Karrika 101. 2006ko uztaila

Udaran maita nazazu gutxiago…

Kontsumorako gizarteak espazio eta denbora guztiak era homogeneoan moldatzera jotzen ditu eta, bere modura ere, urteroko zikloak erritualizatzen ditu. Garai honetan, aspertu arte entzuten eta irakurtzen dugu, uda gozatzeko sasoia dela- beraz,urtean zehar zer egingo dugu?-, atsedena hartzeko momentua dela- bitartean, ez al dugu horretarako zilegitasunik?-, edo eta “deskonektatzeko” garaia dela- harrien pareko garun aktibitatea eduki arte?- eta horrelakoak.
Udan ere, jakina, dibertitzen saiatuko gara, zorionez lanak egingo ditugu eta, lasaiago agian, hausnartzeko denbora hartuko dugu. Euskalgintzaz, adibidez.
Gure artean jasaten ditugun miseriak eta arazoak kanpoko eragileei leporatzeko joera dugu. Tentaldiak bere oinarri historiko ukaezinak ditu. Atzo goizekoak dira errepresio eta mesprezu publiko eta pribatuak. Luze, sakon eta bortitzak izan dira euskaldunok gure gain eduki ditugun mugak. Hiztun komunitatean oso barneratuak ditugu sentipen mingarriak, hizkuntzarekiko estima urria, gaurkotasun faltaren zauria, eremu fisikoaren txikitasuna, funtzionaltasun urria…
Azken urteetan lan izugarria egin da haur eta gazteengan ezagutza zabaltzeko eta guztiengan erabilera handitzeko, baina egoerak ez gaitu asetzen. Gaur, inoiz baino garbiago agian, gu gara gertatzen denaren erantzule. Kanpora begira jarri eta horri edo hari ardurak zintzilikatzea kontzientzia lasaigarri edo ideia berrien faltaren adierazle izan daiteke, baina aurrera egiteko ez du balio.
Iruñean euskal musika saioetara, zergatik biltzen da hain entzule gutxi? Euskarazko antzerkietara, heldu edo gazteentzat berdin, leihatilatik pasatzen den publiko kopurua, zergatik da murritza? Jatorriz euskaraz idatziak diren liburuak, edo euskarara itzulirik direnak, zenbat saldu eta irakurtzen dira? Eta euskarazko aldizkari edo komikiek, zer dela eta dute salmenta makala? Eroso eta egoki erosteko aukera edukita, zertan laguntzen ditugu merkatari euskaldunak? Belaunaldi gazteetako pertsona askok euskarazko heziketa eduki dute , zer egiten dute eguneroko bizitzan euskaraz? Behar profesionaletarako ikasi eta euskarazko titulazioak lortu dituzten beste askok, nola jokatzen dute lanetik kanpo? Euskalgintzako proiektu txiki eta interesgarri zenbaiti, babesa emateko gauza izaten al gara?
Hizkuntza, edozein, tresnen kutxa bezalakoa da. Erabilgarria, praktikoa delako du zentzua. Bestela museoetako apaletan gordetzeko arrasto zaharra, miragarria, ederra da, besterik gabe. Udaran ere gure eguneroko bizitzan egiten ditugunak hausnartzeko eta euskararen erabilpenaren aldera jotzeko denbora izan daiteke. Gure buruarekin konpromiso txikiak hartzeko garaia. Lagunekin ohitura berriak sortzeko tartea.
Aspaldikoa da esaldi ospetsua: maita nazazu gutxiago eta erabil nazazu gehiago.



ZENBAT BURU… Sergio Barandiaran

Sakabanatutako euskaldunak elkartu eta euskararen erabilera sustatzeko toki bat zabaldu asmoz sortu zen duela 25 urte Zaldiko Maldiko elkartea. Ibilbide oparo horretan eginiko lanari esker, erreferentzia bilakatu da Iruñerrian eta berriki Euskalerria irratiak banatzen duen Larreko saria jaso du horregatik. Sergio Barandiaran elkarteko kidearekin horretaz guztiaz hitz egiteko aukera izan dugu eta, bidez batez, gainean ditugun sanferminetan Ansoleaga karrikako egoitzatik pasatzeko gonbitea egin digu.

Zaldiko Maldiko elkarteak 25 urte bete ditu. Zer moduzko ibilbidea izan da? Balantzea egiteko tenorea heldu al zaizue?
Beno, bai. Uste dut une egokia dela. Nire ustez, gorabeherak izan diren arren, balantzea oso ona egin dezakegula iruditzen zait. Urte hauetan guztietan Zaldiko Maldiko hortxe mantendu da lanean , jende asko pasatu da eta oraindik ere jo eta ke tinko jarraitzen dugu.
Gure bazkideei esker, elkarteak bideratzen dituen ekimenak aurrera ateratzeko sostengu ekonomikoa bermatuta izan dugu hasieratik eta, bestalde, bideratu ditugun ekitaldietan ere parte hartzea oparoa izan da haien laguntzaz.

Zer xederekin sortu zen elkartea garai hartan?
Ni hasierako garaietan ibili ez banintzen ere, uste dut orokorrean egungo asmoak edo helburuak berdinak direla; garai horietan euskal txoko baten beharra ikusi zuten elkartearen sortzaileek, euskaraz bizi ahal izateko aukera emanen ziena, euskaldunentzat egina eta kultur ekitaldiak egiteko parada eskainiko ziena. Orain ere helburu berberak dira. Egun gizartea dexente aldatu baldin bada ere, hutsune handiak daude oraindik ere eta lan asko egin behar da.

Urte hauetan guztietan Zaldiko Maldiko Iruñerriko euskaldunentzat erreferentzia bilakatu dela esan dezakegu, ezta?
25 urte hauetan pentsatzen dut hainbat euskaldunentzat erreferentzia bilakatu izan garela, baina zorionez ez gara bakarrak, gure ondotik hainbat elkarte sortu delako bai Iruñerrian baita inguruko herrietan ere bai. Guk gure ereduarekin jarraitzen dugu, alde zaharrean kokatuta eta horri eusten diogu oraindik ere. Kultur programazioari hasieratik eman diozue garrantzi handia eta egun ere horrelaxe egiten duzue.
Sorreratik garbi ikusi zen ekitaldi kulturalak egin behar zirela eta gaur egun martxa horretan jarraitzen dugu, hilero edo hamabostean behin ekitaldiren bat antolatuz. Horixe izan da Zaldiko Maldikoren apostu bereziena. Esan bezala, gizartea aldatu egin da eta baliteke formulazio berriak planteatzen joatea hemendik aitzina, baina hori ikusi beharreko zerbait izanen da. Momentuz gure ohiko ekitaldiekin jarraitzeko asmoa dugu; hitzaldiak, kantaldiak, aurkezpenak, proiekzioak, ikastaroak, txistor-jana Santo Tomas egunean, Santa Ageda eguneko ospakizunak, Zaldikok banatzen dituen sarien (Urrezko Lamien Orrazia eta Asto Masto) hautaketa afariak, mus txapelketak, Irakurtzen Libertitzen gara ekimena e.a.

Berriki Euskalerria irratiak emandako Larreko saria jaso duzue. Zer moduz?
Egia esan oso pozik gaude. Saria egun lan taldean ari garenok hartu dugu, baina garbi dago 25 urte hauetan jende mordo bat aritu dela bertan eta horientzat guztientzat ere badela. Oso gustura egon ginen Euskalerria irratiak antolatutako afarian eta ilusio handia egin zigun.

Afarian bertan elkartearen presidenteak gutxienez beste 25 urte gehiago betetzeko asmoa duzuela esan zuen. Zeintzuk dira etorkizunera begira planteatzen dituzuen erronkak?
Gaur egun arte mantendu diren ekitaldi kultural horiekin jarraitzea gustatuko litzaiguke eta, bestalde, nire ustez interesgarria litzateke garai berrietara moldatzen jakitea. Horretarako azken urteotan Iruñerrian sortu diren beste elkarte eta talde horiekin elkarlana bultzatzeari ezinbestekoa deritzot, guztion artean indar handiagorekin aurrera jarraitzeko.
Sanferminak gainean ditugu eta berriro ere Zaldiko Maldikok bere ateak zabalduko ditu festetan ere euskaraz bizitzeko aukera eskainiz.
Azkeneko zortzi urte hauetan egin izan dugun moduan, Arturo Campion euskaltegiarekin dugun akordioari esker, eurek arituko dira bertan lanean Iruñerritik zein kanpotik etortzen diren lagun guztiei egunero euskal giroko harrera egiten. Bestalde, urtero Zaldiko Maldikok eta Karrikirik antolatzen dituzten bi bazkariak eginen dira. Beraz, badakizue, hurbildu Ansoleaga karrikako gure egoitzara ateak zabalik izanen direlako.


HERRIEN ELEAK.
Boskimanoak

Boskimanoak ez dira herri edo etnia bat. 20 talde etnikok osatzen dute giza talde hau. Tribu edo talde hauek ez dute izen komunik; boskimano, san, basarwa eta beste izen batzuekin deitzen zaie baina ez dira haiek aukeratutako izenak. Izen hauek guztiak arrazistak eta zentzu txarrekoak dira. Dena den, mendebaldeko kulturan erabat onartua dago boskimano izena eta, beraz, guk ere izen hori erabiliko dugu tribu multzo honetaz hitz egiten dugunean.
Boskimanoak Afrikako biztanle zaharrenetarikoak dira. 20.000 urte baino gehiago daramatzate Hego Afrikan bizitzen. Duela 1.500 urte bantu tribuak sartu ziren haien lurraldeetan eta horrela hasi ziren boskimanoen bazterketa eta arazoak. Azken 200 urtetan, zuriak ailegatu zirenetik, haien arazoak areagotu ziren. Ikaragarrizko genozidioa jasan zuten eta milioika batzuk izatetik 100.000 lagun izatera pasatu ziren.
Gaur egun Botswanan, Namibian eta Hego Afrikan (honetan gutxi batzuk bakarrik) bizi dira baina boskimanoak toki batekoak izatekotan, Kalahari basamortukoak dira.

Betidanik han aurkitu dituzte ehiza, fruituak, tuberkuluak, landare-sustraiak eta bizitzeko guztia. Herri transhumante honek erakutsi du gai izan dela ura, janaria eta bizimodu duina basamortutik ateratzeko, inor baino hobeki egokitu direla natura-baldintzetara. Duela gutxi Kalaharin harri bitxiak (diamanteak) aurkitu dituzte eta horrek arazo berriak ekarri dizkie, Bostwanako gobernuak aberastasun hori bereganatu eta ustiatu nahi du eta, diru iturri bihurtzeko. Gana (g//ana) eta gwi (g/wi) tribuak jasaten ari dira jazarpen eta arazo handienak: leku aldaketa behartuak, atxiloketak, torturak, ur putzuen suntsiketa….
Boskimanoek hizkuntza desberdinak dituzte, denak Khoisan familiakoak. Haien izenak eta hitzak oso zailak dira transkribatzeko, fonemak eta kraskak tartekatzen dituztelako. Idaztean ¡ º / eta horrelako ikurrak erabiltzen dituzte baina, hala ere, ez da erraza ongi transkribatzea.

Afrikako hizkuntza autoktono gehienek, bai eta Khoisan multzokoek ere, bi presio mota dituzte. Batetik, Afrikako hizkuntza handienena (swahili, kikuyera, wolofera, yonbera eta tswanera, azken hau Bostwanako hizkuntza ofiziala). Bestetik, hizkuntza europarren presioa. Kolonialismoa ez baita bakarrik ekonomikoa izan. Bostwanako bigarren hizkuntza ofiziala ingelesa da eta gainerako hizkuntzek ez dute inolako legezko bermerik. Hego Afrikan boskimanoek euren eskubideak bermatuak dituzte baina salbuespena baino ez da.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude