Irati Ornat (Euskaraldiko dinamizatzailea Iruñerrian)

Euskaraldiaren 2. edizioa 15 eguneko ariketa izango da aurten, baina halako tamainako ekimen kolektibo batek aurretik lan itzela dauka, dena ongi ateratzeko sukalde lan handia egin behar da. Zeregin horietan dabil Irati Ornat, Iruñerriko herri eta auzoetan, harekin mintzatu gara eta hemen bildu ditugu esandakoak.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Nire bizitzari errepaso bat ematen badiot, euskararen presentzia edozein unetan topatu dezaket, beti egon da moduren batean zein bestean. Txikitatik hasita, ikasketa prozesu osoan zehar jarraituta, baita lan munduan ere euskara nirekin egon da. Orain arte izandako lan esperientziak euskaraz eta euskararako izan dira; haur txikiekin hezitzaile moduan ibili naiz gehien bat eta bertan euskaraz ongi pasatzea zen helburu nagusiena, hortaz euskara bera zen ardatz. Ausartuko nintzateke esatera nire bizitzaren historia soilik euskararekin batera ulertu daitekeela.


Nola bizi izan zenuen 2018ko Euskaraldia?

2018ko euskaraldia beste herritar askok bezala bizi izan nuela esango nuke; poztasunez eta batez ere kuriositatez. Ordura arte egindako ariketa bereziena zela sentitzen nuen. Euskal Herri osoan zehar une horretan ni bezalako milaka herritar ni egiten ari nintzen ariketa bera egiten… izugarria zen ideia! Primeran oroitzen dut ariketa abiatu zen lehenengo eguna, berezia bezain polita zen ikustea herrian hainbeste lagunek Ahobizi eta Belarriprest txapa jantzita zeramatela ikustea.

Gainontzeko egunetan, egoera politak izan nituen modu berean farregarria bilakatu zen ikustea nola egun batean bati ahazten zitzaion txapa eta bestean besteari, ala nola neguko garai horietan beroki, jertse eta txaketa azpian geratzen zitzaigun txapa. Hala ere, lagunartean euskaraldiak euskaraz eta euskarari buruz hitz egiteko aukera zabaldu zigun eta konturatu ginen txapa baino txipa zela gakoa. Txapa jantzi bai, baina buruko txipa aldatu ere bai.

Eta oraingoa, nola ari zara bizitzen?

Oraingoa ezberdina izaten ari da, ilusioz bizitako ariketa horrek nolako sukaldeko lana dakarren ikusteko aukera izaten ari naizelako. Oso polita izaten ari da ikustea nola Iruñerriko herri zein auzoetan herri batzordeak jaiotzen ari diren eta martxa hartzen ari diren, horiek baitira herritarrengana heltzen direnak eta herri bakoitzean ariketa zabal honen xarma isladatzen dutenak. Ziur nago aurtengo edizioa ezberdin biziko dudala atzean dagoen lana inoiz baino hobeki eskertzeko aukera izango dudalako.

Zeintzuk dira aurtengo edizioaren elementu garrantzitsuenak?

Aurtengo edizioan, aurrekoan bezala, elementurik garrantzitsuenak Ahobizi eta Belarriprestak izango dira. Ahobiziak euskara ulertzen duten horiei euskaraz hitz egingo dietenak dira eta ezezagunei lehenengo hitza gutxienez euskaraz egingo dietenak, Belarriprestak ordea, euskara ulertzen duten horiei haiekin euskaraz egiteko gonbitea luzatuko dietenak eta ahal dutenean euskarari helduko dietenak izango dira. Bigarren edizio honetan hirugarren elementu berri bat agertuko zaigu garrantzitsua izango dena, Ariguneak ,alegia. Edozein motatako entitatek (erakunde publikoak, enpresak, kooperatibak, kultur zein kirol taldeak…) eremu antolatuak diren heinean, Euskaraldian parte hartzeko aukera izango dute, Ariguneak identifikatu beharko dituzte ondoren izena eman eta ariketan parte hartzeko.

Eman dezagun Karrika irakurleak aurtengo Euskaraldian parte hartu nahi duela, zer egin dezake?


Euskaraldian parte hartzeko modu ezberdinak daude. Bi baldintza bete beharko dira, 16 urte baino gehiago izatea eta behintzat euskara ulertzea. Ondoren, hartu dezaketen konpromisoa baloratu ostean Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratu beharko lukete eta azkenik, Euskaraldia webgunean izena eman beharko lukete irailetik aurrera. Horretaz gain, entitate baten parte izanez gero, entitatean Euskaraldiaren inguruko informazioa zabaldu dezakete eta bertan Ariguneak identifikatzeko ariketa egin ostean, euskaraldia.eus webgunean izena eman. Azkenik, Euskaraldiaren lanketan parte hartu nahi izanez gero, herri eta auzoetako batzordeekin kontaktuan jartzeko
aukera izango lukete.

Amaitzeko, gustuko duzun musika edo libururik gomendatu nahi?


Itxialdian zehar irakurtzeko tartea izan dugu hortaz, berrogeialdian zehar irakurritako “Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara” liburua gomendatuko nuke. Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek bertan euskara eta feminismoaren lotura paregabea egiten dute.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude