteko. Han, “Academia d´Aragones” sortu dute eta aragoieraren aldeko agiria onartu zen. Dagoeneko, Zaragozako eta Huescako Diputazioek, hainbat udal eta enpresak, 70 elkartek eta 2.400 pertsonak (idazleak, filologoak, irakasleak, kazetariak, adituak) onespena eman diote “Academia de l`Aragones” erakundearen sorrerari. Apirilaren 9an aukeratutako 12 akademikoek egin zuten lehengo bilera. Ondorioz, aragoiera aro berrian sartu da. Arazoak ez dira bukatu baina emandako urratsaren garrantzia inork ez du ukatuko.
Katalana ere mintzatzen da Aragoi ekialdean, Kataluniarekin muga egiten duen lurralde osoan. Milaka eta milaka pertsonak katalanez egiten dute bizitza eta aragoierarekin gertatzen den bezala, ez dago aitorpen legalik.
Aragoiera eta katalana legeztatzeko, nolabaiteko aitorpen legala ematera bideratutako
hainbat bilera egiten ari dira Aragoiko Gorteetan. Ea, bada, politikariak ados jartzen diren eta Aragoiko hizkuntza gutxituei zor zaiena ematen dieten.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude