Karrika 102. 2006ko iraila


100 esan eta auzolanean 11 gehiago

Karrika gure elkartearen hileroko leiho idatziak ehun ale bete ditu. Aldizkariaren atalen izaera eta edukia denborarekin moldatu eta egokitu ditugu Iruñerrian bizi garen euskal komunitateari eman beharreko informazioaren edukia hobetzeko asmoz. Bidean orri kopurua handitu dugu eta atal berriak sortu ere.
Hasieratik, hori bai, azaleko artikulua Karrikiriren erakusleihoa izan da. Elkartean egindako hausnarketak Karrikaren apaletan erakusgai jarri ditugu zalantzak lau haizetara zabalduz, aholkuak apaltasunez argudiatuz, ideiak emanez edo eta balizko eztabaidak irekiz.
Landu ditugun gaiak ugariak izan dira, beti ere euskararen erabilpena ardatza izanik : hizkuntzaren ezagutza eta erabiltzeko askotariko motibazioaren garrantzia, tokiko hedabideek bertako euskalkiekiko lotura, adierazkortasunaren garrantzia hizkuntzaren kalitatean, gurean sortzekoak diren gazteen hizkerak, etorkinengan euskararen berri emateko zailtasuna, haurrengan eskolatik kanpoko euskarazko jardueren garrantzia, merkataritzan erabilera handitzeko egitasmoak, euskara elkarteen bizitza eta koordinazioa, kalean edo jaietan komunikazio espazio berrien premia, hizkuntzarekiko leialtasunak sortzen dituen bizipozak eta nekeak, helduen euskalduntzearen erronka, ekoizpen kulturalaren babesa eta beste hainbeste.
Ehun ale hauek aukera eman digute Iruñerrian euskaldunon hizkuntza egoera aztertu eta gure asmoak zabaltzeko.
Baina, hamaika gehiago atean gelditu dira erakusleihora atera gabe. Hizkuntzen arteko berdintasun etikoa, kultura aniztasuna gure artean, hitanoaren erabilerarik eza, Iruñeko Alde zaharra euskaldunen gunea, euskara bertako enpresen munduan, hizkuntzarekiko atxikimendutik haratago joateko askoren premia, hiztun guztiekiko beharrezko begirunea, euskaldun zahar eskola gabekoenganako harremana, teknologia eta espazio berriak euskalduntzea, autokritika falta kronikoa, egitasmo askok administrazioarekin duten menpekotasuna, ekarpen zientifiko eta akademikoen garrantzia, gizartearen aurrean irabazi beharreko prestigioa, beste gutxiengoak- itsuak, gorrak,..- eta euskara, eleaniztasunean dugun tokia . Eta gehiago, askoz gehiago.
Lan handi honetarako elkartearen leihoa irekitzea bururatu zaigu eta hamaika lagun deitu ditugu. Guztiak kultur eta euskalgintzan eskarmentu handikoak dira, hausnarketa interesgarri eta berritzaileak egin dituzte. Auzolana proposatu diegu askatasun osoz jorratzeko euskararen erabilpena. Beraiek azaleko artikuluak sortu eta guk Karrikaren azala oparitzen diegu. Karrika jasotzen dugun guztiontzat tratu ezin hobea izango da. Gure debaldeko hamaika egileri eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu pentsamendu onak zabaltzeak elikatzen gaituelako.
Eider Rodriguezek gogoratzen digu Cesare Pavesek ziona: Ekintza onak aurrera eramaten erraza da, zailena pentsamendu onak edukitzea da.
Euskalgintzaren munduan, apalki zuzenduz, ekintza onekin asmatzea ez da ez erraza, eta ideia onak edukitzea… zaila baino zailagoa. Gure artean, beste hamaika tokitan bezala jakina, esandako gaiak eta sortzen direnak hausnartzen jarraituko dugu eta bitartean, ohikoa denez, egitasmo praktikoak bultzatuko ditugu. Guztiaren berri Karrikan edukiko duzu.



ZENBAT BURU… Blanca Izkue

Aurten bere 15. urteurrena bete duen Iruñeko Gor diskoetxeko langilea da Blanca Izkue. Eginiko ibilbideaz eta musika munduak egun pairatzen duen krisiaz hizlari aritu zaigu, baita etorkizunera begira euren diskoetxeak dituen erronkez ere.

Gor diskoetxeak 15 urte bete ditu. Balantzea egiteko tenorea heldu zaizue, ezta?
Hamabost urte dexente dira eta, are gehiago, kontuan hartuta nire lankideek aldez aurretik Oihuka diskoetxean egon zirela. Nik hamar urte daramatzat hemen lanean taldeen promozioa eramaten.
Hamabost urte beteta, pentsatu genuen ospatzeko garaia heldu zela eta apirila partean jai bat antolatu genuen; jarraitzen dugula ospatzeko eta etorkizunera begira eginbeharrekoaz hausnartzeko. Izan ere, krisi garaian bizi gara, nahiz eta batzuentzat, kanpotik ikusita, topiko samarra izan daitekeen; baina, egia esan, diskoen salmentetan jaitsiera nabarmena izan da eta Iruñea batean oso garbi antzeman da. Azkeneko urteotan hainbat denda itxi da gure hirian.

Talde eskaintza oparoa duzue eta, guztien artean, aipagarriak dira euskaraz abesten dutenak, gaur egungo Euskal Herriko musikan pisu handikoak, besteak beste; Su Ta Gar, Berri Txarrak, Ken 7, Skalariak…

Bai, krisiaz ari gara, baina era berean esan behar dugu talde mordoa dagoela gaur egun Euskal Herrian. Aspaldiko talde batzuek bidea eman diete belaunaldi berriei eta ikaragarria da zenbat talde berri dagoen. Horietako askok maketak bidali eta egunero gurekin harremanetan jartzen dira haien musikaren berri emateko. Ez bakarrik Euskal Herritik, kanpoko talde pila bat ere. Dena den, kontuan izanda urtero hamar bat disko berri merkaturatzen ditugula, ezinezkoa zaigu guregana jotzen duten lagun horiei behar bezalako harrera egitea. Horregatik sortu dira, esaterako, Musikherria bezalako proiektuak, auto-ekoizpena eta lan egiteko modu alternatiboak lantzen dituztenak. Beste modu batera aritzen dira eta beharrezkoak dira.
Euskal taldeei dagokienez, Gorren betidanik saiatu gara oreka bat gordetzen euskaraz eta gaztelaniaz plazaratzen ditugun lanen artean. Gure filosofia hasieratik izan da euskal harrobia lantzea eta ahal izan dugun moduan bultzada ematea, baina modu naturalean. Hortxe ibiltzen gara gutxi gora behera, erdia euskaraz eta beste erdia gaztelaniaz.

Zuk aipatu bezala, krisi garaia bizi da musika munduan (legez kanpoko kopiak, interneteko jaitsierak, diskoetxe itxierak, e.a.). Horri aurre egiteko hainbat neurri hartu dituzue.
Euskal diskoetxeetan aspaldi ikusten genuen horrelako egoera zetorkigula eta, gure kasuan, diskoen salmenta eta musika komertzializatzeko modua eguneratu behar genuela pentsatzen hasi ginen. Horregatik jarri ditugu kanta guztiak MP3 formatuan gure webgune berriaren bitartez, jendeak legalki erosi ahal izateko. Webgunea ere berritu egin dugu erakargarriagoa eginez eta informazio eguneratua emanez: kontzertuen datak, albisteak, ea. Eta horrekin guztiarekin batera, banaketa propioari (saltoki handien bitartez) eta dibertsifikazioari ekin diegu; diskoak bakarrik saldu izatetik, kontzertuak antolatzera pasa gara eta pozik gaude hartutako bide honekin.

Jendearen jarrerak ere zerikusi handia du krisi egoera honetan, ezta?
Bai, nahiko afera zaila da. Frustrazio sentsazio bat sumatzen ahal da talde hasi berri horiengan. Badakite oso zaila dela diskoetxe batean egon ezean hedabideengana iristea eta, era berean, ez da batere erraza diskoetxe batekin hitzarmena lortzea. Musika erosten ez denean, ez zaio diskoetxeari edo ditxosozko SGAE-ri dirua ukatzen, talde gazte horri hurrengo diskoa ateratzeko gorriak ikusiko dituela esaten ari zaio. Horrela ikusi beharko litzateke eta bestenaz, jai dugu. Oso konplikatua da, izan ere tabernetan diskoak saltzera sartzen den lagunari zer esanen diogu? Euren lana da. Gainera gauza asko nahastu dira; top mantaren kasuan, esaterako, inmigrazioa eta musikaren krisia. Baina, halere, horrek ez digu min handiena eman. Okerrena internetekoa izan da, diskoak musu-truk sarean jartzen dituztenek egiten diguten kaltea. Hori kontrolatzea oso zaila da eta jendeari ulertaraztea ere bai. Taldeari zuzenean dirua ebastea da. Hori dela eta talde dexentek disko bakarra ateratzeko aukera izan dute.

Krisi orokor horretaz gain, euskal musikaren agerpena/hedapena ere ez da akaso nahiko genukeen adinakoa. Zenbait jende hedabideetan kuotak ezartzearen alde agertu da. Zer deritzozu?
Filosofia hori Euskadi Gaztean jarraitu dute eta gustukoa izan edo ez, Euskal Herrian egiten den musikaren erakusleiho garrantzitsuena izan da, irrati libreekin batera, jakina. Kontua da Euskadi Gaztean normalean diskoetxeetan diren taldeak jartzen dituztela gehienbat. Eta telebistari dagokionez, salbuespen batzuk kenduta, ez da gauza handiegirik egin, ezta botere publikoetatik ere. Berriki, dena dela, euskal diskoetxeen elkartea sortzeko beharra sortu zen eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin elkarte horren baitan bildu gara Euskal Herriko diskoetxeak. Horri esker dirulaguntzak jasotzen ditugu laneko hainbat kontutarako. Nafarroako Gobernuak ez du deus egin. Diskoetxe gutxi gara, baina ez du horrelako neurririk hartu.

Durangoko azoka laster izanen dugu. Zer berrikuntza duzue esku artean?
Udaberrirako jada bost disko atera genituen eta Durangorako Stupenda Jones eta Kerobia taldeen lan berriak aurkeztuko ditugu. Bi hauetaz gain, urtean zehar grabatutakoak eramanen ditugu: Ezinean, Leihotikan eta aurtengo Gorakada.


HERRIEN ELEAK.
Siberia
   
Siberiako hizkuntzak
Lautada hau , 12768000 kilometro kuadrokoa, munduko handiena da. Asiako kontinentean zabaltzen da, Ural mendietatik Ozeano Bareraino. Lurralde honek bere barruan gordetzen dituen natur-baliabideak izugarri handiak eta ugariak dira, besteak beste, ikatza, petrolioa, gasa, urrea, diamanteak, burdina eta mota guztietako mineralak . Aberastasun hau aprobetxatzea ez da bat ere erraza, distantziak ikaragarrizkoak dira, lurralde asko oso isolatuta daude eta leku batzuetan zero azpitik -70 c gradu hartzen dira; honek denak oztopatzen eta zailtzen du bere ustiatzea .
Biztanle kopurua inoiz ez da oso handia izan. Gaur egun 28.000.000 lagun bizi dira Siberian. Hala ere, Jesukristo aurretik giza taldeak anitzak izan dira eta kultur eta hizkuntzei dagokienez oso aberatsa da. Malta, Afanàsiev , Andrónovo, Tagar, Jimki, Isakóvo, Serovo, Kitói, Kelteminar, Tazabagriab … talde etnikoak garatu ziren Siberiako bazter guztietan. Baltikon, Itsas Barean, hego aldean Txinak, Indiak eta Iranek osatzen duten muga luze horretan, Turkestanen eta Artikon ere, aurkitu dira euren aztarna arkeologikoak. Horien atzetik hunoak eta turko-mongolak etorri ziren eta XII. mendetik aurrera Errusiako kolonizazioa. Transiberiano trenak eta Soviet Batasunak azken bultzada eman zioten kolonizazioari eta gaur egun ezagutzen dugun Siberia eraiki zuten .
Aipatu dugu biztanle kopurua ez dela oso handia inoiz izan.Hizkuntza aniztasuna, ordea, bai. Hona hemen Siberiako familia linguistiko nagusiak: Uraldarra (Siberia mendebaldean), Turkiarra (hegoaldean eta ekialdean ere: Yakuera (Saha) hizkuntza), Tungustarra (ekialdean eta erdialdean), Mongoliarra (Siberia hegoaldean) eta Paleosiberiar edo Paleoasiar hizkuntzak (Yeniseiar hizkuntzak), erdialdean, Yukaghir familiako hizkuntzak, ipar-ekialdean eta Nivkhera hizkuntza (Gilyak), ekialdean. Siberiako ekialdeko muturrean eskimalen hizkuntzak ere mintzatu dira. Agian bizirik diraute baina horretaz ez dago daturik. Ezin dugu ahaztu Errusiera dela gaur egun hizkuntza nagusia.
Siberiako historia oso luzea da eta talde etniko-linguistikoen ordezkapena etengabekoa izan da. Errusiera bera sartu baino lehenago ere Siberiako hizkuntza batzuek bertako beste batzuk zokoratu eta ordezkatu zituztela frogatu dago. Adibide gisa aipatuko dugu Dolganera hizkuntza Yakutera hizkuntzaren aldaera bat dena eta substratu Tungusterra duena.
Soviet Batasunaren garaian bertako zenbait hizkuntzari alfabetoa eman zitzaien eta neurri batean hezkuntzan eta hedabideetan presentzia ziurtatuta izan zuten. Dena den, hizkuntza txiki batzuek ( Yukaghirera eta Yeniseiar familietako Ketera hizkuntza esaterako), ez zuten inolako laguntzarik jaso. Hizkuntza indartsuenek, hiztun kopuru handia dutenek (hegoaldeko hizkuntza Turkiarrak, Mongoliar periferikoek eta Yakuerak) iraun dute eta horietako batzuk galanki suspertu dira, Tuvera hizkuntza esate baterako.
Hainbat hizkuntza txiki XIX . mendearen bukaeran eta XX. Mende hasieran galdu ziren: Mator, hizkuntza Uraldarra, Yeniseiar familiako Kott hizkuntza, Kamassera Uraldarrena.
Sobiet Batasunak errusiera erabiltzeko politika bultzatu zuen. Umeak barnetegietan eskolaratzen ziren eta horrek eragin zuzena izan zuen jatorrizko hizkuntzen galeran, umeak ezgai bilakatu baitziren euren mintzaeraz bizi ahal izateko.
Sobiet Batasunaren ondoko garaian bestelako laguntzak etorri dira. Orokorrean hizkuntzen egoerak hobera egin duela esan dezakegu baina dena dela ezin dugu ahaztu merkatu ekonomiak, globalizazioak, Siberiako baliabide naturalak ustiatzeko joerek kalte egin diezaieketela hizkuntza txikiei eta baliteke datozen hamarkadetan Siberiako hizkuntza galera jarraitzea.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude