Karrika 100. 2006ko ekaina

Euskaldun ameslariak

Karrikiri euskaldun ameslari batzuen elkartea da. Sortu zenean, orain bederatzi urte, Iruñean bizi ziren hainbat euskaltzalek bat egin zuten euskaraz bizi nahi zutelako. Gurean euskaldunen komunitatea txikia zen kopuruz, geografikoki sakabanatua, elkarren artean ezezaguna eta eremu publikoan islarik ez zuena .
Egoera horrelakoa izanik, amets egin zuten erosketak euskaraz egingo zituztela, pisukide euskaldunekin partekatuko zutela egunerokoa, taberna eta jatetxeetan lagun eta langile euskaldunekin arituko zirela, euskara ikasten ari direnentzat tutoreen sarea osatuko zela, soziolinguistikaz ikasteko aukera berezia irekiko zela, lana euskaraz egiteko poltsa berezia martxan jarriko zela, behar zuten dentista edo arkitektoarekin euskaraz solastuko zirela edo kalea alai eta kantari beteko zutela beste euskaldun askoren laguntzarekin. Amestu zuten Iruñean euskaldun izatea ez zela amets hutsa, benetan gozatzeko ametsa baizik.
Handik hona Karrikiriko ameslarien lana ez da txikia izan. Jarduera eta ekimen ugari bultzatu dituzte, batzuetan beraien kemen hutsarekin; askotan Iruñerriko beste zenbait ameslari bidelagun eduki dituzte. Bakarrik edo konpainiarekin aritu denean, Karrikirik protagonismoa saihestu du euskaldunen zerbitzurako jaio zela gogoratuz, garbi eduki du joera positiboz bultzatu behar duela euskalgintza eta bere independentzia- baita ekonomikoa ere- ezinbestekoa duela morrontzarik gabe aske aritzeko. Lanaren tamaina handia izan da bertan aritu diren ameslarien kopuruari erreparatuz. Nekez sor daiteke gehiago kontuan hartuz izandako bi baldintza nagusien jokaera: euskaldunen inplikazioa eta administrazioen jarrera.
Karrikiriren ameslariek, beste zulo askotako ameslariek egin duten moduan, posible egin dute euskaldunentzat normalak egiten zaizkigun errutina txiki asko. Zerrendatzen hasita…. makina bat aterako zaizkigu. Ametsak lan tresnen kutxa bezalakoa behar du izan: dagoena hobetzean hartzen du bere zentzua. Karrikiriren ametsak Iruñean diren euskaldunen bizitza hobetzen duelako balio du. Datozen urteetarako amets berriak behar ditugu hobetzen jarraitzeko eta zuek ere gurekin ameslari.


ZENBAT BURU… Silvia Alonso

Karrika aldizkaria bere 100. alea argitaratzen ari den honetan, Silbia Alonso, Karrikiri taldean aritutako lehenengo idazkariari elkarrizketatxoa egitea otu zaigu taldea nola sortu zen eta urte hauetan guztietan izan duen ibilbideaz solasteko.

Karrikiri elkartea sortu bezain laster taldean sartu zinen. Zer dela eta? Zer moduzko esperientzia izan zen?

Karrikiri elkartea sortu baino lehen beste euskara elkarte batean aritu nintzen lanean, baita Antsoaingo euskara patronatuan ere. Dena den, ene ustez Karrikirin sartzea erabaki nuenean, martxan jartzen ari zen lan egiteko modu edo dinamika berri horrek erakarri ninduen gehien. Ordurarte hainbat taldetan jorratutako lan molde bat amaitu eta beste bati hasiera ematen ari zitzaiola iruditu zitzaidan; “filosofia freskoagoa”, emankorragoa, dibertigarriagoa, eraginkorragoa … ordura arte nik egindako lanarekin alderatuta, askoz interesgarriagoa zela pentsatu nuen. Hori guztia kontuan hartuta, nire esperientzia ezin hobea izan zela bistan da.

Zeu izan zinen Karrikiriko lehenengo idazkaria? Nolakoak izan ziren hasierako urte haiek?

Taldea sortu zenetik, garbi izan genuen gure diru-iturri propioak izatea oso inportantea zela eta Iruñean lokal bat izatea ezinbestekoa zela. Argi zegoen ere lokala erdigunean erosi egin behar genuela eta bertan bulegoa kokatu Iruñerriko euskaldunei bertatik bertara hainbat zerbitzu eman ahal izateko. Toki bat bilatzen hasi ginen eta Xabier karrikako egoitza ikusi bezain pronto, ikaragarri gustatu zitzaigun. Kalera begira ez bazegoen ere, abantaila asko ikusi genizkion eta erabakia berehala hartu genuen. Handik gutxira, hainbat jenderen laguntza eskuzabalari esker bulegoa erosteko aukera izan genuen (eskerrik asko bihotzez guztiei!!!). Lokalak behar zituen konponketak denon artean egin genituen, auzolanean, eta dena txukun eta prest utzi bezain laster, 1997ko otsailaren 14an, inagurazio festa egin genuen. Ni aritu nintzen idazkari lanetan eta esperientzia polita izan zela esan dezaket.
Taldea sortu zenerako hainbat bilera egin ziren Karrikiri nolakoa izanen zen zehazteko eta 1997tik aitzina pentsatutako proiektuak bideratzen hasi ginen. Ilusio handia bizi izan genuen eta gehientsuenak, ni kenduta, beste lan batzuetan ari baldin baziren ere, ordu dexente ematen genituen esku artean genituen egitasmo guztiak aurrera ateratzeko. Piskanaka jende berria hurbiltzen hasi zen eta lan dinamika berriari heldu genion euskaraz bizitzeko nahi horri heldu nahian.

Urteek aurrera egin ahala, hainbat gauza aldatu, jende berria hurbildu eta egitasmo berriak sortu dira. Badirudi Karrikiri ezagun egin dela Iruñerriko jendartean.
Bai, egia esan aldaketa mordoa izan dira orduz geroztik. Garai hartan jende gutxi hurbiltzen zen guregana eta gaur egun, aldiz, lagun andana hurreratzen zaigu. Nire lanari dagokionez, esaterako, ni dena “a redondilla” (eskuz) egiten nuen eta egun Ainhoari eskuz idaztea ahaztu egin zaio kasik. Garai haietan jada 100. zenbakia duen Karrika aldizkari honen 350 ale banatzen genituen Iruñerriko etxeetara eta orain milaka ale argitaratzen ditugu. Gogoan dut, bestalde, urte haietan hurbiltzen zen jende gehienak batez ere bi gauza eskatzen zituela; erregistroan abizenak eta izenak euskaraz jartzeko nola egin behar zuen eta Karrika aldizkaria jasotzeko zer egin behar zuen. Une honetan pisukide zerbitzua, establezimendu euskaldunen sarea, lan poltsa, autokideak, itzulpengintza, Karrika gurea da eta beste hainbat egitasmo bideratzen ditugu. Hainbat oztopo aurkitu ditugu, baina gure bidea egiten jarraitu dugu. Badirudi azken urteotan “ospe” handiagoa edo ezagunagoak garela eta gure zerbitzuak ere eraginkorragoak direla. Badakigu oraindik ere hainbat lan dugula egiteke, baina aurrera goaz.

Hasieratik harpidedunek eta hurbileko hainbat jendek emandako babesa eta sostengua ezinbestekoa izan da aurrera atera ditugun proiektuak bideratzeko, ezta?
Bai, egia esan, pertsona horien guztien laguntza azpimarratzekoa da zinez. Izan ere, haiei esker bideratzen ahal izan baitira dagoeneko martxan ditugun ekimenak edo buruan bueltaka ditugunak. Sinestu izan dute Karrikirirengan eta hortxe egon dira gure alboan hasieratik. Beste batzuk bide erdian batu zaizkigu eta aurrerantzean gehiago hurbiltzea ere gustatuko litzaiguke. Ez bakarrik diru ekarpen eskerga hori eskaintzeko, baizik eta egunerokotasunean gurekin lanean aritzeko, proiektu berriak bideratzeko, guztion artean euskaraz bizitzeko dugun gogo hori egunero gauzatzen joateko. Horretarako gure bulegora hurbiltzea besterik ez dute egin behar, Xabier karrikako 4.enera, Karrikiriko dendara. Egun idazkari lanetan dabilen Ainhoa Karrikirikideak bideratzen ditugun proiektuez hitz egin eta nola parte hartu azalduko die. Ez izan lotsarik eta hurbildu!!


HERRIEN ELEAK.
Romá herria

“Hurbilean ditugun ezezagunak”
Egiptoarrak, kinkariak, kauterak, buhameak… izen horiek jarri zaizkie ijitoei. Gure gizarte barruan aspalditik bizi den talde etnikoa, gure auzokideak dira baina, zer dakigu haien kulturaz, hizkuntzaz, historiaz eta arazoez, topikoz haratago? Ezer ez.
Mendeetan pentsatu eta onartu da Egiptotik etorriak zirela, euren izena hortik dator, Egipto denboraren poderioz ijito bilakatu zen. Hala ere, jatorria bestelakoa da: azken azterketa linguistikoek argitu dute Indiatik emigratutako talde etnikoa dela, Indukus edo Ganges ibaien ertzetako Punjad ingurutik hain zuzen ere. Duela mila urte inguru Indiatik abiatu ziren, ez dago batere argi zerk bultzatu zituen emigratzera, jazarpen erlijioso-politikoak, pobreziak, goseak? Ez dago jakiterik, baina Asian eta Europan barreiatu ziren, penintsula eta Erresuma Batutik salto egin zuten Ameriketara eta gaur egun kontinente horretan aurki ditzakegu.
Penintsulara XV. mendearen hasieran ailegatu ziren, garai hartako agintariek erromestzat hartu zituzten eta, hortaz, baimena eman zieten euren erreinuetan barna ibiltzeko. Mende erdi baino gutxiago iraun zuen egoera baketsu hark. Euskal Herriko, Gaztelako eta Aragoiko jauntxoak ohartu baitziren euren kontroletik kanpo bizi zirela, ez zutela zergarik ordaintzen, beren legeak bete ditzaten modurik ez zegoela.
Hereje katolikoek zabaldutako erlijio, kultura eta hizkuntzarekin homogeneizatzeak ondorio latzak izan zituen, baina ekintza bortitzena Fernando VI.aren eskuetatik jasan zuten. 9.000 eta 1.200 pertsona artean atxilotu zituzten, ijito izate hutsagatik. Karlos III.ak malgutu zuen egoera haien herritasuna onartuz. Hortik aurrera agintarien joera asimilazioaren aldekoa izan da, ijitoren kultura eta hizkuntza kontuan hartu gabe.
1971n Roman Herriaren Nazioarteko Biltzarra izan zen Londresen. Han Roma mugaz gaindiko herri gisa eratu eta autodeterminazio libreko eskubidea aldarrikatu zen. Bilkura hark haize berria eman zion roma herriari, arazoek diraute baina ijitoen elkarteen lanaren ondorioz aurrerapausoak egin dira osasun, hezkuntzan, lan eta beste hainbat alorretan.
Erromantxera romá herriaren hizkuntza eta talde nortasunaren funtseko elementua da. Hizkuntza indoeuropar horrek sanskritoa du jatorri. Erromantxeraren egoera oso kezkagarria da, Espainiako estatuan galdutzat jo dezakegu. Kalo hizkuntza gaztelaniarekin harremanetan izan diren ijitoen hizkuntza da, romanoren dialektoa, baina gaztelaniaren eraginaz aspalditik pagodizazio prozesuan sartuta dago, beraz esan daiteke pagodailektoa dela, alegia, jatorria erromantxeran duen hitz eta esamolde multzoa.
Erromantxera hizkuntz agrafoa izan zen 1990 arte, ijitoen alfabetoa eta erromantxera estandarra onartu ziren arte. Gaur egun 12 eta 15 milioi arteko hiztun daude munduan, Nafarroan Gaz Kalok izeneko kultur elkarteak bere gain hartu du ardura romano-kalo hizkuntza berreskuratzeko.
Euskal Herrian ijitoen presentzia aspaldikoa da, hori dela kausa, hemen erromintxela dialektoa sortu zen, euskara eta erromantxeraren arteko dialektoa.
Hona hemen adibide batzuk:

Romanó
Pani
Balicho
Piav
Kurrar
Pinro
Najar
Mol
Matipen
Nasalo
Trin
Dzukel
Tern
Euskara
ur
txerri
edan
lan egin
oin
joan
ardo
mozkorraldi
gaixo
hiru
zakur
gazte
Erromintxela
paninekoa
balitxua
piatu
kurratu
pindrua
najel egin
mola
matitu
nazaró
trin
xukel
ternu

Brakitzua bizirik dao, nadaré eta tasautu // Arkumea bizirik dago, joan eta hil ezazu
Zuk zingo piatzen duzu, ez zingo piatu // Zuk agudo edaten duzu, edan mantsoago

“Ijitook erromantxera dugu helduleku. Ez dugu lurralderik, ez dugu erlijiorik, ez dugu fenotiporik. Hizkuntza dugu zinez batera gaitzakeen gauza bakarra”.
Nicolás Jiménez, Romano hizkuntzan aditua


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude