Iñaki Azkona, Iruñeko Euskara Teknikariarekin solasean

Oraingoan Iñaki Azkonarekin egon gara solasean. Iruñeko Euskara Teknikaria da lanbidez. Euskara Teknikarien sareak 25 urte betetzen duela aitzakia hartuta berarengana hurbildu gara, bera izan baitzen lan honetan aitzindaria. Solasaldi mamitsua izan dugu. Honatx:

Zein da euskara eta zure arteko lotura?

Haurtzaroan gure familian bertan euskara zegoen, baina gorderik. Amona errenteriarrak nekez ezkutatzen zuen bere euskalduntasuna; hala ere, begira hizkuntzen inguruko gauzak zer diren!, oso berandu arte ez nintzen benetan konturatu, ez nintzen jabetu, gaztelania ez zen beste hizkuntza hori ere bazegoela gure artean… etxean bertan! Abertzaletasun giro ez-explizitua eta erreprimitua ere bazegoen etxean: familia-biziaren substratuan zihoan korronte bat edo, kantuetan, komentario gordeetan, debekuetan, besteekiko ezberdin izan nahi lauso batean…. Ezkutuko hori agerian azaldu zitzaigunean euskaraz ikasten hasi ginen anai-arreba guziok.

Euskaltegirik ez zegoen garaiaz ari naiz, etxe partikularretan hasi ginen ikasten, geure kabuz ere asko eta, batez ere, amonarekin hizketan. Erdi herdoildua zuen hizkuntza biziberritu zuen erabat. Juventud de San Antonio delakoak antolatzen zituen euskara klaseetan parte hartu nuen gero, eta baita berehala irakasten hasi behar izan nuen -aditzen paradigmak ikasi nituen benetan irakasle hasi nintzenean- irakasle behar handia baitzegoen orduan.

Lagun batek eta biok berehala eman genion hitza elkarri gure artean euskaraz egingo genuela beti, eta egia esan, 40 urte baino gehiago pasatu diren honetan, nahiz eta gutxi elkar ikusi orain, horrela jarraitzen dugu.

Nire harreman sakon eta garrantzitsuetan paper berezia jokatu du geroztik euskarak, seme-alabekiko hizkuntza da noski. Horrez guztiaz gain euskarari esker eta euskararen inguruan garatu dut nire lanbidearen jarduna azken 30 urtetan.

Zalantzarik gabe euskararen eta euskal kulturaren inguruan garatu dut nire identitatearen alderdi handi bat, maitasun, plazer eta atsegina jaso ditut, eta, nola ez, haserre, kezka, buruhauste eta desasosegu sobera.

Euskarari zor diot gauza on pila bat benetan!

Nola eta noiz egin zinen Euskara Teknikari?

1984ko hasieran Iruñeko Udalak euskara koordinatzailearen deialdia egin zuen, Balduzen PSNren eta Zabaleta eta Antonen HBren elkarlaneko legegintzaldi hartan. Nik, langabe egonda baina ez lanezak larritua, berehala sentitu  nuen lan hori egiteko gogoa. Deialdia prestatu eta irabazteko zoria izan nuen. Urte bereko abenduaren 4an hasi nintzen erabat berria eta ia goitik behera sortu eta asmatu beharrekoa suertatu zen lan honetan.

Zergatik Euskara Teknikaria bai, baina ez dago Erdara Teknikaririk?

Nire lan jardunean urte askoz itzulpen lanak egitea ere tokatu zait udal itzulpen zerbitzua 1997 urtean sortu zen arte. Lan horretan konturatzen zara, gaztelaniazko jatorrizko testu askoren maila ikustean, erdara teknikariaren beharra ere badela, “trebatzailea” hobeki errana, ez estatusaren arloan aritzeko, gaztelaniak gizarte osoa eta hizkuntza funtzio guztiak betetzen baititu inolako arazorik gabe, baizik arlo linguistikoan langileak trebatzeko testu onak egite aldera.

Antolatutako zein jarduera, ekitaldirekin zaude bereziki pozik. Egon da sorpresarik? Baduzu arantzarik? nahi bai, baina arrakastarik izan ez duen zerbait? 

Nik esango nuke emaitzarik garrantzitsuena, eta seguru aski baita arantzatsuena ere, 1997an udalaren osoko bilkurak onetsi zuen euskararen udal ordenantza izan dela. Bertan islatzen ziren nire ustez hizkuntza politika egoki baten oinarriak eta bertan aitortzen zitzaien euskaldun hiritarrei hizkuntza eskubideen babes juridikoa.

Udalak ordenantza abiatu eta berehala Toponimia Batzordeak prestatu eta onetsi zuen bere txosten garrantzitsua, langilegoaren Hizkuntza Eskakizunen proposamena landu eta onetsi zen gizarteari hizkuntzaren zerbitzua eman ahal izateko, itzultzaile zerbitzua sortu zen, oraindik erdi-bizirik dirauen euskal kultur programazioaren zimenduak jarri ziren….

Tamalez Chourraut alkate eta Lidia Biurrun, Joaquin Pascal… zinegotzi izan zituen udal haren ahaleginak ez zuen segidarik izan…

Geroztik etorri diren UPNko udal gobernuek beren maltzurkeriaren maila eman dute ordenantza honekin. Ikustekoa, eta harritzekoa da nola izan diren gauza ordenantzaren hitza eta, batez ere, asmoa, nahasteko, bihurrikatzeko, eta zenbait arlotan, azkenean ezerarazteko. Ondorioz egungo ordenantza higatua da, izan nahi izan zuenaren itzala.

Pozgarria izan da, bestalde, ikustea Iruñean estrainakoz landu genuen hazi hura nola joan den Nafarroa osoan loratzen, nola hedatu den eta nola jakin izan duen udalerrietako egoera politiko zein soziolinguistiko ezberdinei egokitzen…

Pozik: Literatur lehiaketen kateak –haurrendakoa, gazteendakoa, eta azken bi urteotan deitzen ez den egile berriendakoa- ekimen arrakastatsua izan da. Askotan gelditu naiz lur eta zur ikustean zenbait gaztek dituen adierazpen indarra, hizkuntzaren maneiua eta literatur asmoa. Egile Berrien Lehiaketatik pasatu dira, bakar batzuk ezik, ia Nafarroan sortzaile diren guztiak. Sinetsi nahi nuke gure lehiaketek zerikusirik izan dutela loratze horretan.

Arantzarik handiena izan da zalantzarik gabe ikustea zenbat urte eman dudan lan honetan, 30 dagoenekoz, eta zein denboraldi gutxitan lan egin ahal izan dudan haizeak alde, txopatik jotzen zuela. Izan ere bi une izan dira soilik: hasieran, Balduz alkatearen lehenengo legegintzaldian gauzak ezerezetik eraikitzen hasi ginenean, eta Joaquin Pascal zinegotzi arduraduna izan nuen lehen aipatu garai loratsu horretan, besterik ez. Beste denbora guzia nahiko surrealista izan da. Teorian betebehar bat izan dut udalak jarrita, hau da euskararen aldeko politika bat gauzatzea, eta agintariak, politika horren gauzapena onetsi behar duten horiexek, kontrako jarreran egon.

Hona arantzatxoa: Horrez gain arantzatxoa, baina ez pentsa eztenkada zorrotzegikoa, sartua dut euskarazko antzerki programazioaren arrakasta ezarekin. Ez da modurik izan jendea erakartzeko nahiz eta produktua duina eta maila handikoa izan ohi den. Denbora honetan guztian dirua sartu eta ahalegin asko egin izan dugu emaitza onik gabe. Dagoenekoz ezin esan pedagogia (eza) kontua dela edo masa media nahikorik ez egotearena. Euskaldun franko bizi gara Iruñerrian egun eta badira belaunaldiak haur programazioko hamabosteroko ekitaldiekin hazi (eta hezi) direnak, eskolan ere hurbilketa garrantzitsua jaso dutenak, helduaroan antzerki emanaldietatik sekula agertzen ez den jendeak osatuak. Esango nuke, Pirritx eta Porrotxen emanaldiak kenduta, gurasoek askoz gutxiago eramaten dituztela orain haurrak antzokietara. Smart-en garaian eszenatokiak agian lilura galdu du.

eta alderantziz uste gabe arrakastatsu gertatu denik?

Niretzako ez ustea, baina atsegin handikoa, izan da ikustea eta urteoro baieztatzea, Bertsoaroa lekuko, bertsolaritzak ze indarra hartu duen gure hirian. Ustekabekoa –eta pozgarria- hainbeste jende gaztek parte hartzea bertso munduaren ekimenetan.

Zein egitasmo bota duzu faltan? Eta ahalko bazenu zer antolatuko zenuke?

Orain Euskararen ordenantza birbideratu beharko litzateke, okerrerako aldaketak zuzendu eta ia 20 urte hauetan guztietan sortu edo sumatu berri ditugun behar berriez hornitu. Eta ondoren garatu: erdibidean gelditu ziren planak birbegiratu, eguneratu, eta praxisera eraman. Garrantzitsua da Hizkuntza Eskakizunen planteamendu orekatu bat aurrera eramatea, epe ertainean udal administrazio osoan euskarazko zerbitzua ematea posiblea egingo duena.

Garrantzi handikoa ere bada Haur Eskola Publikoetako euskarazko eskaintza zabaltzea udal eremu osoan eta zerbitzu hori behin betikoz normalizatzea. UPNren udal gobernuen eraso etengabeak jasan dituzte euskarazko haur eskolen garapenak eta guraso eta haurrek duten eskubideak. Kuriosoa da baina ez dakit jendeak dakien Euskarabideko buru nagusi den lagun hori ere ibilia izan dela udal haur eskoletako burutzan bereak egiten.

Itzulpen Zerbitzua dimentsionatu eta osatu behar da. Oso itzultzaile gutxi aritzen da gurean dauden beharrak ikusita eta inguruko antzeko hirietako zerbitzuetako giza-baliabideekin alderatuta.

Euskarazko udal kultur programazioa, oro har, berrikusi eta berfinantziatu behar da. Bere hezurdura osatu zuen garaitik, hainbestetan aipatu dugun legegintzaldi hartatik hain zuzen, diru murrizketa handia jasan baitu. Bizi-iraupen egoeran eutsi dio, defentsiban, hobekuntzak eta norantzak ez egiteko ezta planteatzeko ere betarik gabe.

Beste maila zehatzago batera pasatuaz bi ekimen garatzeko gogoz gelditu naiz, programatzen hasi eta finantziazio edo babes politiko faltagatik gauzatu ezin izan direnak. Batek gainera badu zerikusia Karrikiri elkartearekin ze garai batean elkarteak eta udalak euskarazko zinema jaialdi bat antolatzen baikenuen elkar lanean, ba euskarazko zinemaldi bat modu jarraituan Iruñean antolatzeko gogoak gelditu naiz. Beste asmo burutugabea izan da Nafarroako euskal kulturazko ekoizpenaren feria antolatzea  sortzaileak eta sorkuntzak ezagutarazteko bai jende nafarraren aurrean bai kontsumitzaile eta erosle posibleen artean.

Beste asmo niretzat garrantzitsua eta udalarekin ezin egin izan dudana da gazte sortzaile euskaldunei diru-laguntzak, sormen erresidentziak, estrainaldietarako aukerak… bideratzea euskarazko kultur produktuak sortzeko. Asmo hori orain bizpahiru urte gauzatu ahal izan genuen Euskara Kultur Elkargoan urte bakar batez eta oso ongi atera zen, proiektu ederrak lagundu ziren. Baina ez du segidarik izan. Niri funtsezkoa iruditzen zait.

2015eko euskararen egoera nola imajinatzen zenuen? zertan bete da? zertan huts egin? sorpresarik?

Uste dut ez garela kontziente izan hizkuntza berreskuratzea zein lan neketsu eta zaila den. Ilusio handiz hasi ginen, jende andana aritu da, lan pila bat –benetan sinisten zaila- egin da euskararen bizi-indartzearen alor askotan. Orain, eskarmentuari esker, garatu diren eta jabetu garen teorizazio eta ikerketei esker,  badakigu, adibidez, inguru ez-euskaldun batean eskolaren bidez hizkuntza berreskuratzea bi belaunaldiko kontua dela… gutxienez, eta hori bezala beste gauza asko. Kontuan hartuta prozesuaren zaila, eta pairatu izan ditugun egoera tamalgarriak –minorizazio historiko erraldoia, borroka armatuaren eragina, nafar eskuinaren eta indar faktikoen jarrera gotorra, Gobernuaren ausentzia eta azken urteotako aurkako jokaera garbia…-  ezin ukatu daiteke aurrerapauso nabariak egin direla.

Aurrerapauso horiek jendeak eman ditu, auzolanean, eta askotan haize ofizial guztien kontra. Horrek izugarrizko meritua du eta etorkizunerako konfiantza sendoa ematen du. Seguru aski ez gara egin denaz ongi jabetzen. Ezin ukatzekoa da, bestalde, euskarak kalean duen presentzia, gure gazte garaian inondik ere ez zuena. Guk dena eta berehala nahi genuen euskararendako, baina pentsatzen jarrita ez da gutxi aurreratu dena. Oinarri egokia da gainera, hemendik aurrera egin behar den lana eta aurrerabidea egiteko

Ez al dago euskararen inguruan mito eta iritzi gehiegi eta zientzia gutxiegi?

Lehenago esan dut ilusio eta lan egiteko gogo handia izan dela oro har, eta horrek espektatiba handiak sortu dituela, eta batzuetan espero neurrian gauzatu ez direnez  frustrazioa ere agertu dela. Mito eta aurreiritzi gehiegiz garatu da euskararen egin-ahala, seguru. Orain ongi ikasia dugu, ordea, gogo hori, prestutasun hori, bideratu eta modulatu behar direla gizarte prozesuen ezagupen zientifikoarekin. Aurrerakuntza handiak egin dira hizkuntzaren zientzien arlo guztietan: linguistika hutsean, sozio-linguistikan, psikolinguistikan, lengoaiaren antropologian….  Baina kontuan ere hartu behar da azken honek bakarrik, hau da ezagupen zientifikoak bakarrik, ez lukeela hazia loratzen lortuko ilusioz eta auzolanerako gogoz ureztatu gabeko lur eremu batean. Ilusioa eta gogoa mantentzen lagundu dute orain arte seguru aski mistifikazioak eta uste erdi ustelen pilaketak. Hemendik aurrera hobe genuke zoru sendoagoko sendatik abiatzea.

Ongi goaz ala ez? Sarasuaren metafora erabiliz, botila nola ikusten duzu? beteta, erdi beteta, zulatuta. Ala uraren ordez kalimotxoa jarri beharko genuke, hau da, dramatismo eta ezkortasun gutxiago eta bizipoz gehiago?

Ni baikorra naiz neurez, bizi-jarrera bital garrantzitsua iruditzen zait alor guztietan bizitzaren bidean. Orain hortik inozokeriara pauso handia dago. Aspalditik dakit prozesu sozialak zailak direla berez eta bere denbora eta erritmoa behar dituztela. Ez dut iraultzetan eta gizartearen bapateko aldakuntzetan sinisten baizik eta pausoz pausoko erritmo geldoko bidaian maitasunez eta argitasunez egindakoan, eta ez inposaketan.  Horregatik ikuste dut  botila erdi betea, eta kalimotxoz betetzeak lagunduko balu etorkizunari lasaitasunez eta alaitasunez, larriminarik eta transzendentalismo hutsalik gabe, zuhurtasunez, begiratzeko, kalimotxoa aukeratuko nuke gustura botilarako, nahiz ardo on hutsezkoaren zale izan.

Karrika Iruñeko aldizkaria denez, zer egiten du Iñakik Iruñeko karriketan?Zein leku, momentu du gustuko? Zer aldatuko zenuke?

Oso gustura aritzen naiz Kantuz eta Karrikadantza ekimenetan. Goizetako kafe unea maite dut San Frantzisko kaleko tabernetan normalean, Taconerako Vienesean ahal denean. Alde zaharra kaleak hutsik daudenean eta bertako teilatuak maite ditut. Bokatak eta poteoa Navarrerian. Filmak Golemetan. Zabalgune eta Alde-zaharreko liburu eta mendi-kirol dendak. Nire haur eta gaztaroko Bigarren Zabalgune auzoko tabernak, nahiz izugarri aldatzen ari diren eta hori ez gustatu. Udal azokak eta Antsoaingo arrain denda munduko hoberenetakoa. Paseoak erreka goiti eta beheiti, eta Ezkaba mendia. Ah! eta izugarri maite nuen Arantzadiko meandroa, zingira bihurtu diguten horixe bera.

Aldatzeko zer?, gero eta jasanezinagoak egiten zaizkit Alde Zaharreko juevintxo eta antzeko jendetza pilaketak eta merkataritza tradizionalaren desagertzea establezimendu pijo arrotzekin ordezkatzeko, baina kontziente naiz azken sentimendu honetan adinak ere zeresan handia duela. Begira, sekretu bat: ez zaizkit bat ere gustatzen belaunaldi “berriko” denda eta taberna askori jartzen dizkieten “ixen” “jator” “berexi” inglesezko edo gaztelaniazko horiek, haietan ez sartzeko punturaino.

Zein liburu gustatu zaizu azken aldian? Irakurleei baten bat gomendatuko zenieke? Beste gomendiorik?

Irakurtzea maite dut. Irakurtzen ari naizen euskarazko azken liburua Josetxo Azkonaren “Galdeak eta Baleak” da. Lehengusuak gara eta agian ez da oso bidezkoa esatea, baina egia da, justu orain ari naiz leitzen eta, poliki poliki ari ere, eta gustura. Duela gutxi ezagutu dudan Bioy Casares-en nobelen irakurketarekin konpartitzen dut “Dormir al sol” eta “La invención de Morel”, eta oso-oso gustukoak ditut, irudimen eta sakontasun arraro eta berezia adierazten dituzte gizakiaren ezagutzarekin batera.

Euskal literaturan azken urteotan gehien liluratu nauen liburua Saizarbitoriaren Martutene izan da. Literatur artifizio konplexua, ederra, ausarta eta sakona. Idazlearekiko identifikazio maila altua sentitu izan dut hasieratik, agian berak maisuki eta ezin hobeki azaltzen jakin izan duelakoz hemengo jende belaunaldi batek izan dituen (ditugun) uste, sinismen eta bizipenak, lorpen eta hutsak, itxaropen eta frakasuak….


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude