Iñaki Sagardoi Leuza. Suberviola nobela grafikoaren bultzatzailea.

Argazkia4

Morentin herriko Gregorio Suberviolaren bizitza kontatuko duen nobela grafiko bat egin nahi dute Mikel Irurek, Aitor Razkinek eta Iñaki Sagardoik. Proiektua finantzatzeko aitzin-solas moduan liburuki bat atera dute eta Karrikiri dendan duzue eskuragai. Bultzadatxo bat eman nahian, Iñakirekin bildu ginen, eta elkarrizketa atsegin eta sakon baten ostean, bertan esandako pasarte batzuk ekarri ditugu lerro hauetara.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Pentsatzen dut Iruñerriko euskaldun askoren antzerako historia dela. Guraso erdaldunak ditut, aita Larragakoa eta ama Otsagabiakoa, eta euskara eskolan ikasi dut, D ereduan. Ezkaban hasi nintzen, Axularren lekurik ez zegoelako eta ondoren, Eunaten jarraitu nituen ikasketak. Beranduago Antropologia ikasi nuen, baina hori baino lehenago Nafarroako Unibertsitate Publikoan Magisteritza euskaraz egin nuen. Euskararen gaia lagunartean nortasun bikoitzarekin bizi dut. Koadrilan nahiz eta euskaraz jakin, ez dugu ia egiten, batenbatekin egiten dut, baina bakarka, taldean ez. Baina bestetik, dantza taldean mugitzen garenon artean euskaraz aritzen naiz. Beste arlo askotan bezala, euskaraz aritzea hautu bat da, hautu politikoa esango nuke.

Suberviola nobela grafikoaren aitzin solasa aurkeztu duzue

Bai. Suberviola Morentin, Lizarraldeko herri txiki batean jaiotako anarkista bat zen. 1896 urtean jaio zen eta 1924 hil zuten Bartzelonan. 28 urterekin. Oso gazte, beraz. Bizi bitartean pelikula bat egiteko moduko bizitza izan zuen.

Honen guztiaren berri “Navarra. Conflictividad social a comienzos del siglo XX y noticia del anarcosindicalista Gregorio Suberviola Baigorri (1896-1924)” liburua irakurtzen izan nuen. Angel Garcia-Sanz Marcoteguik idatzia, Pamielak 1984an argitaratu zuen. Biografia batzuk irakurtzen dituzunean, pentsatzen duzu “Oso interesgarria, asko ikasi dut” eta listo. Baina beste batzuk irakurrita buruak berehala “honek pelikula bat merezi du” ateratzen zaizu. Hortik sortu zen harrikada.  Labur esanda, eta nobelaren spoilerra egin gabe,  esan dezaket garai hartako anarkista mitikoekin ibili zela “Los solidarios” taldean, besteak beste, Durruti eta Ascasorekin, Donostian Kursaalaren eraikuntzan egin zuen lan, eta Alfontso XIII. erailtzeko tunel bat egiten aritu zen, bankuak atrakatu zituen, armak biltzen ibili zen eta Bartzelonako pistoleroei bera hiltzeko agindua eman zieten.

Harrikada honetan ez zaude bakarrik, bidelagunak ere badituzu. Nola sortu zen hau dena?

Proiektu onenak sortzen diren moduan, ordu txikitan taberna zulo ilun batean, kar, kar. Bidelagunak Mikel Irure eta Aitor Razkin dira. Aspalditik genbiltzan zerbait egin nahian, ideia asko ditugu. Baina oso eferbeszenteak gara. Ideiak etorri bezala joaten zaizkigu. Eta proiektu honekin aurrera egitea erabaki genuen. Gure buruari konpromiso eta lan jakin bat jarri nahi genion. Suberviolaren bizitza komikira eramatea bideragarri ikusi genuen. Mikelek diseinua ikasi du eta Aitorrek Arte Ederrak eta hiruron artean lan txukun bat egin dezakegu.

Aitzin-solasa, zergatik?

Gu lanean hasteko aitzakia bat da, batez ere. Nobelaren pasarte batzuk argitaratu eta salgai jarri ditugu. Lan osoa egin aurretik, elementuak eta gu geu martxan jartzeko modu bat da. Bestetik, aurrera eramateko finantziazioa lortzeko modua ere bada. Gaur egungo crowfunding bat, edo betiko txapel-pasa bat da, familia eta lagunek lagunduko zigutela bagenekien, baina trukean zerbait eman nahi genien. Horregatik, aitzin-solasa propaganda pixka bat egiteko eta proiektua bultzatzeko atera dugu. Liburukia Katakrak eta Karrikirin dago eskuragai, 6 euroan, eta gainera edizio mugatuko litografia serie bat egin dugu, litografia gehi liburukia 15 euroan eskuratu daiteke Karrikirin.

Liburukia izateak, zerbait izateak, proiektuaren berri ematen laguntzen digu. Ateak jotzerakoan eta laguntza eskatzerakoan badugu zer eskaini eta badugu nondik hasi. Aukerak eta konplizeak lortzeko balio digu ere.

Morentin herriko anarkista baten nobela grafikoa argitaratzea ez da kasualitatea.

Ez, inondik ere. Apropos pentsatua dago. Nolabait esateko badu bere helburu politikoa. Eta nahi bada, didaktikoa ere. Mendebalderantz gehiegi begiratu dugula iruditzen zait. Iruñean euskaraz aritzeaz aipatu dugun bezala, familian ere nortasun bikoitz hori bizi izan dut. D ereduan ikasi, baina gero Larragara joan eta beste mundu bat zen…. Aitonaren familia erdia fusilatu zuten, adibidez. Hori ere gure historia da, ezagutu behar dugu eta ezagutarazi behar dugu.

Asko dugu ezagutzeko. Begira, duela gutxi jakin dut Errepublika garaian Miguel Yoldi anarkistak Iruñean liburu-denda bat zuela, liburu-denda anarkista bat. Non eta Xabier karrikaren 7an, Karrikiri dendaren parean! Pentsa zenbat jenderen abenturak ditugun oraindik ezagutzeko.

Eta ez modu nostalgiko batean bakarrik. Ideia asko errekuperatu nahi ditugu. Jende horren ideiak oso aurreratuak ziren. Pentsa, Suberviola hau garai hartan barazkijalea zen, naturista.  Horregatik, jende honek proposatzen zituen ideiak mahai gainean jarri nahi ditugu.

Nobela grafikoa egitea hain zuzen, gazteengana errazago iristeko modu bat izan daiteke. Guri institutuan erakutsi ziguten historian adibidez, Primo de Riveraren diktadura goiz batean ematen da. Edo gerra zibila ematen du Errepublikaren gora behera batzuengatik eman zela bakarrik. Baina lehenagotik ere, anarkistak mugimenduan zeuden aspalditik, Bartzelonan ehunka hil zituzten, iraultza egiteko prest zeuden. Hori dena gertatu zen, eta hori dena modu atsegin batean kontatu nahi izan dugu, horregatik nobela grafikoaren hautua.

Bilkuia zigilua sortu duzue, buruan beste proiekturik baduzue?

Bai, ideia pila dugu. Hori dena aurrera eramateko Bilkuia eratu dugu. Zigilu bezala, argitaletxe moduko bat izan daiteke, gure ideiek forma hartuko duten kutxa bat. Ildo politiko honetatik jarraitzeko asmoa dugu, eta beste gai batzuk jorratzeko intentzioa ere badugu. Hirigintzaren gaia adibidez, Mikelek asko daki horretaz. Dena den, lehenengo pausua Suberviolaren proiektua datorren urtean argitaratzea izango da. Inork gurekin harremanetan jarri nahi badu, bilkuiaposta@gmail.com helbidera email bat bidal diezaguke.

Musika edota literatura gomendiorik

Musikaren gaian, Willis Drummond taldea aipatuko dut. Agian, momentu honetan Euskal Herri mailan talderik onena izan daiteke. Behar bada. Nik oso gustuko dut.

Bestetik eta gure gaiarekin lotuz, Euskal Herrian egin den nobela grafikorik onena gomendatuko dut: Gartxot. Ezinbesteko eta oso ona iruditzen zait. Ongi egina eta inguruan eragiten duena. Gure historiaren A aldea bezala aipatuko nuke. Baina B aldea behar dugula ere iruditzen zait, eta hor kokatzen dugu Suberviolarena, Suberviola gehiago behar ditugu. Azpititulua ere pentsatua dugu: “Mundua dugu eraikitzeko”. Beraz, gora Gartxot, biba Xune eta gora Suberviola!


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude